Albisteak

Adierazpen bat etorkizunari

Adierazpen bat etorkizunari

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?". Galdera horri erantzuteko hitzordua dute igandean ispastertarrek. Erabakitzeko eskubideari hautetsontzia jartzeko erronka hartu dute bertan. Eta irudi bera errepikatuko da Azpeitian, Debagoienean, Goierrin (Gipuzkoa) eta Aramaion (Araba) ere. Baina igandeko galdeketak ez dira ekimen bakanak izango. Euskal Herriko hamaika herritan adierazpen egunak egingo ditu plataformak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak jasotzen aritu dira azken hilabeteetan herritarrak, eta horiek aurkezteko ekitaldiak egingo dituzte asteburuan. Bizkaiko herri batek baino gehiagok herri galdeketa ere iragarriko du datozen egunetan. Loratu egiten da Gure Esku Dago udaberrietan.

Duela bi urte egin zen etorkizunari buruzko lehen herri galdeketa Euskal Herrian, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Kasu bakan bat izatetik urrun geratu da 2014ko lehen bozketa hori. Eta zerrenda baten hasierako izen bihurtu da Etxarri-Aranatz. Hilabete gutxira, Bizkaiko Arrankudiaga Zollok hartu zuen sakandarren testigua. "Nahi duzu euskal estatu subirano bateko herritar izan?" galderari erantzun zioten bertako herritarrek 2014ko azaroan. Parte hartzea %61,5ekoa izan zuen, eta %89,6 agertu ziren euskal estatuaren alde Arratiako herri horretan.

Zerrenda horri Ispaster gehituko zaio igandean. Eta Dima izango da hautetsontziak jarriko dituen hurrengo herria. Hilaren 19an erantzungo diote dimoztarrek parte-hartze prozesu baten bidez adostu duten galderari: "Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura duzu?". Gero eta luzeagoa da Bizkaian galdeketa egingo duten herrien zerrenda. Aulesti, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Barrika, Lemoiz, Urduliz eta Arrigorriagan datorren urteko udaberrian galdetuko dute etorkizunari buruz. Iragarpen ofizialak dira horiek. Baina ez da behin betiko zerrenda. Izan ere, Bizkaiko beste hainbat herritan ere galdeketa egiteko asmoa du plataformak. Ziurrenik, datozen asteetan emango dute asmo horien berri.

Hirugarren urtemuga

Azken urteetan egindako lanaren fruituak dira asteburu honetan jasoko direnak. Izan ere, asteazkenean hiru urte beteko dira Gure Esku Dago sortu zenetik. Hiru oinarriren baitan herritarren arteko elkarguneak sortzeko erronka hartu zuen plataformak: Euskal Herria herri bat da. Etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Eta erabaki hori hartzea euskal herritarrei dagokie. Ardatz horien baitan herritarrak saretzen aritu zen herri dinamika urtebetez, eta lehen urtemugan Durango eta Iruñe arteko 123 kilometroak eskuz elkartu zituen Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Aurreikuspen guztiak hautsi zituen kateak, 150.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu baitzuten. Azken hamarkadetan Euskal Herrian izandako ekitaldirik jendetsuena izan zen ordukoa, eta "historikotzat" jo zen. Mugarria izan zen giza katea, eta aldarrikapenak herritarren artean izan zuen atxikimendua are gehiago zabaltzeko lanean, eskua emanda jarraitu zuen herri ekimenak, "erabakitzeko eskubidearen aldeko borondateak batzen".

Udaberritik udaberrira jauziak eman ditu plataformak. Eta iazko ekainean ere, hautetsontziak irudikatzeko ekitaldiak antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Aurrez, herri eta auzoetan oihal bidez jositako atxikimenduen oihalak elkartu zituzten hiriburuetako estadioetan. Milaka lagunek hartu zuten orduko ekimenean ere. Baina giza kateak ez bezalako irudia utzi zuen ekitaldiak: leku hutsak ere bazirelako estadioetan.

Ez zuen lanean jarraitzeko gogoa galarazi horrek. Are gehiago, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikan jarraitzeko beste arrazoi bat ikusi zuen Gure Esku Dago-k aulki huts horietan. Hala azaldu zuen Angel Oiarbide plataformako bozeramaileak ekitaldi horien balorazioa egiteko unean ere. "Aulki hutsek erakusten dute herri honetan asko dagoela oraindik josteko, erabakitzeko eskubidea oinarri bat izan dadin".

