Kaleko arteen astindua

Kaleko arteen astindua

Natalia Salazar Orbe

Lea-Artibai aldeko txoko batean, itsasoari begira, kaleko arteen hiriburu bilakatu da Lekeitio. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak 27 urte bete ditu bertan. Kaleak kolorez, musikaz, doinuz, mugimenduz, eta, bereziki, artez jantzi dira. Batera begiratuta, zirku ikuskizunak ageri dira; bestean, clown-ak, akrobaziak, sua, argia, umorea… Etenik ez duten diziplinaz eta erakustaldiz bustiko da datozen egunetan kresal usaina duen herria. Lan eta familia harremanei buruz hausnarketa egiteko saioa atzean utzita ekingo diete gaurko emanaldiei. 13 Dias konpainiak Just for the money ikuskizuna taularatu zuen atzo. Asteazkenean abiatu ostean, ikuskizunen aurkezpena hasi besterik ez da egin. Herriko hamar gunek 18 ikuskizun, tailer eta emanaldi hartuko dituzte. Gehienek ezaugarri komun bat dute: aire zabalean egingo dituzte, horixe izango dute agertoki eta sabai.

Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek: Basurama kolektiboaren eta Toc de Fustaren instalazio interaktiboak; Zurrunka, Bigolis Teatre, Deabru Beltzak eta Hortzmuga taldeen proposamen ibiltariak; Murmuyok eta Thomas Prattkik profesionalei begira emango dituzten tailerrak; eta Euskal Zine Bilerako proiekzioak. Eta, nola ez, kaleak eta ikusleak astinduko dituzten gainerako ikuskizun guztiak.

Umorez kontatutako istorio tragiko bat taularatuko du gaur lehenengo saioaren protagonista izango den Lapso Producciones konpainiak. Holokaustotik atera diren hiru pailazok euren bizipenen berri emango diete ikusleei clown-en unibertsoa baliatuta. Anabasaren eta suntsitutako munduaren errealitatetik ihes egiteko kontsolazio bakarra musika dute. Poesia eta umorez beteriko Sub lana Kofradia Zaharrean eskainiko dute, gaur eta bihar. Andaluziako taldeak hiru saio egingo ditu egun bakoitzean.

Zentzugabekeria eta irrigarrikeria ditu ardatz hurrengo ikuskizunak. Ganso & Ciak Walkman aurkeztuko du: showman bat, seduktore bat, gizon grinatsu bat du protagonista. Eta egiten duenak benetan merezi duela konbentzitzeko prest dagoen memelo gisa aurkeztu dute. Alferrikako trebetasunen erakusketa bat da, komedia unibertsala eta parte hartzailea. Udaletxe aurreko plazan ariko da, 19:00etatik aurrera.

Potted eta Su à feu dira gaur ikus daitezkeen beste bi lanak. Zirku diziplinak baliatuko ditu Trocola Circo konpainiak lehenengoan. Sua, perkusioa, musika eta dantza uztartuko ditu bigarrenak. Gaua argiztatu eta eguna borobiltzeko ikuskizuna aurkeztuko du Deabru Beltzak taldeak.

Bihartik aurrera goizean hasiko dira ikuskizunak. Igandean zaborra ardatz duen instalazioa izango da Barandiaran aretoan. Udalerrian berreskuratutako hondakin materialez eraikita dago aurreko egunetan ere erabili duten instalazio hori. Plastikoz, hain zuzen ere. Zabor horrekin ezohiko era batean jolasteko aukera eskainiko dute tailer horretan.

Lekeitiokoa, aitzindari

Aitzindaria izan zen Lekeitio kaleko arteei lekua emateko orduan era horretako esperientzia bat martxan jartzen. 1989a zen lehenengoz antolatu zutenean. Orduz geroztik, asko aldatu dira artea bera, ikuskizunak, eta, horiekin batera, baita jaialdia bera ere. Eraldatuta iritsi da, bereziki, aurten. Parte hartzea zabaltzeko asmoa da jaialdira iritsitako aldaketa horietako bat. Baina, bistakoena, izen aldaketa da: Kaleka izena hartuko du-eta aurrerantzean. Jaialdia ez da arte eszenikoetara mugatuko.

1979an Lekeition egindako Euskadi-Eskandinavia Nazioarteko Topaketak erein zuen gaur egunera arte iraun duen Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren hazia. Garai hartan ez zen batere ohikoa kalean antzerkirik ikustea. Ez prestigiozko antzerkia, bederen. Hamar urteren ostean berreskuratu zuten esperientzia hark gaur egunera arte iraun du.

Hastapenetako helburuak ahaztu gabe, aurrera jarraitzen du, indartsu, kale antzerki jaialdiak. Betidanik bultzatu izan du tokiko sorkuntza; beste lurraldeekiko harremanak sustatu ditu eta beste herrialdeekin loturak irekitzeari ekin dio. Apustu berari eutsiko diote aurrerantzean ere.