Albisteak

Mugek aztoratutako bi herri

Mugek aztoratutako bi herri

Herritarren eguneroko harremanak tenka litzakeen erabaki batek aztoratu egin ditu Busturia eta Sukarrieta herriak. Mugakide dira, eta aspalditik izan dituzte eztabaidak bataren eta bestearen lur eta mugak zirela eta. Azkenak San Antonioko hondartza ingurua du protagonista. Enklabea bien artean banatzeko proposamena egin du aldundiak; Sukarrietako Udalak kezka azaldu du; Busturikoaren erantzuna zakarragoa izan da: "Lotsagarritzat eta jauntxokeriatzat" jo dute udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek. EAJk du alkatetza bietan.

Justizia Auzitegi Nagusiak 2013an ebatzi zuen Sukarrietak Busturian zeukan San Antonio enklabea desagerrarazi behar zela eta bien arteko mugak moldatu behar zirela. Auzitegi Gorenak ere berretsi zuen iaz San Antonioko hondartza, Abiña auzoa eta udalekuak dauden eremuak osatutako enklabea desagerrarazi egin behar zirela. Hala, aldundiak Gobernu Kontseiluan onartu berri du prozesu hori gauzatzeko izapideak abiatzea.

Epaia betearazteko asmoz, aldundiak azterketa tekniko bat agindu zuen. Lau aukera proposatzen zituen azterketa horrek. Azkenean, mugak aldatu eta enklabea bi herrien artean banatzearen aldeko hautua egin dute. Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxearen aburuz, Gobernu Kontseiluak onartu duen proposamena "orekatuena" da bi udalerrientzat.

Proposamen hori onartuz gero, Sukarrietarentzat izango lirateke egun Busturiarenak diren Santarenako lurrak. Hala, lurraldean jarraipena izango luke herriak. Udalekuen eraikina ere harentzat izango litzateke. Busturiak, berriz, San Antonio hondartza eta haren hegoaldeko partzelaren zati bat eskuratuko lituzke. Beraz, enklabearen iparraldearekin geratuko litzateke Sukarrieta, eta, Busturia, berriz, hegoaldearekin.

Alegazioetarako 30 egun

Proposamena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenetik 30 egun dituzte aldeek alegazioak aurkezteko. Eta izango dira, zalantzarik gabe. Izan ere, udalak ez ezik, herritarrak eurak ere kezkatuta daude.

1.700 biztanle inguru ditu Busturiko Udalak, eta haserre azaldu da. Aldundiari eta Sukarrietari San Antonio enklabeari dagozkion bi auzi irabazi dizkiola ekarri du gogora. Hala, salatu dutenez, aldundiak enklabea desagerrarazteko proposamena egin du "Busturiko udalerriaren zati bat lapurtuta Sukarrietari emateko". Aurreratu du berriz ere joko dutela epaitegietara.

Aldundiak egindako proposamenaren helburua da herri batean eta bestean izango diren muga aldaketek antzeko ondorioak izan ditzatela bi herrietan. Lurralde eremuari eta ekonomiari dagozkien ondorioez ari da.

Busturiko Udala ez dator bat hausnarketa horrekin. "Badirudi jauntxokeria jarrera hori hartzeko argudioetako bat ekonomikoa dela; alegia, Sukarrietak ezin duela bideragarritasun ekonomikorik gabe geratu. Hala ere, datuak argiak dira: Sukarrietako Udalak zerga bidez biztanleko jasotzen duen kopurua Busturikoaren ia bikoitza da: 410 euro Sukarrietan, eta 227 Busturian". Udal gobernua sinetsita dago Aldundiak Sukarrietari egin gura diola mesede. San Antonio enklabeari dagozkion datu ekonomikoak emateari uko egin diola salatu du, eta beharrezko dituzte alegazioak aurkezteko.

Enklabea zelan desagerrarazi aztertu behar zuen enpresa aukeratzeko prozesua ere zalantzan jarri dute busturiarrek. Nahierara egin duela diote, eta proposamena aldundiaren neurrira osatu duela baieztatu dute.

Sukarrietako Udalari dagokionez, lur eremu osoa defendatzeko konpromisoa adierazi du. "Metro koadro bat bera ere" ez duela galdu gura iragarri du. Aldundiaren proposamenetik pozik hartu du Abiña auzoko herritarrek Sukarrietakoak izaten jarraituko dutela. Hala ere, kezkatuta dago "herriaren ikono den San Antonioko hondartza" galduko luketelako. Baita erresoluzio horrek herriaren ekonomian izan dezakeen eraginagatik ere.

Herritarrak ere, haserre

Sukarrietak 350 biztanle pasatxo ditu, eta bertako bizilagunetako asko ere haserre daude. Udatiar ugari biltzen dituen herria da hura. Baina bertakoek ez dituzte eurentzakotzat dituzten lurrak galdu gura.

