Aitziber Laskibar Lizarribar
Zenbaki handiak utzi ditu Bilboko Aste Nagusiak: 800 ekitaldi baino gehiago, itzelezko parte hartzea, eta tenperatura ere itzela; bai eguraldiaren beroa, eta bai giroarena. Antolatzaileak gustura agertu dira bederatzi egun ...
Albisteak
Maitasun egarria ase guran
Natalia Salazar Orbe
Bizkaiko txakurtegi gehienetan, animaliak hil egiten dituzte oraindik; triste samarra da hori". Adierazpen gordina egin du Sonia Brena SOS Bilbao animalien babeserako lagunarteko presidenteak. Besteak beste, Bilboko, Basauriko eta ...
Pinza eremurako kultur espazio bat proposatu dute, Uribarri biziberritzeko
Natalia Salazar Orbe
Galtzagorri taldeak Bilboko Udalaren esku jarri du Uribarri auzoko gazteen aisialdirako aukera gabeziari erantzun bat eman eta Pinza deritzon eremuko segurtasun arazoa konpontzeko aukera eskaintzen duen proposamena. Auzoan bertan d...
Zabaldu da euskaltegietan matrikulazioak egiteko epea
Aitziber Laskibar Lizarribar
Irailarekin batera, hasi da ikasturte berriari begira jartzeko garaia, eta, euskara ikasi nahi duenak orain du lan horri eusteko abagunea. Euskaltegiek aurki abiatuko dute 2016-2017ko ikasturtea. Eta hasiak dira matrikulazioak jasotzen. Atzo zabaldu zuten izena emateko epea, eta irailarekin batera amaituko dute.
Bilboko Udalak bat egin du euskararen aldeko apustuarekin, eta, euskaltegien sarearekin elkarlanean, kanpaina bat abiatu du. Helburua argia da: herritarrak euskara ikastera bultzatzea eta horiei euskaraz bizitzeko baliabideak erraztea. Eskaintzaren hartzaileengana hobekien heldu nahian, gaztelerazko leloa aukeratu dute matrikulazio kanpainarako: El euskera para todas las personas y para todos los días.
Horretarako, Bilbotarrek ondo ikusteko moduko lekuetan jarriko dituzte iragarkiak: hamar Bilbobusetan, 24 publizitate zutabetan, bost udal erlojutan eta San Mames barruko zein kanpoko pantailetan. Irratietan ere zabalduko dute mezua.
Euskararen normalizazioan euskaltegiek sekulako garrantzia dutela nabarmendu dute udal ordezkariek kanpaina aurkeztean. Garrantzi horren jakitun, herritarren eta euskaltegien arteko zubi lana egin nahi dutela adierazi dute, eta, horretarako, publizitate kanpaina egitearekin batera, diru laguntzak emango dituztela. "Euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei" emango dizkiete laguntza horiek: gurasoei, eta aisialdiko begiraleei. Baliabide ekonomikorik ez duten eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ere jaso ahalko dituzte laguntza horiek. Euskarari etorkizuna ziurtatzeko helburuz, 164.600 euroko diru saila baliatuko du hiriburuko udalak diru laguntza horietarako.
Euskaltegi sare zabala du Bilbok; hamazortzi euskaltegi ditu: hiru Deustu aldean, bat Uribarrin, bat Txurdinagan, bat Santutxun, bi Zazpikaleetan, zazpi Abando inguruan, bi Errekalden eta bat Zorrotzan. Horietako edozeinetan izena emateko deia egin dute bai udalak, bai euskaltegien sareko ordezkariek. Ikastaroak behar eta jakintza maila guztietara egokitzen direla gogoratu dute, ordutegi zabalak izaten dituztela, ikastaro trinkoak egiteko aukera zein barnetegietan euskaraz bizitzekoa ere izaten dela, eta on line ikasteko eskaintza ere badela. Edozein formula aukeratuta, euskaraz bizitzeko bidean urratsa egiteko dei egin diete herritarrei.
8.458 lagunek eman zuten izena aurreko ikasturtean Bilboko euskaltegietan, eta kopurua berdindu edo hobetzea du helburu kanpainak; eta, aurrera begira, euskara "euren bizimoduan eguneroko tresna izan dadila".
