Jauzi bat erabakiaren mapan

Jauzi bat erabakiaren mapan

Ainhoa Larrabe Arniaz

Ukaezina da: testuinguru soziopolitiko nahasia da oraingoa. Katalunia estatu independente deklaratu zuen parlamentuak joan den ostiralean, eta, hori ikusirik, autogobernua desegitea erabaki zuen Espainiako Gobernuak berehala, Espainiako Konstituzioaren 115. artikulua ezarrita. Bien bitartean, Kaluniako auziari begira daude Euskal Herriko hainbat gizarte eragile eta alderdi politiko, baita Gure Esku Dago plataforma ere. Bihar bertan, manifestazioa egingo dute Bizkaiko hiriburuan Gure Esku Dago-k, EH Bilduk eta gehiengo sindikalak, 155.aren aurka eta erabakitzeko eskubidearen alde. Bada, igandean, estatus politikoari buruzko galdeketak egingo dituzte hamahiru herritan. Horietatik 11 udalerri dira Bizkaikoak: Getxo, Erandio, Berango, Leioa, Galdakao, Atxondo, Areatza, Mundaka, Elantxobe, Ibarrangelu eta Otxandio. Horiez gain, Gipuzkoako Andoain eta Beizama herrietan ere jarriko dituzte hautetsontziak.

Abagune berezian egingo dituzte galdeketak. Ez dago jakiterik Kataluniako egoerak eragingo duen, eta, hala bada, zein norabidetan. “Kataluniari egin diezaiokegun mesederik handiena da azaroaren 5ean botoa ematea”. Argi azaldu du Zelai Nikolas plataformako bozeramaileak Hiruka Uribe Kostako agerkari digitalean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko defentsa inoiz baino beharrezkoagoa da, Nikolasen esanetan. Eta erronka hartua du Gure Esku Dago-k, orain arte herri galdeketa antolatu duen udalerri handiena gehituko baita domekan galdeketak egin dituzten herrien zerrendara: Getxo. 78. 554 biztanle ditu, eta 16 urtetik gorako 60.000 lagun inguruk izango dute aukera “Nahi duzu Euskal Herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?” galderari erantzuteko.

Galdera bera egingo dute etzi Berangon, Erandion eta Leioan ere. Baina bestelakoari erantzungo diote Atxondon, Areatzan eta Galdakaon: “Gura dozu estatu independente bateko herritarra izan?” .Mundakan, berriz, “Nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar?”. Ibarrangelun eta Elantxoben itaun bera dute: “Euskal Herriko herritarra izanik, ‘erabakitzeko eskubidea’ gauzatzearen alde zagoz?”.

Orain arteko ibilbidea

Lau urte bete ditu Gure Esku Dago-k ekainean, eta erabakitzeko eskubidearen alde herritarrak saretzen aritu da ordutik. Urterik urte ekitaldi jendetsuak antolatu ditu: 2014ko ekainean Durango eta Iruñea eskuz esku lotu zituzten 150.000 herritarrek, eta 2015ean, berriz, Euskal Herriko bost hiriburuetako estadioetan ekitaldiak egin zituzten: “herritarren borondateak josi genituen erabakiaren aroari hasiera emateko”. Aldarrikapenetik ekintzara igarotzeko hautua egin zuen plataformak estadioetako ekitaldietan; hau da, hautetsontziak eskatzetik, hautetsontziak jartzeko bidea hartu zuen.

Norabide horretan, Arrankudiaga-Zollo izan zen bidea urratzen hasi zen Bizkaiko lehen herria. Etxarri-Aranatzen atzetik (Nafarroa), bigarren udalerria izan baitzen estatus politikoari buruzko galdeketa egiten, 2014ko azaroan. Hurrengo urtean ez zen galdeketarik egin Euskal Herri osoan, eta, 2016an, Bizkaiko herrien artean, Ispaster eta Dima besterik ez ziren gehitu galdeketen lehen olatua deitu den horretara —urte hartan Gipuzkoako hainbat herritan egin zituzten—.

Aldiz, 2017. urtea mugarria izan da lurraldearentzat, 51 herritan jarri baititu hautetsontziak Gure Esku Dago-k apirila eta maiatza bitartean; besteak beste, Busturialdean, Uribe Butroen, Durangaldean, Uribe Kostako hainbat herritan eta Lea Artibain. Laburbilduz: 2014tik orain arte, Bizkaiko 54 herritan antolatu dituzte galdeketak; orotara, 177.908 bizkaitarrek izan dute botoa emateko eskubidea eta %27,40k parte hartu dute.

Guztien artean, Durango izan da Bizkaian orain arte galdeketa egin duen herririk handiena: 24.768 herritarrek izan zuten boto eskubidea eta 4.657 lagunek parte hartu zuten; hots, %18,80k.

Jauzi kualitatiboa izango da Getxokoa horregatik. Bilbo eta Barakaldoren ondoren, Bizkaiko udalerririk handiena da, eta nabarmentzekoa da herriak duen errealitate soziopolitiko konplexua: tradizioz, alderdi popularrak indar nabaria izan du udalerrian, eta gaur egun ere, bigarren indarra da udalean —botoen %18,98 jaso zituen 2015eko udal hauteskudeetan—.

