Kultura

Jazzaren aniztasuna dakarren jaialdia

Jazzaren aniztasuna dakarren jaialdia

Asier Arrate Iruskieta

Kalitatea, aniztasuna eta gazteentzako aukera dira Getxoko jazzaldiaren ardatza. Ezaugarri horiek bereizi dute Getxokoa beste jaialdi batzuetatik, eta, 40 urteren ostean, bere tokia egitea lortu du bai jazzaldien artean, baita Getxon ere.

Azken urteetako bideari jarraituz, izen handiko talde eta musikariak arituko dira aurtengo jazzaldian: Jorge Pardo, Uri Caine, Hermeto Pascoal eta Dee Dee Bridgewater, besteak beste. Horiekin batera arituko dira talde lehiaketako finalistak. Guztira, hamar kontzertu bost egunetan.

Iñaki Saitua jazzaldiko zuzendariak azaldu du jaialdiaren helburua dela izen handiek eta talde berriek agertokia partekatzea, nahiz eta aitortu duen beti ez dela erraza izaten. Talde lehiaketa da Getxoko jaialdian berezitasunetako bat. Aurten, Europako hainbat herrialdetako 70 talde aurkeztu dira lehiaketara, eta horietako bost arituko dira jazzaldiko agertoki nagusian.

Beste berezitasuna Hirugarren Milurtekoa atala da: euskal musikarientzako eta atzerrikoentzako agertokia. "Horrekin aniztasuna eskaintzea dugu helburu, bai musikaren aldetik bai jatorriaren aldetik", adierazi du Saituak.

Jaialdiaren 40. urteurrenean umeek ere izango dute lekua. Lehen aldiz haurrentzako bi ikuskizun antolatu dituzte zapatu eta domeka eguerdirako. Saituak azaldu duenez, jazz kontzertuak dira, baina umeentzat. "Espero dugu horrekin umeak jazzaren munduan murgiltzea".

Egitaraua biribiltzeko hiru gauetan jam session-ak egingo dituzte Algortako The Pipers Irish pubean. Gauerdian hasiko dira, eta nahi duenak agertokira igotzeko aukera izango du dagoen taldearekin batera inprobisatzera. Ekintza denen helburua jazz musika "herrira zabaltzea" dela azaldu du Saituak.

Hori guztia jaialdiaren 40. urteurrenean. Urtemuga, ordea, ez dute baliatuko jaialdi bereziagoa egiteko. Alderantziz, Saituaren esanetan, urtero saiatzen dira jazzaldia berezia egiten. "Ikusleei eskaintzen diegun musika berezia izatea da garrantzitsua".

Olinpiadak, kantuan ere bai

Olinpiadak, kantuan ere bai

Nerea Bedialauneta Alkorta

Olinpiar Jokoak Rio de Janeiron jokatuko badira ere, milaka ahots batuko dituen World Choir Games abesbatzen olinpiadak Errusiako Sotxi hirian jokatuko dira uztailaren 6tik 16ra. Mundu osoko abesbatza ez profesionalek lehiatzen dute nazioarteko txapelketarik ezagunenean, eta horien artean izango da Gernika-Lumoko Gaudeamus Korala, Ondarroako Unanue Kamara Koraleko hainbat lagunekin batera. Busturialdeko eta Lea-Artibaikoek iaz Zumarragako Antigua Abesbatza Lehiaketa irabazi eta Torreviejako (Alacant) Nazioarteko Polifonia eta Habanera lehiaketako saria lortu zuten, eta, horri esker, olinpiadetan parte hartzeko sailkatu ziren.

Hilabete luzeak daramatzate olinpiadetarako prestatzen, eta entseguetan egindako ahalegina txapelketan bistaratzeko aukera izango dute parte hartuko duten hiru kategorietan: polifonian, a capella folklorean eta folklore eszenikoan.

Kategoria bakoitzean, gehienez jota, 20 minutu izango dituzte, eta, hala, XXI. mendean idatzitako hamabi kantaz osaturiko errepertorioa prestatu dute, launa kanta kategoria bakoitzerako.

Olinpiadetara begira, oro har, interpretatzeko "oso zailak" diren partiturak aukeratu dituzte. Gehienak euskal idazleek eta musikariek egindako obrak dira, eta tartean, Gaudeamus koralarentzako propio idatzitako hiru obra aukeratu dituzte: Rügen eragiketa, Dona nobis pacem eta Ikimilikiliklik. Rügen eragiketa eta Dona nobis pacem, esaterako, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurren jaian abesteko konposatu zituen Albert Alcarazek.