Bitxia da Sukarrietak hartzen duen lur eremua. Izan ere, Kanalan, itsasadarraren beste aldean, beste enklabe bat dauka, Gautegiz Arteagan. Horrek, oraingoz, bere hartan jarraituko du. Eta Busturikoarekin zer gertatzen den ere ikusteke dago, alegazio mordoa izango dela baitirudi.

Errautsek ere badute lekua

Errautsek ere badute lekua

Aitziber Laskibar Lizarribar

Hilotzak lurperatzea izan da, duela urte gutxira arte, zendutako gorpuei bide emateko ia aukera bakarra. Hildakoa agurtzeko elizkizuna egin, eta gorpua ehorztea. Hileta zibilek gora egin dute, ordea, azken urteetan. Are gehiago errausketek. Era nabarmenean, eta etengabe; lurperatzeen kopurua gainditu eta bikoizteraino. Datuak ikusi besterik ez dago: iaz, 1.424 gorpu erraustu zituen Bilboko Zerbitzuak erakundeak, eta 769 hobiratu. Beharrizan berriei erantzuna eman behar zitzaiela eta, erraustuko direnak agurtu eta errautsak zabaltzeko eremua prestatu du Bilboko Udalak: Oroimenaren Basoa.

Derioko hilerrian bertan atondu du eremu berria Bilboko Udalak; hilerriaren erdian dagoen Begoñako Amaren plazan. Gorpua erraustu ondoren, hautsak bertan gorde edo zabaltzeko aukera izango dute, beraz, hildakoen senide eta lagunek aurrerantzean. Baita azken agurrerako ekitaldi zibilak bertan egiteko aukera ere.

Berritzailea da proiektua. Orain arte ez zegoen errautsak botatzeko espresuki prestatutako lekurik Bizkaian. Mendian zein itsasoan aireratu ohi ziren gehienetan, edo, bestela, errautsontzian gordeta mantendu. Nork bere etxera eraman behar izaten zituen hurkoaren hauts horiek, ez baitzegoen horiek uzteko eremurik. Hemendik aurrera, hilerrian utzi ahalko dira errautsak, Oroimenaren Basoan hartarako atondutako gunean.

Oroitzeko gunea

Hobiratutakoen senide eta lagunek hilerrian hurkoaren gorpua gordeta dagoen lekua bisitatzeko aukera izaten duten moduan, gorpua errausten duten familiek ere izango dute hurkoa oroitzeko leku bat, beraz; bai hautsak bertan gorde dituztenek, bai bertan aireratu dituztenek.

Horri begira egituratuta dago basoa; senideek agurra intimitatean baina leku atseginean emateko aukera izateko helburuarekin egina da, eta hildako laguna oroitzeko gune bihurtzeko asmoarekin.

Zuhaitzez inguratutako eremuan, ereinotz handi bat da erdigunea: agurren kokaleku izango den eta lurrari itzulitako errautsak hartuko dituen gunea. Zuhaitz nagusiaren oinetan gune borobila dago, egur azalez osatua. Horixe da errautsak zabaltzeko lekua. Errautsak bertan botatzen direnean, ur lainoztatuaren sistema eta ureztatze sistema martxan jartzen dira, errautsak pixkanaka xurga daitezen.

Erdigune nagusi hori harrizko bankuz inguratuta dago. Azken agurrerako ekitaldia modu erosoan jarraitzeko aukera eman ez ezik, bisitariek nork bere hurkoa lasai oroit dezan pentsatuta egituratuta dago. Txapaz egindako hamabi elementuk osatzen dute ingurua. Neurri desberdinetako sormenak dira, eta poesiaren bidez hausnarketari bide ematen diote. Hain zuzen, barnera begiratzeko deia egiten duten Xabier Lizardiren poema zatiak jasotzen dituzte elementu horietako bakoitzak. Eremuaren sarreran dagoen mugarriak, txapa zulatuz egina dagoen hiruki formakoak, bertara sartzeko gonbit egiten dio bisitariari. Gabriel Arestiren testu batek ematen dio ongietorria hildakoa agurtzera doanari, eta hausnarketara dei egin.

Zabala da eremua; handia eta irekia, naturarekin eta inguruarekin elkarbizitzera deitzen duena. 800 metro koadroko txokoan agerikoa da zuhaitzak direla nagusi, eta harrizko zein txapazko elementuek modu arinean egiten dute sarbidea lurraren munduan.

Doako zerbitzua

Hilaren 16an udal ordezkariek inauguratu zutenetik, martxan da Bilboko Udalaren zerbitzu berria. Herritar guztiei zabalik egongo den zerbitzu publikoa edozein herritarrek erabili ahal izango du. Baina, hartarako, jarraibide batzuk bete beharko direla ohartarazi dute udal agintariek. Batez ere, errautsak Oroimenaren Basoan zabaldu ahal izateko Bilboko Zerbitzuak erakundearekin harremanetan jarri beharko dela eta harekin zeremoniarako ordua hitzartu beharko dela abisu eman dute. Telefono zenbaki honetara deitu behar da errautsak zabaltzeko eskaerak egiteko: 94-423 10 19.

