Albisteak

Kalitatezko garagardo berritzailea merkaturatu du Urban Beerrek

Kalitatezko garagardo berritzailea merkaturatu du Urban Beerrek

Berritzailea, modernoa eta kalitatezkoa. Halakoxea da Urban Beer garagardoa, Arantxa Jordek eta Iñigo Garciak amestutako proiektua. Gazteak eta ekintzaileak dira senar-emazteak. Hala azaldu du Jordek. Gaztetasun eta berritze nahi horrek beste garagardoetatik bereizten diren produktu aldaerak sortzea ahalbidetu diete. Artisau eran egindako garagardoak dira haienak.

Ingurunearekiko eta gizartearekiko konpromiso zorrotza darabil bikoteak, ekoizpena Zamudiora eramanda. Ekoizpen teknika tradizionalari eutsi diote: "Karbohidratazio naturala egiten dugu, karbono dioxidorik erantsi gabe".

Garagardoa ekoizteko bertako produktuak erabiltzen dituzte. "Kalitate handiko lehengaiak dira. Eta ez dugu kostuak merkatzeko osagairik erabiltzen; gure garagardoen zaporea nabarmentzen dutenak soilik".

Duela gutxi atera dira merkatura. Leku bat egitea ez dute izan lan erraza. Marka komertzialek menderatua dute dena. Baina badira garagardo berriak dastatzeko irrikaz dauden kontsumitzaile asko ere. "Produktu bereziak" dakartza Urban Beerrek: "Geure errezeta propioak lantzen ditugu. Estilo tradizionalari itzulia eman eta garagardo berritzaileak sortu gura ditugu, garagardoaren arima eta bihotza bilatu".

Produktuari plus bat emango dioten ezaugarrien bila aritu dira etengabean. Lehengai onak erabiltzen dituzte horretarako. "Hori oso garrantzitsua da. Oinarria ona baldin bada, eta garagardoa egiten baldin badakizu, pentsa zer-nolako produktua atera dezakezun".

Edari mota hori ondo baino hobeto ezagutzen dute. Atzerrira hainbat bidaia egindakoa da bikotea. "Artisau eran egindako oso garagardo onak edan ditugu kanpoan, eta hori gurera ekarri gura genuen". Hain zuzen, Urban Beer sortzea horietako bidaia batean erabaki zuten. "Zeelanda Berrira eta Australiara egin genuen bidaian ostatua eta garagardotegia zituen leku bat aurkitu genuen. Asko gustatu zitzaigun, eta ideia Euskal Herrira ekarri behar genuela pentsatu genuen".

Garciak aspaldi ekin zion garagardoa egiteari. Etxean egiten zuen, eta lagunen artean banatu. Bostonen (AEB) ezagutu zuen artisauen artean modurik artisauena garagardoa egiteko: etxerako kit bat baliatzen zuen horretarako. "Prozesua hobetuz joan zen, eta azterketak egiteari ere ekin zion". Hala, pauso bat gehiago ematea erabaki zuten. "Etxea txiki geratu zitzaigun, eta maila profesionalean garatzeko erabakia hartu genuen".

Lau aukera

Lau garagardo aldaera aurkeztu dituzte: Blonde Ale, Black Lager, Cream Ale eta Trigo. Horiak, ilunak, urre kolorekoak zein gariaren antzeko hori ilun koloreak dauzkaten produktuak prestatu dituzte. "Pilsner garagardo komertzialetatik desberdinak dira, baina edateko errazak. Herritarrek garagardo errazak baina kalitatezkoak proba ditzaten gura dugu".

Kontsumitzaileei, sarri asko, kostatu egiten zaie etxeko produktuei aukera ematea. Jordek uste du garrantzitsua dela "garagardo asko eta estilo askotakoak probatzea. Asko dastatu dituzunean, badakizu zer den gustuko duzuna, eta zer ez. Sekretua da garagardoari arima jartzea. Eta pentsatzea: honek merezi du; honek ez". Litro asko bota dituzte eurek ere gura zuten produktua lortu arte.

