Albisteak

Aisiak atsedena hauts ez dezan

Aisiak atsedena hauts ez dezan

Natalia Salazar Orbe
Udarekin batera, herrietako festak iritsi dira. Gaueko giroak Bilbo utziko du aste batzuez. Beste herri batzuetara mugituko dira astebururo hiriburuko kaleetan ibiltzen diren gazteak. Aisiak ez du etenik, baina kaleetako zarata eta...

Kaleko arteen astindua

Kaleko arteen astindua

Natalia Salazar Orbe

Lea-Artibai aldeko txoko batean, itsasoari begira, kaleko arteen hiriburu bilakatu da Lekeitio. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak 27 urte bete ditu bertan. Kaleak kolorez, musikaz, doinuz, mugimenduz, eta, bereziki, artez jantzi dira. Batera begiratuta, zirku ikuskizunak ageri dira; bestean, clown-ak, akrobaziak, sua, argia, umorea... Etenik ez duten diziplinaz eta erakustaldiz bustiko da datozen egunetan kresal usaina duen herria. Lan eta familia harremanei buruz hausnarketa egiteko saioa atzean utzita ekingo diete gaurko emanaldiei. 13 Dias konpainiak Just for the money ikuskizuna taularatu zuen atzo. Asteazkenean abiatu ostean, ikuskizunen aurkezpena hasi besterik ez da egin. Herriko hamar gunek 18 ikuskizun, tailer eta emanaldi hartuko dituzte. Gehienek ezaugarri komun bat dute: aire zabalean egingo dituzte, horixe izango dute agertoki eta sabai.

Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek: Basurama kolektiboaren eta Toc de Fustaren instalazio interaktiboak; Zurrunka, Bigolis Teatre, Deabru Beltzak eta Hortzmuga taldeen proposamen ibiltariak; Murmuyok eta Thomas Prattkik profesionalei begira emango dituzten tailerrak; eta Euskal Zine Bilerako proiekzioak. Eta, nola ez, kaleak eta ikusleak astinduko dituzten gainerako ikuskizun guztiak.

Umorez kontatutako istorio tragiko bat taularatuko du gaur lehenengo saioaren protagonista izango den Lapso Producciones konpainiak. Holokaustotik atera diren hiru pailazok euren bizipenen berri emango diete ikusleei clown-en unibertsoa baliatuta. Anabasaren eta suntsitutako munduaren errealitatetik ihes egiteko kontsolazio bakarra musika dute. Poesia eta umorez beteriko Sub lana Kofradia Zaharrean eskainiko dute, gaur eta bihar. Andaluziako taldeak hiru saio egingo ditu egun bakoitzean.

Zentzugabekeria eta irrigarrikeria ditu ardatz hurrengo ikuskizunak. Ganso & Ciak Walkman aurkeztuko du: showman bat, seduktore bat, gizon grinatsu bat du protagonista. Eta egiten duenak benetan merezi duela konbentzitzeko prest dagoen memelo gisa aurkeztu dute. Alferrikako trebetasunen erakusketa bat da, komedia unibertsala eta parte hartzailea. Udaletxe aurreko plazan ariko da, 19:00etatik aurrera.

Potted eta Su à feu dira gaur ikus daitezkeen beste bi lanak. Zirku diziplinak baliatuko ditu Trocola Circo konpainiak lehenengoan. Sua, perkusioa, musika eta dantza uztartuko ditu bigarrenak. Gaua argiztatu eta eguna borobiltzeko ikuskizuna aurkeztuko du Deabru Beltzak taldeak.

Bihartik aurrera goizean hasiko dira ikuskizunak. Igandean zaborra ardatz duen instalazioa izango da Barandiaran aretoan. Udalerrian berreskuratutako hondakin materialez eraikita dago aurreko egunetan ere erabili duten instalazio hori. Plastikoz, hain zuzen ere. Zabor horrekin ezohiko era batean jolasteko aukera eskainiko dute tailer horretan.

Lekeitiokoa, aitzindari

Aitzindaria izan zen Lekeitio kaleko arteei lekua emateko orduan era horretako esperientzia bat martxan jartzen. 1989a zen lehenengoz antolatu zutenean. Orduz geroztik, asko aldatu dira artea bera, ikuskizunak, eta, horiekin batera, baita jaialdia bera ere. Eraldatuta iritsi da, bereziki, aurten. Parte hartzea zabaltzeko asmoa da jaialdira iritsitako aldaketa horietako bat. Baina, bistakoena, izen aldaketa da: Kaleka izena hartuko du-eta aurrerantzean. Jaialdia ez da arte eszenikoetara mugatuko.

