Kobetatik at ere bizi ziren neandertalak

Kobetatik at ere bizi ziren neandertalak

Natalia Salazar Orbe

Historiaurreko gizakiengan pentsatuz gero, kobazulo barneak etorri ohi dira gehienen burura. Aurten bete da Santimamiñeko kobako margolanen aurkikuntzaren mendeurrena. Askok, paleolitoan eta neandertalengan pentsatuta, testuinguru hori irudikatzen dute. Hala ere, bada haitzuloetatik kanpo bizimodua egiten zuen neandertalik ere. Barrikan dago horren froga. Azken neandertalen bizileku bat aurkitu dute; oso aztarnategi garrantzitsua.

Duela 115.000 urte Uribe Kostan animalia harrapariekin batera bizi behar izan zuten bizilagunen berri eman dute han aurkitutakoek. Lehengai preziatu bat zuten euren esku: suharria. “Lantzeko erraza zen, eta aho zorrozdun tresnak egiteko baliatzen zuten: ehizatzeko, larrua lantzeko, egurrezko tresnak eta denetarik egiteko erabiltzen zuten”. Hala azaldu du Joseba Rios arkeologoak eta proiektuaren zuzendariak. CENIEH Espainiako Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikerlaria ere bada. Haren gidaritzapean, Aranbaltzako aztarnategia ikertzeko laugarren kanpaina hasi berri dute.

Urrutitik jotzen zuten eskualdera harri preziatu haren bila. “60 kilometrora arte dauden aztarnategietan ere aurkitu da bertako suharri asko”. Horrek ondorio argiak utzi ditu: “Hona etortzen ziren lan egitera; tresnak egitera. Egindako lanabes horiek hartuta joaten ziren beste leku batzuetara. Suharria jendea erakartzeko elementu bat izan zen”.

Eskualdeak bazuen bestelako erakargarritasunik ere. Ez nolanahikoa, gainera. Lurraldeak oso eremu aproposa eskaintzen zuen janaria eskuratzeko. “Oreinak, bisonteak, zaldiak eta antzeko animaliak egoteko leku aproposa zen. Leku ezin hobea izan behar zuen suharria hartu, ehizatu eta itsasoko baliabide batzuk eskuratzeko ere”.

Dena den, Barrikako eta Uribe Kostako garai hartako biztanleek uste baino arrantza gutxiago egiten zuten. Paleolitoko garai guztietako gizakiek bazituzten-eta ezaugarri komun batzuk: “Ehiztariak eta biltzaileak ziren. Horiek ziren euren sostengu nagusia: ehiza eta landareak edota fruituak. Arrantzan ere ibiltzen ziren apur bat, eta moluskuak eta itsaskiak hartzen”.

Euskal Herrian agertu diren aztarnategietan arrain edo molusku aztarnarik apenas aurkitu dute, ordea. “Noizean behin egingo zuten, baina ez zen beraien elikaduraren atal garrantzitsu bat”.

Suharriak erakarrita gerturatzen ziren neandertalek eta tresnak egiteko sistemak, besteak beste, agerian uzten dute antolaketarako zeukaten gaitasuna. Euskal Herriko beste aztarnategi batzuetan ere aurkitu dituzte horren frogak. “Antolakuntza konplexu samarra zen. Planifikazio handia zuten tresnak egiten zituzten, garraiatu eta probetxua ateratzeko. Hemendik hartutako suharria Dimara edo Lemoara eraman zutela ikusi dugu. Han ez dago suharririk, eta haiek bazekiten hemen bazegoela”.

Barrikan Erdi Paleolitoko sektorearen indusketa iaz bukatu zuten. Ondorio argi batzuk atera dituzte jada. “Suharria lantzeko arau zehatz batzuk jarraitzen zituzten. Arauak badaude, horrek esan nahi du nolabaiteko antolakuntza bazutela. Arauak betearazteko zigorrak jarri zein gauzak zelan egin erakusteko pertsonak behar dira. Nolabaiteko gizarte eraketa bat bazuten, beraz”.

Neandertalak oso gizaki konplexuak ziren. “Gurekiko antz handia zuten: azkarrak ziren, oso ondo egokitzen ziren euren bizilekuetara, klimara eta denera. Kontuan izan Europan 100.000 urtetik gora iraun zutela”.

Etxola arrastoak

Barrikan, kobazuloetatik kanpo, aire zabalean bizi ziren neandertalek etxolak egiten zituzten. Sakonune batean kokatuta dago aztarnategia, eremu oso babestuan. Beraz, ezer gutxi beharko zuten babesleku gisa: “Parapeto txiki bat, zulo bat, zutoin bat tente mantentzeko eta larruzko dendatxo bat. Horren antzeko zerbait izango ziren euren etxolak”. Oso interesgarritzat jo ditu arkeologoak elementu horiek: “Bizileku baten seinale dira. Agerian geratu da hona ez zetozela tresnak egitera soilik. Bizi ere hemen bizi ziren”. Kokagune horietan egindako suen arrastoak ere badaude.

Joan den astean Plentziako Udalak eta Eusko Ikaskuntzak antolatu zituzten jardunaldietan eman zuen Riosek aurkikuntzon berri. Orain arte egindako indusketetan, gutxienez historiako sei unetako okupazioak aurkitu ditu haren taldeak. Hainbat erreminta jaso dituzte, eta tresna mordoa. Erdi Pleistozenoko aztarnak dira orain arte aurkitu dituzten zaharrenak: 115.000 urte baino gehiago dituzte. Eta Erdi Paleolitoko aztarnategia ere ikertu dute: 65.000 urtekoa. Aurkikuntza garrantzitsua da oso. Hari esker jakin da aire zabalean ere egon zirela bizilekuak. Eta Arantzabalen frogatu dute posible dela era horretako aztarnategiak induskatu eta ondo kontserbatutako aztarnak aurkitzea.