Itzala mende laurdenez

Itzala mende laurdenez

Aitziber Laskibar Lizarribar

Espetxean kalean baino denbora gehiago darama German Urizar de Paz bilbotarrak. 49 urte bete berri ditu, eta 24 zituela espetxeratu zuten. 25 urte egingo ditu preso astelehenean. Kartzelan denbora gehien daraman preso bizkaitarra da. Itzal luzea harentzat, eta itzal luzea ingurukoentzat. Mende laurdena daramate senide eta lagunek ere espetxeak mugatuta, aldiro-aldiro milaka kilometro egitera behartuta. Algecirasen dute preso egun, etxetik 1.100 kilometrora. Nahikoa dela esan, Urizar aska dezatela eskatu eta presoen sakabanaketa amai dadila aldarrikatzeko, manifestazioa egingo dute gaur, 19:30ean, Zazpikaleetako Unamuno plazan hasita.

Senideek ez dakite hitzez nola azaldu mende laurdenak atzean zer gordetzen duen. Beste hiru seme-alabarekin etengabeko bidaia luzeak egiteko nola moldatu behar izan duten gogoratzen dute gurasoek. Baita arreba txikiak ere. 9 urte zituen neba atxilotu zutenean. “Orduan ez zegoen Andaluziarako autobidea egina ere”, oroitzen du Amaia Urizar de Paz arrebak. “Aire giroturik ez zuen Ford Fiesta hartan sartzen ginen bostak, eta asteburu osoko bidaia izaten zen. Ostiral goizean atera, eta Almeriara goizaldeko hirurak aldean iristen ginen. Gogoratzen zenbat aldiz utzi gaituen autoak Almeriako desertu erdian botata?”. “25 urteotan hamar auto gastatu ditugu; 11.a da oraingoa”, zehaztu du Rosa Maria de Paz amak. “Espainia osoa ezagutu dugu, eta museoak… Umeak txikiak ziren, eta aspertu egiten ziren. Kontuan hartu batzuetan bisita larunbat goizean jartzen zigutela eta aurrez aurrekoa igande arratsaldeko seietan”. Etxerako bidaia egin behar zuten ondoren.

Errepikatzen ari den egoera

Alabarekin egoera nola errepikatzen ari den ikusten du orain presoaren arrebak. “Nik 9 urte nituen orduan. Orain ama naiz, eta hiru urteko alabak German ikustera joaten jarraitzen du, 1.100 kilometrora”. Belaunaldi bat igarota egoerak berdin segitzen duela sentitzen du. Alabaren aita ere preso dago, gainera. Granadan. 850 kilometrora. 10 urte dituenean ezagutuko du aita kalean; osaba, 6 urte dituenean.

“Espetxetik atera nintzen egunean konturatu nintzen ni zer den bidaia horiek egitea”, dio Raul Alonsok. Urizarrekin atxilotu zuten Alonso, eta 24 urte egin ditu kartzelan, iaz askatu zuten arte. “Atera eta hamargarren kilometrorako botaka ari nintzen. Horiek ziren kurbak batera eta bestera, gora eta behera! Horrela ehundik gora kilometro egin behar genituela esan zidatenean… Eta gero gainontzeko kilometro guztiak! Bidaia horretan konturatu nintzen zer zen hori. Eta hilero edo hamabostean behin egitea… Sinestezina iruditu zitzaidan”. 24 urtetan 13 espetxetan egon ondoren, Castelloko Albocasser espetxetik atera zen.

“Nik 22 urte nituen atxilotu zituztenean”, oroitzen du Alex Zuloagak, Urizar eta Alonsoren lagunak. “Ez genuen ez autorik ez ezer; Carabanchelera iristea odisea zen. Eta gero Almeriara eraman zutenean… 1.100 kilometro ziren! Itsasoa zeharkatzea bezala zen hori!”.

Bidaia etengabeen urteetako joan-etorrian, presoen senideak elkartuz joan ziren. Halabeharrez. Bakarrik egiteko bidaia luzeegi eta garestiegiak izanik, multzoka antolatuz joan dira. Gerora sortu ziren senideak urrutiko espetxeetara eramateko autobusak edo Mirentxin furgoneta gidariak. “Guk, gure baldintzengatik, ezin izan ditugu askorik erabili, baina aitortu behar da izugarria dela; kristoren meritua dute”, dio amak miresmena ezin ezkutatu. Beraiek, haien egoera pertsonalagatik, autoz egiten dituzte bidaiak. 76 urte ditu aitak, 74 amak eta 3 ilobak. Bidean ohi baino geldialdi gehiago behar dituzte, eta pasara handiegia ematen die autobusean horrenbeste ordu sartuta egoteak. Hamabostean edo hilean behin. Bestetik, ilobaren aitarengana ere joaten direnez, Almeria eta Granadarako bidaia egiten dute asteburu berean.

Zuloagak erabiltzen du senideen autobusa Algecirasera joateko. Mirentxinen furgonetetan ere bidaiatu izan du. Eta, urteen joan-etorrian, senideen bidaiak oztopatzeko saioak ere ikusi dituela dio. “Bidaiak elkarrekin egiteko batzen ginen, eta antolatzen hasi ginen pixkanaka. Orduan, horri aurre egiteko, kartzela bakoitzean bisiten ordutegiak aldatzen hasi ziren; presoak banatu, eta bisitarako ahalik eta ordutegi desberdinenak ematen hasi ziren, bidaiak ez genitzan elkarrekin egin. Beti izan da borroka baten modukoa: gu bidaiak errazteko elkartzen saiatzen, eta haiek hori zapuzten saiatzen”. Hala ere, urteen poderioz lotura estuak sortu izan dira hurkoak espetxe berean dituzten senideen artean. Elkarrekin egin dute negar, elkar lagundu eta babestu dute. “Oraindik harreman handia dugu Carabanchelekoekin”, dio amak.

“Gero eta luzeagoa”

Hitz gutxikoa da semearen izen bera duen German Urizar aita. Erraz hunkitzen dena, baina barruan gordetzen duena. “Gero eta luzeagoa da hau”, dio egoeraren aurrean; “ikaragarria da”. Duela 25 urte hasitako mina ez zaio arindu, eta oraindik negar egiten du semea bisitatzen duenean. Urte luzez jarri du semearen argazkia, aulkia eta platera Gabonetako otorduetan, eta urte luzez pentsatu du “datorren Gabonetan etxean da”. Orain, argia ikusten hasi da, baina, aldi berean, iluna ere bai. Hiru urte barru du kaleratzeko data semeak. Irribarrea ateratzen zaie guztiei irteera irudikatzean. “Hau egina dago”, diote. “Ez da ezer falta”. “Bai, zera”, ohartarazi du aitak; “Bihar izango balitz bezala! 25 urterekin alderatuta ez dirudi ezer, baina hiru urte denbora asko da”. Argi dio bere beldurra: ez iristea hiru urte gehiago bizitzera; ez iristea semea kalean ikustera.