Oihalez jositako hautetsontzi horien erabilera egunera iristeko Eskura izeneko gogoeta prozesuan murgildu zen plataforma estadioetako ekimenaren ondoren. Eta udazkenean eman zuen hausnarketaren berri. 2018. urtean jarri zuen plataformak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko data, eta horra iritsi bitarteko bide orria ere zehaztu zuten bertan. Hor kokatzen dira asteburuan Bizkaiko eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako herrietan egingo diren erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak, Alex Zenarruzabeitia Gure Esku Dago-ren Bizkaiko arduradunaren arabera. "Hiru geltokiko bidea marraztu zen Eskura hausnarketan. Lehena, herriz herri eta auzoz auzo erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak adostea. Bigarrena, Euskal Herri mailan, eskubide beraren aldeko ituna osatzea. Eta azken urratsa, erabakia bera hartzea". Lehen urrats horretan buru-belarri ari dira lanean herri ekimeneko kideak urtarriletik.

Bidearen garrantzia

Isilpekoa izan da azken hilabeteetan Gure Esku Dago-ko kideek egin duten lana. Herritarrekin elkartu, hausnartu eta erabakitzeko eskubidearen inguruko adostasunak biltzen aritu dira tokian toki. "Lan handia egin dugu barnera begira, eta akaso azken boladan gutxiago ikusi da gure lana kalean. Baina aurrera begirako urratsak adostu ditugu, eta adierazpenaren aldeko lanean gogotsu aritu dira lanean herrietan". Oinarri sendoa jarri dute tokian toki egin dituzten harremanetan. "Metro bat ala oihal zati bat saltzea errazagoa da herritarrak mahai beraren bueltan esertzea baino. Harremanak eta konplizitateak sortu dira, eta sukaldeko lan horrek garrantzi handia du. Sorpresa asko hartu ditugu harreman dinamika horretan jasotako erantzunekin".

Galdeketa egunean baino, horra iristeko bidean jarri du arreta plataformako kideak. Azaldu du etorkizunari buruzko galdeketa egiteko baldintzak sortzen aritu direla herri eta auzoetan. Erabakien adierazpenetan islatu dituzte atxikimendu horiek guztiak. Eta asteburuan aurkeztuko dituzte horietako asko. "Lekuan lekuko errealitatera egokitutako adierazpenak egunotan aurkeztuko dituzte".

Behetik gorako mugimendua da Gure Esku Dago. Eta herri eta auzo bakoitzak bere ezaugarrien arabera egiten du lan. Edonola ere, adierazpen guztiek bizkarrezur bera dutela azaldu du Zenarruzabeitiak: "Etorkizunaz erabakitzeko nahi bat adierazten dute denek". Prozesu horren mugarria izango da asteburua. Orain arte egindako lan horren guztiaren "loratzea", alegia.

Herri galdeketa ugari espero dira 2017. urterako Bizkaian. Oraingoz, 11 herritan iragarri dituzte bozketak. Baina baliteke asteburuan zerrenda horretan herri gehiago sartzea. Zenarruzabeitiak azaldu du aurrez baldintzarik izan ez den tokietan ere aurrerapausoak nabaritu dituztela plataformako kideek. "Herritarren eta Gure Esku Dago-ko herrietako kideen aldetik aldaketa nabaritu da galdeketei dagokienez. Aurretik planteatu ere egiten ez zen agertokia posible dela ikusi dute adierazpen prozesuan sortu diren harremanekin". Horra bideak duen garrantziaren beste adibide bat.

Lehen olatua

Mugarria izango da aurtengo udaberria Gure Esku Dago-rentzat. Indar handiagoarekin ala txikiagoarekin, baina udaberriz udaberri loratu den herri ekimena dela erakutsi du plataformak orain arte. Igandean, Euskal Herriko 34 udalerritan egingo dute galdeketa. Ia 148.000 biztanlek egingo dute botopapera hautetsontzian sartzeko ariketa. Gainontzeko herrietan, erabakitzeko eskubidearen aldeko sinergiak batzen jarraituko dute asteburuan. Antzerki, bazkari ala egun osoko jaien bitartez, beste bultzada bat emango diote etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenari. Mugimenduari adjektiborik jarri baldin bazaio, "alaitsu" eta "koloretsu" gisakoak jarri zaizkio. Eta halakoak espero dituzte datozen egunetako adierazpen egunak ere.

