Aitziber Laskibar Lizarribar
Abenduaren 18tik 21era bitartean epaituko dute Aritz Arginzoniz Elorrioko presoa, Parisen. Espainian dute preso azken hamar urteetan, eta, Frantziak hala eskatuta, hara estraditatu berri dute, Frantzian ere epaitu dezaten.
Politika
Miribillako Mercadona itxi eta eraikina bota beharko duten aztertzen ari dira
Natalia Salazar Orbe
Hasiera-hasieratik harrotu zituen hautsak Bilboko San Adrian auzoko Urretxindorra ikastolaren jolastokiaren azpian Mercadona saltokia zabalduko zutela zioen iragarpenak. Era horretako eremu batean supermerkatu bat irekitzeak izan d...
Nazioarteko ekitaldiak eta obra handiak, aurrekontuen onuradun
Asier Arrate Iruskieta
Hirugarren urtez jarraian, Bilboko Udalak aurkeztutako aurrekontuek gora egingo dute 2018an; 535,9 milioikoak izango dira, iaz baino 8 milioi gehiagokoak. Hala ere, igoera apalagoa izango da Juan Mari Aburtoren legegintzaldiko beste aurrekontuekin alderatuta. Orain arte, 20 milioi igo dira aurrekontuak urtero. Iragarritako kontuen igoeraren onuradun nagusia Garapen Ekonomikorako Saila izango da. Sail horren esku dago ekitaldi handien antolakuntza, eta aurten, besteak beste, Europako Errugbiko finalen eta MTV musika jaialdiaren ondorioz, gastuek gora egingo dute.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Ekonomia eta Ogasuneko zinegotzi Marta Ajuriak, udalak datorren ekitaldirako egindako aurrekontuen proiektua aurkeztu dute. Aburtoren esanetan, aurkeztutako aurrekontuak "orekatuak, solidarioak eta parte hartzaileak" dira. Hala ere, alkateak onartu du egoera ekonomikoaren "igoera apalari" aurre egiteko, kontuak "zuhurtziaz" diseinatu dituztela. "Nolako diru bilketa dagoen ikusi nahi dugu", ohartarazi du. Aburtok azpimarratu duenez, urtea zorrik gabe amaitzea dute helburu.
Erdia, ohiko gastuetarako
Udal gobernuak bost lehentasun izan ditu ardatz aurrekontuak diseinatzerako orduan: enplegua, inbertsio publikoa eta jarduera ekonomikoa; kalitate oneko zerbitzu publikoak; jarduerak auzoetan; gizarte kohesioa; eta bizi kalitatea. Kontuek biltzen dituzten 535,9 milioietatik, 246,3 milioi zerbitzu publikoen ohiko gastuak ordaintzeko erabiliko dira: besteak beste, argiteria, zaborrak, saneamenduak eta garraio publikoa. Gainontzekoa, udaleko langileen soldatetara, inbertsio publikora eta udaleko sailetara bideratuko da.
Aipatzekoa da, aurrekontuek gora egin badute ere, sail batzuek jasoko duten diru kopuruak behera egingo duela. Euskara eta Hezkuntza Sailak, esaterako, aurten baino 293.000 euro gutxiago izango ditu datorren urtean, eta, Etxebizitza Sailak, 2,44 milioi gutxiago. Aurrekonturik handiena Obrak, Zerbitzuak, Hiri-birgaitzea eta Eremu Publikoa Sailak izango du: 131 milioikoa, iaz baino ia bost milioi gehiagokoa. Horren ostean, bigarren diru sailik handiena Mugikortasun eta Iraunkortasun Sailak izango du, 53 milioikoa. Gizarte Ekintza Sailak ere diru gehiago jasoko du, 39 milioi, baina hazkundea batez bestekoa baino txikiagoa izango da.
Alderaketa deigarriak utzi dituzte, kasu batzuetan, zenbakiek. Esate baterako, San Mameseko kiroldegia egiteko erabiliko den dirutza asko gerturatzen da gizarte larrialdietara bideratuko den kopurura; 800.000 euroko aldea besterik ez dago. 4,91 milioi gorde dituzte premia handiena duten pertsonentzat, eta 4,1 milioi futbol klubaren estadioan kiroldegia egiteko.
78,5 milioi gastatzeko
Proiektu berriak garatzera zuzenduko den inbertsio publikoa 78,5 milioikoa izango da; iazko berdina. Horietatik 28,7 milioi, auzoetako jardueretara bideratuko dira. Aurten, udalak Zorrotzaurreko lanak bukatzea jarri du helburu, eta beraz, diru sailik handiena bertan garatzeko dauden proiektuek jasoko dute: 9 milioi Deustuko kanala irekitzeko lanek, 6 milioi Zorrotzaurreko Beta 1 eta 2 eraikinen berritzeek eta 2 milioi irlako urbanizazio lanek.
Zorrotzaurre eta San Mameseko kiroldegira bideratutako partidaz gain, barrutietako proiektuei lehentasuna emango diotela azpimarratu du Rikardo Barkala Lanak eta Zerbitzuetarako zinegotziak. Nabarmendu ditu etorkizunean aurrera eramango diren lanak Blas de Oteron, Matiko-Castaños inguruan, Txurdinagan, Karmelo Plazan, Abusun, Zazpilandan eta Urkixo zumarkalean. Horrez gain, azpimarratu du Iralan hasitako lanak aurten bukatzea "gakoa" izango dela.