Euskal erromeriako kantak

Kantu sortari dagokionez, jatorri atzerritarra duen kantu bat aukeratu behar izan dute, nahitaez. "Polifoniako zatian kantuetako bat, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean abestu behar genuen, eta gure kasuan, The typewriter aukeratu dugu", azaldu diote HITZAri Julia Foruriak eta Estibalitz Arrizabalagak, Gaudeamus eta Unanue abesbatzetako zuzendariak hurrenez hurren.

Txapelketa uztailaren 8an eta 9an lehiatuko dute. Hilaren 8an, folklore eszenikoa kategoriako lehian ariko dira, eta hilaren 9an, ostera, a capella folklorea eta polifonia kategorietan parte hartuko dute.

Folklore eszenikoan euskal erromerietako hainbat kantu ezagun abestu eta dantzatuko dituzte, eta folklore kategoriarako, ostera, euskal folklorean errotuta dauden beste hainbat kanta prestatu dituzte.

Euskal nortasuna, jatorria, izaera eta erromeria bateratu nahi izan dituzte folklore eszenikoari dagokion alorrean, eta ordu laurdenean, geratu barik, dantzan eta abesten ariko dira. "Gure folklorearen izaera adierazten saiatuko gara. Horretarako hitzak dituzten euskal dantzak aukeratu ditugu. Lan handia egin dugu. Guk geuk berez euskal dantzarik jakin ez arren, guk dantzatuko dugu ikuskizunean. Asko kostatu zaigu ikuskizuna antolatzea, baina oso gustura geratu gara emaitzagaz".

Abestiak ondo gozatzeaz gain, interpretazio aldetik ikuslearengana ahalik eta gehien ailegatzen saiatu dira. Gaudeamusekoek nabarmendu dutenez, espresioa lantzen berebiziko ahalegina egin dute. "Abesten ari garenean sentitzen dugun emozio hori ikusleari ahalik eta hurbilen sentiaraztea izan da gure erronkarik handiena. Kanta bat ondo entonatuta eta finduta abestu dezakezu, baina entzulearengana ez bazara ailegatzen, ez duzu ezer transmititzen".

Esperientzia handikoak

Aurtengoa ez da Gaudeamusek olinpiadetan parte hartuko duen lehendabiziko aldia. Aurretik beste lau olinpiadatan parte hartu du taldeak, eta oso emaitza onak lortu ditu. Julia Foruriak zuzenduriko taldeak, guztira, bi urrezko domina eta zilarrezko domina bat lortu zituen, hain zuzen ere. 2008an Graz-en (Austrian) lehiatutako olinpiadetan: Europa mailako lehen postuan amaitu zuten, eta mundu mailan, hirugarren geratu ziren.

Oraingoan, gainera, Ondarroako Unanue Kamara Koraleko hamahiru kidek Gaudeamusekin batera biziko dute olinpiada batean parte hartzeko esperientzia, estreinako. Damen kantak ikuskizuna batera egitea erabaki zuten bi abesbatzek duela bi urte, eta esperientziagaz pozik geratu ostean, errepikatzea erabaki dute. "Guretzako esperientzia oso polita eta aberasgarria izaten ari da. 25 urte bete ditu abesbatzak, eta urteurreneko opari ederra iruditzen zaigu nazioarteko txapelketa entzutetsu batean parte hartzeko aukera izatea. Gaudeamusek olinpiadetara joatea erabaki zuenean, Julia Foruria zuzendariak eurekin batera parte hartzeko gonbidapena egin zigun, eta, asko pentsatu barik, baietz esan genion. Guretzako ohore handia da eurekin batera joatea", adierazi du Estibalitz Arrizabalaga zuzendari ondarrutarrak.

Musikari, koreografo eta abesbatza bietako 58 lagunek osatutako espedizioa astelehenean abiatuko da Errusia aldera, baina joan aurretik, prestatu duten ikuskizuna Gernika-Lumon ikusteko aukera egongo da.

Gaur, 21:00etan, datorren astean Sotxin interpretatuko duten errepertorioa eskainiko dute Jai Alai pilotalekuan. Lehen kontzertua Ondarroan eman zuten, eta pozik geratu ziren emaitzagaz. "300 entzule inguru batu ziren Zaldupe ikastetxeko jolastokian, eta asko, gainera, gu ikustera lehendabiziko aldiz etorri ziren. Ikusleak oso gustura ikusi genituen, ikuskizunak ondo irten zuen, eta beraz, olinpiadetako esperientzia bizitzeko oso motibatuta gaude", dio Arrizabalagak.