"Erabakiaren aroan" murgilduta dagoela adierazi zuen plataformak Eskura gogoeta aurkeztu zuenean. Eta erabakiaren lehen olatua izango da igandekoa. Ez azkena, ordea. Halakoa espero dute datorren urteko udaberria ere. Eta begirada 2018koan dute jarria, Hego Euskal Herriko hiru milioi biztanleak hautetsontzietara deitzeko erronka jarria baitu herri ekimenak. Lanerako erreferentzia gisa jarri dute data, faktore bik baldintzatuko baitute marraztu duten bide orriaren epeak betetzea. Bat: tokian tokiko adierazpenek duten adostasunerako gaitasuna. Eta bi: erabakitzeko itunaren aldeko adostasun mailak.

Itzala mende laurdenez

Itzala mende laurdenez

Aitziber Laskibar Lizarribar
Espetxean kalean baino denbora gehiago darama German Urizar de Paz bilbotarrak. 49 urte bete berri ditu, eta 24 zituela espetxeratu zuten. 25 urte egingo ditu preso astelehenean. Kartzelan denbora gehien daraman preso bizka...

Lokal ahaztuak, artez beteak

Lokal ahaztuak, artez beteak

Pello A. Zuazo

Zer ematen dion arteak kaleari? Bizitza, argi eta garbi". Irune Jimenez eta Eider Aldape Basauriko Udalak antolatzen duen Kaleartean topaketaren ordezkariak dira, eta, diotenez, artea kalera eramateak artearekiko dugun ikuspegia zabaltzen laguntzen du. "Kultura kontsumitzeko museoetara joan behar dugu, baina, kasu honetan, herrira, plazara, auzora, kalera ekarri dugu. Eta, horrela, kulturaren sozializazio bat gertatzen da".

Aurten, bigarrenez egingo dute Kaleartean, Basauriko jarduerarik gabeko lokaletan egindako aldi baterako esku hartzeen topaketa. Gaur hasi eta igandera arte, nazioarteko hamar sortzailek Basauriko hamar lokal huts erabiliko dituzte beren proiektu artistikoak jendaurrean sortu, garatu eta erakusteko. Hau da: proiektu horiek sortzen eta garatzen dituzten bitartean, edonor sar daiteke lokal horietara. Jimenezek eman du azalpena: "Gauza berritzailea da hori. Izan ere, normalean, publikoak sortze prozesuaren emaitza baino ez du ikusten, baina, kasu honetan, prozesua bera zuzenean ikus dezake, eta baita prozesu horretan parte hartu ere, iritzia eman... eta obra aldakorra izan daiteke".

Duela hiru urte Jimenezek eta Aldapek egunkarian irakurritako albiste bat da ideiaren iturria. Basauriko Udalak herriko lokal guztiak erroldatu zituela zioen albisteak, eta lokal horietako askok ez zutela inolako jarduerarik. Horrela, bada, udalera joan, eta lokal hutsen arazoari aurre egingo zion proiektu bat aurkeztu zuten. Udala oso interesatuta agertu zen, eta, elkarrekin, Kaleartean topagunearen lehenengo edizioa antolatu zuten. "Munduan egitasmo asko daude non espazio hutsak praktika artistiko eta kulturalekin birmoldatzen diren. Gure hirietan ere espazio huts ugari daude, ez direnak erabiltzen. Espazio horiei bizitza ematen saia gaitezke".

Aldaperen esanetan, berriz pentsatu behar da espazio pribatuen erabilera: "Aldaketa bat behar da espazioen kudeaketan. Lokal bat ez da zertan alokairura edo salmentara bideratu; ez da bakarrik denda bat edo frutategi bat zabaltzeko baliatu behar. Zergatik ez kultura edo sormenarekin, edo industria sortzaileekin zerikusia duten ekintzak egiteko erabili?". Adierazi duenez, espazioaren erabileraren inguruko hausnarketa ere bada Kaleartean. Hain zuzen, hiru dira finkatu dituzten xedeak: espazioen erabilera birpentsatzea; kulturari, arteari eta sorkuntzari balioa eman eta espazio publikora hurbiltzea; eta sortzaileei euren lanak aurkezteko eskaintza egitea.