Zapore berriak dastatzeko eginahal horretan Euskal Garagardo Elkartearen barruan ere lanean ari dira. "Bertan egindako garagardoaren aldeko apustua egiten dugu". Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin batera Km 0-ko garagardo bat garatzeko lanean ari dira. Bertako ekoizleei lagunduta, %100 bertako produktua garatzeko ilusioz beterik daude Urban Beerren.

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Urban Beer Bilboko garagardo artisauak.

Telefonoa. 661-87 25 48.

Eskaintza. 12 garagardo botilako kaxa: Blonde Ale, Black Lager, Cream Ale eta Trigo aldaerak.

Prezioa. 24 euro.

Webgunea. www.euskalherrikoplaza.com

Asiako liztorra ezin menderatuta

Asiako liztorra ezin menderatuta

Natalia Salazar Orbe

Ez da joango. Asiako liztorra Bizkaitik desagerraraztea ezinezkoa da. Hala, aldundiak uste du espezie horrekin batera bizitzen ikasi beharko dela. Kontrolatu eta espezie inbaditzaile gisa tratatuko dute. Asmo hori gauzatzeko udalekin elkarlanean aritzeko protokolo bat abiatu du, dauden habiak kentzeko. Udalek herritarren abisuak jaso eta kudeatu behar dituzte: informazioa jaso eta ohartarazitakoa vespa velutina deritzon liztorraren habia ote den egiaztatuko dute. Aldundiak habiak kendu eta suntsitzeko ardura hartuko du bere gain.

Sektore batzuetan alarmak piztuta daude, ordea. Eta prebentzioari ere heldu behar zaiola iritzita, Asiako liztor erreginak harrapatzeko lanari ekin diote zenbait herritan. Gueñes eta Getxo dira horietako bi. Lehenengoan, udalaren ekimenez hasi dira espezie inbaditzaile horren aurkako tranpak jartzen. Bigarrenean, Auzokideok plataformak hartu du eginbehar hori bere gain.

Gueñesen martxoan hasi ziren Asiako liztor erreginak harrapatzeko tranpak jartzen. Hil horren bukaeran atera ohi baitira hibernaziotik habia berria egiteko. Joseba Garcia Gueñesko Udaleko mendietako teknikaria da. Hark azaldu ditu praktika horren helburuak. "Ahalik eta erregina gehiena harrapatzea da xedea. Izan ere, horietako bakoitzak 2.000ra arte kide izango dituen komunitate berri bat eratuko du. Eta habia horretatik ernaldutako 100 erregina aterako dira hibernatzeko prest. Hala, espeziearen zabalkundearen aurka egiteko modurik eraginkorrena da".

Administrazioen "planifikazio falta" sumatzen dute Auzokideok plataforman. Beren kabuz hasi dira Andra Mari auzoan Asiako liztorra harrapatzeko tranpak jartzen. Iñigo Elortegi hango kidea da. "Aldundiak udalei eman die orain lana, eta horietan ez daukate jarduteko protokolorik, ezta sentsibilitaterik ere, Asiako liztorrak dakarren arazo handiari dagokionez".

Lehen sektoreak Getxoko barne produktu gordinaren %5etik gora dela ekarri du gogora. "Erleek egiten duten polinizazioa funtsezkoa da fruitu arbolentzat eta eztia egiteko, besteak beste". Aldundiak eta udalak iniziatibarik ez dutela hartzen iritzita, herritarrek laguntza sare bat koordinatzea erabaki dute.

Tranpa errazak

Sistema erraz samarra da; antzekoa batean eta bestean. Getxon, plastikozko botila bati zulo bat egiten diote goiko aldean, eta, han, beste plastikozko botila baten zatia jarri. Botila barrura edabe prestatu bat botatzen dute: ahabia zukua ardoarekin nahasten dute, eta, ostean, erleak erakartzea saihesteko garagardo beltza botatzen diote. "Egunetako hartzitzearen ondorioz, liztorrak erakartzen ditu edabeak, eta plastikozko botilan atera ezinik edo likidoan itota geratzen dira". Dena den, adituek ohartarazi dute kontu handiz gauzatu beharreko sistema dela hori, gaizki eginez gero, erleak edota bestelako intsektuak erakarri eta hil daitezkeelako.

