Industriaren museoa sortzearen alde egin dute Batzar Nagusiek

Industriaren museoa sortzearen alde egin dute Batzar Nagusiek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Alderdi guztiak ados daude. Industriaren eta Teknikaren Euskal Museoa sortzea beharrezkotzat dute. Egin egin behar dela diote, oinarrietan bat etorri dira, eta museoa non ezarri erabakitzeko ere ez da desadostasun handirik izan. Halako bat etortzeak ez dira sarritan ikusten Batzar Nagusietan, eta, beraz, egitasmoa egia bihurtzeko urrats garrantzitsua da. Industriaren museoa Zorrotzako Grandes Molinos Vascos lantegia zen eraikinean egitea posible den aztertu nahi dute. Hori dute gehien-gehienek kokagune apropos gisa. Eta deia egin diote foru aldundiari: legegintzaldia amaitu aurretik museoa egiteko estrategia zehaztu eta aurkezteko eskatu diote Batzar Nagusiek, kokagunetzat Zorrotzako lurmuturreko lantegi zaharra proposatuta.

Egitasmoa ez da berria. Bilbon iragan industriala oroitzeko museoa egitearen aldeko apustua 1980ko hamarkadan plazaratu zen lehen aldiz. Eusko Jaurlaritzak aukera aztertzeko batzordea ere sortu zuen, baina ezerezean geratu zen asmoa. “Ideia berreskuratu eta Bizkaiko gizartearen eskaerari balioa emateko unea iritsi da”, aurkeztu du proposamena Txusa Padrones EH Bilduren batzarkideak Batzar Nagusietako Euskara eta Kultura Batzordean.

Kultur ondare izendatua

Grandes Molinos Vascos irin fabrika zena zaharberritu eta kultur erabileraren bat emateko proposamena ere ez da orain lehen aldiz plazaratu. Industria Ondarearen eta Lan Publikoen Euskal Elkartea izan zen lantegi zaharra kokagune ezin hobetzat jotzen lehena. Eta Eusko Jaurlaritzak kultur ondare izendatu zuen eraikina 2009an; monumentu izendapena eman zion, zehazki.

Baina utzia dago mugimendu handiko irindegi izan zena. “Eraikina hondatzen ari da, bertako jarduna eten zenetik ez delako egin kontserbatze lanik eta etengabeko harrapaketak izan dituelako”, ohartarazi zuen Samir Lahdou Goazen Bilbaoko zinegotziak ekainean Bilboko Udalean. Instituzioek eraikinaren zaintza bere gain har zezatela proposatu zuten orduan.

“Zailtasun handiekin iraun du”, adierazi du Padrones batzarkideak ere aste honetako batzordean. “Eta industrializazioaren mende eta erdiko ondare material zein immaterial oparoa biltzeko oso leku duina izan zitekeen”.

EH Bilduren ordezkariak argi du hura dela museoa egiteko lekurik egokiena. Industrializazioak zuzenean eragin eta moldatu zuen gunea da Zorrotzako eremu hori. Cadagua eta Ibaizabal ibaiek bat egiten duten tokian egonik, ibai bidezko garraiorako portu gisa aritu zen, eta siderurgia, metalgintza zein ontziola enpresa garrantzitsuak biltzea eragin zuen horrek. Itsasadarra Bilboren industrializaziorako funtsezkoa izan zela azaldu du Padronesek, eta irindegi zaharraren kokaguneak zein eraikinaren beraren ezaugarriek museoa egiteko aukera ederrak uzten dituela.

Itsasadarretik ez ezik, lurretik ere irisgarritasun ona duela azaldu du batzarkideak museoa irindegi zen eraikinean egin dadila defendatzeko: “Renferen Aldirietako geltokitik oso gertu dago, eta errepidez lotura ona du. Zorrotzako lurmuturra erregeneratzeko aktibo ona litzateke”.

Abstentzio bat, ezezkorik ez

Ia denek bat egin dute museorako proposatutako kokagunea babestean. “Denok bat gatoz aukera handiak dituen tokia dela”, babestu du proposamena Talde Mistoko Arturo Aldekoak. Are argiago mintzatu da PSE-EEko Josu Montalban: “Ez dago beste ezer esateko. Zuzena da. Aldeko botoa emango dugu. Izan daiteke beste leku batean? Bai, baina garrantzitsua iruditzen zaigu Zorrotzan izatea”.

Aldundia PSE-EErekin gobernatzen duen EAJko ordezkaria ez da horren argi aritu. Kokalekua ez zaio txarra iruditu, baina apustu argirik ez du egin. Jane Eyre: “Aukera aztertuko dugu”.

PP izan da beste kokagune bat bilatzearen alde egin duen talde bakarra: “Zergatik ez eraiki Ezkerraldean? Industria erreferentea da, eta beti esaten dugu arlo batzuetan ahaztuta eta degradatuta dagoen ingurua dela”.

Hori dela eta, EH Bilduren proposamenaren aurrean abstentzioa bozkatu zuen PPk. Bakarra izan zen. Gainontzeko guztiek aldeko botoa emanda, aukera handiak daude proposamenak aurrera egiteko.