Elkartrukea

Topaketa antolatzeko bidean, hiriaren zein eremu —edo kale— landuko dituzten erabakitzea da lehen pausoa. Izan ere, Kaleartean proiektu txikia da, eta ezin dezake hiri guztia barne hartu. "Ezin duzu lokal bakoitza hiriaren punta batean jarri; bestela, topaketa desbirtuatu egingo litzateke. Esparru kontzentratua izan behar du, indarra eta ikusgarritasuna lortzeko", azpimarratu du Aldapek. Iaz bezala, Menendez Pelayo, Antonio Trueba eta Soloarte kaleen arteko lokalak aukeratu dituzte aurten, hiriaren erdigunean.

Higiezinen enpresek bitartekari lana egiten dute lokal horien jabeen eta antolatzaileen artean. Halere, aurten, lokal horiek aukeratzeko eta jabeekin zuzenean harremanetan jartzeko kanpaina eta deialdi irekia egin dute. "Higiezinen enpresen lana garrantzitsua da, baina horietan ez dagoen jendearengana ere heldu nahi genuen, eta Kaleartean zer den azaldu". Iaz, zazpi lokalek parte hartu zuten, eta horietako hirutan negozio berriak zabaldu dira jadanik.

Publikoa eta pribatua

Arlo publikoa eta pribatua uztartuz, zerbitzu publiko bat ematen du topaketak. Eta, era berean, ematen duen zerbitzu publiko horrek arlo pribatuari ere mesede egiten dio. Hartu-eman zirkulu bat sortzen da, Jimenezen aburuz. "Kaleartean instituzio publiko batek bultzatzen du, baliabide pribatuak baliatzen ditu, eta hiritarrentzako doako eskaintza kulturala ematen du. Beraz, errekurtso pribatu bat onura publiko baterako erabiltzen da. Esango nuke hiruren artean elkartruke bat gertatzen dela. Gainera, artista gehienek Basauriko bertako komertzioetan erosten dituzte egunotako lana egiteko behar dituzten materialak".

Artistak lehiaketa publiko bidez aukeratzen dira. Udalaren webgunean dagoen inprimaki bat bete, eta, han, zer egin nahi duten, aurrekontua, euren ibilbidea, zer-nolako lokal mota nahi duten eta abar azaldu behar dute. Aurten, 30 proposamenetik gora aurkeztu dira, eta epaimahaiaren zeregina izan da horietatik hamar aukeratzea. Malus Arbide artistak, Nerea Diaz sortzaileak, Alex Filiatreu diseinatzaileak eta Iker Serrano margolariak osatzen dute epaimahaia. "Gaiaren eta moduen aldetik, askatasuna erabatekoa da. Sormena eta sortzailea bere testuinguru guztietan ikusi nahi ditugu: diseinua, teknologia, ikus-entzunezkoa, artea, pintura, argazkigintza, performanceak, antzerkiak... Hori bai, sortzaileek herritarren parte hartzea eta interakzioa bilatzen dute beti". Iaz, Basauriko ondarearekin eta historiarekin lotu zuten artista batzuek euren obra, edo garai batean lokal horretan gertatutakoarekin.

Sormena kalean barrena

Aurten, hainbat berrikuntza izango ditu topaketak. Iazko moduan, hamar sortzailek parte hartuko dute, baina, oraingo honetan, kategoria desberdinetan sailkatu dituzte. Horietako bik bi asteko estantziak sortuko dituzte; hau da, euren proiektu artistikoa bi astez garatuko da Basauriko lokal huts batean. Eta, horretarako, 1.000 euroko diru laguntza izango dute. Beste zortziek, berriz, hiru egun izango dituzte euren proiektua garatzeko. Eta zortzi horien artean ere bi kategoria egin dituzte: lau hasiberriak izango dira, eta 400 euroko diru laguntza izango dute, eta beste laurak senior mailakoak izango dira, eta 600 euroko laguntza izango dute.

Horrez gain, "programazio osoago bat" eskaini nahian, sortzaile gonbidatu bat ere egongo da aurten: VIC Vivero de Iniciativas Ciudadanas. "Madrileko talde bat da. Esan daiteke hirigintza eta arkitektura direla aurtengo diziplina gonbidatuak; gai horiek landuko dituzte". Sortzaile gonbidatu horrek ere lokal huts batean egingo du lan. "Dakigunez, baso antzeko bat sortuko dute lokal barruan. Iturria izena jarri diote esku hartzeari".