Mugak zeharkatzeko saioak

Mugak zeharkatzeko saioak

Natalia Salazar Orbe

Denetariko artista bitxiek astinduko dituzte Bilboko kaleak astelehenetik aurrera. Astindu horiek arren, denbora eten egingo da oinezkoentzat: aho zabalik utziko dituzte grabitatearen legeak hausten dituzten itxurak egiten dituzten ikuskizunek, edo Areatza erdian jarritako igerileku batera lau metroko altueratik salto egiten duen artistaren trebeziak. Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia, abiatuko da astelehenean. Kaleko arte eszenikoetan erreferente diren Euskal Herriko eta nazioarteko 28 konpainiaren eskutik, 56 ikuskizun taularatuko dituzte uztailaren 2ra bitartean.

Zirku ikusgarri batek inauguratuko du hamazazpigarren Kalealdia. Lurrak ikuskizunak euskal kulturan sustraitutako zirku garaikidearen erakustaldia egingo du Arriaga plazan. Bere dimentsioa, tipologia eta konplexutasun teknikoa direla eta, euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna eskainiko du agertoki berezi horrek.

Kalealdiak berak eta Gasteizko Kalearte jaialdiak ekoiztu dute. Formatu handiko ekoizpen lana da, muntaketa teknikoari eta, batez ere, ikuskizunean parte hartzen duen profesionalen kopuruari erreparatuta.

Bost antzezle ditu protagonista: Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo, Marc Muñoz eta Nuria Puig. Akosta kirolari trebea da. Lau aldiz izan da Espainiako txapelduna uztaietan. Eta, artista gisa, 1.500 emanaldi baino gehiago egin ditu Cirque du Soleil konpainiarekin. Akrobazia du espezialitate Chamizok. Baina antzezlea, pailazoa eta clown-a ere bada. Agirresarobe mundakarra ere zirku artista da. Lurrak da bost artistok talde gisa egiten duten lehen lana. Muñoz eta Puig elkarrekin aritu ohi dira, eta baskula ikuskizuna eskainiko dute, besteekin batera, oholtza gainean.

Musikak ere protagonismo handia hartuko du. Mikel Hernandez Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarren ttakunek josiko dute ikuskizuna. Doinuez haragoko saioak eskainiko dituzte. Izan ere, musikariak ere antzezle lanetan jarri ditu Adrian Schvarzestein zuzendariak.

Trikiti doinuak Unai Laso santurtziarrak jarriko ditu. Haren herrikide Roberto Castrok, bestalde, denetariko tresnak baliatuko ditu: alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera eta tarrañuelak. Ikuskizun horretarako propio sortutako doinuak joko dituzte musikari horiek.

Bost artista eta lau musikari jarriko dituzte oholtza gainean, beraz. Oreka jokoak, soka ariketak eta baskulan prestatutako jauziak izango dituzte betebehar ikuslea harrapatuko duen saioan.

Hasiera ikusgarria dakar Kalealdiak. Baina hasiera besterik ez da izango hori. Kaleko antzerkia, musika ibiltaria, clown-ak, kabareta, dantza eta aireko akrobaziak eskainiko dituzte Areatzako, Plaza Barriko eta Arriagako plazetako agertokietan eta Casilda Iturrizar parkean jaialdiak iraungo duen egunetan. Aurten ere, zirkuko karpa handia jarriko dute parke horretan. Bertan zabalik egongo diren beste bost agertokiekin batera, hiriko berdegune hori aire zabaleko agertoki gisa finkatuko dute: 56 ikuskizunetako asko eta askoren agertokia izango da.

Aukera paregabea ematen du kokaleku horrek era horretako ekitaldiak antolatzeko, hala azaldu dute antolatzaileek. Leku zabala izateaz gain, oinezkoentzako gunea ere bada eta.

Estreinaldiak

Hainbat ikuskizun estreinakoz ikusi ahalko dira Bilbon. Belgikako Pol & Fredi konpainiaren Le cirque democratique de la Belgique lana da horien artean azpimarragarriena. Demokraziaren mugei buruzko umorezko antzezlan horretan, gehiengoaren diktadurarako joera izango dute aztergai. Kabaret bat antzeztuko dute Areatzan. Ikuskizun bitxiak eskainiko dituzte; besteak beste, eskirako erabiltzen diren botak baliatuta, klake saio bat interpretatuko dute. Horrez gain, ikusmin handia sorraraziko du lau metroko altueratik igerileku batera egingo duten jauziak.