Beraz, edabe egoki bat erabiltzea erabakigarria da liztorrak soilik harrapatzeko. Hala azaldu du Garciak. "Orain arte, sistema egokia erabili dugu. Izan ere, zortzi vespa cabro [bertako kuruminoa] besterik ez dira erori, eta erlerik bat ere ez".

Gueñesen beste aldaera bat darabilte. Erdi gardena den ontzi bat erabiltzen dute han. Erreginak sartu egiten dira, baina ezin dute handik atera. Horiek erakartzeko garagardoa, txakolina eta ahabia ziropa nahastuta egindako edabea prestatzen dute. "Frantziatik ekarri dugun formula berri bat ari gara erabiltzen orain: erleen argizaria eta eztia ditu. Eraginkorragoa da".

Tranpek zer-nolako eragina izan duten aztertzeko lehen balorazioak egin dituzte jada herrian. Apirilaren erdi aldera egin zuten lehenengo zenbaketa. Joseba Garciak eman ditu datuak: "67 erregina hartu genituen tranpak jarri ditugun 25 eremutan. Eta lau vespa cabro besterik ez ziren erori. Maiatzaren 1ean egindako zenbaketan 267 erregina erori ziren".

Hirugarren zenbaketa hilaren bukaera aldera egingo dute, eta antzeko emaitzak izango direla aurreikusi dute. "Interesgarria da 600 habia berri egitea saihestea. Izan ere, erregina horiek gainditua zuten hibernazio fasea, eta habia berriak egiteko prest zeuden".

Aldundiaren protokoloa ere positibotzat jo du Garciak. "Neurri guztiak beharrezkoak dira. Prebentzio neurriek eraginkortasuna dute habia berrien sorrera saihesteko. Habia berri bat saihestuz gero, irailean ehun erregina gutxiago aterako dira". Habiak suntsitzeak ere emaitza bera du. "Iraila aurretik suntsitutako habia bakoitzeko, ehun erregina berri ateratzea saihesten dute".

Iraila hasieran ere tranpak jarriko dituzte. "Hibernazioa egiteko leku baten bila habia uzten duten erreginak harrapatzea da helburua".

Elortegik uste du Aldundiaren protokoloa positiboa izan arren, erleen populazioarengan kaltea egongo dela onartzen duela. Protokolo global bat eskatu du. "Herritarrek liztorra ez dute arazotzat antzematen. Ondorioz, erakundeak ere ez dira mugitzen, ez dutelako presiorik sumatzen".

Garciak argi eta garbi azaldu du denek onartzen duten errealitatea: "Onartu egin behar dugu Asiako liztorra geratzeko etorri dela. Kontua da hori denontzako onargarriak diren proportzioetan gertatzea".

Kaleko sortzaileen plaza

Kaleko sortzaileen plaza

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Akrobaziak egiten talde bat plazan, eta, kalearen bestaldean, beste talde bat dantzan. Bien bitartean, aktore talde bat ari da kalea gurutzatzen. Pailazo bat ere badabil, kalean gora eta behera. Agertoki bihurtu da Leioa egunotan. Atzo hasi zen Leioako XVII. Umore Azoka, eta igandera bitartean ehunka artista eta sortzailek hartuko dituzte herriko bazterrak. Guztira, 125 emanaldi izango dira Leioako kaleetan asteburu honetan, eta estreinaldiak izango dira horietako 21.

Jaialdia, festa eta azoka da Leioako egitasmoa. Urtero, 200 profesional baino gehiago elkartzen dira asteburu batez Bizkaiko herri horretan, eta, pixkanaka, toki hartu du kaleko artisten munduan. Gero eta sona handiagoa du Leioako Umore Azokak. Gero eta herritar gehiago biltzen ditu, eta gero eta konpainia gehiagok parte hartzen dute jaialdian. Guztira, 50 talde izango dira aurten, eta euskal konpainiak izango dira horietako hemezortzi.