Era berean, umeen parte hartzea sustatzeko helburuz, Bizkotxalde parkean tailer eta jokoak egingo dituzte. Kaleartean topaketak iraungo duen hiru egunetan Basaurin mugimendua sor dadin nahi dute Jimenezek eta Aldapek, eta mugimendu horrek inguruko dendetan eta tabernetan ere eragina izan dezala. "Ea, honek, zentzu batean, bizitasuna suspertzeko balio duen".

Greba osasun arlo pribatuaren kontra

Greba osasun arlo pribatuaren kontra

Natalia Salazar Orbe
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek bi orduko lanuztera deitu dute Osakidetzan, astearterako. Osasun arloaren pribatizazioaren aurkako jarrera islatu gura dute, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalearen irekieraren bezpera bali...

Txakolinaren sorlekua, haren erakusleiho

Txakolinaren sorlekua, haren erakusleiho

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko Txakolinaren sorlekuetako batean egun handia izango dute domekan. Lezamako Txakolin Eguna ospatuko dute herrian. Hamabosgarrena dute aurtengoa. "Txakolin ekoizleen lana eta txakolinaren mundua ezagutzera ematea du helburu nagusi". Hala azaldu du Asier Saenz udaleko Kultur teknikariak. Mahatsaren salda zuriak gero eta arrakasta handiagoa du, eta gero eta ezagunagoa da. Azken uztaren ezaugarriak gogoraraziko dituzte etzi, eta ekoizleentzako "erakusleiho" bihurtuko da azoka.

36 saltokik osatutako erakustazoka aurkituko dute bisitariek. Herriko eta eskualdeko sei upelategiren uztek emandakoak aurkeztuko dituzte. Garkalde, Magalarte, Basalbeiti, Erdikoetxe, Sasines eta Bitxia ekoizleen txakolina izango da dastagai.

Lezamako Txakolin Egunaren bidez, "nekazaritzaren sektorean dihardutenei babesa" eman gura die Lezamako Udalak. Hala, bertako zein "ahalik eta gertueneko" ekoizle anitzek euren produktuak merkaturatzeko aukera izango dute domekan. Eztia, gazta, ogia, euskal pastela, barazkiak, loreak, kontserba produktuak, foie... Era horretako azoketan ohikoak diren elikagaiak aurkituko dituzte Lezamara joaten direnek.

Forman eta edukian azokotan ohikoa ez den elementurik ere izango da. Berritasun gisa, itsaskiak izango dira dastagai. Ez dituzte saltoki batean eskainiko, ordea. Food track deritzen furgonetetako batek eramango ditu itsasoko fruituak Udaletxeko plazara. "Dena den, txakolinari zabalkundea ematea da gure helburu nagusia. Gainerako guztia osagarria da".

Omenaldia Sasinesi

Aurten, Sasines Larrabetzuko upategiari egingo diote omenaldia. "Historiko bat da Txorierrin, eta urteetan etorritakoa Lezamara, hainbat azokatara; oso ezaguna". Plaka oroigarri bat jasoko du upategiko Ziriako Dañobeitiak.

Omenduaren antzera, gainerako bost upategiak ere oso ezagunak dira inguruetan zein kanpoan. "Hainbat sari irabazi dituzte. Munduan barrena dominak jasotakoak ere badira".

Lau emakume enbaxadore

Lau emakume izango dira 2016an Lezamako txakolinaren enbaxadoreak. Udalak eta txakolin ekoizleek elkarlanean antolatzen duten egunean aukeratzen dute irudi sinboliko hori. Duela hiru urte ekin zioten izendapen horri. Orain artean, herriko bi kazetarik hartu dute kargua. "Aurten, Athleticeko jokalariak aukeratu ditugu. Emakumeen taldea hartu dugu. Goi mailan ari dira-eta, ligak irabazten". Amaia Olabarrieta, Joana Flaviano, Leia Zarate eta Sara Barbosa lezamarrek hartuko dute erantzukizuna. "Kargu sinbolikoa da. Eurak omentzeko modu bat da, baita gure txakolina ahalik eta ezagunen bilakatzekoa ere".

12:45ean irekiko dute, modu ofizialean, azoka. Hala ere, 11:00etatik aurrera aurkituko dute zabalik bisitariek. Kortxoa atera eta brindisa eginda modu ofizialean inauguratutzat emango dute. Bertso saio labur batek festa giroa emango die omenaldiari eta enbaxadoreen izendapenari.