Zazpikaleak eta Bilboko gauak izango dira ikuskizun deigarrienak bereganatuko dituzten leku eta tarteak. Han estreinatuko du L'effet escargot lana Frantziako Kadavreski konpainiak. Poesiaz betetako zirku ikuskizun bat eramango dute Areatzako kaira. Protagonistek itxura trauskila dute lehen begiradan. Hala ere, ikusleak aho zabalik uzteko moduko abileziak erakutsiko dituzte lanean hasitakoan. Trebeziaz betetako eskujoko saioak, akrobaziak, oreka lanak eta aireko uhal ikuskizunak dauzkate prest.

Ikuskizun gehienak doakoak izango badira ere —karpa barrukoak ordaindu egin behar dira—, kalitate handiko konpainia eta artistek egingo dute bat Kalealdian. Andaluziako Marco Vargas & Chloe Bruleren Me va gustando dantza saioak, esaterako, hainbat sari jaso ditu. Bertan ari diren lau artistak erabateko kontrasteetan murgiltzen dira hitzaren, musikaren eta dantzaren bitartez. Elementu bat dute komun: flamenkoa. Arriaga antzokiaren ondoan taularatuko dute, uztailaren 2an.

Egun horretan iritsiko da ikusmin handienetakoa sortu duen saioa ere, nazioartean ospe handikoa: Cirque Rouagesek Sodade ikuskizuna aurkeztuko du. Zirkuko ikuskizunik onenaren saria irabazi berri du Valladolideko (Espainia) Nazioarteko Kaleko Antzerki Jaialdian. Hamar artistak osatzen dute taldea. Zirkua, mugimendua, musika eta antzerki mekaniko eta poetikoa baliatzen dute komunikatzeko. Akrobatek, funanbulistek eta trapezistek, bi gurpilek eta soka batek osatutako egitura handi batean euren trebeziak erakutsiko dizkiete bertaratzen diren ikusleei.

Eskujokoak, akrobaziak eta bestelako trebetasun harrigarriak taularatuko dituzten artisten ondoan, ikuskizun bitxiagoak egingo dituzten beste batzuk ere izango dira. Hainbat diziplina nahastuta, saio berritzaileak sortu dituzte.

Casilda Iturrizar parkea izango da era horretako bi ikuskizunen agerlekua. Horietako bat Le Siffleurrek eskainiko du. Txistu jotzailea da bera. Poltsikoko orkestra filarmoniko batek lagunduta, Schubert eta halako musikari klasikoen kantak interpretatuko ditu txistu eginda. Bake gunea eskainiko die ikus-entzule guztiei poesia laino baten aterpean.

Publikoa protagonista bilakatuko da, bestalde, Mysterieuses Coiffuresen Con ternura... una historia de flores ikuskizunean. Hala nahi duten ikusleen ilean, lorez osatutako ile bildu ikusgarriak egingo dizkiete.

Suitzatik iritsitako Nicole & Martin ipuin kontalariak parkeko karpan ariko dira. Grimm anaien lau ipuin ezagun taularatuko dituzte. Gaztelerazko saioa izango da. Euren bi seme-alabekin munduan zehar ibiliz karabanan bizi diren zirkuko bi artista dira ipuin kontalariok. Haien ikuskizunek, betiko ipuinetatik ateratako antzerkirik kutunena eta akrobazia saio ikusgarriak, zuzeneko musika, umorea eta magia uztartzen dituzte.

Euskal ordezkariak

Lurrak ekoizpenaz gain, Euskal Herriko ordezkaritza zabala izango da, aurten ere, Kalealdian. Hainbat taldek aurkeztuko dituzte euren azken lanak: Kukai Dantza eta Tanttaka Teatroa, Malas Compañias, Marie De Jongh, Pez Limbo eta Markeliñe konpainiek, Garazi Pascualek eta Ivan Gonzalezek, hain zuzen. Dantza, zirkua, kaleko antzerkia eta clown diziplinak uztartzen dituzten proposamenak taularatuko dituzte.