1979an Lekeition egindako Euskadi-Eskandinavia Nazioarteko Topaketak erein zuen gaur egunera arte iraun duen Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren hazia. Garai hartan ez zen batere ohikoa kalean antzerkirik ikustea. Ez prestigiozko antzerkia, bederen. Hamar urteren ostean berreskuratu zuten esperientzia hark gaur egunera arte iraun du.

Hastapenetako helburuak ahaztu gabe, aurrera jarraitzen du, indartsu, kale antzerki jaialdiak. Betidanik bultzatu izan du tokiko sorkuntza; beste lurraldeekiko harremanak sustatu ditu eta beste herrialdeekin loturak irekitzeari ekin dio. Apustu berari eutsiko diote aurrerantzean ere.

Higiezinen zerga garestitu egingo da bilbotarren erdientzat

Higiezinen zerga garestitu egingo da bilbotarren erdientzat

Natalia Salazar Orbe

Bilbotarrek irailaren 1etik aurrera jakingo dute OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga zenbat ordaindu beharko duten. Bizkaiko Foru Aldundiak ondasun higiezinen katastroaren berrikusketa egin du, eta %316 handitu da Bilbon horien balioa. Udalak OHZ arautzeko onartutako ordenantza berriak neurri zuzentzaileak jaso ditu zergaren hazkundea ez dadin horrenbestekoa izan. Oraingoz xehetasun handirik ematerik ez dagoen arren, datu orokorrak ondoko hauek dira: zergadunen %51k orain arte baino gehiago ordainduko dute zerga hori; gainerakoek, gutxiago. Bestalde, ordainagirien %45 merkatuko dira, edo 20 eurotik behera garestitu.

Bizitegi erabilerarako etxebizitzei dagozkie ordainagirien %87. Kasu horietan, bilbotarren %23ri 20 eurotik behera garestituko zaie zerga; %19ri, 20 eta 60 euro artean; eta, azkenik, %7ri 60 eurotik gora garestituko zaie .

Zerga mota berriak onartuta, udalak bi milioi euro gehiago eskuratuko ditu. Udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren babesarekin soilik onartu zuen udalbatzak datorren urteko tasa eta zergen zenbatekoa bere horretan uztea. OHZ eta gainbalioaren eta estolderiaren zergak dira atal horretan aldatuko dituzten bakarrak. Horiek kalkulatzeko, aldundiak berrikusi dituen katastro balioak erabiltzen dira.

Alderdien irizpideak

PPk zergen jaitsiera defendatu zuen joan den asteko osoko bilkuran. Oposizioko gainerako alderdien ustez, bertan behera geratu da zerga politika justuago eta aurrerazaleago batekin baliabide gehiago eskuratzeko aukera. EH Bildu abstenitu egin zen OHZ berriari buruzko bozketan. Hala ere, tasen kontra bozkatu zuen. Lander Etxebarriak emandako argudioetako bat ondoko hau izan zen: "Ez da bereizketarik egiten multinazional baten edo saltoki bat jarauntsi duen familia baten irabazien artean".

Udalberriko bozeramaile Carmen Muñozek "justizia irizpideak" eskatu ditu OHZ ezartzeko orduan. "Kopurua bera baino gehiago, progresibitatea da uztartu beharrekoa". Antzeko irizpideari eutsi dio Goazen taldeak ere. Francisco Samirren esanetan, zerga eguneratuta udalak bilduko dituen diru sarrera berri horiek ez dituzte "aberatsek soilik ordainduko; goialdeko eta periferiako auzoetatik" iritsiko dira.

Osoko bilkuran eztabaidatu zituzten gaien artean, alderdi guztiak ados jartzea lortu zuenik ere izan zen. Zazpikaleetan taberna gehiago zabaltzeko mugak onartu zituzten denek; PP abstenitu egin zen. Ingurune horretan era horretako lokal gehiegi daudela iritzita hartu dute erabakia. Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako kontrako txostena kontuan hartu gabe onartu dute, beraz, Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Berezia. Antzeko erabakia hartu du udal plangintzako aholku batzordeak hirigunerako.

Era horretako lokalentzako gehienezko dentsitatea zehaztu du udalak. Hark emandako datuen arabera, Zazpikaleetako hogei kale eta plaza ingurutan dentsitate hori gainditu da jada. Hori dela eta, ezin izango dira lokal gehiago zabaldu. Neurri horretatik kanpo geratzen dira barrarik ez duten jatetxeak eta alkoholik saltzen ez duten lokalak.