Taloak saltzeko bi txosna prestatuko dituzte antolatzaileek. Eta mokadu bereziagorik eskuratzeko aukera ere izango dute bisitariek. Lezama Saretzen merkatari, enpresari eta saltzaileen elkarteak hanburger txikiak prestatuko ditu aurten.

Eguraldi ona izanez gero milaka bisitari erakartzen dituen eguna bihurtu da Lezamakoa. Hasieran, irail bukaeran edo urrian egiten zuten. "Uzta eguna zeritzon orduan. Baina garai horretan txakolin ekoizleak gogor ari ohi dira lanean. Haiek eskatuta erabaki genuen data aldatzea eta ekainean jartzea". Urrian ere badute lehen sektoreari lotutako beste hitzordu bat: nekazaritza azoka.

Txakolin ekoizleentzako ere jai eguna izango da etzikoa. "Upategian urte osoan egindako lana plazaratuko dute". Salmentetarako egunik aproposena izaten ez bada ere, txakolin egileei laguntzeko modu bat da. "Lezamakoez gain, Bilboko, Getxoko, Barakaldoko zein urrutiagoko bisitariak ere etortzen dira". Jai giro aparta aurkituko dute, une oro musikaz lagunduta. Arratsaldeko bostak arte bermatuta dago festa.

Sustraietara itzultzeko Ibilaldia

Sustraietara itzultzeko Ibilaldia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Besoak zabalik dago Durango. Milaka herritar hartzeko lanak eginda, prest. Ibilaldia du etzi. Bizkaiko Ikastolen urteroko festa handia, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolen eskutik. Aldaketa askorekin dator aurtengoa. Azken urteetan ikastolen aldeko jaialdiek "makrofestibal" itxura hartu dutela eta, buelta emateko premia sentitu dute antolatzaileek hausnarketa prozesu parte hartzaile baten ondoren. "Jatorrietara jotzeko beharra ikusi dugu; ikastolak sortu zireneko filosofiara itzultzekoa", azaldu du Arkaitz Zarraga Kurutziaga ikastolako guraso eta Ibilaldiaren komunikazio taldeko kideak.

Etxera begira jarri dira horregatik antolatzaileak, eta "hurbilagoko zerbait" egin nahi dutela ondorioztatu dute. Parte hartzea sustatzen ahalegindu dira, eta agerian geratu da hori egitarauan ere: Durangaldeko sortzaileak izango dira nagusi Euskal Herriko talde handien aurrean.

Ikusleak baino gehiago, parte hartzaileak nahi ditu aurten Ibilaldiak. Horixe adierazten du leloak: Dagigun!. Ekintzara bideratutako leloa da; ekitera deitzen duena. "Ikastolak ere horrela sortu ziren. Eskola propioa nahi genuen, eta egin egin genuen geure neurrirako eskola eredua. Hori izan ziren ikastolak", hausnartu du Zarragak. Gaur egun ere bide horri heldu behar zaiola uste du. Egin egin behar dela. Bai ikastolak indartzeko, eta bai euskara sustatzeko: "Euskaldun izan bai, baina euskararen alde egin behar dugu. Euskaldun gisa agertzeaz gain, euskaldun bezala jokatu behar dugu. Horretara dei egiten du Ibilaldiaren leloak".

Elkar eragiteko

Bide horrek elkarlana du oinarrian, eta horretan sakontzen saiatu da Ibilaldia. Zer-nolako jai mota egin nahi zuten elkarrekin hausnartu eta erabakitzetik, egunaren egitura eta antolaketa osoraino. "Argi dago euskarak eta ikastolek aurrera egiteko denak garela beharrezkoak eta elkarlanean aritu behar dugula". Hortaz, azken urteetan ikastolen aldeko jaialdietan egin izan den banaketa aldatzea erabaki dute. "Ez dugu oso logikoa ikusten adinaren araberako banaketa hori".

Guneak bestela antolatu dituzte, beraz. "Umeek, helduek, zaharrek eta gazteek elkar eragin behar dute". Eta, horretarako, elkarrekin egon behar dute. Ondorioz, bost guneetako bakoitzean adin guztietako lagunentzako ekitaldiak egongo dira oraingoan. Guneen banaketa bestelakoa izango da.