Bizitzarik luzeena, Algortan

Bizitzarik luzeena, Algortan

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilbo Zaharrean bizi den gizonezkoa Gasteiz hegoaldean bizi dena baino hamar urte eta erdi gutxiago biziko da; emakumea, zazpi urte gutxiago. Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osoan, Bilbo Zaharrak du bizi itxaropen txikiena. Hiru...

Urtebete barru metroaren 3. linea zabalik egongo dela iragarri dute

Urtebete barru metroaren 3. linea zabalik egongo dela iragarri dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

Atzerapen, geldialdi eta urteetako liskarrak gaindituta, martxan dira Bilboko metroaren 3. linea zabaltzeko lanak. Aurreratuta daude dagoeneko, eta instituzioetako ordezkariek iragarri dute noizko egongo den irekita Otxarkoaga eta Matiko barnebilduko dituen ibilbide berria: datorren urteko martxorako iragarri dute inaugurazioa, "ezustekorik ez badago".

Lanak abian direla, martxa onean doazela eta proiektu erraldoiaren geraleku eta lotura berriek aukera asko zabalduko dituztela esateko agertu dira komunikabideen aurrean Bilboko, Bizkaiko eta Eusko Jaurlaritzako agintari nagusiak. "Herritar askori onura" ekarriko dien linearen lanak aurreratuta daudela erakusteko sartu dira lur azpira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, besteak beste. Eta jakinarazi dute, hiru instituzioen elkarlanari esker, kostata baina lortuko dela horrenbestetan agindutakoa gauzatzea. Tunel barrutik argia erakustera joan dira lur azpiko lanetara bertara. Zulatze lanak amaituta daudela esatera, eta 5,85 kilometro luze den ibilbide osoa oinez egin daitekeela erakustera. Zazpi urte behar izan dira zulobidea egiteko.

"Gune nagusia"

Bidegurutzean egongo den Alde Zaharreko geltokian ari dira langileak, buru-belarri, azkenaldian. San Nikolaseko sarrera eraitsi dute, eta hutsik dago orain, metro-bagoiak joango diren bi tunelen zuloak besterik ikusten ez direla. Sarrera hori baliogabetuta, Unamunoko sarrera da Alde Zaharreko geltokiak egun irekita duen sarrera bakarra. Esperantza frontoiaren zati handiena ere deseginda dago. Hori bai, metroaren lanak amaitzean, frontoi mitikoa berregingo dutela ziurtatu dute.

Hain zuzen, "gune nagusia" izango da Alde Zaharreko geltoki hori, agintarien hitzetan. Zergatia argia da: han lotuko dira Etxebarritik datorren linea Otxarkoaga eta Txurdinagatik etorriko den bidearekin, eta Uribarri eta Matikotik iritsitakoarekin. Eta hara iritsiko dira baita Txorierritik, Durangaldetik eta Urdaibaitik Bilbora doazen trenak ere. "Bizkaiaren bizkarrezurra izango da; lurralde osoa egituratuko du", adierazi du Urkullu lehendakariak proiektuaren handitasuna nabarmentzeko.

Agintarien aurreikuspenen arabera, 70.000 pertsonari emango die zerbitzua 3. linea horrek, eta urtean hamar milioi bidaiari izatea espero dute. Horretarako, beste urtebeteko lana behar izango da. Eta 279 milioi euroko inbertsioa. Eusko Jaurlaritzak hartu du bere gain kostuaren erdia, eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste erdia.

Unai Rementeria ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, metroaren lanak hasi zirenetik, 1998. urtetik, 1.320 milioi euro jarri ditu aldundiak. "Gauzak ez dira bakarrik egiten", argudiatu du inbertsioa. Baina Bilboko metroak herritarren bizi baldintzak hobetu dituela sinetsita, uste du inbertsioak, merezi izateaz gain, erakutsi duela foru aldundiak "pertsonekiko, garapenarekiko eta kalitatearekiko duen konpromisoa". Horri eutsiko diola esan du, eta aurrerantzean ere herritarrei bizimodua errazten lagunduko dien proiektu eta lanak gauzatzeko apustuari eutsiko diola.

Atzerako kontua

Agintarien hitzetan, bizkaitarrei garraiatzeko modua aldatuko dien proiektua martxan ikusteko atzerako kontua hasi da. Lur azpia zulatzeko lanak amaituta, trenbidea egiteko lanetan ari dira orain. Tunelak egokitu, errailak jarri eta geltokiak egiteko garaia da. Euskal Trenbide Sareak du linea berria egiteko lanen ardura, eta, Jose Luis Sabas zuzendariaren esanetan, ezarrita daude epeak: Gabonetarako geltokietako nasak amaituta egotea espero du.