Familia giroan gozatzeko moduko saioak prestatu dituzte uztailaren 1 eta 2ko goizetarako. Familia osoarentzako antzerkia, musika, zirkua eta clown ikuskizunak interpretatuko dituzte. Malas Compañias eta Cafe de las Artes Teatrok hartuko dute ardura hori.

Bestalde, umeentzako zirku tailerrak egingo dituzte, Areatzan, asteartetik ostegunera. 4 eta 12 urte arteko umeek gorputzeko lanarekin lotutako oro landuko dute: disoziazioa, erritmoa eta mugimenduaren hastapena. Helburua ondo pasatzea eta arte diziplina horretara beste modu batean hurbiltzen laguntzea da.

Saioetara propio bertaratutako ikusleak eta Bilbon zehar ostera bat egiten ari diren asko eta asko erakarriko dituzte bateko eta besteko eskaintzek. Ikuskizuna hastera doa.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.bilbokokalealdia.eus

Bederatzi belaunaldi elkarrekin dantzan

Bederatzi belaunaldi elkarrekin dantzan

Asier Arrate Iruskieta
Gaztedi dantzari taldea 1951. urtean sortu zuten, Santutxun, eta, ordutik, auzoaren erreferente eta bertako ospakizunen ezinbesteko parte da. 65 urte horietan santutxuar asko pasatu dira taldetik, eta horiek guztiak omendu nahi d...

Koloretako Gau Zuria

Koloretako Gau Zuria

Aitziber Laskibar Lizarribar
Argia, musika, antzerkia, dantza, multimedia proiekzioak eta su festa. Bilboko Gau Zurian kolorea izango da nagusi bihar; hiriaren sorrera ospatzeko gau handian. Duela 716 urte sortu zenetik, hiribilduaren erdigunea zehazte...

Plazek ez dute Amuriza ahazten

Plazek ez dute Amuriza ahazten

Xabier Amurizak plazak utzi ditu, baina plazek ez dute Amuriza utzi nahi. Erretiroa hartzeko erabakiaren berri izan, eta Durangoko Bertso Eskolak esker ona azaldu nahi dio. Horretarako, Etxanoko bertsolaria protagonista izango duen ekitaldi sorta bat ...

Festa eta elkartasuna, eskutik

Festa eta elkartasuna, eskutik

Natalia S. Orbe

Zail gertatzen da sarri askotan gero eta mundu globalizatuagoaren barruan norberak bere kultur adierazpenei eustea. Eta eginahal hori are zailagoa da horretarako baliabide gutxi dutenen kasuan. Kuban badakite zer den hori. Pinar del Rio probintzian, Viñales herrian, euren tradizioei eusteko mugimenduak indar handia hartu du. Ventana al Valle izeneko proiektua abiatu dute han. Amparo Loizaga da kultur proiektu horren koordinatzailea. "Kuban gertatu diren aldaketek eragina izan dute kulturan ere. Bertako zenbait kide jabetu dira kulturaren funtsa arriskuan dagoela, eta desagertu ere egin daitekeela".

Euskal Herrian bada Viñalesekoarekin antzekotasun handia duen esperientzia bat: Gernika-Lumoko Astra sormen lantegia. "Kultura sortzeko eremuak dira biak". Hala azaldu du Kuba bihotzean daraman Kepa Urionabarrenetxeak. Senidetasun horren adierazle, eta Viñaleseko egitasmoari laguntzeko asmoz, Ireki Leihoa Kubari jaialdia antolatu dute astebururako. Astrak, Euskadi-Kuba elkarteak, Ventana al Valle egitasmoak eta Arrano kultur elkarteak prestatu dute.

Loizagak azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak. "Kultur arloan zenbait fenomeno gertatzen ari dira Kuban. Proiektuaren helburua da bertako kultura suspertzea. Gazteenei eta gerturatzen diren turistei Kubako kulturaren mamia ezagutarazteko aukera zabaldu gura diegu". Arte adierazpen guztiak biziberritu gura dituzte: dantza, repentismoa, eztabaidarako mahaiak, hizkuntza ohiturak, etnografia, historia, biodibertsitatea, ingurumenaren zaintza, betiko gastronomia berreskuratzea eta domino arratsaldeen bultzada.

Sei urte daramatza martxan proiektuak. 150 lagunetik gora ari dira bertan lanean. Baina baliabide ekonomikorik ez dute. Eta, egitasmoak aurrera egin zezan, behar beharrezkotzat jotzen zuten eraikin bat. Euskal Herritik laguntza handia jaso dute horretarako. Gaur eta bihar Gernika-Lumon izango den jaialdian ateratako dirua ere horretara bideratuko dute. Ekitaldietan parte hartuko duten guztiek musu truk egingo dute. Esker ona agertu du Loizagak: "Gainerakoan, ezingo genukeen era honetako ezer antolatu".