Aurrekontuak aurkeztuta eta udalean ordezkariak dituzten alderdi politikoei azalduta, sail bakoitzari dagozkion kontu zehatzagoak aurkezteari ekin dio udalak. Inbertsio publikoaren aurreproiektu orokorraz gain, datorren urtean egingo diren zenbait proiektu zehatzen informazioa eta egutegiaren berri ere ematen ari da.
Barkalak jakinarazi du Indautxuko Iparragirre kalea oinezkoentzat egiteko lanak udan hasiko direla, eta lanek 1,5 milioiko kostua izango dutela. Zinegotziak Basurtoko trafikoa berregituratzeko proiektuaren berri ere eman du. Proiektu horren ondorioz, ibilgailu gabeko hainbat gune berreskuratzea espero dute. Mugikortasunari dagokionez, hiriko 54 aparkalekuak berritzea ere aurreikusi du udalak. Horretarako 4,2 milioi inbertituko ditu. Bizikletaren eta bidegorrien erabilera bultzatzeko asmoz, 900.000 euro erabiliko dituzte bidegorri sarea zabaltzeko. Basurtuko Ospitaleko ingurua suspertzeko 2,3 milioi erabiliko ditu, eta 1,8 milioi Barrainkua barrutiko udal zentroa eraikitzeko.
EH Bilduk salatu du aurrekontuek erakusten dutela auzoak ez direla udalaren "lehentasuna" eta kritikatu egin du sail batzuetako aurrekontuen jaitsiera. Udalberrik, bestalde, udal gobernuari eskatu dio "proiektu erraldoiak alde batera utzi eta enplegua sustatzeko eta pobreziaren aurka egiteko". Oposizioa kritiko agertu bada ere, udalak ez du arazorik izango aurrekontuak onartzeko, EAJ eta PSEren udal gobernuak gehiengo osoa baitu.
Juan Mari Aburto: “Unibertsitate hiri bihurtu nahi dugu Bilbo”
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Agintaldi erdia joan zaio Juan Mari Aburtori (Bilbo, 1961) Bizkaiko hiriburuko alkatearen zereginetan. 2015eko uztailaren 13an izendatu zuten alkate, eta oraindik ere egiteko gauza asko dituela dio. Legegintzaldia bukatu aurretik onartuko dute Bilbok datozen bi hamarkadetan hartuko duen itxura, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzen dutenean. Kalean gentrifikazioaren eta pisu turistikoen eztabaidak bolo-bolo dabiltzan arren, lasaitasunez heldu dio gaiari alkateak: "Hiritarrentzako Bilbo egiten ari gara".
Behin baino gehiagotan esan duzu Bilbok ez duela gentrifikazio arazorik. Baina auzokideek, ordea, nabari dutela diote. Zein da zure iritzia?
Guk uste dugu, oraingoz, Bilbok ez duela gentrifikazio arazorik. Bilboko parte zaharrak bere nortasuna mantentzen du, eta hori, guretzat eta oro har hiriarentzat, oso garrantzitsua da; horregatik ari gara hura babesteko plangintza estrategikoa garatzen Bilboko Udalean. Badakigu etxe turistikoen gaia kalean dagoela, baina horrek ez du esan nahi gentrifikazio arazoa dugunik, ez Bilbo Zaharrean, ezta hiriguneko beste eremuetan ere.
Etxe turistikoen gaia aipatu duzu. Zertan da horiek arautzeko udal ordenantza?
Aldez aurretik ere bageneuzkan neurriak hartuta, baina ordenantza berritu dugu orain. Bilbon, lehen solairuan soilik egon daitezke etxe turistikoak. Eudel eta Jaurlaritzarekin ere hitzarmena sinatu dugu, zeren, Jaurlaritzak erregistro bat egina badu ere eta hiriburuan dauden etxeak bertan azaldu behar badira ere, udalaren araudia ere bete behar dute. Eta, udalaren araudiaren arabera, lehen solairuetan ez dauden etxe turistikoak itxi egin behar dira. Parte zaharrean neurri bereziak hartu ditugu, auzoa babesteko eta gentrifikazioa saihesteko.
Zeintzuk?
Atari bakoitzean etxe bakarra egon daiteke orain. Hiriburuko gainontzeko eremuetan lau egon daitezke, betiere lehen solairuan baldin badaude, baina parte zaharrean bakarra egon daiteke atariko. Uste dut nahikoa neurri zorrotzak direla, eta gainontzeko hirietan ez dituztela halako neurriak hartu. Gainera, esango nuke alderdi politiko guztiak nahiko ados egon garela neurriekin.
Agerikoa da Zazpikaleetako merkataritza aldatzen ari dela, denda txiki ugari itxi baitituzte. Ez al dio gentrifikazio prozesuari erantzuten?
Merkataritza aldatzen ari da, bai. Baina uste dut ohiturak ere aldatzen ari direla. Nire semeek, adibidez, ez dute nik bezala erosten: ni tradizionalagoa naiz, eta gustatzen zait betiko dendetara joatea. Zazpikaleetako La Palma zapata denda itxita ikusteak sekulako pena ematen dit. Ni ere bat nator aldaketak atzematen diren ideia horrekin, baina prozesua ez da parte zaharrera mugatzen, baizik eta hirigune guztira, egoera aldatzen ari delako. Guk zer egin dezakegu horretan guztian? Bada, hirigintza plangintzetan merkataritza babesteko neurriak hartu.
Nola?