Euskal taldeek nortasuna ematen diote jaialdiari antolatzaileen arabera, euskal konpainiekin batera "hazi" den azoka baita Leioakoa. Horren adibide da Deabru Beltzak taldea. Hogei urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ospatzeko emanaldi berezia egingo du Umore Azokan. Su á Feu izeneko lana prestatu dute ospakizunerako. Baina Deabru Beltzak ez da estreinaldia eskainiko duen talde bakarra. Euskal talde guztien artean, hamaika taldek lan berria aurkeztuko dute Leioan. Eta denetariko ikuskizunak eramango dituzte gainera: antzerkia, dantza, clown-a, zirkua, txotxongiloak eta performanceak, tartean.

Baina euskal konpainiek ez ezik, herriko taldeek ere presentzia nabaria izango dute jaialdiaren hamazazpigarren edizioan. Itzala utzi du Leioan azokak, eta tokiko taldeak indartzea ekarri du horrek. Horregatik, toki propioa egin diete aurtengo programazioan. Leioako Musika Banda eta Diego Galaz musikaria, Despertar los Sentidos elkarte artistikoa, Andoni Areste dantza eskola eta Gerry Regitschnig clown-a izango dira beren herriko bazterretan gertukoenei egiten dutena erakusten.

Jaialdia baino gehiago

Leioako Umore Azoka ez da sortzaile eta ikusleen arteko elkargunea soilik; programatzaile eta jaialdi zuzendarien topalekua ere bada. Eta, horregatik, konpainientzat beren burua ezagutzera emateko plaza ere izan daiteke Leioakoa. Asteburuan Frantziako eta Koreako arte eszenikoetako jaialdien programatzaileak izango dira, besteak beste. Hortaz, erakusleiho paregabea dute Leioan euskal taldeek beren lanak nazioartekotzeko.

Eta, jaiaz gain, hausnarketarako tartea ere egongo da egunotan. Akitania-Euskadi II. Topaketa ere egingo da Leioan, Etxepare Euskal Institutuak, EKEk eta Akitania-Euskadi euroeskualdeak bultzatuta. SAREA Euskal Antzoki Sareak ere batzar orokorra egingo du azokan. Eta profesionalen elkargunerako eta proposamenen trukerako tokia ere egokitu dute jaialdian, Artekale espazioan.

Inoiz baino luzeagoa izango da aurtengo festa. Izan ere, lehen aldiz, igande gauera arte izango dira ekitaldiak, eta horretaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Pinosolo parkean dagoen Hiri Kulturgunean piknika eta hainbat ekimen egongo dira, besteak beste, domeka arratsaldean.

Antzerkigintzaren zaindari

Antzerkigintzaren zaindari

Natalia Salazar Orbe
Artearekin berarekin batera garatu da BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegia. Duela hogei urte sortu zen, Barakaldon. Egin duen ibilbide luze horretan hainbat gauza aldatu dira antzerkiaren eta interpretazioaren munduan. Besteak beste, Da...

Danborrek astindutako festa

Danborrek astindutako festa

Natalia Salazar Orbe
Ranplanplan, rapetaplan, rataplan. Perkusio doinuz zipriztinduko da bihar Zornotza. Euskal Herriko batukada taldeak eta perkusioa maite duten zaleak elkartuko dira bertan, Euskal Herriko Batukaden IV. Topaketan. Aurten, berritasun ...

Regueibertsoa hauspo

Regueibertsoa hauspo

Aitziber Laskibar Lizarribar

Regueifa eta bertsoa. Bertsoa eta regueifa. Euskara eta galegoa. Kantua. Errima. Bat-batekotasuna. Inprobisazioa. Ahozkotasuna. Hizkuntza. Jolasa. Horiek guztiak eta gehiago landu dituzte 80 bat ikaslek asteotan. 30 arratiarrek eta 50 galiziarrek. Euskaraz eta galegoz. Galizian eta Bizkaian. Eta oparoa izan da emaitza: nork bere hizkuntzarekiko eta kulturarekiko lotura sendotu du, eta gazteek kulturen arteko konplizitateak josi dituzte. DBHko ikasleek. Arratiako institutukoek, eta Coruña, Pontevedra eta Lugokoek. Hizkuntza jolas gisa bizi izan dute, eta bertsolaritza zein regueifa hauspotuta atera dira. Horixe izan da Regueibertso egitasmoa. Maiatzaren 2tik 5era Galizian, eta 13tik 16ra Arratian.