Zazpikaleetan betidanik egon diren merkatarien eta tabernen arteko oreka lortzea du helburu neurriak. Izan ere, 2008 eta 2015 urteen artean %15 egin du gora taberna eta jatetxe kopuruak. Garai berean, denden kopurua %11 murriztu da. Hain zuzen, 36 ostalaritza lokal zabaldu ziren —273 daude denera—, eta 79 saltoki txiki itxi dituzte —623 daude guztira—.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren ustez, udalak hartutako neurriak ez dira beharrezkoak. Hala, "kalte gutxiago" eragingo duten neurriak hartzeko eskaera egin dio. Juan Mari Aburto alkatea "pozik" azaldu da auzokide, ostalari eta merkatarien artean izandako adostasunagatik. Neurriaren helburua "bilbotarrentzako Zazpikale hobeak" izatea dela dio.

Galdeketen araudia

Herritarren galdeketak arautzeko araudia osatzeko konpromisoa hartu du udalak. Udalberrik egindako proposamena onartu du udalbatzak, aho batez. Datorren urtean egingo dute. Pozik azaldu da Muñoz: "Galdeketak egin egin behar dira, baina horretarako arauek eta irizpideek ezarrita egon behar dute". Galdeketa horiek ez dira aintzat hartzekoak izango, baina udalak biztanleria zabal baten irizpideen aurka egitea zailago izango duela uste du. Zezenketei buruzko kontsulta du hark buruan, besteak beste. Baina ez da bakarra izango: "Herritarrek galdeketak egiteko ate bat zabalduko da araudiari esker".

Zorrek ito duten golf zelaia

Zorrek ito duten golf zelaia

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Polemika ugariren iturburua izan da Ganguren mendilerroan Artxanda golf elkarteak bultzatutako azpiegituraren eraikuntza. Eta zeresana ematen ari da oraindik ere. Luxuzko gune izateko pentsatutako egitasmoa hutsik geratu da. Joan ...

Adimena, gurpil gainean

Adimena, gurpil gainean

Aitziber Laskibar Lizarribar
Euren azkartasuna lehian jarriko dute ingeniaritzako ikasleek datozen egunetan; jakintza eta adimen azkarra gurpil gaineko abiadura eta energia eraginkorraren bidez frogatuko dute Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakul...

Arnasguneak, gero eta aire gutxiagorekin

Arnasguneak, gero eta aire gutxiagorekin

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Herri euskaldunak ez dira horren euskaldunak. Erdalduntzen ari dira. Eta alderantziz gertatzen ari da erdaldunak diren herrietan; gero eta euskaldunagoak dira. Hori da Iñaki Iurrebaso soziologoak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako udalerrietako bilakaera soziolinguistikoa aztertu ondoren atera duen ondorioetako bat. Uemaren eskariz, herri euskaldunetako egoera aztertu du Iurrebasok Soziolinguistika Klusterrean. 1981etik 2011ra arteko datuak bildu ditu ikerketan, eta euskararen arnasguneak "arriskuan" daudela jasotzen da txostenean.

Gero eta gehiagotan erabiltzen da arnasgune hitza. "Demografia aldetik euskara 'bere habian' sentitzen den bilgune" gisa definitu zuen Joshua Fishman hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzainak terminoa; "inoren xaxatze eta erasorik gabe, euskalduna 'etxean' sentitzen den eremu" gisa. Izaera hori eman zaie euskararen arnasguneei ere. Herritarren %70 baino gehiago euskaldunak diren herriak dira zerrenda horretan jartzen direnak, eta, Bizkaian, ezaugarri horiek betetzen dituzten 57 udalerri daude. Baina erdalduntzen ari dira. Eta horiek babesteko neurriak hartzea beharrezkoa dela uste du Patxi Juaristi EHUko irakasleak. "Euskarak beharrezkoak ditu arnasguneak. Horietatik zabaltzen da hizkuntza eta trakzio lana egiten dute inguruko herrietako errealitatearekiko".