Gu udaletxera sartu ginenean, ostalaritza saturazioa zegoen hainbat tokitan, eta hori mugatzeko neurriak hartu genituen: Abandon eta parte zaharrean taberna gehiago zabaldu ez daitezen neurriak hartu ditugu, auzokideekin eta dendariekin elkarlanean. Gu merkataritza babesten saiatzen gara. Kontuan hartu behar da turista gehiago dagoela eta dendariek ere ikusi behar dutela horri nola aurre egin: beraiek ere egokitu egin behar dira. Nik behin eta berriz errepikatzen dut guk eraiki nahi dugun Bilbok hiritarren hiria izan behar duela. Hori da gure lehentasuna. Edonola ere, gaur egun, nazioarteko irudia du hiriburuak, eta hori baliatu egin behar da. Begirada bikoitza izan behar dugu.
Bilbo postal bihurtzen ari dela salatu dute hainbat eragilek. Uste duzu erdigunearen eta auzoen arteko ezberdintasun handia dagoela?
Ez nuke sekula ukatuko Abandoibarrak izan duen aldaketa guztia, hori azpimarratu nahi dut: nolako egoeran zegoen itsadarra eta nola dagoen orain. Baina, era berean, ukaezina da Otxarkoagan, Deustuan, San Ignazion eta beste hainbat auzotan izan den aldaketa. Gure asmoa ez da bi abiadurako Bilbo egitea. Baina gauzak ezin daitezke bi edo lau urtetan aldatu. Uste dut bilbotar guztiok baloratu behar dugula hiribuaren eraldaketa prozesua eta gaur egungo bizi kalitatea. Bi abiadurako Bilbori buruzko eztabaidak dauden arren, guk egiten ditugun inkesten arabera, auzokideak pozik daude hiriarekin eta beraien auzoan dagoen bizi kalitatearekin. Hiritarrei galdetu diegu ea zer aldatuko luketen, eta %56k erantzun digute ez dela ezer aldatu behar. Kopuru handia da. Edonola ere, alkate gisa, ez nago ados horrekin, gauza asko aldatu behar direlako Bilboren eraldaketa prozesua bazter guztietara irits dadin.
Orekatuta dago orduan?
Ezin da ukatu egoera ezberdinak dituzten auzoak ditugula, baina esango nuke auzo guztietan bizi kalitatea hobetu dela eta izugarrizko oreka dagoela. Nahiz eta gizarte ezberdintasunak izan, nahikoa kohesio dugu bilbotarren artean, eta gizarte kohesioa da gure helburu nagusia. Norabide horretan, argi izan behar dugu hirigintza ez dela neutroa eta planifikazioak ondorio zuzenak dituela. Oraingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean [HAPO] ere horretan gabiltza, datozen hogei urteko Bilbo nolakoa izango den zehazten. Horregatik diot hiritarren beharrak jarri behar ditugula zentroan.
Baina Mallonako auzokideek, adibidez, protesta egin berri dute auzoko egoera salatzeko.
Bilbo ez dugu orain egin, eta, orain egingo bagenu, ez genuke egingo Peñascalekin, Altamirarekin, Otxarkoagarekin... Baina ezin dugu hori dena bota eta hiri berri bat eraiki. Badakigu zer arazo ditugun, eta, ziur aski, horien artean garrantzitsuena auzoen irisgarritasuna da; mendi magaletan ditugun auzo horienak guztienak, alegia. Edonola ere, ezin dugu aurten edo datorren urtean behar diren igogailu guztiak jarri. Igogailuen plan berri bat egiten ari gara orain.
Nolako harremana duzue hiriburuko auzo elkarteekin?
Ezin da orokortu, auzo elkarte asko baitaude, eta, gero, federazioa dago. Federazioarekin harreman ona izan nahiko genuke, baina horrek ez du esan nahi iritzi guztiekin ados gaudenik. Hori bai, auzo elkarteek eta federazioak argi izan behar dute zein den beraien ordezkaritza, bazkideena soilik dutelako. Guretzat beraien iritzia oso garrantzitsua da, eta parte-hartze prozesuak oinarrizkoak dira guretzat. HAPOaren zehaztapen fasean, adibidez, 1.500 herritarren ekarpenak jaso ditugu.
Hain zuzen, parte-hartze prozesu horiek salatu ditu federazioak. Azaldu dutenez, ez dira iritziak aintzat hartzen. Hala da?
Auzo elkarteekin beste arazo bat izan dugu Barrutietako Kontseiluen parte hartzeari dagokionez. Beraiek boto eskubidea izatea eskatu dute, baina guk ezetz esan diegu; izan ere, gauza bat da parte hartzea, eta beste bat erabakitzea, banatu egin behar dira. Hiritarrak kexatzera norengana joaten dira? Guregana etortzen dira, ordezkariongana. Auzo elkarteek oso ondo ezagutzen dituzte beraien auzoak eta horietan dauden arazoak, horregatik diogu eskuz esku lan egin behar dugula.
1.400 etxebizitza eraikitzea proposatu duzue HAPOn. Zertan oinarritu zarete?