Urionabarrenetxea jaialdiaren antolatzaileak haren asmoen berri eman du: "Jaialdia dirua ateratzeko da, alde batetik. Horrez gain, kulturen arteko ezagutza sortu gura dugu, eta jendeari Kuban eta, bereziki, Viñalesen zer dagoen ezagutarazi".

Hala, jai giroak eta aldarrikapenak bat egingo dute Astran. Musika, dantza, bertsolari eta repentista, eta mojitorik ez da faltako. Era berean, eta horiekin tartekatuta, hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte.

Elikadura subiranotasuna izango dute hizpide, esaterako, gaur arratsaldean. Urionabarrenetxea harrituta geratu zen Kubara egin zuen bidaian, hango nekazaritzaren eta elikaduraren kudeaketarekin. "11 milioi biztanle dituen irla bat da. Blokeo izugarria jasaten ari da. Ezin dute makineriarik zein jenerorik lortu. Zelan dira gai bertako herritarrak ez ezik urtero dituzten bost milioi bisitariak ere elikatzeko?". EHNE Bizkaia sindikatuko kide batek emango ditu azalpenak.

Bide batez, Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxe publikoan abiatu berri duten probako proiektu baten berri emango du bertako guraso batek. "Jantokia guraso elkarteak kudeatuko du. Inguruko nekazariei erosiko dizkiete produktuak, eta ikastetxeko sukaldean bertan prestatu. Bertakoa indartu eta hobeto jatea da helburua".

Euskal Herriko eta Kubako kulturen trukatze gisa, bertsolariak repentista moduan ariko dira kantuan gauean. Josu Goikoetxeak proposatuko ditu Andoni Egaña, Xabi Paya eta Jon Martinentzako gaiak. "Repentismoa eta inprobisazioa zer diren azalduko dute. Beste metrika batzuk baliatuta, gazteleraz abestuko dute".

Bertsozale elkartea ari da Kubako repentistekin elkarlanean, transmisioak huts egin ez dezan. "Kuban profesional handiak dituzte, baina ahoz ahoko transmisioa besterik ez dute landu. Aitzitik, Euskal Herrian bertsolari elkarteek eta euskal jendarteak lan handia egin dute bertsolaritza sustatzeko".

Bestalde, Kuban zer gertatzen ari den azaltzeko mahai ingurua antolatu dute biharko. Euskadi-Kuba erakundeak gidatuko du. Loizagaren arabera, helburua ez da hitzaldi bat egitea: parte hartzea eta elkar eragitea dute xede. "Blokeoarekin eta Guantanamorekin zer gertatzen den azalduko dute, baita egoera ekonomikoa eta kulturala zertan diren ere".

Musika

Kubako jaialdi batean ezin falta zitezkeen bertako doinuak eta dantzak. Gaur D'Capricho taldearen kontzertua izango da. Kubatarrak dira, baina euskaraz abesten dute. Bertsolariak repentista gisa kantuan eta kontzertua entzuten ari direnek, nahi izanez gero, afaltzeko aukera izango dute.

Bihar, Habana 537 taldea ariko da zuzenean, Astrako agertokian. Sarrera bost euro kobratuko dute, eta edari bat eskuratu ahal izango dute sarrera erosten dutenek.

Mojitorik onena dastatu gura duenak aukera paregabea izango du jaialdian: nazioarteko txapelketa antolatu dute. Bi kategoria izango dira: Mojito tradizionala eta bakoitzak nahi duen eran egindakoa. Sariak ez dira nolanahikoak izango: Lehenengoa, Urandere itsasontzian lau lagunentzako txangoa. Bigarrena, zaldi txango bat Elantxobe inguruan. Hirugarrena, lau lagunentzako kanoa ibilbidea Laida eta Gautegiz Arteaga artean. Horiek ere doan eman dituzte.

