Bizitzarik luzeena, Algortan

Bizitzarik luzeena, Algortan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilbo Zaharrean bizi den gizonezkoa Gasteiz hegoaldean bizi dena baino hamar urte eta erdi gutxiago biziko da; emakumea, zazpi urte gutxiago. Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osoan, Bilbo Zaharrak du bizi itxaropen txikiena. Hiru hiriburuen artean ere bilbotarrak hiltzen dira azkarrena, eta, herrialdeei dagokienez, Bizkaiak ditu emaitza txarrenak. Lurraldean bertan ere, handiak dira desberdintasunak: Algorta da bizi itxaropen handiena duen gunea: bertako gizonak 81,2 urte bizi dira, batez beste; Bilbo Zaharrekoak baino ia hamar urte gehiago (71,5 urte). Emakumeen artean Bilbo Zaharrekoak bizi dira gutxien (81 urte). Bizkaian luzaroen bizi diren emakumeak, Algortan ez ezik, Bilbon ere badaude; hiriburuko lekurik aberatsenetan: Albia eta Kale Nagusiaren inguruetan (85,9 urte).

Ez da kasualitatea. Eta horixe erakustera dator EHUko Opik ikerketa taldeak egindako azterketa. Maila sozioekonomikoak eta bizi baldintzek eragin zuzena dute bai osasunean, bai hilkortasunean: langabezia eta pobrezia tasek, ikasketa mailak. Baina ez horrek bakarrik. Bizitokirako guneak ere baldintzatuko du norbere hilkortasuna: auzo txiro edo aberatsean bizitzeak eragina izango du.

“Agerikoa da”, dio Amaia Bacigalupe EHUko irakasle eta Opik ikerketa taldeko kideak. “Albia eta San Frantzisko begiratuta, agerikoa da auzo bakoitzean bizi diren pertsonen bizi baldintzak oso desberdinak direla”. Etxeak berak adierazle garbiak dira; zer-nolako baldintzak dituzten auzo bateko eta besteko etxebizitzek.

Aire garbia dagoen eremuan edo lantegiz jositako industrialdean bizitzeak osasunean duen eraginaz gain, badira zer pentsatua ematen duten beste egoera batzuk: Bilbon bertan, gunerik baztertuena den San Frantzisko ingurua Abando, Albia eta Kale Nagusi aberatsetatik bereizten duen elementu arkitektoniko bakarra trenbidea da. Eta trenbidearen alde banatan daude bizi itxaropen mailarik handiena eta txikiena, argi bereizita. Zubi bat igarotze soilak zortzi bat urte aldatzen du bizi itxaropena.

Eta zer gertatzen da gune txiro batean bizi arren egoera ekonomiko ona dutenen kasuan? “Pentsa Bilbo Zaharrean bizi zarela, baina, aldi berean, maila altuko baldintza pertsonalak dituzula: irakaslea zarela, adibidez”. Pertsona horrek bere alde izango ditu baldintza pertsonal on horiek, baina “faktore kontestualek” eragin egingo diote. Baldintza pertsonal berak izanik gune aberatsagoan bizi den beste batek baino bizi itxaropen txikiagoa izango du. Alegia, norbere egoera sozialaz gain, bizileku duen auzoaren egoerak baldintzatuko du pertsona horren bizi kalitatea, eta beraz, iraupena: “Demagun bizi garela langabezia handia duen auzo batean; nahiz eta guk lan on bat izan, eragina izango du gure osasunean. Frogatuta dago interakzio bat dagoela faktore indibidual eta kontestualen artean”.

Arrazoiak dira ikerketetan frogatuta ez daudenak, baina Bacigalupek eman die azalpena: “Normalean, langabezia tasa altua duten auzoak askoz gutxiago zainduta egoten dira, erdiguneetatik baztertuta, eta gaitasun gutxiago izaten dute udalekin edozein eskaera negoziatzeko”.

Beste egoera bitxi baten berri ere ematen dute datuek: “Frogatuta dago mugimendua duten auzoetan, elkarte asko dituztenetan, osasun hobea izaten dela; eragin zuzena eta ona du kolektiboen sare handia egoteak auzo horretako pertsonen osasunean”.

Inguruak inguru eta mugimenduak mugimendu, hazi egin da bizi itxaropena azken 30 urteetan. Baina, alor horretan ere, analisi kezkagarria egin du soziologoak: “Zortzi urte inguru hazi da bai gizonezkoen bai emakumeen bizi itxaropena azken 30 urteetan. Eta, justu, horixe da auzo marginalen eta onenen artean dagoen aldea. Horren arabera, esan genezake auzo batzuk bizi direla duela 30 urte populazio guztia bizi zen egoera berean; ez dutela aurrera egin, osasunaren alorrean, behintzat. Guztiok ez gara abiadura berean garatzen ari”.

Gaiari heldu beharra

Arazo horri “heldu” beharko zaiola argi du. “Gakoa” zein den ere bai: berdintasuna lortzea; desberdintasun sozialak desagerraraztea. Politika integralak aldarrikatu ditu, hargatik; osasun planak egiten direnean, esaterako, pobreziari aurre egiteko politikak ere biltzea, hori baita osasuna eta bizi itxaropena handitzeko baliabide eraginkorrena.

“Hori da ondorioa”, dio; “baina horrek salmenta txarra du politika alorrean, sakoneko aldaketa eskatzen baitu. Ez da osasun etxe berri bat egitea bezain erraza, eta, betikoa, lau urtean ezin da egin”.