Gainontzeko herrietan ere zabaldu da euskara ikasteko eskoletan izen emateko epea, eta hainbat udalek sustatuko dute hautua. Zaldibarren, esaterako, matrikulazio epea hilaren 23ra arte luzatuko dela jakinarazi du udalak, AEKren euskaltegian behar guztietarako ikastaroak eta berbalagun saioak izaten direla, eta ikasturtea baldintza batzuk beteta amaitzen dutenek, berriz, diru laguntzak jasoko dituztela.
Durangoko udal euskaltegian irailaren 26ra arte izango da izena emateko aukera. Ikastaro presentzialak eta on line bidezkoak eskainiko dira, eta ikasteko diru laguntzak emango ditu udalak.
Sopelako Udalak, berriz, Emaiozu Bizia kanpaina abiatu du, euskaraz hezteak haurrei dakarzkien onuren inguruko kontzientzia zabaltzeko guraso izan berri direnen artean.
Nahi orotarako aukera mordoa
Natalia Salazar Orbe
Industrializazioa gainbehera utzita, zerbitzuen sektoreari bultzada handia eman zaio azken urteetan. Asko dira Bizkaiak turismoari begira dituen elementu erakargarriak. Berezkoak dira horietako asko; propio sortuak, beste hainbat. ...
Oinezkoak eta bizikletak izango dira nagusi Zorrotzaurreko ibaiertzean
Aitziber Laskibar Lizarribar
Aurrera doa Zorrotzaurrerako proiektua; zehazten eta beharrezko tramiteak gainditzen ari da. Aste honetan, irla eta ingurua urbanizatzeko aurkeztu duen proiektuaren lehen zatia onartu du Bilboko udal gobernuak, eta 2017ko u...
Herri galdeketa egingo dute Basaurin erdigunea nola berritu erabakitzeko
Aitziber Laskibar Lizarribar
Basauriko Udalak hitza emango die herritarrei; hitza, eta erabakia. EAJ eta EH Bildu udal taldeek egindako akordioari esker, hiriko erdigunea nola aldatu erabakitzeko gaitasuna emango die basauriarrei. Hirigintza Biziberrit...
Zentzumen guztiak dantzan
Natalia Salazar Orbe
Iazko arrakastaren ostean, indartuta eta berrituta iritsi da, aurten, Mundaka Festival: The Basque Music & Cook Fesival. Musika da, zalantzarik gabe, jaialdi horretako jaki nagusia. Hura du ardatz. Baina kirola eta gastronomiaren eskutik aurkeztu dituzte paraje ikusgarri batean taularatuko dituzten musika saio horiek. Hala laburbildu dute jaialdiaren antolatzaileek eurek topaketa bitxi hori: "Bertako zein nazioarteko eszena musikalaren eta gastronomiaren onena inguru paregabean uztartzen dituen jaialdi bat da. Gertakizun gozoa, hurbila, desberdina, jasangarria, berdea... liluragarria. Esperientzia paregabea leku paregabean".
Izan ere, asko idatzi da bertako eta nazioarteko taldeek kontzertuak eskainiko dituzten agertokiari buruz. Santa Katalina penintsula: itsasoari begira kokatuta, magiaz betetako eremua da. Ogoño lurmuturra alde batean, Izaro uhartea atzean, eta itsasoa parez pare izango dituzte hara jotzen dutenek.
Atzo Mocker's, Sunset Sons, Nik West eta The Sheepdogs taldeek eskainitako ikuskizunaren ostean, gaurko egitaraua ere indarrez beteta iritsiko da: Berri Txarrak, Danko Jones, Capsula eta Aurora & The Betrayers taldeen doinuek astinduko dituzte Santa Katalinako txokoak. 05:00etara arte izango da festa; ordu horretan itxiko dute eremua.
Gauza bera gertatuko da bihar ere. Los Enemigos, St Paul eta Mamba Beat taldeak bertatik bertara ikusteko aukera izango da. DJ Dark eta DJ Goo izango dira gaurko eta biharko gauei bukaera emateko arduradunak.
Gastronomiak leku handia hartuko du jaialdian. Ez Santa Katalinan bertan; bai, ordea, kanpoko agenda deitu dioten horretan. Hala, bertako produktuen erakusketarako eta salmentarako txokoa zabalduko du Urdaibaiko Esentziak azokak.
