Mugek aztoratutako bi herri

Mugek aztoratutako bi herri

 

Herritarren eguneroko harremanak tenka litzakeen erabaki batek aztoratu egin ditu Busturia eta Sukarrieta herriak. Mugakide dira, eta aspalditik izan dituzte eztabaidak bataren eta bestearen lur eta mugak zirela eta. Azkenak San Antonioko hondartza ingurua du protagonista. Enklabea bien artean banatzeko proposamena egin du aldundiak; Sukarrietako Udalak kezka azaldu du; Busturikoaren erantzuna zakarragoa izan da: “Lotsagarritzat eta jauntxokeriatzat” jo dute udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek. EAJk du alkatetza bietan.

Justizia Auzitegi Nagusiak 2013an ebatzi zuen Sukarrietak Busturian zeukan San Antonio enklabea desagerrarazi behar zela eta bien arteko mugak moldatu behar zirela. Auzitegi Gorenak ere berretsi zuen iaz San Antonioko hondartza, Abiña auzoa eta udalekuak dauden eremuak osatutako enklabea desagerrarazi egin behar zirela. Hala, aldundiak Gobernu Kontseiluan onartu berri du prozesu hori gauzatzeko izapideak abiatzea.

Epaia betearazteko asmoz, aldundiak azterketa tekniko bat agindu zuen. Lau aukera proposatzen zituen azterketa horrek. Azkenean, mugak aldatu eta enklabea bi herrien artean banatzearen aldeko hautua egin dute. Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxearen aburuz, Gobernu Kontseiluak onartu duen proposamena “orekatuena” da bi udalerrientzat.

Proposamen hori onartuz gero, Sukarrietarentzat izango lirateke egun Busturiarenak diren Santarenako lurrak. Hala, lurraldean jarraipena izango luke herriak. Udalekuen eraikina ere harentzat izango litzateke. Busturiak, berriz, San Antonio hondartza eta haren hegoaldeko partzelaren zati bat eskuratuko lituzke. Beraz, enklabearen iparraldearekin geratuko litzateke Sukarrieta, eta, Busturia, berriz, hegoaldearekin.

Alegazioetarako 30 egun

Proposamena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenetik 30 egun dituzte aldeek alegazioak aurkezteko. Eta izango dira, zalantzarik gabe. Izan ere, udalak ez ezik, herritarrak eurak ere kezkatuta daude.

1.700 biztanle inguru ditu Busturiko Udalak, eta haserre azaldu da. Aldundiari eta Sukarrietari San Antonio enklabeari dagozkion bi auzi irabazi dizkiola ekarri du gogora. Hala, salatu dutenez, aldundiak enklabea desagerrarazteko proposamena egin du “Busturiko udalerriaren zati bat lapurtuta Sukarrietari emateko”. Aurreratu du berriz ere joko dutela epaitegietara.

Aldundiak egindako proposamenaren helburua da herri batean eta bestean izango diren muga aldaketek antzeko ondorioak izan ditzatela bi herrietan. Lurralde eremuari eta ekonomiari dagozkien ondorioez ari da.

Busturiko Udala ez dator bat hausnarketa horrekin. “Badirudi jauntxokeria jarrera hori hartzeko argudioetako bat ekonomikoa dela; alegia, Sukarrietak ezin duela bideragarritasun ekonomikorik gabe geratu. Hala ere, datuak argiak dira: Sukarrietako Udalak zerga bidez biztanleko jasotzen duen kopurua Busturikoaren ia bikoitza da: 410 euro Sukarrietan, eta 227 Busturian”. Udal gobernua sinetsita dago Aldundiak Sukarrietari egin gura diola mesede. San Antonio enklabeari dagozkion datu ekonomikoak emateari uko egin diola salatu du, eta beharrezko dituzte alegazioak aurkezteko.

Enklabea zelan desagerrarazi aztertu behar zuen enpresa aukeratzeko prozesua ere zalantzan jarri dute busturiarrek. Nahierara egin duela diote, eta proposamena aldundiaren neurrira osatu duela baieztatu dute.

Sukarrietako Udalari dagokionez, lur eremu osoa defendatzeko konpromisoa adierazi du. “Metro koadro bat bera ere” ez duela galdu gura iragarri du. Aldundiaren proposamenetik pozik hartu du Abiña auzoko herritarrek Sukarrietakoak izaten jarraituko dutela. Hala ere, kezkatuta dago “herriaren ikono den San Antonioko hondartza” galduko luketelako. Baita erresoluzio horrek herriaren ekonomian izan dezakeen eraginagatik ere.

Herritarrak ere, haserre

Sukarrietak 350 biztanle pasatxo ditu, eta bertako bizilagunetako asko ere haserre daude. Udatiar ugari biltzen dituen herria da hura. Baina bertakoek ez dituzte eurentzakotzat dituzten lurrak galdu gura.

Bitxia da Sukarrietak hartzen duen lur eremua. Izan ere, Kanalan, itsasadarraren beste aldean, beste enklabe bat dauka, Gautegiz Arteagan. Horrek, oraingoz, bere hartan jarraituko du. Eta Busturikoarekin zer gertatzen den ere ikusteke dago, alegazio mordoa izango dela baitirudi.