Horrek ez du esan nahi, ordea, metroaren linea berria abenduan erabiltzeko moduan egongo denik; ezta datorren urteko lehen egunetan ere. Herritarrentzat 2017. urteko lehen hiruhilekoan zabalduko dela adierazi du; datorren urteko martxoaren amaiera jarri du erabilgarri egoteko epetzat.

Izan ere, nasak prestatuta egon arren, beste zenbait lan egin beharko dira abendua eta martxoa bitartean: besteak beste, geltokien arteko seinale eta komunikazio sistemak jarri beharko dira, eta, gero, hilabetean gutxienez, dena ondo dabilen probak egin.

“Errealitate bat azaleratu nahi dugu”

“Errealitate bat azaleratu nahi dugu”

Eider Mugartegi
Hamar boluntarioren laguntzagaz, independente egin dira hiru gazte. Otsailetik bizi dira, domekatik barikura, Markina-Xemeingo etxe batean. Herria, familia eta lagunak atzean utzi barik, euren autonomia eta elkarbizitza garatzeko aukera...

Gazteak bertsotan zaletzeko sariketak finala du gaur

Gazteak bertsotan zaletzeko sariketak finala du gaur

Natalia Salazar Orbe

Bertsolari ezezagunez osatutako kartela du gaur Bilboko Kafe Antzokiak. Ezagunak izan ez arren, grina biziz aritzeko gogotsu daude norgehiagokan ariko diren 15 eta 24 urte arteko gazteak. Bertsolari Gazteen 24. BBK Sariketako finalean lehiatuko dira Busturialdeko eta Hego Uribeko gazteak, 19:00etan. Saio berezia izango da: bertsolarien gaztetasunagatik, batetik, eta taldean egindako erakustaldia izango delako, bestetik: sei kidez osatutako taldeetan lehiatuko dira. Beñat Vidal Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak argi dauka: "Sariketako talderik onenak ariko dira gaur kantuan, eta plaza handi batean abesteko prest daude. Baliteke gazteak urduri egotea, baina urduritasun hori erronka bihurtuko dute, eta saio polit bat entzuteko moduan izango gara".

Lehenengoz ibili dira Bizkaiko eskualde guztietako ordezkariak lehian. Zortzi talde osatuta, kanporaketaz kanporaketa aritu dira, otsailaren erdi aldeaz geroztik, ikastetxe eta ikastoletan bertsorik onenak nortzuek egingo zituzten norgehiagokan. Eta "maila ona" erakutsi dute, bai 18 urtera arteko taldeetakoek, bai hortik 24 urtera bitartekoek. Izan ere, taldeko hiru kide 15 eta 18 urte bitartekoak dira, eta, gainerakoak, 24 urtera artekoak.

Plazetan trebatzea, xede

Batzuen eta besteen artean alderik nabari bada ere, gaiak adinari egokituta ematen dizkiete gai-jartzaileek. "Hala, gazteen tematikak jartzen dira, haien kezkak kontuan hartzen dituztenak. Beraz, aldea ez da horrenbeste nabari". Dena den, eztabaidaezina da esperientziak beste kutsu bat ematen diola bertsolariari. "Oholtza edo plaza gaineko esperientziak asko egiten du kantatzeko orduan".

Horixe dute helburu era horretako sariketek: "Gazteak plazetan trebatzea, horietan kantuan hasi behar dutenean ez dadin izan kolpe handi bat eurentzat". Izan ere, bertso eskolatik plazarako saltoa zaila izaten da sarri asko. "Jendaurrean kantatzea ez da gauza erraza; denek ez dute gustuko izaten. Eta honek horretarako aukera ematen die".

Bertsotan taldean aritzeak badu berezitasunik. Nabarmenena taldeak norbanakoari ematen dion babesa da. "Denen artean egin beharreko zerbait da, eta lortzen denak denen artean lortu izanaren sentipena uzten du. Horrek babesa ematen die gazteei".

Bakoitzak zein ariketa egingo duen erabakitzeko aukera ere ematen die taldeak: ofiziotan, oinak emanda bertsotan, puntuari erantzunez eta azken puntua edo gaia emanda bertsoak osatzen ariko dira gaurko saioan ere.

Bertsozaletasuna sustatuz

Hainbat onura sortzen ditu bertsolari gazteen sariketak. Besteak beste, entzuleak bertsotan zaletzeko bide bat da. Entzule horiek gazteak izan ohi dira, gainera, kanporaketak ikastetxeetan egiten baitira.

Bide batez, bertsolariak gertuko pertsona gisa aurkezten dizkiete ikus-entzuleei. "Hala, ikus dezakete bertsolariak ez direla soilik pertsona helduak, telebistan eta txapelketetan agertzen direnak; aitzitik, argi geratzen zaie badaudela beren adineko gazteak bertsotan egiten dutenak". Hori horrela dela ikusita, gazteak identifikatuta senti daitezke, "eta ikus dezakete beraiek ere izena eman dezaketela bertso eskoletan, eta, gustatuz gero, edonor izan daitekeela bertsolari".