Hainbat marka eta produkturen eskutik antolatutako dastaketek bertako produktuak ezagutarazteko bidea zabalduko dute. Euskal okela, Gernikako piperrak, hegaluzea eta kafea izango dira aukeran jaialdiak iraungo duen egunetan.
Sukaldaritza erakustaldiek ikusle ugari erakarriko dituzte. Kontuan hartu behar da-eta puntako sukaldariak izango dituztela atzean: Basque Culinary Centerren eta Azurmendiren jaki landuak lortzeko prozesua zer-nolakoa den erakutsiko dute denen aurrean. Hala ere, egunotan ariko dira besterik ere lan horretan: Ortutik Ahora catering ekologikoari egokituko zaio gaur bere trebezia erakustea. Haien antzera, Musutruk tabernak, Zallo Barri jatetxeak, Itsasmendi upategiak eta Zallo kontserba enpresak ere izango dute lekua.
Bertako tabernek ere izango dute sormena eta ahalmena erakusteko aukera. Iaz izandako arrakasta ikusita, pintxo lehiaketa antolatu dute aurten ere. Basque Culinary Centerrek aukeratuko du herriko onena.
Santa Katalina penintsulatik kanpo ere izango da musikarik aurten. Last Fear Deal eta Leun taldeek kontzertua emango dute igandean.
Umeak protagonista
Hala ere, aurtengo jaialdiaren berritasunen artean, umeentzat antolatu dituzten jarduerak dira nabarmenenak, zalantzarik gabe. Mundakids izenburupean, eskaintza handia zabaldu dute haientzat. Gastronomia tailerretan ikasi eta jolasteaz gain, musikarekin eta teknologiarekin esperimentatzeko tartea ere badute. Talaian prestatu dituzte jarduera horiek.
Teknologia berriak musika tresna klasikoekin eta hardware analogikoarekin elkartzen dituen ikerketa landuko dute tailer horietako batean. Soinuak nola sortu eta transformatzen diren ulertzea da haren helburua. Hala, hori ulertuta, melodiak eta erritmoak sortzeko gai izango dira parte hartzaileak. Txapa tailerra ere prestatu dute. Eta, gastronomiarekin lotuta, gaileta eta gominola tailerretan parte hartu ahalko dute.
Jakin beharrekoak
Kontzertuetarako sarrerak erosten dituztenek zenbait argibide jakin behar dituzte. Hiru egunetarako sarrerak eskuratu dituztenek posible izango dute eskumuturrekoarekin eremu horretatik atera eta berriz ere sartzea. Eguneko sarrera dutenek, ordea, sartu besterik ezin izango dute egin; beraz, handik ateratzen direnak ezin izango dira berriro sartu.
Hiru eguneko jaialdia dakar Mundaka Festival jaialdiak, agertoki ikusgarri batean. Musika eskaintza zabala paisaia zoragarri batean: surfaren hiriburuetako batean. Eta era horretako jaialdietan normalean izaten ez den jateko eskaintzarekin.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
mundakafestival.eus
Kobetatik at ere bizi ziren neandertalak
Natalia Salazar Orbe
Historiaurreko gizakiengan pentsatuz gero, kobazulo barneak etorri ohi dira gehienen burura. Aurten bete da Santimamiñeko kobako margolanen aurkikuntzaren mendeurrena. Askok, paleolitoan eta neandertalengan pentsatuta, testuinguru hori irudikatzen dute. Hala ere, bada haitzuloetatik kanpo bizimodua egiten zuen neandertalik ere. Barrikan dago horren froga. Azken neandertalen bizileku bat aurkitu dute; oso aztarnategi garrantzitsua.
Duela 115.000 urte Uribe Kostan animalia harrapariekin batera bizi behar izan zuten bizilagunen berri eman dute han aurkitutakoek. Lehengai preziatu bat zuten euren esku: suharria. "Lantzeko erraza zen, eta aho zorrozdun tresnak egiteko baliatzen zuten: ehizatzeko, larrua lantzeko, egurrezko tresnak eta denetarik egiteko erabiltzen zuten". Hala azaldu du Joseba Rios arkeologoak eta proiektuaren zuzendariak. CENIEH Espainiako Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikerlaria ere bada. Haren gidaritzapean, Aranbaltzako aztarnategia ikertzeko laugarren kanpaina hasi berri dute.