Zenbat eta abiapuntu erdaldunagoa, orduan eta gehiago handitu da udalerri horietako euskaldunen kopurua. Eta, alderantziz, udalerri euskaldunenek, atzera egin dute; bereziki, euskaldunenak zirenen artean. "Zenbaki absolutuei begiratuta, ematen du euskararen erabilera gorantz doala, eta gaur egungo diskurtso nagusia ere hori da: gero eta euskaldun gehiago dagoela. Baina indartsuen dagoen tokietan, ahultzen ari da". Hala uste du Juaristik. Analisi horrekin bat egin du Ibon Aginaga Uemako euskara teknikariak ere: "Herri euskaldunenetan gertatu da beherakadarik handiena, eta herritar askorentzat oharkabean geratu da hori".

Euskaldunak, erdaldunago

Muturrak jarri ditu Aginagak euskarak duen joera azaltzeko adibide gisa. Bizkaiko mapan desagertzen ari dira euskararen ezagutza indizeak %90-100 ala %0-20 bitartean zituzten udalerriak. "Gaur egun, ia ez dago euskaldun elebakarra den udalerririk. Herri euskaldunetan, euskararen ezagutza etengabe doa beherantz; erdaldunetan, aldiz, gorantz ari da pixkanaka". Maruri-Jatabe, Gamiz-Fika eta Fruizekoak dira jaitsiera horren adierazle diren udalerri argienak. Abiapuntua oso goian zuten hirurak, eta euskaldunen ehunekoak nabarmen egin du behera azken urteetan.

Gamiz-Fikan, adibidez, %94,9 ziren euskaldunak 1981ean, eta orain, berriz, %73,1. Eta etxeko hizkuntza gisa nagusiki euskara erabiltzen dutenen kopurua erdira jaitsi da 20 urtean. %86,3 ziren 1991n, eta %43,3 dira orain. Biztanleria asko handitu da Gamiz-Fikan, eta egoera soziolinguistikoa aldatzea ekarri du horrek, besteak beste. Fruizen ere 25 puntu egin du bera euskaldunen kopuruak. %97,6 ziren euskaldunak 80ko hamarkadaren hasieran, eta, %73,1 inguru dira orain.

Arnasgune izan diren eta oraindik ere hala diren herriak dira aipatutako biak. Baina euskaldunen beherakada horri arreta jarri ezean, alda liteke errealitate hori. Hala gertatu da, adibidez, Bakio, Sukarrieta, Mundaka eta Lezaman. Arnasguneen mapan koloreztatuta zeuden herriak dira lau horiek. Baina bestelako egoera dute orain. Bakion. euskaldunen portzentajea %73,9 zen, 1991n, eta hamar puntu egin zuen behera 20 urtean: %58,2 dira orain. Antzeko joera izan du Sukarrietak ere: %78tik %65,6era pasatu da azken urteetan. Mundakan, %87,6 ziren euskaldunak, 1991n, eta %66,2 dira orain. Lezaman, %75etik %62,2ra jaitsi da kopurua.

Busturialdeko eta Lea Artibaiko eskualdeetan biltzen dira herririk euskaldunenak. Eta datu orokorrak bat datoz herrietako joerarekin. Busturialdean, 1991n, %75,7 ziren euskaldunak, eta %72,1era jaitsi da. Berdin, Lea Artibain ere: 2011n %87n zegoen euskaldunen portzentajea, eta zazpi puntu egin du behera.

Alderantzizko joera izan dute lurraldeko beste herri batzuetan. Eta euskara ikusezina zen toki askotan, espazioa irabazi du azken urteetan. Ezkerraldeko eta Enkarterrietako udalerrietan izan dira aldaketarik nabarmenenak. Zallan, Sopuertan, Galdamesen eta Ortuellan igo da gehien euskaldunen portzentajea, hogei puntutik gora. Galdamesen, adibidez, %0,5 ziren euskaldunak 1981. urtean, eta, azken ikerketaren arabera, %22,2 dira orain euskaldunak herrian.

Udalerri txiki eta euskaldunak hauskorrenak direla uste du Aginagak, aldaketa txiki batek nabarmen eragin dezakeelako egoera soziolinguistikoan. "200 biztanleko herri batean hogei etxebizitza egin eta euskaraz ez dakiten zenbait pertsona agertzeak, epe motzean hizkuntza ohiturak alda litzake, eta herriak bere izaera galtzea ekar lezake". Diagnostiko horietatik abiatuta, administrazio alorrean lan egiteko ez ezik, herritarrengan eragiteko egitasmoak ere martxan jartzea erabaki zuten Ueman. "Herri euskaldunetako herritarrak duten zereginaz kontziente izatea nahi dugu".