Bertsozaletasuna sustatzeko ez eze, euskarari bultzada emateko bidea ere egiten du sariketak. Eskolaz kanpoko jardueren artean, euskara hutsean egin daitekeen bakarrenetarikoa da bertsolaritza.

Horrez gain, saiook ikastetxeetan eta ikastoletan eginda, aisialdirako euskarazko eskaintza egiten du Bertsozale Elkarteak. "Era horretako zentroetako batzuetan, kokatuta dauden eremuaren arabera, euskara ez da entzuten nahiko genukeen beste. Saioak lekuotara eramanda, gazteek ikusten dute euskaraz dibertitzeko aukera ere badagoela".

Arratiako, Busturialdeko, Durangaldeko, Enkarterriko eta Ezkerraldeko, Uribe Butroeko, Uribe Kostako, Hego Uribeko eta Lea-Artibaiko gazteen arteko lehia izan da azken asteetakoa. Lau kanporaketa eta bi finalaurreko lehiatu dira gaurko finalera iritsi aurretik.

Bertsotan aurpegi berriak eta "labealdi berri baten aurrerakina" ikusteko aukera paregabea izango da, zalantzarik gabe, gaur. "Ez dira bertsolari ezagunak, baina gogotsu dauden gazteak dira". Zortzi talde eta beste horrenbeste eskualde ibili dira lehian. Eta finalean ariko direnak talderik onenak dira. Saio fresko bat entzuteko aukera emango dute Bilbo handiko kulturaren bihotzean.

Uztei astindua emateko garaia

Uztei astindua emateko garaia

Natalia Salazar Orbe

"Ardo asko dago munduan, baina txakolina bakarra dago". Hala baieztatu zuen behin Bizkaiko Txakolinaren gidaliburua aurkeztu zuen Mikel Garaiazabal enologo eta sommelierrak. Txakolina ezin bereiz daiteke Bizkaiko kostaldeko Bakio herritik. Mahatsaren zuku freskagarri horren interpretazio zentroa ere bertan dago: Bakioko Txakolingunea. Asteburuan, urteko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa daukate herrian: San Jose azoka eta aurtengo txakolinaren aurkezpena uztartzen dituen topaketa. Bateko eta besteko ekoizleek bat egingo dute bihar Bakion.

Gernika-Lumoko urriko azken astelehenaren eta Bilboko San Tomasen parekoa da bakiotarrentzat bihar egingo duten azoka. Hala deskribatu du Izarra Jaso turismo bulegoko teknikariak. "Jai erabat herrikoia da. Nekazaritza mundua du ardatz, baina txakolinaren ekoizpenak ere garrantzi handia hartzen du".

28 erakusleku izango dira, guztira, Zubiaurrealdeko frontoian, 10:00etatik aurrera. Denetariko produktuak aurkituko ditu bihar Bakiora joaten denak: herriko bertako txakolina, Bermeoko Urdaibai kontserbak, Muskizko pasta agroekologikoa, Bizkaigane esnekiak, Larrabetzuko Sarrikola ogitegiko produktuak, Arrietako Olatxuko marmeladak, Gasteizko Lorea trufak, Muskizko Igor Merinoren Eztizen eztia eta Bakioko ortuari eta pateak.

Unai Beitiak hazitako moxalen mokaduak ere dastagai izango dira. Hori guzti hori, hondarrabi mahatsaren zukuz bustita.

Eguerdian egingo dute uzta berriko txakolina aurkezteko ekitaldia. "Iazkoaren antzeko ekoizpena" izan dela iragarri dute jada herriko ekoizleek, eta "pozik" azaldu dira. Aurtengo berritasun bat: Basarte Ados txakolindegia txakolin beltza egiten hasi da. Haren eta gainerako ekoizleen zukuak dastatzeko modua izango da bihar.

Ospakizunak lehenago ere hasiko dira. Gaur iluntzean pintxo-poteoa egingo dute herriko tabernetan, eta bertso-saio ibiltaria kalerik kale ariko da. Horrez gain, San Joseko 51. Idi Proben lehen saioa egingo dute, 21:00etan. Astelehenean amaituko da idi dema.

Txakolingunera bisita

Etxerako lain izango zen ardo gisa egin zituen hastapenak txakolinak. Eta hortik datorkio izena mahatsaren zuku txinpartatsuari. Hala ekarri du gogora Aixa Gaztelu Txakolinguneko arduradunak. Interpretazio zentroa barrutik sakon ezagutzeko doako bisita gidatuak eskainiko dituzte bihar, 10:00etatik 16:00etara, orduro.

Bost gunetan banatuta dago Txakolingunea. Lehenengoan, ekoizpen osoa zelan egiten den ikasteko ikus-entzunezko bat dute bisitariek. "Bost minutu inguruan azalduko zaie zer den txakolina eta zein mahats motarekin egiten den, besteak beste". Bakioko lau upategiek hondarrabi zuria erabiltzen dute, bereziki. Hala ere, hondarrabi beltza ere erabiltzen dute txakolin gorria eta beltza egiteko.