Urrutitik jotzen zuten eskualdera harri preziatu haren bila. "60 kilometrora arte dauden aztarnategietan ere aurkitu da bertako suharri asko". Horrek ondorio argiak utzi ditu: "Hona etortzen ziren lan egitera; tresnak egitera. Egindako lanabes horiek hartuta joaten ziren beste leku batzuetara. Suharria jendea erakartzeko elementu bat izan zen".
Eskualdeak bazuen bestelako erakargarritasunik ere. Ez nolanahikoa, gainera. Lurraldeak oso eremu aproposa eskaintzen zuen janaria eskuratzeko. "Oreinak, bisonteak, zaldiak eta antzeko animaliak egoteko leku aproposa zen. Leku ezin hobea izan behar zuen suharria hartu, ehizatu eta itsasoko baliabide batzuk eskuratzeko ere".
Dena den, Barrikako eta Uribe Kostako garai hartako biztanleek uste baino arrantza gutxiago egiten zuten. Paleolitoko garai guztietako gizakiek bazituzten-eta ezaugarri komun batzuk: "Ehiztariak eta biltzaileak ziren. Horiek ziren euren sostengu nagusia: ehiza eta landareak edota fruituak. Arrantzan ere ibiltzen ziren apur bat, eta moluskuak eta itsaskiak hartzen".
Euskal Herrian agertu diren aztarnategietan arrain edo molusku aztarnarik apenas aurkitu dute, ordea. "Noizean behin egingo zuten, baina ez zen beraien elikaduraren atal garrantzitsu bat".
Suharriak erakarrita gerturatzen ziren neandertalek eta tresnak egiteko sistemak, besteak beste, agerian uzten dute antolaketarako zeukaten gaitasuna. Euskal Herriko beste aztarnategi batzuetan ere aurkitu dituzte horren frogak. "Antolakuntza konplexu samarra zen. Planifikazio handia zuten tresnak egiten zituzten, garraiatu eta probetxua ateratzeko. Hemendik hartutako suharria Dimara edo Lemoara eraman zutela ikusi dugu. Han ez dago suharririk, eta haiek bazekiten hemen bazegoela".
Barrikan Erdi Paleolitoko sektorearen indusketa iaz bukatu zuten. Ondorio argi batzuk atera dituzte jada. "Suharria lantzeko arau zehatz batzuk jarraitzen zituzten. Arauak badaude, horrek esan nahi du nolabaiteko antolakuntza bazutela. Arauak betearazteko zigorrak jarri zein gauzak zelan egin erakusteko pertsonak behar dira. Nolabaiteko gizarte eraketa bat bazuten, beraz".
Neandertalak oso gizaki konplexuak ziren. "Gurekiko antz handia zuten: azkarrak ziren, oso ondo egokitzen ziren euren bizilekuetara, klimara eta denera. Kontuan izan Europan 100.000 urtetik gora iraun zutela".
Etxola arrastoak
Barrikan, kobazuloetatik kanpo, aire zabalean bizi ziren neandertalek etxolak egiten zituzten. Sakonune batean kokatuta dago aztarnategia, eremu oso babestuan. Beraz, ezer gutxi beharko zuten babesleku gisa: "Parapeto txiki bat, zulo bat, zutoin bat tente mantentzeko eta larruzko dendatxo bat. Horren antzeko zerbait izango ziren euren etxolak". Oso interesgarritzat jo ditu arkeologoak elementu horiek: "Bizileku baten seinale dira. Agerian geratu da hona ez zetozela tresnak egitera soilik. Bizi ere hemen bizi ziren". Kokagune horietan egindako suen arrastoak ere badaude.
Joan den astean Plentziako Udalak eta Eusko Ikaskuntzak antolatu zituzten jardunaldietan eman zuen Riosek aurkikuntzon berri. Orain arte egindako indusketetan, gutxienez historiako sei unetako okupazioak aurkitu ditu haren taldeak. Hainbat erreminta jaso dituzte, eta tresna mordoa. Erdi Pleistozenoko aztarnak dira orain arte aurkitu dituzten zaharrenak: 115.000 urte baino gehiago dituzte. Eta Erdi Paleolitoko aztarnategia ere ikertu dute: 65.000 urtekoa. Aurkikuntza garrantzitsua da oso. Hari esker jakin da aire zabalean ere egon zirela bizilekuak. Eta Arantzabalen frogatu dute posible dela era horretako aztarnategiak induskatu eta ondo kontserbatutako aztarnak aurkitzea.