Erakusketak

Ireki Leihoa Kubari jaialdiko ekitaldi nagusiak gaur eta bihar egingo dituzte, baina aurretik ekin diote motorrak berotzeari. Lau erakusketa zabaldu zituzten joan den astean, eta ikusgai izango dira hilaren 18ra arte. Emakumeak elikadura subiranotasunaren protagonistak; Kuba, solidaritate isilarazia; Kubako kooperazio eta lorkuntzak; Ventana al Valle: proiektuaren irudiak eta bideoak, eta Tasio marrazkilariaren zintak: Kuba leihoa mundua. Besteak beste, Kubaren elkartasuna agerian uzten duten erakusketak dira. "Nahiz eta gabeziak izan, herrialdea apur bat ezagutzen dugunok badakigu beti dagoela laguntzeko prest: hondamendi naturalak gertatu direnetan, beti egon dira laguntzeko prest. Hala ere, komunikabideek ez dute zabaltzen Kubaren irudi hori", azaldu du Urionabarrenetxeak. Horretaz gainera, Tasioren erakusketak Kubaren azken urteetako historia islatzen du.

Asteburukoa era horretako bigarren jaialdia izango da. Lehenengoa iaz egin zuten, Abadiñon. Loizagak dirua lortzearen garrantzia azpimarratu du. Egin behar duten eraikina bukatu gabe dago. Agertokia, artistentzako gelak eta biltegia izango ditu, besteak beste. "Horrez gain, eremu ireki bat ere aurreikusita dago, ikusleek ikuskizunez gozatzeko eta proiektuko kideek entseguak egin ahal izateko". Kubako Gobernuaren babesa dute, baina ez dauka diruz laguntzeko modurik.

Ventana al Valle egitasmoaren eraikina, erabilera anitzerako gunea izateaz gain, kulturen arteko harremanak bermatzeko toki ere bihurtu gura dute. "Euskal Herriko dantza talde bat Kubara badoa, leku horretan egin ahalko da trukea. Munduko kulturentzako zabalik egongo den espazioa sortu gura dugu".

Kultura eta harreman sozialak bultzatzea dute helburu Astrak, Gernikan, eta Ventana al Valle egitasmoak, Kuban. Loizagarentzat, "Astra kultur erreferente bat izan da. Arma lantegi bat izan zen, eta duela hamar urte okupatu zuten. Apurka haziz joan da, eta, egun, kultur erreferente bihurtu da Euskal Herrian. Bi proiektuak behe-behetik hasitakoak dira. Lan eta elkartasun handiz gauzatu dira. Herritarrak sozializatzeko topaguneak dira. Astran Euskal Herriko kultura lantzen dute; eta Ventana al Valle proiektuak, kubatarra. Antzekotasun handiko bi kultura dira".

Lokal ahaztuak, artez beteak

Lokal ahaztuak, artez beteak

Pello A. Zuazo

Zer ematen dion arteak kaleari? Bizitza, argi eta garbi". Irune Jimenez eta Eider Aldape Basauriko Udalak antolatzen duen Kaleartean topaketaren ordezkariak dira, eta, diotenez, artea kalera eramateak artearekiko dugun ikuspegia zabaltzen laguntzen du. "Kultura kontsumitzeko museoetara joan behar dugu, baina, kasu honetan, herrira, plazara, auzora, kalera ekarri dugu. Eta, horrela, kulturaren sozializazio bat gertatzen da".

Aurten, bigarrenez egingo dute Kaleartean, Basauriko jarduerarik gabeko lokaletan egindako aldi baterako esku hartzeen topaketa. Gaur hasi eta igandera arte, nazioarteko hamar sortzailek Basauriko hamar lokal huts erabiliko dituzte beren proiektu artistikoak jendaurrean sortu, garatu eta erakusteko. Hau da: proiektu horiek sortzen eta garatzen dituzten bitartean, edonor sar daiteke lokal horietara. Jimenezek eman du azalpena: "Gauza berritzailea da hori. Izan ere, normalean, publikoak sortze prozesuaren emaitza baino ez du ikusten, baina, kasu honetan, prozesua bera zuzenean ikus dezake, eta baita prozesu horretan parte hartu ere, iritzia eman... eta obra aldakorra izan daiteke".

Duela hiru urte Jimenezek eta Aldapek egunkarian irakurritako albiste bat da ideiaren iturria. Basauriko Udalak herriko lokal guztiak erroldatu zituela zioen albisteak, eta lokal horietako askok ez zutela inolako jarduerarik. Horrela, bada, udalera joan, eta lokal hutsen arazoari aurre egingo zion proiektu bat aurkeztu zuten. Udala oso interesatuta agertu zen, eta, elkarrekin, Kaleartean topagunearen lehenengo edizioa antolatu zuten. "Munduan egitasmo asko daude non espazio hutsak praktika artistiko eta kulturalekin birmoldatzen diren. Gure hirietan ere espazio huts ugari daude, ez direnak erabiltzen. Espazio horiei bizitza ematen saia gaitezke".