Herriaren azken mila urteetako historiari begiratu bat ematen zaio bigarren eremuan. "Txakolinagatik ez eze, surfagatik eta bestelako kontu batzuengatik ere Bakio oso ezaguna egin dela azalduko diete bisitariei bertan".

Hirugarren eremuari dagokio lehenengo txakolinak zelakoak ziren azaltzeko eginbeharra. Eta txakolinari dagozkion kanta eta dantza ere han ezagutu ahalko dira. Txakolinaren garapenaren berri izango dute bisitariek laugarren eremuan. Han ikasiko dute 1994koa dela Bizkaiko Txakolina jatorri izena. Eta ekoizpena zertan den ere azalduko diete. "Esportazioen gorakadaren berri izango dute batetik, eta Bizkaiko upategien berri bestetik". Enologoaren lana zein den, edo dastaketak zelan egiten diren bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dute bisita horretan bertan. Bide batez, txakolin zuriaz gain, gorria eta beltza ere badaudela argituko diete horren berri ez dutenei.

Uribeko euskara darabilen aitona zahar baten kantuekin bukatuko da Txakolingunerako bisita: "Arre, arre, arre/ iso, iso, iso/ arre, arre, arre/ iso, iso, iso/ asto barrabana/ okerreko lekutik nora naroana/ handixik hortixik/ Zornotzatik gora/ Mañaritik gora/ San Antoniora". Sehaskan lotan dagoen umetxoari abesten ari zaio aitona.

Txakolinguneaz gain, txakolindegiak eurak eta horietan egiten den lana ere bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte domekan Bakiora gerturatzen direnek. Udaletxetik aterako dira 11:00etan, eta, batetik bestera, herriko lau upategietako sekretuak argituko dizkiete, banan-banan.

Datozen egun eta asteei begira, jardueraz betetako egitaratua aurkeztu du Txakolinaren Interpretazio Zentroak. Umeak izango ditu jomuga, Aste Santuko oporretan egongo direla aprobetxatuta. Asteartean, esaterako, Bizilore, zure usainak lortu izeneko tailerra antolatu dute, izen bereko emakume elkartearen eskutik. "Landareak baliatuta, usain gozoko zakuak egingo dituzte umeek". Bestalde, origami tailer bat prestatu dute hilaren 30erako. "Origamiaren teknika japoniar hori ardatz hartuta, orri markatzaileak egingo ditugu". Eta, apirilaren 1erako, sukaldaritza tailerra antolatu dute: gazta pastela egingo dute. Jarduera guztietako batzuk besterik ez dira horiek.

Oraingoz, bertako produktuak, bertako ekoizleak, bertako historia eta bertako hizkuntza erabiliko dituzte. Hainbat elementu uztartuko dituzte San Jose azokaren harira antolatutako jarduerek. Horiek guztiak zuku batek zipriztinduta aurkeztuko dira, bereziki. Bakiorekin lotura banaezina duen txakolinarekin, hain zuzen.

Luiziak kaltetuekin bilera du udalak gaur

Luiziak kaltetuekin bilera du udalak gaur

Egun gogorrak dituzte Ondarroan. Astelehenean Santa Clara izotz lantegian izandako leherketa batean bi behargin hil ziren. Horrez gain, joan den astean Kamiñalden gertatutako luiziaren ondorioz, 176 familia euren etxeetatik atera behar izan zituzten. Aldundiko teknikariek iragarri dute mendian 8.800 metro koadro lur erortzeko zorian daudela. Arriskuak han jarraitzen du, beraz. Hala, kaltetuekin eta etxebizitza hutsak dituzten bizilagunekin bilerak egingo ditu udalak gaur, konponbideak bilatze aldera.

Ehuneko dosi txikiak euskarari

Ehuneko dosi txikiak euskarari

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Arrazoi gutxi du Bilboko Udalak #poziktibity egoteko. Emaitza kaxkarrak jaso ditu erakunde publikoek euskara suspertzeko jartzen dituzten baliabideei buruzko ikerlanean. Bi urtetik behin egiten du azterketa Eusko Jaurlaritzak, eta 2014ko emaitzak kaleratu ditu orain: Bilboko Udalak euskarara bideratzen duen diru kopuruak nabarmen egin du behera; Eusko Jaurlaritzak errieta egiteraino. Donostian eta Gasteizen euskara bultzatzeko aurrekontuek gora egin dute, baina kontrako norabidea hartu du Bilbok, Jaurlaritzaren txostenaren arabera. 2012arekin alderatuta, diru gutxiago eman dio euskarari 2014an. Datu guztien artean, erakundeak euskalgintzari ematen dion diru laguntzetan dago beherakadarik nabarmenena: %19 egin du behera.

