Pantailaren bestaldeko lagun euskalduna

Pantailaren bestaldeko lagun euskalduna

Pello A. Zuazo

Euskara Internet bidez, doan, munduko edozein lekutan eta edozein ordutan praktikatzeko tresna”. Horixe da Mintzanet, Ritxi Lizartzaren aburuz. Hura da proiektuaren burua, eta dioenez, tresna horrekin jada ez dago aitzakiarik euskarari ez heltzeko: “Ordutegia, distantzia… edozein arrazoi dela-eta euskara praktikatzea ez zeukatenek hemen daukate konponbidea”.

Euskal Herri guztian aski ezaguna den mintzalagun edo berbalagun egitasmoaren Internet bidezko bertsioa da Mintzanet. Hango eta hemengo euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak harremanetan jartzen ditu, eta, horrela, euren arteko berbaldiak ahalbidetu. Donostiako Maramara taldeak sortu zuen 2012an, eta lau urte daramatza martxan plataformak. Horren arduradunek balorazio oso positiboa egin dute: “Guk hau planteatzen dugu ez ikasketa sistema gisa, baizik eta eskolaz kanpoko jarduera moduan. Baina jarduera betea eta oso ona da. Asmatu dugu funtzionamenduarekin, eta jendeari asko gustatzen zaio. Tamalez, oraindik jende askok ez du egitasmoa ezagutzen”. Eta hain zuzen, buru-belarri dihardute zeregin horretan, Mintzanetek zer eman dezakeen erakusten Euskal Herriko zoko guztietan.

Webgunean izena ematea besterik ez da behar tresna erabiltzen hasteko. Behin izena emanda, sustatzaileak arduratzen dira erabiltzaileak harremanetan jartzeaz. Euskaraz dakiten pertsonei bidelagunak deitzen diete, eta euskara ikasten dabiltzanei, bidelariak. Elkarrekin hitz egiteko Skype softwarea baliatzen dute. Gaurko egunez, 350 erabiltzaile ditu, %80 Euskal Herrian eta %20 atzerrian, eta kopurua goraka doa. Halere, arazo bat antzeman dute: bidelagunak baino gehiago dira bidelariak. Hau da, euskara praktikatu nahi dutenak praktikatzen lagundu nahi dutenak baino gehiago dira. Lizartzak eman du azalpena: “Normala da hori. Izan ere, doako zerbitzua da. Batek ez du ordaintzen eta besteak ez du kobratzen. Alde horretatik, borondate handiko kontua da. Eta galdetuko didazu, bidelagunek zer jasotzen dute ez badute ezer kobratzen? Ba, konpainia, errespetua eta hurbil sentitzea batzuek. Eta beste batzuek, nolabait asetzea euskararen alde zerbait egin beharra; militantzia puntu hori ere hor dago”. Kontatu duenez, Donostian bizi den emakume batek Ingalaterran dagoen emakume bati laguntzen dio euskara praktikatzen, eta trukean, hark ingelesa erakusten dio semeari. “Bakoitzak bere bidea sortzen du”.

Mintzalagun edo berbalagun egitasmoarekin alderatuta, desberdintasun nagusi bat dauka Mintzanetek: aurrez aurre bi pertsona bakarrik daude. “Internetez, jende gehiago bilduz gero, arriskua dago hitzontzienak asko hitz egin eta bestea isilik gelditzekoa; beraz, hori saihestu egiten da buruz burukoan”. Bikoteak osatzeko irizpide nagusia ordutegien bateragarritasuna izan ohi da. Eta horretan bat egiten dutenean, adinaren edota zaletasunen arabera egiten dira bikoteak.

Dena den, elkar ezagutzen ez dutenez, hasieran agian zaila izan daiteke zertaz hitz egin izatea. Horretarako materiala daukate webgunean, maila desberdinetakoa, eta hizketarako gaiak proposatzen dituzte. Maiztasunari dagokionez, gutxienekoa hilean behin ordu erdiko saioa egitea da, baina erabiltzaile gehienek asteroko saioak egiten dituzte, eta ordu erditik gorakoak. Alde horretatik ez dago inolako mugarik. “Hasierako lotsa hori bigarren saiorako jada pasatu egiten da. Eta jendeak beste gauza batzuez hitz egiten du; bere bizitzaz, bere esperientziez… Giro ona sortzen da”.