"Eraikitzeko aukera" egongo da Eraiki dagigun! gunean. Parte hartzea sustatzeko, eraikin handi bat egingo da kutxekin, bertaratzen diren guztien artean. Ibilaldiko abestiarekin koreografia bat prestatu, eta flashmob erraldoia ere egingo dute bertan. "Umeetatik hasi eta pertsonarik zaharrenera arteko guztiek izango dute lekua".

Jolastu dagigun! gunean jolasa, dantza, kirolak eta kontzertuak izango dira nagusi. Gazteak erakarriko dituzten kontzertuak ere izango dira bertan —Hesian, esate baterako—, baina ez dela berez gazteengan espresuki pentsatutako gunea izango ohartarazi dute antolatzaileek. "Nahastea bilatu dugu".

Gune sortzaileagoa izango da Sortu dagigun!: magia saioa eta zirku zein eskulan tailerrak izango dira bertan, besteak beste.

Hezi dagigun! gunean, Elhuyarrek prestatutako zientzia gunea eta oholtza partekatzeko ekitaldia dira deigarrienak.

Dastatu dagigun! gunean, berriz, pailazoak, jolasak eta karaokea egoteaz gain, herri bazkaria egingo da. Horixe da, hain zuzen, berrikuntzetako bat. Herri bazkaririk ez da izaten, normalean, ikastolen aldeko egunean. Oraingoan, ordea, jai handietako ohitura herrikoia berreskuratzeko apustua egin dute antolatzaileek.

Beste borroka baten erakusgarri ere izan nahi du bazkariak, gainera. Erabiliko diren elikagaiak bertokoak, sasoikoak eta ekologikoak izango dira. Kurutziagako jantokian egin duten iraultza erakutsi nahi dute horrela. Izan ere, jantokiaren eredua aldatu, eta Durangaldeko baserritar eta ekoizleen produktuekin landutako janari osasungarri eta ekologikoetara egin dute jauzi. Harro daude gurasoak pausoarekin, eta Euskal Herri osoari erakutsi nahi diote emaitza.

Herria bera ere goratu eta babestu nahi dute egun handian. "Durangoko herriak asko eman dio Ibilaldiari, eta hori bueltatzeko garaia dela iruditu zaigu", azaldu du Zarragak. Horregatik pentsatu zuten milaka herritar jasotzen dituen ibilbidea "herrira hurbildu" behar zela. "Herria Euskal Herri osoari erakusteko, batetik, eta, bestetik, Ibilaldiak ekar ditzakeen onurak ere herrira gerturatzeko". Ondorioz, ibilbidea landa eremuetan egin ordez, herrian bertan izango da etzi.

Sei kilometro izango ditu ibilbideak. "Baina ez da derrigor modu zirkularrean egin beharrekoa", azaldu du Zarragak. Sei kilometroetan banatutako bost guneak barrualdetik lotzeko aukera izango da. Gune batetik bestera salto egin ahalko da, ibilbide osoa egin behar izan gabe.

Jai morea, erasorik gabea

Aurrekaria ezar lezakeen beste berrikuntza bat eragile moreena da. Jai parekidea, sanoa eta jarrera sexistarik gabea nahi du Ibilaldiak. Horren aldeko apustu garbia egin du. Berdintasunaren gaia espresuki landu du aurrez, parte hartze parekidea sustatu du, eta jarrera sexisten aurkako plangintza oso bat prestatu du.

Antolaketa horren barruan sortu du eragile moreen figura: peto moreekin egongo diren pertsonak, sexu eraso edo jarrera sexistarik ez dagoela zainduko dutenak. "Jaietan gozatzeko eskubidea denok dugula gogorarazi ere egingo dute, nolabait. Argi esan nahi dugu jarrera sexistak ez direla ongi etorriak". Ideia berria da eragile moreena, baina antolatzaileei egokia irudituko litzaieke zabaldu eta bestelako jaietan ere erabiltzea.

Pantailaren bestaldeko lagun euskalduna

Pantailaren bestaldeko lagun euskalduna

Pello A. Zuazo
Euskara Internet bidez, doan, munduko edozein lekutan eta edozein ordutan praktikatzeko tresna". Horixe da Mintzanet, Ritxi Lizartzaren aburuz. Hura da proiektuaren burua, eta dioenez, tresna horrekin jada ez dago aitzakiarik euskarari e...