Batzuen ustez, etxebizitza gehiegi eraikitzea proposatu da, baina, gure ustez, oso garrantzitsua da Bilbok populazioa gehitzea. Azken urteetan mantendu egin dugu biztanleria kopurua, eta hazi egin nahi dugu orain. Horretarako, unibertsitate hiri bihurtu nahi dugu Bilbo. DigiPen teknologia unibertsitateak, adibidez, egoitza izango du Zorrotzaurren datorren urtean. Horrek esan nahi du beste unibertsitate bat egongo dela. Deustuko unibertsitateak ere medikuntza fakultate berria egingo du, eta EHUko mendikuntzakoek ere unibertsitate berria dute Basurtun. Mondragon Unibertsitatearekin ere harremanetan gaude. Hori egiteko gai bagara, populazioa irabaziko dugu.
Gazte mugimenduak eta okupazio mugimenduak, ordea, zuen jarduna salatu du.
Argi eta grabi diot: okupazioaren aurka nago, eta baita okupazioaren mugimuenduaren aurka ere. Horrek ez du esan nahi autogestioaren aurka nagoenik; alderantziz, nahiko nuke bultzatu. Nik uste dut gazteek eremuak behar dituztela, eta guk espazio horiek babestu behar ditugula. Baina, horretarako, akordioak erdietsi behar ditugu. Deustuko gaztetxearekin, adibidez, akordioa genuen. Baina akordioa betetzen ez bada eta arazoak sortzen badira, esku hartu behar da. Karmelakoekin ere aspalditik ari gara harremanetan. Hiru solairuko eraikina du Karmelak, eta gure asmoa da soilairu bakarra erabiltzea. Hitzarmen bat egin nahi dugu horretarako, baina oso zaila izaten ari da. Zorrotzan, adibidez, frontoia berritu genuen, eta haren azpian eremu oso egokia sortu zen. Espazioa aprobetxatzeko akordioa egin dugu Jai Batzordearekin eta Gure Lurra elkartekoekin. Berdin Errekalden: Belategi enparantzako lokala Errekalde Berriz elkarteak kudeatzen du. Argi diot: ni autogestioaren alde nago, baina ez okupazioaren alde.
Ze iritzi duzu Bilboko portuan errefuxiatuak sartu ez daitezen eraiki duten hormari buruz?
Argi utzi nahi dut aspalditik ibili naizela elkarte ezberdinekin errefuxiatuen gaia lantzen, eta hirian prest gaudela errefuxiatuek dituzten beharrei erantzuteko. Hori esanda, argi eduki behar dugu aireportuak eta portuak oso esparru bereziak direla segurtasunari dagokionez. Gu aireportu batera goazenean badakigu zenbat neurri ditugun bertara sartzeko, eta portuan segurtasuna hobetzeko erabaki dute horma hori egitea. Hori kenduta, argi dugu hiri bezala errefuxiatuei zerbitzuak eman behar dizkiegula.
Jauzi bat erabakiaren mapan
Ainhoa Larrabe Arniaz
Ukaezina da: testuinguru soziopolitiko nahasia da oraingoa. Katalunia estatu independente deklaratu zuen parlamentuak joan den ostiralean, eta, hori ikusirik, autogobernua desegitea erabaki zuen Espainiako Gobernuak berehala, Espainiako Konstituzioaren 115. artikulua ezarrita. Bien bitartean, Kaluniako auziari begira daude Euskal Herriko hainbat gizarte eragile eta alderdi politiko, baita Gure Esku Dago plataforma ere. Bihar bertan, manifestazioa egingo dute Bizkaiko hiriburuan Gure Esku Dago-k, EH Bilduk eta gehiengo sindikalak, 155.aren aurka eta erabakitzeko eskubidearen alde. Bada, igandean, estatus politikoari buruzko galdeketak egingo dituzte hamahiru herritan. Horietatik 11 udalerri dira Bizkaikoak: Getxo, Erandio, Berango, Leioa, Galdakao, Atxondo, Areatza, Mundaka, Elantxobe, Ibarrangelu eta Otxandio. Horiez gain, Gipuzkoako Andoain eta Beizama herrietan ere jarriko dituzte hautetsontziak.
Abagune berezian egingo dituzte galdeketak. Ez dago jakiterik Kataluniako egoerak eragingo duen, eta, hala bada, zein norabidetan. "Kataluniari egin diezaiokegun mesederik handiena da azaroaren 5ean botoa ematea". Argi azaldu du Zelai Nikolas plataformako bozeramaileak Hiruka Uribe Kostako agerkari digitalean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko defentsa inoiz baino beharrezkoagoa da, Nikolasen esanetan. Eta erronka hartua du Gure Esku Dago-k, orain arte herri galdeketa antolatu duen udalerri handiena gehituko baita domekan galdeketak egin dituzten herrien zerrendara: Getxo. 78. 554 biztanle ditu, eta 16 urtetik gorako 60.000 lagun inguruk izango dute aukera "Nahi duzu Euskal Herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?" galderari erantzuteko.
Galdera bera egingo dute etzi Berangon, Erandion eta Leioan ere. Baina bestelakoari erantzungo diote Atxondon, Areatzan eta Galdakaon: "Gura dozu estatu independente bateko herritarra izan?" .Mundakan, berriz, "Nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar?". Ibarrangelun eta Elantxoben itaun bera dute: "Euskal Herriko herritarra izanik, 'erabakitzeko eskubidea' gauzatzearen alde zagoz?".