Lizartzak azpimarratu duenez, bikoteetariko asko proiektua sortu berritan hasi ziren elkarlanean, eta batera jarraitzen dute. Beste batzuek mugaren bestaldera egin dute salto: “Urtebete gurekin egon eta gero, aurreratuago doaz mintzamenean eta ulermenean, gramatikan baino. Eta gure poza da bidelari hasi ziren batzuk gaur egun bidelagun direla. Proiektua babesten jarraitzen dutela eta pozik daudela”.

Bidelagunak eta bidelariak

Elisabeth Etchegaray Azulen (Argentina) bizi da. Aspaldi hasi zen euskara ikasten hango Euskal Etxean eta bere kabuz jardun zuen gero. “Skype bidez hitz egiten dut ikaskide batzuekin, baita irakasle batekin ere. Halere, hiztunen bila ibiltzen naiz; zoritxarrez, nire inguruan ez baitago euskal girorik”. Mintzanet egitasmoa Euskalkultura aldizkarian ezagutu zuen, eta oso interesgarria iruditu zitzaion. Dioenez, ate zabala ireki zion euskal mundura. “Ordenagailuak konektatzen nau euskal munduarekin. Mintzaneti esker, etxetik harremanetan jar naiteke euskal hiztunekin”.

Lazkaokoa du bidelaguna. “Okerrak zuzentzen dizkit, eta segurtasuna ematen dit hitz egiteko. Hasi ginenean, hurrengo solasaldian zeri buruz hitz egingo genuen adosten genuen, baina, gaur egun, berehala hasten gara hizketan. Eta gehienetan denboran luzatzen da; gustura asko, gainera”. Joan den apirilean aurrez aurre elkar ezagutu zuten. “Lazkaotik Azuleraino etorri zen; haren keinuak ez du preziorik; egun gogoangarria izan zen niretzat”.

Marisa Barrena zornotzarrari alabak eman zion Mintzaneten berri. “Erretiratzear nengoela, alabak esan zidan: ‘Eta zer egingo duzu gero?’. Begira, zuretzako gauza interesgarri bat topatu dut. Euskara bultzatzeko tresna bat, eta gainera Internetez”. Horrelaxe animatu zen izena ematera, eta handik hilabetera bere berbalagunaren kontaktua bidali zioten. “Adin ona daukat edozein egitasmotan parte hartzeko, denbora libre badaukat, eta gogoa eta energia ere bai; hori da garrantzitsuena”.

Ez zuen Skype erreminta ezagutzen, baina neurria berehala hartu zion. Ordutik, urte eta erdi darama bidelagun moduan. Tarte horretan, bidelari bakarra izan du, eta dioenez, oso ondo moldatzen dira. “Bilbokoa da, ni baino askoz gazteagoa. Oso pertsona aktiboa da, eta oso erraza da harekin berba egitea; beti dauka zer kontatu. Iritzia emateko orduan ere oso pertsona irekia da. Egia esan, gustura gabiltza”.

Astero saio bat egiten du bere bidelariarekin, eta gehienetan, hiru ordu laurden edo ordubetez aritzen dira. “Naturaltasunean eta jarioan nabarmen hobetu du”, irakasle sena piztu zaio bat-batean. Izan ere, Barrena euskara irakasle aritu izan da urte askotan, baina irakasle izatetik haratago doa euskararekin duen konpromisoa: “Euskara nire ogibidea izan da urte askotan, baina baita nire ardura ere. Gu militantziaren garaiko belaunaldia gara, eta agian txip horrekin jarraitzen dugu. Borondatezko lanak oraindik badauka bere esparrua, eta euskarari bultzada bat emateko, Mintzanet oso plataforma erabilgarria da. Hau, gainera, lan atsegina da”.