Galiziako bat-bateko koplen tradizioa da regueifa, eta bertsolaritzaren antzeko oinarriak ditu. Baina ahul dabil azken urteetan, galtzetik gero eta gertuago. "Bertako askok ez dute ezagutu ere egiten", azaldu du Iñaki Iturriotzek. Bertsolaritza irakaslea da Iturriotz Arratiako institutuan, eta ikasleekin ibili da Regueibertso egitasmoan.

Zenbait galiziar kezkatuta zeuden euren kulturaren zati bat gain behera zegoelako, eta hortik sortu dute esperientzia. Kasualitatez kasik. Kanpin batean elkar ezagutu zuten arratiar batek eta galiziar batek; kulturaz eta inprobisazioaz hizketan hasi, eta galiziarrak aitortu zuen euskaldunei inbidiaz begiratzen ziela: Galizian regueifa ez dela bertsolaritza Euskal Herrian bezain kutuna, ez dela zaintzen, eta galtzen ari dela. Hain zuzen, regueifa berreskuratzeko lanean dabilenetako bat da irakasle galiziar hura. Bere herrian bertsolaritza eskolan lantzen zela azaldu zion bizkaitarrak, eta esperientzia ezagutzeko irrika sortu zitzaion irakasle galiziarrari.

Galiziarrentzat eredu

Euskal Herriko esperientzia ezagutzekotan geratu ziren, eta Arratiara etorri zen galiziarra, beste batzuen ahotik entzuna zuena bertatik bertara ikustera. "Bertsolaritzak Euskal Herrian duen montajea ikusi nahi zuen; bertso eskolak, hezkuntza arautuan ematen diren klaseak... nola sustatzen ari den bertsolaritza gazteen artean", dio Iturriotzek. Galiziarrek ere halako zerbait nahiko luketela azaldu du; antzeko zerbait eraiki, baina euren eredu propioan oinarrituta. "Horregatik ezagutu nahi zuten bertsolaritzaren mundua; ez hemengoa kopiatzeko, adibide moduan hartu eta eurena eraikitzeko baizik". Eta horrela hasi zen elkarlana. Ikasleek esperientzia trukea egiteko aukera aztertu, proposamena landu, eta hilabete gutxira gauzatu da.

Ez zalantza gutxirekin, halere. Bertsolaritzaren eta regueifaren oinarriak berak izan arren, euskaraz kantatzen dute batzuek, eta galegoz besteek. Elkar ulertuko zuten gazteek? Horixe zuten kezka nagusi egitasmoaren sustatzaileek. Baina sorpresa atsegina hartu dute. "Oso bitxia da. Galizian egon ginenean, Santiagon egin genuen ekitaldian, guk euskaraz kantatu genuen, eta eurek, galegoz; gero gu hasi ginen eurekin regueifatzen... Itzelezko giroa sortu zen". Zergatia argi du Arratiako institutuko irakasleak: "Azken finean, hizkuntzaren gainetik dago inprobisazioaren bat-bateko hori. Bat-batean sortu eta abesten duzunean sortzen den magia horrek ez du hizkuntzarik behar; berdin da euskaraz, galegoz edo katalanez aritu, orduantxe bat egiten baitute hizkuntza guztiek".

Larunbatean Igorren egin zuten ekitaldi nagusian ere "magia" bera sortu zela dio; konplizitate sendoak eraiki zituela bat-bateko kantuak, batzuk euskaraz eta besteak galegoz aritu arren. Are, norbere hizkuntza internazionala izan daitekeela ere frogatu zuten ikasleek, Iturriotzen hitzetan: adierazteko eta elkar ulertzeko ez dela gaztelerara jo beharrik. Hala, nork bere hizkuntzari balioa emanda eta albokoarenera hurbilduta norbere hizkuntzarekiko lotura indartu egin dela frogatu dutela dio.