Orain arteko ibilbidea
Lau urte bete ditu Gure Esku Dago-k ekainean, eta erabakitzeko eskubidearen alde herritarrak saretzen aritu da ordutik. Urterik urte ekitaldi jendetsuak antolatu ditu: 2014ko ekainean Durango eta Iruñea eskuz esku lotu zituzten 150.000 herritarrek, eta 2015ean, berriz, Euskal Herriko bost hiriburuetako estadioetan ekitaldiak egin zituzten: "herritarren borondateak josi genituen erabakiaren aroari hasiera emateko". Aldarrikapenetik ekintzara igarotzeko hautua egin zuen plataformak estadioetako ekitaldietan; hau da, hautetsontziak eskatzetik, hautetsontziak jartzeko bidea hartu zuen.
Norabide horretan, Arrankudiaga-Zollo izan zen bidea urratzen hasi zen Bizkaiko lehen herria. Etxarri-Aranatzen atzetik (Nafarroa), bigarren udalerria izan baitzen estatus politikoari buruzko galdeketa egiten, 2014ko azaroan. Hurrengo urtean ez zen galdeketarik egin Euskal Herri osoan, eta, 2016an, Bizkaiko herrien artean, Ispaster eta Dima besterik ez ziren gehitu galdeketen lehen olatua deitu den horretara —urte hartan Gipuzkoako hainbat herritan egin zituzten—.
Aldiz, 2017. urtea mugarria izan da lurraldearentzat, 51 herritan jarri baititu hautetsontziak Gure Esku Dago-k apirila eta maiatza bitartean; besteak beste, Busturialdean, Uribe Butroen, Durangaldean, Uribe Kostako hainbat herritan eta Lea Artibain. Laburbilduz: 2014tik orain arte, Bizkaiko 54 herritan antolatu dituzte galdeketak; orotara, 177.908 bizkaitarrek izan dute botoa emateko eskubidea eta %27,40k parte hartu dute.
Guztien artean, Durango izan da Bizkaian orain arte galdeketa egin duen herririk handiena: 24.768 herritarrek izan zuten boto eskubidea eta 4.657 lagunek parte hartu zuten; hots, %18,80k.
Jauzi kualitatiboa izango da Getxokoa horregatik. Bilbo eta Barakaldoren ondoren, Bizkaiko udalerririk handiena da, eta nabarmentzekoa da herriak duen errealitate soziopolitiko konplexua: tradizioz, alderdi popularrak indar nabaria izan du udalerrian, eta gaur egun ere, bigarren indarra da udalean —botoen %18,98 jaso zituen 2015eko udal hauteskudeetan—.
Estatus politikoari buruzko galdeketa antolatzen duen Bizkaiko udalerri handiena soilik ez; Euskal Herriko handiena ere izango da, eta, herri galdeketen ibilbidean, mugarria izango da horregatik. Errenteria (Gipuzkoa) da orain arte galdeketa egin duen udalerririk handiena; 33.435 bizilaguneko errolda izan zuten bertan. Errolda bikoitza du Getxok, 60.000 lagun inguruk izango baitute igandean botoa emateko eskubidea.
Errealitate hori aintzat hartuta, "beldur puntu batekin" abiatu ziren galdeketaren lanketan, Iñaki Frieras Getxoko Gure Esku Dago-ko kidearen arabera, eta argi dio, helmuga barik, pauso bat gehiago dela azaroaren 5eko zita.
Jauzi kualitatiboa Getxon
Joan den urteko maiatzean egin zituzten galdeketak Uribe Kostako hainbat herritan. "Guk geuk ere aukera izan genuen. Baina Getxok ezaugarri bereziak zituela eta, atzeratzea erabaki genuen". Getxoztarrak ez dira geldi egon, hala ere. Frierasen hitzetan, erabakitze eskubidearen aldeko "gihar soziala" handitzen aritu dira azken urteetan, harik eta estatus politikoari buruzko galdeketari data jartzea erabaki zuten arte. "Egitea erabaki genuen, Getxok dituen berezitasunak aintzat hartuta. Udalerri handia da eta Bilbotik gertu dago. Gainera, elkarren artean oso desberdinak diren bost auzo ditu".
Espero zutena baino babes handiagoa lortu zuten galdeketa antolatzeko beharrezkoa den sinadura bilketan. "%5 bildu behar genituen; alegia, 3.500 lagunen sinadurak. Baina minimoa lortuta babesa biltzen jarraitu genuen bi hilabetez. Guztira, 7.452 biziagunen sinadurak lortu genituen; erroldaren %11 inguru. Marka bat da hori". Datuei begiratuta, espero liteke igandeko parte hartzea %11 baino handiagoa izatea. "Udalerriaren ezaugarriak ikusita 6.000 boto lortzea ere guretzat izugarria da".
Lanean aritu diren urteetan auzokideen arteko harremanak josi dituztela nabarmendu du. "Bazen jendea oso-oso argi zuena galdeketa egin behar zela. Beste askok, aldiz, gehiegi zela uste zuten. Beldur zen jedea galdeketaren alde jartzea lortu dugu. Pixkanaka erakutsi dugu gai garela halako ekitaldi bat antolatzeko". Ilusioa nabari du orain. "Atzerriko botoarena harrigarria izan da, eta erakutsi digu interesa eta gogoa badagoela. Boston (AEB) eta Australian dauden auzokideek ere eskatu digute botoa".
Kataluniako egoerak bi norabidetan eragin dezakeela uste du getxoztarrak. "Gure barruak astindu ditu, eta motibazioa eragiten du herritarrak botoa ematera joan daitezen. Bestalde, ziurgabetasun egoerak kontrako efektua ere ekarri dezake". Parte hartzeagatik galdetuta: "Urtez urte gero eta jende gehiago bildu dugu. Fokoa 60.000ko erroldan jartzen badugu badakigu ez garela hurbilduko parte hartze handi batera. Jende askok hor jarriko du begirada. Baina ez gara tranpa horretan eroriko, kriston etsipena eragin dezakeelako".