Zenbatu beharrean, saihestu
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Paradigma aldaketa bat. Hala kokatu da sanferminetan izan diren sexu erasoen aurrean iruindarrek emandako erantzunaren dimentsioa. Emakumeen aurkako indarkeria orain arte ez bezala gizarteratu da aurtengo sanferminetan, eta hainbat udalerrik txalotu dute Nafarroako hiriburuko jarduna; Bilboko Udalak, kasurako. Erasoak ez dira sanferminetara mugatu, ordea. Iruñea sexu erasoen aurkako protesta giro betean zegoela, andre bati eraso zioten Bilboko BBK Live jaialdian. Erasoa arbuiatzeko agerraldian Aste Nagusirako "kanpaina berezi bat" prestatzen ari direla azaldu zuen Itziar Urtasun Jaietarako zinegotziak, "herritar guztiak" sentsibilizatzeko helburuarekin. Hilabete falta da Bilbok Mari Jaia kalera ateratzeko, eta gertatu daitezkeen sexu erasoak saihesteko lanean ari dira mugimendu feminista, Bilboko konpartsak eta udala. Hirurekin elkartu da Bizkaiko Hitza.
Bakoitzak bere bidea urratzen badu ere, badute elkargune bat hiru eragileek: erasoen kontrako protokoloa. 2008an adostu zuten konpartsek eta udalak, eta, ordutik hona, neurriak berritu eta unean uneko beharrizanetara moldatu da. Iaz, hiru sexu eraso salatu ziren Bilboko Aste Nagusian, eta, protokoloari jarraituz, erantzun bateratua eman zen hiriburuan. Baina protokoloaz harago doan lana beharrezkoa dela nabarmendu dute hiru eragileetako ordezkariek. Elkarren osagarri dira, baina bereizita doaz. Prebentzioa izan da hiru eragileek ahotara ekarri duten hitza.
Prebentzioa, gakoa
Erasoen ondorengo egoerari erantzuten dio erasoen aurkako protokoloak. Eta erasorik gerta ez dadin egin behar da lan, Maider Gonzalez Bilgune Feministako kidearen arabera. Hutsune horretatik abiatuta, emakume feministen sarea osatzen ari dira Bilboko eragile, talde eta hainbat norbanako. Bi ardatzetan oinarrituta ari da sarea lan egiten. Prebentzioan, batetik; eta emakumeen ahalduntze kolektiboan, bestetik. "Erasoen prebentzioan hutsune handia dagoela uste dugu. Protokoloari dagokionez, urrats handiak egin dira, eta erreferentzia irabazi da arlo horretan. Oso beharrezkoa da ildo hori, baina gabeziak ere baditu. Erasoen osteko asistentziara mugatzen da udala". Erasorik ez izatea helburu bada, erroetara jo behar da, eta ez ondorioetara, Gonzalezen arabera. Ildo horretan ez ditu baliabideak jartzen udalak sare feministako kidearen arabera, eta horren lekuko dira erakundearen aurrekontuak.
Hutsune hori bete nahi du mugimendu feministak. Eta sexu erasoen inguruko hausnarketak plazaratu eta autodefentsaren ikuspegia txertatzeko lanean ari da. "Erasoa zer den eta zergatik gertatzen den azaldu behar da. Eta testuinguruan kokatzeak garrantzi handia du. Azaltzea ez direla jaietan gertatzen diren erasoak, baizik eta arazo estrukturala dagoela atzean. Hori aldez aurretik landu behar da, eta erantzunak ere norabide horretan eman beharko lirateke".
Urte osoan ari da Bilboko Udala prebentzio arloan lanean. Ideia horretan indar egin dute Amaia Domingo Berdintasun Politiken Teknikariak eta Natalia Randez Berdintasuna Sustatzeko Saileko buruak."Gure lana ez da Aste Nagusira mugatzen, ezta erasoen aurkako protokolora ere. Urte osoko lana egiten du udalak". Bi egitasmo nagusi aipatu dituzte teknikariek. Bat: Bilboko ikastetxeetan indarkeria matxista lantzeko gazteekin egiten dituzten saioak. Eta bi: hiriburuko auzoetan indarkeria matxista lantzeko martxan duten Andre eta Jabe programa. "Genero indarkeria lantzen dugu ikastetxeetan gazteekin. Gerora agente aktibo izan daitezen eta sexu erasoen aurka beren sareak sor ditzaten". 2007an abiatu zuten ikastetxeetako programa. Eta urtez urte handitu egin da egitasmora gehitu den ikastetxe kopurua. Azken urtean hiriburuko 80 zentro inguruk parte hartu dutela azpimarratu du Domingok.