Eragile asko dago mapa soziolinguistikoaren aldaketa horretan. "Azken hamarkadan udalerri euskaldunetan izan den etxebizitza parkearen hazkundea eta biztanleriaren mugimendua aztertuta, ez da harritzekoa hizkuntzaren ehunekoa jaistea oso euskaldunak ziren udalerrietan". Eta egin ez denean jarri du arreta euskara teknikariak: "Ez dugu aintzat hartu egoera soziolinguistikoa hizkuntza politika ez diren gainontzeko politiketan. Arnasguneak politikaren erdigunean kokatzea beharrezkoa da. Euskara zerbitzuetatik atera, eta zeharka landu behar dugu gai hau, ezinbestean".

Gero eta herritar gehiagok dute euskararen ezagutza Bizkaian. Hala azaltzen dute ikerketek. Eta, Juaristiren arabera, hezkuntzan zein administrazioan euskararen erabilera bultzatzearen alde agertzen dira lurraldeko herritarrak. Gaia ikertzen ari da, eta dio, oro har, herritarrek jarrera baikorra dutela euskararen eta haren erabilera bultzatzeko egitasmoen inguruan. Baina bada harrituta utzi duen zerbait: "Euskara ez da euskal identitatearekin lotzen". Hau da, euskaldun izatea ez da euskararen ezagutzarekin lotzen.

Politikotasuna

Hutsune nabaria ikusten du irakasleak pentsamolde horretan. "Kontzientzia eta hizkuntzaren garrantzia falta nabariak dira". Eta ezagutza eta erabileraren arteko banaketan egin du indar. "Euskararen ezagutzak gora egin du. Baina trabatu egiten gara erabileran. Kontzientzia arazoa dago hor. Militantzia lana eskatzen du, dena ez dago eginda".

Politikotasunarekin lotu du hori Juaristik. Izan ere, gero eta gehiago dira euskara politikatik aldendu behar dela aldarrikatzen duten diskurtsoak. Baina ez dator horrekin bat Juaristi. "Abertzaletasunetik eta ideologia politikoetatik aldentzen baldin bada, nork babestuko du hizkuntza? Osagai ideologikoa kentzen baldin bazaio, nork egingo du euskararen alde?". Abertzale direnen eta euskararen erabileraren artean lotura handia dagoela dio, eta aldagai ideologiko hori beharrezkoa dela. "Euskararen aldeko kontzientzia bat sortu du abertzaletasunak, eta politikatik gero eta gehiago aldendu, kontzientzia ere gero eta gehiago galduko da".

Aldaketa garai batean dago Euskal Herria. "Ekonomikoki eta sozialki, aldatzen ari da. Eta birdefinitzen eta birkokatzen ari da gizartea. Hizkuntzaren auzian aldaketa hori nola kokatzen dugun da gakoetako bat".

Pareta zaharren oihartzun berriak

Pareta zaharren oihartzun berriak

Pello A. Zuazo

Kultura kalera ateratzen hasi ginela jada badira hemeretzi urte". Eta aurtengoarekin jada badira hamasei urte Elorrion udan Musikaire jaialdia antolatzen dutela. Erraz esaten da, baina Euskal Herrian ez dira asko izango horrenbesteko jarraitutasuna duten kultur jaialdiak. Aitor Iriarte da programazioaren arduraduna, eta, azaldu duenez, hastapen haietan Elorrio Klasikoa zuen izena jaialdiak. "Formatu txikiko kontzertuak ziren, ermitetan eta Elorrioko bestelako lekuetan, eta gainezka egin zigun. Sekulako arrakasta izan zuen. Eta erabaki genuen herriko beste bazter batzuetara zabaltzea festibala".

Horrela bada, kokaleku berrien bila hasi ziren. Eta, horrekin batera, baita kontzertu handiagoen bila ere. "Herriko jauregiak, elizpea, plaza eta abar erabiltzea otu zitzaigun. Elorrioko herria monumentu historiko eta artistiko gisa izendatuta dago, eta jauregiz eta zoko ederrez beteta dago. Hori baliatu genuen, eta gaur egun duen itxura eta izena hartu zuen jaialdiak". Kultura, historia eta arkitektura, dena kolpe bakarrean. "Inguru zoragarrietan egiten ditugu ikuskizunak, edozein plazatan edo karpatan egin beharrean".