Argiak dira txostenaren datuak. Bi esparru nagusitan egiten du kale Bizkaiko hiriburuak. Bat: biztanleko inbertitutako diru kopuruari dagozkion ratioetan. Gasteiz eta Donostiak hamasei euro ipintzen dituzte herritar bakoitzeko; Bilbok, berriz, bost euro baino ez ditu erabiltzen euskara suspertzeko. Eta bi: diru laguntzetan bideratzen diren baliabideetan. Bilbo azkena ageri da berriro ere zerrendan. Donostiak 3,8 milioi euro banatu zituen; Gasteizek, 2,7 milioi; Bilbok, 1,8 milioi.

Kopuru horien ertzak aztertzen aritu da Jose Joaquin Gallastegi Bilboko Udaleko euskara teknikaria. "Ez dugu gutxiago inbertitu euskaran. Krisiaren ondoren, gora egin du udalaren aurrekontu osoak; euskarari dagokiona, ordea, berdin mantendu da. Datu horiei erreparatuta, bai, beherakada erlatiboa egon dela esan daiteke. Udalaren aurrekontuak gora egin duelako, eta, euskararenak, ez".

Aurrekontuaren %0,23

Zenbakiek ematen dute errealitatearen berri. 2012an 522,3 milioi euro izan zituen gastatzeko udalak. Eta horietatik 1,9 inguru bideratu ziren Euskara Sailera. 2013an behera egin zuen udaleko aurrekontu orokorrak, eta behera ere, euskara suspertzera bideratutako diruak. 455 milioi eurotik 1,7 milioi izan ziren euskararentzat. Baina 2014an ez ziren gora-behera horietan bat etorri udalaren diruak eta euskararenak. Hau da, gora egin zuen aurrekontu orokorrak, baina bere horretan geratu zen euskara arlora bideratutako diru kopurua. 512,8 milioi izan zituen udalak, aurreko urtean baino 20 milioi gehiago. Eta kopuru berean mantendu zen Euskara Sailera bideratutakoa: 1,7 milioi, alegia. Hor, udal teknikariaren justifikazioa: "Aurrerapenik ez da izan, eta ezin da esan gehiago inbertitu denik. Baina udalak ez du euskarari dagokion programarik kendu. Eta onuradunen kopuruak berbera izaten jarraitzen du". Aipatu ditu erakundeak norabide horretan egiten dituen egitasmoak ere. Darabilbo eta Berbagunea, kasurako. Herritarren artean, auzoetan euskara bultzatzea dute helburu biek. Eta, horiez gain, udalaren gainontzeko sailetan euskara sustatzeko egiten diren ekintzak ere aipatu ditu Gallastegik: "Euskara bulegoari dagozkionak aztertzen dira Jaurlaritzaren ikerketetan. Baina beste arlo batzuetan, gazteria eta kirol sailetan adibidez, euskara bultzatzeko programak osatzen dira. Eta horiek ez dira kontuan hartzen".

Euskara sustatzeko egiten direnak zerrendatzea da ohikoena. Baina egiten ez direnekin ere zehazten da udal baten hizkuntza politika. Eman ditu argipenak Iñaki Lasa Euskararen Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduradunak: "Joera dugu egiten dena azpimarratzeko, baina egiten ez denarekin ere ari zara hizkuntza politika zehazten". Demagun haurrentzat euskara bultzatzeko ekintzak egiten direla udalean, baina helduen euskalduntzea bultzatzeko ez dela ezer egiten. Bigarren hori ez da aintzat hartuko. "Ez egiteak ere egiten du". Euskal Herriko udalen hizkuntza politiken azterketa egina du Kontseiluak, eta tartean aztertu du Bilbokoa ere. Jaurlaritzarenak bezala, 2014ko datuak jasotzen ditu. Eta hala dio: aurrekontu osoaren %0,23 eskaintzen dio Bizkaiko hiriburuak euskararen normalizazioari.

Ordenantzarik ez

Hiru ardatz aintzat hartuta aztertzen ditu Kontseiluak udaletako hizkuntza politikak. Bat: arkitektura juridikoa. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko legez hartzen diren neurriak, alegia. Bi: euskararen normalizaziora bideratzen diren baliabideak. Eta hiru: hizkuntza politikaren plangintza. Prisma horretatik aztertu dute Bilbo ere, eta lehen puntuan egin du lehen geldialdia Lasak: esparru juridikoan. Hor nabari duelako hiriburuaren akatsik nabarmenena: Bilboko Udalak ez du euskara ordenantzarik. "Udalak dituen arauak dira ordenantzak. Horien bidez bermatzen da juridikoki herritarren hizkuntza eskubidea, eta hortaz, hizkuntza politika eraginkor bat egiteko, beharrezkoa da eskubideak zehatz-mehatz jasotzen dituen ordenantza bat izatea". Huts handia da hori Kontseiluko kidearen arabera, berme juridikorik gabe uzten dituelako herritarrak. "Arazo hori konpondu beharko luke udalak".