Orain arteko indar bilketan beste urrats bat gehiago egitea da igandeko zitaren helburua. "Bidean goaz. Hau ariketa bat da, erabakitzeko eskubidearen aldeko indar bilketan". Igandean, zazpi gune egokituko dituzte ahalik eta getxoztar gehienek botoa eman dezaten, eta 200 boluntario baino gehiago izango dira egun guztian zehar lanean.
2018ko udazkena miran
Jauzia egingo dute Bizkaian igandean. Baina oraindik ere bide luzea du egiteko Gure Esku Dago dinamikak, orain arte galdeketak egin ez diren eremuetan biltzen baita Bizkaiko biztanle kopururik handiena. Bilbon eta Ezkerraldeko herrietan, zehazki: 560.245 bizilagun batzen dira Bizkaiko hiriburuan, Barakaldon, Santurtzin, Portugaleten eta Sestaon, Eustaten 2016ko datuek jasotzen duenaren arabera.
Datorren urtean zehar hartuko dute lekukoa horiek guztiek; hortaz, erabakigarria izango da 2018a. Iragarri dutenez, udaberrian zehar Muskizen, Portugaleten, Zamudion eta Lezaman egingo dute galdeketa. Udazkenean, berriz, Bilbon, Santurtzin, Barakaldon, Sestaon, Trapagaranen, Etxebarrin, Basaurin, Igorren eta Lemoan jarriko dituzte hautetsontziak. Gauzak ondo bidean, Bizkaia osatzen duten 112 udalerrien artean 78 izango dira 2018 urtearen bukaerarako estatus politikoari buruzko galdera egin dutenen zerrendan.
Isilarazitakoen bozgorailu
Natalia Salazar Orbe
Musika eta denetariko arte diziplinak herri baten tradizioaren parte dira. Zeregin garrantzitsua dute, eta ohitura eta emozioetan eragina ere izan dezakete. Denetariko mezuak zabal ditzakete: maitasuna, gorrotoa, beldurra, iraultza zein mezu sozial eta politikoak. Botereak badaki ahalmen hori badela, eta kontrolpean nahi du arte adierazpen oro, zentsuraren aurkako lanean dabiltzanen hitzetan. Haien ustez, estatuek eta presio taldeek zentsura erabiltzen dute eskubide gisa aitortuta dagoen adierazpen askatasuna geldiarazteko. Asko dira lanak eta adierazpen moduak zentsuratu dizkieten artistak. Hain zuzen, ideia horretatik abiatuta sortu zuen Producciones Serranok Zentsura At jaialdia. Astelehenetik larunbatera zentsura pairatu duten artisten edo zentsuraren aurka borrokatzen diren erakunde zein norbanakoei hitza eta agertokia emango die.
Helburu argia du aurten XII. aldia beteko duen jaialdiak. Hala azaldu du bertako behargin Josune Albonigak: "Artistei babesa ematea. Edonon edo edozergatik zentsuratuak izan diren artistei laguntzea. Ikusten ez diren artistak ikusaraztea da xedea".
Erakusketak, antzezlanak, kontzertuak eta mahai inguruak eskainiko dituzte Bilboko hainbat areto eta gunetan. Santi Otxoaren erakusketarekin abiatuko dute jaialdia: Kamiseten gerra. Jantzietan jar daitezkeen leloen zentsuraren aurkako ekinbidea da. "Harrigarria da nola gaur egun isun bat jaso dezakezun kamisetan daramazun leloaren arabera. Mozal legearen ondorioz, ezin dezakegu edozer eraman gure jantzietan".
Zentsura horiek, bereziki, estatuaren segurtasun indarren aurkakotzat jotzen diren kasuetan zigortzen direla azaldu du Albonigak. Titeres Desde Abajo konpainiari egindako gonbita ere bide horretatik doa. "Non geratzen da adierazpen askatasuna era horretako kasuetan? Bi artista kartzelatu zituzten antzezlan bat egiteagatik soilik". La bruja y Don Cristobal zentsuratu zieten, eta lan horixe ikusteko aukera emango du jaialdiak.
Kontzertuei dagokienez, zentsuraren eta boterearen indarkeriaren aurkako aldarriak zentzu desberdina hartuko du agertokira igoko den musika taldearen arabera. Mendebaldean blues gisa ezagutzen den musika mota mendeetan esklabo ontzien sotoetan garraiatu zen Amerikako lurretaraino. Maliko (Afrika) Vieux Farka Toure gitarrista eta kantariak gerra oihu hura taularatuko du BBK aretoan.
Bestalde, gai korapilatsuei modu eder eta ausartean heltzen dieten abestiak aurkeztuko ditu Moddi Norvegiako artistak. Unsongs bilduman dozena bat lan jaso ditu. Hamabi abesti horiek isilarazteko asmoz debekatu dituzten edo bertan behera utzi behar izan dituzten artistenak dira. Pussy Rioten Punk prayer eta Kate Bushen Army Dreamers abestien bertsioak eskainiko ditu, besteak beste.