Ikuskizun eta kokaleku horiek arreta handiz aukeratzen dituzte. "Jakinda zein talde edo musikari datorren, edo talde horren formatua zein den, ondoen datorkion lekua aukeratzen dugu. Jauregi batean ezin da burrunbara itzela egin; beraz, musika afrikarraren eta jazzaren alde egin ohi dugu. Plazarako, berriz, gauza informalagoak eta animatuagoak ekartzen ditugu, eta publiko zabalago batentzat". Hortaz, formatu "akustikoagoak" izango dira Lariz eta Tola jauregietan, eta "elektrikoagoak" Gernikako Arbola plazan eta Sortzez Garbiaren elizaren arkupean. Casa Jara jauregia, berriz, mikroantzerkiak egiteko erabiliko dute. "Tola jauregia hasiera-hasieratik erabili izan dugu. Gerora, Lariz jauregiak ere baiezkoa eman zigun; Opus Deirena da. Casa Jara jauregian gaur egun ez da inor bizi, eta gauza txikiak egiteko gela politak ditu".

Iriartek adierazi duenez, lehen, Argiñetako nekropolian ere egiten zituzten ikuskizunak, baina, duela hiru urte, aztarnak topatu zituzten, eta indusketak egiten dihardute. Dena den, Argiñeta ingurua oso leku interesgarria iruditzen zaio Iriarteri: "Datorren urtetik aurrera, esparrua egokitzen dutenean, baliteke han ere zerbait antolatzea, lehen egiten genuen bezala. Proposamenen eta ikuskizunen formatuen arabera, leku berriak bilatu daitezke, nola ez".

Kultura, ohitura

Kokalekuen bitxitasuna dela eta, hango eta hemengo artistak liluratuta gelditzen dira herria eta igoko diren oholtza ezagutzen dituztenean. "Ospe handiko artistak dira, leku batetik bestera dabiltzanak, jaialdi erraldoietan, karpa erraldoietan, lautada erraldoietan... eta, hau ikusten dutenean, hain gauza berezia, poztu egiten dira". Eta ez artistak bakarrik; publikoak ere asko eskertzen du hori. Iriarteren esanetan, horrelako "paraje" batean, belardian eserita eta giro epelarekin, ikuskizuna beste modu batera gozatzen da.

"Hasierako urteetan, jendea lorategiak eta jauregiak ezagutzera etortzen zen, kontzertuak ikustera baino gehiago. Jada, hainbeste urteren ostean, normalizatuago dago kontua". Izan ere, jauregiak itxita egoten dira urte guztian, eta, hortaz, haiek bisitatzeko ere aukera paregabea ematen du Musikairek. "Horrelako jaialdi bat egiteko, Elorrio bezalako herri bat behar duzu. Hainbeste jauregi, lorategi, kale... oso erosoa da; dena oso gertu daukazu, oso eskura, eta oso atsegina da".

Kontzertu eskaintza plurala izan ohi da, estilo aldetik askotarikoa. Diru publikoarekin antolatutako jaialdia izanik, saiatzen dira publiko guztiari egokitutako proposamenak eramaten. "Eskaintza oparoa da: reggaea, jazza, flamenkoa, popa, rocka... Askok ez dakite zer ekarriko dugun, eta gero esango dute ea gustatu zaien ala ez. Gazteek eta adinekoek. Hori aberasgarria da".

Atzerriko taldeak eta Euskal Herrikoak tartekatzen dituzte, bertakoari ere balioa emateko asmoz. "Musikariak kanpotarrak direnez, sarri ematen du aura berezi bat daukatela, baina hemen ere kalitatezko musikariak daude". Izaki Gardenak, Audience eta The Romanticos taldeak izango dira aurtengo euskal taldeak.

Uztailean, ostiral, larunbat eta igande guztietan emanaldiak egingo dituzte; orotara, hamar kontzertu, bi dantza ikuskizun, zirku antzerkia, mikro antzerkia eta argazki erakusketa. Hemeretzi urteren ostean festibalaren norabidea zein den argi eta garbi dauka Iriartek:"Gure helburua beti izan da kultura ohitura bihurtzea, eta ez gauza puntual bat. Musikairek egunero ziztada kultural bat ematen dio herriari. Eta, gainera, arte eszenikoei dagozkien arlo guztiak jorratzen ahalegintzen gara".

Etxebizitza, gizarteratzeko tresna

Etxebizitza, gizarteratzeko tresna

Natalia Salazar Orbe
Mila lagun etxerik gabe bizi dira Bizkaian; kalean, bazterketa egoeran. Askok arazo psikologikoak dituzte, eta, sarri, ez dituzte onartzen aterpetxeek eskaintzen dizkieten baliabideak. Ostatu duina da gura eta behar dutena. Halakor...