Ez dio ordenantzari aparteko garrantzirik ematen udaleko euskara teknikariak. Eta iradoki du Bilboren kasuan ez litzatekeela eraginkorra izango. "Ordenantza bat baldin baduzu eta egingarria baldin bada, ondo. Baina astero-astero betetzen ez delako kexa egiteko motiboa baldin bada, ez du zentzurik". Ordenantzetan baino gehiago, euskara planean eta udal barruko erabilera planean jarri du arreta Gallastegik. Arlo horretan du erakundeak zeregin nagusia, haren ustez. "Udalerrian hizkuntzaren presentzia bermatzeko zeregina badu udalak. Baina beste faktore askok baldintzatzen dute errealitate hori. Udala euskalduntzeko, ordea, erakundea bera da agente bakarra. Eta hor egin behar dira urratsak". Baina lan hori "ezkutukoa" eta "epe luzera begirakoa" dela dio. "Bigarren maila batean dagoela dirudi, baina garrantzitsua da. Udal langileen arteko harremanak euskaraz izatea eta herritarrak euskaraz jasotzen direla ziurtatzea beharrezkoa da".

Bide horretan emandako pausoak aitortzen ditu Lasak. "Gauza askotan aurrera egin du Bilbok, eta positiboak direnak ere aipatzea beharrezkoa da". Euskara plana izatea, udal langileak euskalduntzeko erraztasunak izatea, osoko bilkuretan materiala euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztea eta merkataritzan euskararen presentzia sustatzeko diru laguntzak ematea aipatu ditu, besteak beste. Baina dena ez da gozoa. Eta aipatu ditu gabeziak ere. Langile kontratatu berri guztiak elebidunak izan daitezen, ez du erabakirik hartu udalak oraindik, eta herritarrekiko harreman zuzenari dagokionez, udalak azpikontratatzen dituen zerbitzuak elebidunak izan daitezen ere ez du bultzatu.

Baliabide gutxi euskarari

Euskararen normalizazioaren bidean huts egiten du berme juridikoan Bilbok, Kontseiluaren arabera. Eta gauza bera gertatzen da hizkuntza sustatzeko eskaintzen diren baliabideetan ere; %0,23 inbertitzen du Bilbok euskaran. Eta hizkuntza politika eraginkorrak egiten diren udalen ehunekoa %2koa dela azaldu du Lasak. Hor, beste ondorio bat: "Arau bitartez ez dute eragin nahi, eta aurrekontuetako kopuru horrek dio diru bidez ere ez duela behar bezain indartsu eragiten".

2006an aztertu zuen lehen aldiz Kontseiluak Bizkaiko hiriburuko hizkuntza politika. Eta Lasaren hitzetan, ordutik, nabarmena izan da beherakada. "Krisiaren aitzakia erabiltzen da maiz horrelakoak justifikatzeko. Baina euskararen normalizazioan inbertitzea sektore batean inbertitzea da. Lanpostuak sortzen ditu, adibidez. Eta ardura soziala dugu horrekiko, euskaran inbertitzea, elkarbizitzan inbertitzea delako". Bilbok ez du hizkuntza politika egokia, Kontseiluko kidearen arabera, eta ahaleginak egin beharko lituzke hori konpontzeko. "Ez dugu esaten ezer egiten ez duenik. Baina ez da erabiltzen ari garai honi dagokion hizkuntza politika eraginkor bat".

Kasu gehienetan udal gobernuko kideen esku dago erakundean egiten den hizkuntza politika. "Gobernua osatzen duten herritarren borondatearen arabera osatzen dira gehienetan". Oinarria jartzen dute alderdi politikoek, akaso. Baina horrek baino eragin handiagoa du agintean dagoenaren euskaltzaletasunak. Juan Mari Aburto alkate izateak eragin dezake horretan, Gallastegiren arabera. Baina azpimarratu du ez dagokiola administrazioari soilik hizkuntzaren normalizazioan eragitea. "Esparru garrantzitsua da. Baina herritarren gogoan sartzea oso zaila da. Eta horretan udalak mugak ditu".

Horra, Lasaren iritziz, hedatuta dagoen beste uste oker bat. "Errealitate soziolinguistikora egokitzen dira hizkuntza politikak eta ez eraldatzera. Erosoagoa da politiko askorentzat errealitate horretara moldatzea, egoera eraldatzeko neurriak hartzea baino". Eta euskararen sustapenaren lana herritarren gain uztea dakar horrek. Herritarrek hartzen dute euskararen normalizazioaren zama. "Joera hori dago udaletan euskarari dagokionez: herritarrak mugitu ondoren, erakundea horretara egokituko da. Eta hori ez da beste arlo batzuetan gertatzen".

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Kontseiluak argitaratutako datuek argi diote: Bilbok babes gutxi ematen dio euskarari. Aurreko urteekin alderatuta, aldaketa gutxi baitago aurtengo aurrekontuetan ere. Ez dago pozik Bilbo. Eta euskararen alde txioak egin behar dituen txantxangorria ere mutu dago oraingoz.