Bertako artista batek emango die bukaera kontzertu saioei. Enrique Villarreal El Drogas nafarrak Barricada taldearen La Tierra está sorda diskoarekin osatutako proiektuari helduko dio. 1936ko gerrako zenbait gertakariri buruzko informazioa aztertu eta bilduta, hamazazpi abesti sortu zituen. Disko hura liburu batekin batera argitaratu zuten, memoria historikoa lantzeko. Orain, abesti haiek berreskuratu ditu El Drogas-ek, moldatu egin ditu, eta, bere taldearekin batera, formatu berritzailean eskainiko ditu: gaiarekin lotutako irudiek lagunduko dituzte abestiak. Alzheimer diskoko abesti batzuk ere sartu ditu, memoria eta memoriarik eza uztartuz. Gaixotasun mental hori abiapuntu duten abestiek gaixoen eta haien zaintzaileen ikuspegia azaleratzen dute. Musika eta arte eszenikoa uztartuko ditu bere ikuskizunean.
Musika arloko zentsura zuzen-zuzenean jasan izan dute Producciones Serranokoek ere. "Euskal taldeekin egiten dugu lan. Euskal Herritik kanpo joan garen bakoitzean, edo ahalegindu garenean joaten, mota guztietako zentsurak pairatu ditugu: politikoa, artistikoa... Kasu batzuk auzitegietara ere iritsi dira, eta gure musikarien hainbat eta hainbat kontzertu bertan behera geratu dira. Arrazoia oso sinplea da: euskaldunak izatea eta euskaraz abestea".
Musikak eta arte adierazpen orok duen garrantzia azpimarratu du Producciones Serranoko langileak. "Konturatu gara zer-nolako indarra duen musikak jendearengan. Herrialde bateko edo besteko izateak eta norbere kulturak eragina dute. Musikari batzuek eta besteek har dezaketen ospearen beldur da boterea".
Musikaz harago, edozein arlotan gero eta muga gehiago eta zentsura handiagoa ezartzen ari direla sinetsita, eskubide murrizketa horien aurka jardun beharraz konbentzituta daude jaialdiaren antolatzaileak. Jaialdira joateko orduan, ordea, zentsura hitzak berak ikus-entzule askori ekitaldietara ez gerturatzeko traba sorrarazten diela nabari dute. Irudimenak sorrarazten dien oztopo horri aurre egin beharraz mintzatu da, eta errealitate gordina marraztu du: "Eskubideen murrizketa gero eta handiagoa da. Estatuko gobernuaren lege berriak ikustea besterik ez dago. Sinestezina da gaur egun era horretako gauzak ikustea. Fikzioak errealitatea gainditu du".
Arginzoniz preso mantentzeko neurri berriez ohartarazi dute
Aitziber Laskibar Lizarribar
Aritz Arginzoniz Elorrioko presoak hamar urte darama Espainiaren kartzeletan. Espainiako legeria beteko balitz, kalean behar lukeela ohartarazi dute haren senide eta lagunek. Eta, okerrenean, datorren urteko otsailean askat...
Industriaren museoa sortzearen alde egin dute Batzar Nagusiek
Aitziber Laskibar Lizarribar
Alderdi guztiak ados daude. Industriaren eta Teknikaren Euskal Museoa sortzea beharrezkotzat dute. Egin egin behar dela diote, oinarrietan bat etorri dira, eta museoa non ezarri erabakitzeko ere ez da desadostasun handirik ...
Erabakitzearen alde, busti
Natalia Salazar Orbe
Erabakitzeko eskubidea babesteko jarduerek ez dute etenik. Kataluniako prozesua defendatzeko ekitaldi ugari antolatu dira, eta, Euskal Herrian ere, Gure Esku Dago-k azaroaren 5erako hainbat herritan deitu dituen galdeketen aldeko aldarrikapenez josita datoz hurrengo orduak. Dinamikak berak antolatutakoez gain, bada bestelako herri mugimenduek bultzatutako babes ekitaldirik ere. Algortan antolatu du bat Itsasoruntz ekimenak. Bihar goizerako egin du deialdia. 11:00etan elkartuko dira, Portu Zaharrean. Surf oholak eskuan, Gure Esku Dago-ren ikur den eskua irudikatuko dute. Helburua argia da: "Getxon zein Uribe Kostako beste herrietan egingo diren herri galdeketei sostengua adieraztea". Surflariek zein surflari ez direnek ere parte har dezakete deialdian. Surf oholak eta trajeak euren esku izango dituzte bertan. Kamiseta berdea ekartzeko eskaera egin dute. Dantzek, bertsolariek eta musikak lagunduta egingo dute ekitaldia.
Pozik hartu du ideia Getxoko Gure Esku Dago dinamikak. Hala azaldu du Mariasun Monzon kideak: "Oso garrantzitsua da Itsasoruntz-ek antolatu duen babes ekitaldia, herritik sortutako ekimena delako. Guk ezer mugitu gabe herriko taldeak gerturatzen zaizkigu galdeketaren alde gauzak antolatzeko. Errugbi taldekoek ere antolatu zuten babes ekitaldi bat euren kabuz. Hori herriaren inplikazioaren adierazgarri da, eta oso garrantzitsua".
Igandean aurkeztuko dute azaroaren 5erako prestatu duten galdera. Adostua dute jada, eta Kataluniari babesa agertzeko antolatu duten ekitaldi batean jakinaraziko dute: 13:00etan, Telletxen.