Aberatsa izan da esperientzia, beraz, bai bizkaitarrentzat bai galiziarrentzat. Euskararentzat eta galegoarentzat, bertsolaritzarentzat eta regueifarentzat. Horri guztiari hauspoa eman zaiola iruditzen zaio Iturriotzi. Eta hunkituta dago, bere ikasleak eta galiziarrak bezain hunkituta. Are, nork bere herrietan jaso duten laguntza eta giro ona ikusita. Esker oneko hitzak besterik ez dute guztiek, eta gurasoek, inguruko udalek zein herritarrek emandako laguntza eskertu ditu irakasleak.

Bidaiak amaituta, aurrera begira jarri dira guztiak. Errepikatu beharreko bizipena dela diote: "Egingo dugu Regueibertso bi; ez dakigu noiz eta zelan, baina egingo dugu, seguru; honek izango du jarraipena". Egitasmoaren sustatzaile diren Arratiako institutua, Bertsozale Elkartea eta Arratiako Bertso Eskola apustuaren aldekoak dira.

Elkartasun olatua itsasoratuz

Elkartasun olatua itsasoratuz

Natalia Salazar Orbe
Elkartasun Big-Banga leherrarazteko prest dago Txori Barrote konpartsa. Kaiolatik atera guran barroteei mokoka ageri den okil bat sinbolotzat duen konpartsak 30 urte bete ditu. Urteurren borobil horri zabalkundea emateko lehen muga...

Hiru gerra gainditu dituen lantegia

Hiru gerra gainditu dituen lantegia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gernikako trenbide ondoan, betidanik hor dagoela dirudien eraikina da Talleres de Guernica enpresarena. Zapala eta luzea, herriko belaunaldien joan-etorriaren lekuko izan dena. 1916ko maiatzaren 12an zabaldu zuten Gandarias familiakoek, eta, aldaketak aldaketa, duela ehun urteko leku berean jarraitzen du lanean. Industria makineriaren lantegi moderno gisa sortu zen, eta, mende bat geroago, puntako erreferente da oraindik ere industria munduan. Egoera berrietara egokitu, eta tornu bereziak ditu, egun, eguneroko ogi. Tamaina handiko tornu birakari automatikoetarako platerak egiten espezializatu da, eta horrek eman dio irauteko gaitasuna.

"Mende bat betetzea arraroa da enpresa batentzat", diote Bizkaiko Merkataritza Erregistroan. Zenbat diren ez dakite erregistroan, baina "oso gutxi" izango direla ohartarazi dute. Izan ere, gaur egun martxan dauden enpresen %1,25 soilik sortu ziren 1975a baino lehen.

Garai onak eta txarrak. Denetarik igaro du lantegi zaharrak. 500 langile izan zituen urrezko urteak, eta krisialdiak ere izana da. Gerra garaietan ere zutik iraun zuen. Bi mundu gerrak eta 36koa pasatutakoa da. Gernikako bonbardaketa bizi izandakoa. Aldaketetara egokitzeko gaitasuna eta langileen irmotasuna jarri ditu arrakastaren oinarrian enpresak, baina zorte ona ere aldeko izan du zenbaitetan: 1937an, Kondor Legioak hirian jaurtitako bonbek ez zuten azpian harrapatu, adibidez; bonbardaketak suntsitu ez zuen Gernikako eraikin bakanetakoa da.

Martxa onean ari da lanean gaur egun ere. 40 langile ditu, eta espezializazioaren bidean jarraitzen du. Tornuentzako munduko plater automatikorik handiena egin zuen duela urte gutxi: zazpi metroko diametroa duena. Horretarako, 73 tona burdina urtu behar izan zituen 1.500 gradutan. Oraindik ere, munduan dagoen antzeko piezarik handiena da.

Ricardo Bastidarena

Eraikinak berak ere badu bere balioa. Ricardo Bastida Bilboko arkitektoak diseinatu zuen lantegia; Bizkaian ospe handia lortu zuten azpiegituren egileek. Bastidak diseinatu zituen, besteak beste, itsasontzi handiak azpitik igarotzeko zabaltzen zen Deustuko Zubia, Alondegia, Getxoko Punta Begoñako galeriak, eta Bilboko udaletxea bera.

Talleres de Guernicako kideen esanetan, ilusioz ospatu dute mendeurrena, eta are ilusio handiagoz begiratzen diote etorkizunari: Beste ehun urte "gutxienez" betetzeko nahiarekin.