Gizarte eragileak Andre eta Jabe egitasmoan elkartzen ditu udalak Randezen arabera. Herritarren artean harreman sarea osatu eta prebentziorako eragileak sortzea da egitasmoaren helburua, teknikariaren esanetan. "Barruti eta auzoetako eragile sozialak bildu, eta, sarea osatuz, emakumeen kontrako indarkeria errotik kentzea du helburu". Hiru urteko ibilbidea du programak, eta pixkanaka emaitzak ematen ari dela diote udaleko kideek. "Aste Nagusian kanpora begirakoa da lana. Eta beste dimentsio bat hartzen du. Baina prebentzioaren ardatza urte osoan zehar lantzen dugu". Festen esparruan ere neurriak hartuko dituztela iragarri dute udal ordezkariek. Ohiko kanpaina egingo dute. Baina abuztu erdialdean emango dute horren berri. Edonola ere, urte osoan zehar egiten den inurri lana da, teknikarien ustez, sexu erasoak saihesteko egiten den lanik eraginkorrena.
Urte osoko lanketa
Udalarekin adostutako erasoen aurkako protokoloa prebentziorako tresna gisa erabili du Bilboko Konpartsak koordinakundeak, Izaskun Madariaga kidearen arabera. "Konpartsako kideek protokoloa ezagutzen dute, eta horrek gaia guztiekin lantzea ahalbidetu du. Gaur-gaurkoz, badakite emakume batek beraiengana jotzen baldin badu subjektu aktiboa direla laguntzeko". Hausnarketarako bidea izan da protokoloa konpartsetako kideentzat. Eta urte osoan gaia lantzeko batzorde iraunkorra du koordinakundeak.
Bitariko eragilea da konpartsen koordinakundea. Herri eragileen eta mugimendu feministaren jarduera gorde eta elikatzen dute, eta udalarekin harreman zuzena dute. Kalearen eta erakundearen arteko lotura dira, nolabait. Batean zein bestean eragiteko gaitasuna du. Etxe barruan lan handia egiten ari dira horregatik.
Urte osoan koordinakundean biltzen diren kideekin gaia lantzen ari dira, eta konpartsen barruan gaia lehen planora ekarri eta urte osoko lantzat hartzea bera baikorra dela dio Madariagak. "Arazoaz jabetzea eta errealitate hori deskubritzea oso baikorra da. Sexu erasoen auzia jaiez harago eta protestak egiteaz harago doala barneratzen ari gara Bilboko Konpartsetan. Konturatu gara lan handia dagoela oraindik egiteko, eta horren jakitun izatea bera aurrerapausoa da".
Etengabeko lan horri esker kontzientzia hartu eta jarrera aldaketa bultzatzen ari dira. "Konpartsako kide bakoitza eragile aktiboa izatea nahi dugu. Festa esparruan zerbait ikusi ala sumatzen bada, aktiboki esku hartzea, alegia". Iaz konpartsetako kideek hiru momentutan esku hartu zuten festa giroan, eta egoera batzuk okertzea saihestu zen esku hartze horiei esker. "Guk geuk jarrera hori hartzea funtsezkoa da". Bat egin du Gonzalezek ideia horrekin. "Jarreran ere eragin nahi dugu. Emakumeen ahalduntzean indar egin eta agente aktibo izan nahi dugu. Lau haizeetara zabaldu andreok egoeraz jakitun garela baina ez gaudela hori onartzeko prest. Eta erasoa gertatzen denean erantzun egingo dugula". Jarrera pasibotik aktibora jauzi egiteko ideian indar egin du mugimendu feministako kideak. Helburua: jai gunean elkartuta dauden guztiak noizbait eragile aktibo izatea. Hainbat ekimen egingo dituzte horretarako. Betiere, eskura dituzten baliabideak erabiliz.