Orain artean herrian garatu duten prozesuari buruzko balorazio baikorra egin du Monzonek: "Herritarren %11k babestu zuten galdeketa. Sinadura bilketarekin aurreikusi genuena baino askoz babes handiagoa lortu genuen. Eta hori termometro bat da. Emaitza ez da izugarria izango, baina ziur gaude ezarri dugun erronka lortuko dugula".
Sektore guztiak inplikatzea izan da euren helburu nagusia. "Nabari da mota guztietako jendea dagoela inplikatuta. Eta beste asko ari dira inplikatzen. Susmo ona daukagu".
Galdakaon ere igandean aurkeztuko dute asteon adostu duten galdera. Getxo, Leioa, Berango, Erandio, Mundaka, Ibarrangelu, Elantxobe, Areatza eta Atxondoren antzera, azaroaren 5ean egingo dute galdeketa han ere.
Bestalde, joan den larunbatean erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestua irakurri zuten herriko ia 70 zinegotzi eta zinegotzi ohik. Herri galdeketak jo zituzten tresnarik egokientzat herritarren borondatea modu demokratikoan adierazteko eta erabakitzeko eskubidea betetzeko. Eguzkiñe Gezuraga Galdakaoko Gure Esku Dago dinamikako kidea da. "Garrantzitsua iruditu zitzaigun herrian ordezkaritza izan duten pertsonek atxikimendua adieraztea. Balorazioa oso ona da. Erantzuna oso ona izan da".
Galdakaoko herritarrak soilik daude deituta galdeketara. Usansolok erabaki du oraingoz dinamika horri ez heltzea. Hala, 16 urtetik gorako 20.000 biztanle inguruk izango dute bozkatzeko eskubidea. Galdeketa babesteko, 3.000 sinaduratik gora lortu dituzte; boto eskubidea dutenen %15ek eman zioten babesa, beraz. Beldurrez hasia zuten prozesua, baina, emaitza hori ikusita, atzera egiterik ez zutela jabetu ziren.
Hastapenetan argi zuten helburu indartsu bat ezarri behar zutela. "Ikusi genuen Gure Esku Dago-ren Euskal Herri mailako antolakuntzak ez zuenean ezartzen helburu amankomun bat —giza katea edo estadioak betetzea, kasurako—, alegia, herrira mugatzen ziren ekimenetan, indarra galtzen genuela". Helburu indartsu gisa galdeketa egitea zuten denek buruan, baina ez zitzaien iruditzen "erreala".
Hala ere, herrian giroa berotzen ari da. "Jendea hasi da boluntario gisa aurkezten". Kataluniako gertakariek, gainera, haserrearazi egin dituzte herritarrak. "Askok pentsatu dute: 'Ezin izango dugula egin? Bada, ikusiko duzue zelan egingo dugun'".
Erandion, joan den larunbatean aurkeztu zuten galdera: "Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?". Ideologia ezberdinek bat egiteko zoru komuna ezarri dute hala. Angel perez Sanchezek azaldu du: "Denetariko pertsonak elkartu gara. Horregatik adostu dugu galdera oso zabala, Erandion nola erabaki gura dugun jakiteko".
Manifestaziorako deia
Denek ala denek azpimarratu dute bihar arratsalderako Gure Esku Dago-k Bilbon antolatu duen manifestaziora joateak zer garrantzi duen. "Hemen beste une batean gaude, baina prozedura ia berdina izango da. Herritarren artetik ateratako asmoarekin ea noraino iristen garen. Zaila izango da, baina baikorrak gara", Sanchezen arabera. Kataluniari babesa agertzea oso inportantea dela deritzo Monzonek. Bestalde, Gezuragak uste du Kataluniaren aurka Espainiako Gobernua erakusten ari den jarrera beste edozein herriren aurka erakuts dezakeela. "Gauza asko entzun ditugu: armarik gabe dena konpon daitekeela... demokrazia eta zuzenbide estatua gora eta behera ibili dituzte ahotan. Baina benetan ezin dugu esan zer nahi dugun. Oinarrizko gauza bat da, eta ez digute uzten aurrera egiten. Geure burua defendatu behar dugu. Kataluniari gertatu zaio orain, eta guri ere gerta dakiguke. Gure elkartasuna behar dute. Herrien arteko elkartasunik gabe zer geratuko litzaiguke?". 17:30ean aterako da manifestazioa, Casilla plazatik.
Zimendu ezberdinak dituzte
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Nola dago Bilbo? irmotasunez diot: Bilbo ondo dago, eta hobeto egongo da". Hitz horiek erabilita abiatu zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak beren-beregi hiriburuaren egoera aztertzeko joan den ostiralean egin zuten osoko bilkura. Bilbotarra izateaz harro dagoela azaldu zuen Bizkaiko hiriburuko alkateak. "Bilbo hiri irekia, erakargarria, garbia eta segurua da; garraio publiko bikaina du, baita gizarte zerbitzuak eta hiriguneko mugikortasuna ere. Kulturaren, kirol ekintzen eta hiriguneko ibilbide berdeen alde egiten diren apustuak ia bikainak dira". Munduko kapitala da Bilbo, Aburtoren hitzetan. Baina nazioartekoa baino gehiago, auzotarrena izatea nahi dute oposizioko taldeek. Erakundeak bultzatzen duen hirigintza ereduari kritiko begiratzen diote EH Bildu koalizioak, Ganemos Goazen Bilbok eta Udalberrik, eta hiria "ez aurrera ez atzera" dagoela uste du PPk: "Hiri garrantzitsuen erakusleihotik erori da. Irrika falta zaio".
<