53 ikastetxek planto egingo diote Heziberriren probari, “atzerakoia delako”

53 ikastetxek planto egingo diote Heziberriren probari, “atzerakoia delako”

Natalia Salazar Orbe

Ikaskuntza prozesuaren egoera ezagutu, eta emaitzetan oinarrituta berau hobetzeko plana egitea du helburu Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketak. Hala zehaztu du Hezkuntza Sailak. Egoera hori ahalik eta azkarren diagnostikatzea eta behar diren neurriak hartzea du xede. Hala, Heziberri planaren eredu pedagogikoaren markoak Lehen Hezkuntzaren etapa erdian barne-ebaluazio diagnostikoa egitea aurreikusten du. Guraso eta hezkuntza komunitateko agente asko ez datoz bat irizpide horiekin. Besteak beste, helburua ikastetxeen rankinga egitea dela uste dute. LOMCE lege organikoaren inposiziotzat jo dute, gainera. Hala, azterketon aurka planto egin dute. Bizkaian 53 ikastetxek hartu dute erabaki hori, oraingoz.

Joan den ostiralean aldarrikapen festa egin zuten Santutxun, Luis Briñas ikastetxeko eta Karmelo ikastolako hezkuntza komunitateak eta auzoko hainbat eragilek antolatuta. LOMCEren legea "inposizio hutsa" dela salatu zuten. "Atzerakoia da. Euskararen eta ikasleen aukera berdintasunaren kontrakoa da. Sexista da. Eta hezkuntzaren pribatizazioa du helburu". Eta Heziberri gauza bera dela diote: "LOMCEren euskal aplikazioa".

Hainbat ikastetxetan ezinegona sortu dute proiektuak eta azterketak. Pedagogikoki atzerapauso izugarritzat jo du Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Herrietan azken urteetan sortu diren plataformen topagunea da. Ikoitz Arrese bertako kidea da. Ikasturte osoan irakasleek ikaslearen gainean egiten duten jarraipena jo du ebaluazio bide egokientzat. "Hori nahikoa izan da orain arte ikasleon gaitasunak neurtzeko, ondo doazen ebazteko edo hobetu beharrekoak aurkitzeko". Hala, ikasturte bateko lan guztia egun bakar batera mugatzea kritikatu du.

8 urteko ikasleentzako proba da. Adin horretako haurrei denbora mugatuan bukatu behar duten azterketa bat egiteak urduritasuna sor diezaiekeela uste du. "Oso goiz da eurentzat".

LOMCEren inposiziotzat dute Eusko Jaurlaritzak Heziberri barneko proba gisa aurkeztu duen azterketa. "Jaurlaritzak LOMCEren aplikazioa egin behar izan du, eta aplikazio horri Heziberri deitu dio". Batak eta besteak jasotako azterketek eduki berak dituzte: matematika, zientziak eta irakurmena eta idazmena baloratuko dituzte.

Orain artean, Lehen Hezkuntzako laugarren mailan egiten zuen antzeko proba diagnostiko bat Jaurlaritzak, bi urtean behin. Ikastetxeek eurek egiten zuten proba, eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) diseinatzen zuen. "Hori bai, hori erabili izan da hobekuntza planak egiteko. Gu ez gaude ebaluazio diagnostikoen kontra". Duela hilabete inguru argitaratu ziren iaz egin zuten probaren emaitzak. "Azken zazpi urteetako euskara gaitasunik txarrena erakutsi dute. Ebaluazio diagnostiko horrek ematen dituen adierazleek erakutsi dute euskarari dagokionez askoz inplikazio handiagoa behar dela". Emaitzok baliagarriak izan arren, pedagogikoki "astakeriatzat" jo du proba hori hirugarren mailara aurreratzea.

Laugarren mailako azterketa ez da desagertuko, gainera. "Hala ere, jarraitzen dute justifikatzen helburu berberak dituztela batak eta besteak. Beraz, ez dago zalantzarik, LOMCEren araberako proba bat da".