Eragile aktiboak
Kasu askotan emakumeak biktimizatu egiten direla salatu du Gonzalezek. Eta udalak eta hedabideek sexu erasoekiko egiten duten trataera jarri du mahaiaren gainean. "Gu emakumeen boteretzeaz ari gara. Eta hor, parametro ezberdinetatik abiatzen gara: emakume bati erasotzen badiote, denoi erasotzen digute, eta elkar zainduko dugu. Egunerokoan praktika feminista hori presente izatea nahi dugu. Jarrera bat da, espazioa okupatzen duen aktiboa eta eragilea".
Sexu erasoen kopuruan jartzen da arreta maiz. Eta, jaien parekidetasuna neurtzeko, izan diren eraso kopuruak alderatzeko joera du udalak Gonzalezen arabera. "Kontabilizatzetik harago doa auzia". Eta hor, beste gakoetako bat: erasoa zer den identifikatzea. Gaur egun salatzen diren sexu eraso gehienak "intentsitate altuko" erasoen artean kokatzen dira: bortxaketak ala bortxaketa saioak, alegia. Larrienak dira horiek. Baina "intentsitate gutxiko" erasoen kasuan, ez da horrenbeste salaketa egiten.
Sanferminak ere izan dira horretan eredu. Iruñean salatu diren hamasei sexu erasoetatik 11 abusuengatik izan dira —ukitzeak, tartean—. Hori lantzea beharrezkotzat jotzen du mugimendu feministako kideak. "Naturalizatuta dauden eraso asko dago gaur egun, eta horiek ikusaraztea beharrezkoa da. Guk horretan egingo dugu indar". Konpartsetako kideak ere geldialdia egin du horretan. "Arreta jartzen da larriak diren erasoetan, eta tentsioa galtzen da egunean zehar normaltasun osoz egiten diren eraso horiekiko". Hori ere landu dute konpartsek barne mailan.
Denak datoz bat: erasoak ez dira unean unekoak. Hala dio Madariagak. "Erasoa egiten denerako, aurretik, gizarteak sortu ditu eraso horiek gauzatzeko baldintzak. Horregatik, errora jo behar dela uste dugu". Eta Aste Nagusiko egitaraua da, besteak beste, festa eredu parekideak lantzeko bideetako bat. "Emakumeen aurkako indarkeriaren ezabaketa jaietan emakumeen parte hartze libre eta askea lortuta ere etorriko da. Are gehiago esango nuke herritarrak eta parte hartzaileak diren jaiak lortzea ezinezkoa da parekidetasunetik igaro gabe".
Konpartsen egitaraua norabide horretan pentsatu eta prestatzen dutela azaldu du Madariagak. Hastapenetan daude, ordea. Eta hor egunero egiten duten lana mugarria da. Hiriburuko egitarau ofizialean ere aldaketak sumatu dituzte berdintasun teknikariek. Hala dio Domingok. "Programan ere arreta jarri da, eta emakumeen presentzia gero eta handiagoa da". Errespetua jarri du erdigunean udaleko kideak. "Oinarrizkoa da ulertzea festak bere osotasunean, errespetu giro batean garatu behar direla".
Elkarlanerako bideak
Ona da udalak eta konpartsek duten harremana. Eta sexu erasoei aurre egiteko elkarlana goraipatu dute biek. "Atentzioari dagokionez oso koordinatuta dago dena. Eta asko dira eskaintzen diren baliabideak". Urrats bat harago ere egin du udalak, eta, 2012tik, ostalaritza elkartearekin ere ari da lanean. "Konpartsako kideek bere gain hartu dute duten erantzukizuna, udalak bezala. Baina txosnak baino gehiago dira jaiak, eta horietan ere eragin behar da".
Udalaren eta mugimendu feministaren arteko harremana beharrezkoa dela dio Bilgune Feministako kideak. Udaleko teknikarien esanetan, auzoetan egiten dituzten bileretan eragile eta norbanako feministak elkartzen dituzte, eta ateak irekita dauzkate. Baina harreman pertsonalez haragokoa izan behar du lanak Gonzalezen ustez. "Mugimendu feminista mintzaide politiko gisa aitortzea oinarrizkoa da". Borondate falta nabari du Gonzalezek alor horretan. Hain zuzen, mugimendu feministak, udalak eta gainontzeko eragileek izan duten elkarlana da sanferminetan sexu erasoei aurre egiteko lanean goraipatu den osagai nagusia.