Asiako liztorra ezin menderatuta

Asiako liztorra ezin menderatuta

Natalia Salazar Orbe

Ez da joango. Asiako liztorra Bizkaitik desagerraraztea ezinezkoa da. Hala, aldundiak uste du espezie horrekin batera bizitzen ikasi beharko dela. Kontrolatu eta espezie inbaditzaile gisa tratatuko dute. Asmo hori gauzatzeko udalekin elkarlanean aritzeko protokolo bat abiatu du, dauden habiak kentzeko. Udalek herritarren abisuak jaso eta kudeatu behar dituzte: informazioa jaso eta ohartarazitakoa vespa velutina deritzon liztorraren habia ote den egiaztatuko dute. Aldundiak habiak kendu eta suntsitzeko ardura hartuko du bere gain.

Sektore batzuetan alarmak piztuta daude, ordea. Eta prebentzioari ere heldu behar zaiola iritzita, Asiako liztor erreginak harrapatzeko lanari ekin diote zenbait herritan. Gueñes eta Getxo dira horietako bi. Lehenengoan, udalaren ekimenez hasi dira espezie inbaditzaile horren aurkako tranpak jartzen. Bigarrenean, Auzokideok plataformak hartu du eginbehar hori bere gain.

Gueñesen martxoan hasi ziren Asiako liztor erreginak harrapatzeko tranpak jartzen. Hil horren bukaeran atera ohi baitira hibernaziotik habia berria egiteko. Joseba Garcia Gueñesko Udaleko mendietako teknikaria da. Hark azaldu ditu praktika horren helburuak. “Ahalik eta erregina gehiena harrapatzea da xedea. Izan ere, horietako bakoitzak 2.000ra arte kide izango dituen komunitate berri bat eratuko du. Eta habia horretatik ernaldutako 100 erregina aterako dira hibernatzeko prest. Hala, espeziearen zabalkundearen aurka egiteko modurik eraginkorrena da”.

Administrazioen “planifikazio falta” sumatzen dute Auzokideok plataforman. Beren kabuz hasi dira Andra Mari auzoan Asiako liztorra harrapatzeko tranpak jartzen. Iñigo Elortegi hango kidea da. “Aldundiak udalei eman die orain lana, eta horietan ez daukate jarduteko protokolorik, ezta sentsibilitaterik ere, Asiako liztorrak dakarren arazo handiari dagokionez”.

Lehen sektoreak Getxoko barne produktu gordinaren %5etik gora dela ekarri du gogora. “Erleek egiten duten polinizazioa funtsezkoa da fruitu arbolentzat eta eztia egiteko, besteak beste”. Aldundiak eta udalak iniziatibarik ez dutela hartzen iritzita, herritarrek laguntza sare bat koordinatzea erabaki dute.

Tranpa errazak

Sistema erraz samarra da; antzekoa batean eta bestean. Getxon, plastikozko botila bati zulo bat egiten diote goiko aldean, eta, han, beste plastikozko botila baten zatia jarri. Botila barrura edabe prestatu bat botatzen dute: ahabia zukua ardoarekin nahasten dute, eta, ostean, erleak erakartzea saihesteko garagardo beltza botatzen diote. “Egunetako hartzitzearen ondorioz, liztorrak erakartzen ditu edabeak, eta plastikozko botilan atera ezinik edo likidoan itota geratzen dira”. Dena den, adituek ohartarazi dute kontu handiz gauzatu beharreko sistema dela hori, gaizki eginez gero, erleak edota bestelako intsektuak erakarri eta hil daitezkeelako.

Beraz, edabe egoki bat erabiltzea erabakigarria da liztorrak soilik harrapatzeko. Hala azaldu du Garciak. “Orain arte, sistema egokia erabili dugu. Izan ere, zortzi vespa cabro [bertako kuruminoa] besterik ez dira erori, eta erlerik bat ere ez”.

Gueñesen beste aldaera bat darabilte. Erdi gardena den ontzi bat erabiltzen dute han. Erreginak sartu egiten dira, baina ezin dute handik atera. Horiek erakartzeko garagardoa, txakolina eta ahabia ziropa nahastuta egindako edabea prestatzen dute. “Frantziatik ekarri dugun formula berri bat ari gara erabiltzen orain: erleen argizaria eta eztia ditu. Eraginkorragoa da”.

Tranpek zer-nolako eragina izan duten aztertzeko lehen balorazioak egin dituzte jada herrian. Apirilaren erdi aldera egin zuten lehenengo zenbaketa. Joseba Garciak eman ditu datuak: “67 erregina hartu genituen tranpak jarri ditugun 25 eremutan. Eta lau vespa cabro besterik ez ziren erori. Maiatzaren 1ean egindako zenbaketan 267 erregina erori ziren”.

Hirugarren zenbaketa hilaren bukaera aldera egingo dute, eta antzeko emaitzak izango direla aurreikusi dute. “Interesgarria da 600 habia berri egitea saihestea. Izan ere, erregina horiek gainditua zuten hibernazio fasea, eta habia berriak egiteko prest zeuden”.

Aldundiaren protokoloa ere positibotzat jo du Garciak. “Neurri guztiak beharrezkoak dira. Prebentzio neurriek eraginkortasuna dute habia berrien sorrera saihesteko. Habia berri bat saihestuz gero, irailean ehun erregina gutxiago aterako dira”. Habiak suntsitzeak ere emaitza bera du. “Iraila aurretik suntsitutako habia bakoitzeko, ehun erregina berri ateratzea saihesten dute”.

Iraila hasieran ere tranpak jarriko dituzte. “Hibernazioa egiteko leku baten bila habia uzten duten erreginak harrapatzea da helburua”.

Elortegik uste du Aldundiaren protokoloa positiboa izan arren, erleen populazioarengan kaltea egongo dela onartzen duela. Protokolo global bat eskatu du. “Herritarrek liztorra ez dute arazotzat antzematen. Ondorioz, erakundeak ere ez dira mugitzen, ez dutelako presiorik sumatzen”.

Garciak argi eta garbi azaldu du denek onartzen duten errealitatea: “Onartu egin behar dugu Asiako liztorra geratzeko etorri dela. Kontua da hori denontzako onargarriak diren proportzioetan gertatzea”.