Seigarrenekoa, atzeratuta

Lehen Hezkuntzako zikloa bukatzean ere azterketa bat aurreikusten du Heziberrik, seigarren mailan. Aurten ez dute ezarri, baina litekeena da iaz hirugarren mailakoarekin egin zutenaren antzera proba batzuk egitea. Hala ere, oraingoz ez dute horrelakoen berri. Behin martxan jarrita, ikastetxe guztiek egin beharko dute.

Ikastetxetik kanpoko adituek diseinatuko dute, eta ikastetxetik kanpoko irakasleek zuzenduko dituzte azterketak. Lehen Hezkuntzako etapa ebaluatzeko proba gisa aurkeztu dute. Hala ere, ikastetxeak sailkatzeko modu bat izango dela sinetsita dago Arrese. "Ikastetxeak onen eta txarren artean sailkatuko ditu". Ikasleek azterketan ateratako emaitzak ez dituzte jakinaraziko; bai, ordea, ikastetxeenak. "Jakina da ikastetxeen emaitzak rankingak egiteko erabiltzen direla. Berba horrek konnotazio txarra du, baina errealitatea da". Datu horiek ghettoak sorraraziko dituztela deritzote; ikastetxe batzuk estigmatizatuko dituztela, alegia. "Zoritxarrez, ikastetxe horiek beti egongo dira inguru sozioekonomiko txarrenetan".

Irakasleek eman beharreko gaiak zentralizatzeko nahia ere badago proba horien atzean. Madrilgo Hezkuntza Ministerioak zehaztu behar ditu seigarren mailako azterketa prestatzeko eta zuzentzeko irizpideak. Legea onartu zuen PP alderdiaren eta LOMCEren beraren logikari jarraiki, zentzua dauka horrek. "Eduki berberak eman gura dituzte-eta estatu osoan. Horretarako erabiltzen dute, azken batean, azterketa hau: ziurtatzeko ikasleek eduki horiek barneratu dituztela. Ikastetxe barruan irakasleek egiten dutena berdin dio LOMCEri, jakin badakitelako ziklo amaierako azterketan berak ezarritako edukiak baloratuko direla". Heziberrik antzera jokatzen du: "Autonomia ematen die irakasleei, baina autonomia horrek ez du ezertarako balio etapa amaieran azterketa horiek izango baditugu".

Informazio kontrajarria

Hezkuntza Saila lanean ari da ahalik eta ikastetxe gehienek egin dezaten hirugarren mailako azterketa. Hala ere, mezu kontrajarriak helarazi dizkiete. "Duela zenbait hilabete iritsi zen jakinarazpenaren arabera, ikastetxe bakoitzak erabaki ahalko zuen azterketa egin ala ez". Azken asteetan iritzi hori aldatu egin da, eta hiru aukera zabaldu dizkie zentroei: ISEIk egindako ereduari jarraitu, eredu hori egokitu edo eredu propioa egitea.

Hala ere, gero eta ikastetxe gehiago dira azterketari planto egingo diotenak. Batez ere, ikastolak eta ikastetxe publikoak dira. "Kristau eskolak Heziberri proiektuaren alde agertu dira; beraz, hark markatutako azterketa horiek egingo dituzte". Ikastolen elkarteak askatasuna eman dio zentro bakoitzari azterketa egin ala ez erabakitzeko.

Maiatzaren 2an hasi zen, modu ofizialean, probok egiteko epea. Hilaren 27rako zuzenduta egon behar dute azterketa guztiek. Santutxuko Luis Briñas ikastetxea eta Karmelo ikastola aitzindariak izan ziren probari plantoa adierazteko orduan. Aurten ere irmo eutsiko diote, eta hala erakutsi zuten ostiraleko ekitaldian. Denen artean eztabaidatu eta adostuko den hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute.

Mila lagun bizi dira kale gorrian

Mila lagun bizi dira kale gorrian

Natalia Salazar Orbe
Hogei etxegabe hil dira Bizkaian azken hamar urteetan. Kalean, kutxazainen batean edota abandonatutako etxeren batean aurkitu dituzte. Etxegabeei babesa emateko Beste Bi plataformak gogoan izan ditu horiek guztiak, eta hamar urteta...