Estatus politikoari buruzko galdeketa antolatzen duen Bizkaiko udalerri handiena soilik ez; Euskal Herriko handiena ere izango da, eta, herri galdeketen ibilbidean, mugarria izango da horregatik. Errenteria (Gipuzkoa) da orain arte galdeketa egin duen udalerririk handiena; 33.435 bizilaguneko errolda izan zuten bertan. Errolda bikoitza du Getxok, 60.000 lagun inguruk izango baitute igandean botoa emateko eskubidea.

Errealitate hori aintzat hartuta, “beldur puntu batekin” abiatu ziren galdeketaren lanketan, Iñaki Frieras Getxoko Gure Esku Dago-ko kidearen arabera, eta argi dio, helmuga barik, pauso bat gehiago dela azaroaren 5eko zita.

Jauzi kualitatiboa Getxon

Joan den urteko maiatzean egin zituzten galdeketak Uribe Kostako hainbat herritan. “Guk geuk ere aukera izan genuen. Baina Getxok ezaugarri bereziak zituela eta, atzeratzea erabaki genuen”. Getxoztarrak ez dira geldi egon, hala ere. Frierasen hitzetan, erabakitze eskubidearen aldeko “gihar soziala” handitzen aritu dira azken urteetan, harik eta estatus politikoari buruzko galdeketari data jartzea erabaki zuten arte. “Egitea erabaki genuen, Getxok dituen berezitasunak aintzat hartuta. Udalerri handia da eta Bilbotik gertu dago. Gainera, elkarren artean oso desberdinak diren bost auzo ditu”.

Espero zutena baino babes handiagoa lortu zuten galdeketa antolatzeko beharrezkoa den sinadura bilketan. “%5 bildu behar genituen; alegia, 3.500 lagunen sinadurak. Baina minimoa lortuta babesa biltzen jarraitu genuen bi hilabetez. Guztira, 7.452 biziagunen sinadurak lortu genituen; erroldaren %11 inguru. Marka bat da hori”. Datuei begiratuta, espero liteke igandeko parte hartzea %11 baino handiagoa izatea. “Udalerriaren ezaugarriak ikusita 6.000 boto lortzea ere guretzat izugarria da”.

Lanean aritu diren urteetan auzokideen arteko harremanak josi dituztela nabarmendu du. “Bazen jendea oso-oso argi zuena galdeketa egin behar zela. Beste askok, aldiz, gehiegi zela uste zuten. Beldur zen jedea galdeketaren alde jartzea lortu dugu. Pixkanaka erakutsi dugu gai garela halako ekitaldi bat antolatzeko”. Ilusioa nabari du orain. “Atzerriko botoarena harrigarria izan da, eta erakutsi digu interesa eta gogoa badagoela. Boston (AEB) eta Australian dauden auzokideek ere eskatu digute botoa”.

Kataluniako egoerak bi norabidetan eragin dezakeela uste du getxoztarrak. “Gure barruak astindu ditu, eta motibazioa eragiten du herritarrak botoa ematera joan daitezen. Bestalde, ziurgabetasun egoerak kontrako efektua ere ekarri dezake”. Parte hartzeagatik galdetuta: “Urtez urte gero eta jende gehiago bildu dugu. Fokoa 60.000ko erroldan jartzen badugu badakigu ez garela hurbilduko parte hartze handi batera. Jende askok hor jarriko du begirada. Baina ez gara tranpa horretan eroriko, kriston etsipena eragin dezakeelako”.

Orain arteko indar bilketan beste urrats bat gehiago egitea da igandeko zitaren helburua. “Bidean goaz. Hau ariketa bat da, erabakitzeko eskubidearen aldeko indar bilketan”. Igandean, zazpi gune egokituko dituzte ahalik eta getxoztar gehienek botoa eman dezaten, eta 200 boluntario baino gehiago izango dira egun guztian zehar lanean.

2018ko udazkena miran

Jauzia egingo dute Bizkaian igandean. Baina oraindik ere bide luzea du egiteko Gure Esku Dago dinamikak, orain arte galdeketak egin ez diren eremuetan biltzen baita Bizkaiko biztanle kopururik handiena. Bilbon eta Ezkerraldeko herrietan, zehazki: 560.245 bizilagun batzen dira Bizkaiko hiriburuan, Barakaldon, Santurtzin, Portugaleten eta Sestaon, Eustaten 2016ko datuek jasotzen duenaren arabera.

Datorren urtean zehar hartuko dute lekukoa horiek guztiek; hortaz, erabakigarria izango da 2018a. Iragarri dutenez, udaberrian zehar Muskizen, Portugaleten, Zamudion eta Lezaman egingo dute galdeketa. Udazkenean, berriz, Bilbon, Santurtzin, Barakaldon, Sestaon, Trapagaranen, Etxebarrin, Basaurin, Igorren eta Lemoan jarriko dituzte hautetsontziak. Gauzak ondo bidean, Bizkaia osatzen duten 112 udalerrien artean 78 izango dira 2018 urtearen bukaerarako estatus politikoari buruzko galdera egin dutenen zerrendan.