Aldaperen esanetan, berriz pentsatu behar da espazio pribatuen erabilera: "Aldaketa bat behar da espazioen kudeaketan. Lokal bat ez da zertan alokairura edo salmentara bideratu; ez da bakarrik denda bat edo frutategi bat zabaltzeko baliatu behar. Zergatik ez kultura edo sormenarekin, edo industria sortzaileekin zerikusia duten ekintzak egiteko erabili?". Adierazi duenez, espazioaren erabileraren inguruko hausnarketa ere bada Kaleartean. Hain zuzen, hiru dira finkatu dituzten xedeak: espazioen erabilera birpentsatzea; kulturari, arteari eta sorkuntzari balioa eman eta espazio publikora hurbiltzea; eta sortzaileei euren lanak aurkezteko eskaintza egitea.

Elkartrukea

Topaketa antolatzeko bidean, hiriaren zein eremu —edo kale— landuko dituzten erabakitzea da lehen pausoa. Izan ere, Kaleartean proiektu txikia da, eta ezin dezake hiri guztia barne hartu. "Ezin duzu lokal bakoitza hiriaren punta batean jarri; bestela, topaketa desbirtuatu egingo litzateke. Esparru kontzentratua izan behar du, indarra eta ikusgarritasuna lortzeko", azpimarratu du Aldapek. Iaz bezala, Menendez Pelayo, Antonio Trueba eta Soloarte kaleen arteko lokalak aukeratu dituzte aurten, hiriaren erdigunean.

Higiezinen enpresek bitartekari lana egiten dute lokal horien jabeen eta antolatzaileen artean. Halere, aurten, lokal horiek aukeratzeko eta jabeekin zuzenean harremanetan jartzeko kanpaina eta deialdi irekia egin dute. "Higiezinen enpresen lana garrantzitsua da, baina horietan ez dagoen jendearengana ere heldu nahi genuen, eta Kaleartean zer den azaldu". Iaz, zazpi lokalek parte hartu zuten, eta horietako hirutan negozio berriak zabaldu dira jadanik.

Publikoa eta pribatua

Arlo publikoa eta pribatua uztartuz, zerbitzu publiko bat ematen du topaketak. Eta, era berean, ematen duen zerbitzu publiko horrek arlo pribatuari ere mesede egiten dio. Hartu-eman zirkulu bat sortzen da, Jimenezen aburuz. "Kaleartean instituzio publiko batek bultzatzen du, baliabide pribatuak baliatzen ditu, eta hiritarrentzako doako eskaintza kulturala ematen du. Beraz, errekurtso pribatu bat onura publiko baterako erabiltzen da. Esango nuke hiruren artean elkartruke bat gertatzen dela. Gainera, artista gehienek Basauriko bertako komertzioetan erosten dituzte egunotako lana egiteko behar dituzten materialak".

Artistak lehiaketa publiko bidez aukeratzen dira. Udalaren webgunean dagoen inprimaki bat bete, eta, han, zer egin nahi duten, aurrekontua, euren ibilbidea, zer-nolako lokal mota nahi duten eta abar azaldu behar dute. Aurten, 30 proposamenetik gora aurkeztu dira, eta epaimahaiaren zeregina izan da horietatik hamar aukeratzea. Malus Arbide artistak, Nerea Diaz sortzaileak, Alex Filiatreu diseinatzaileak eta Iker Serrano margolariak osatzen dute epaimahaia. "Gaiaren eta moduen aldetik, askatasuna erabatekoa da. Sormena eta sortzailea bere testuinguru guztietan ikusi nahi ditugu: diseinua, teknologia, ikus-entzunezkoa, artea, pintura, argazkigintza, performanceak, antzerkiak... Hori bai, sortzaileek herritarren parte hartzea eta interakzioa bilatzen dute beti". Iaz, Basauriko ondarearekin eta historiarekin lotu zuten artista batzuek euren obra, edo garai batean lokal horretan gertatutakoarekin.

Sormena kalean barrena

Aurten, hainbat berrikuntza izango ditu topaketak. Iazko moduan, hamar sortzailek parte hartuko dute, baina, oraingo honetan, kategoria desberdinetan sailkatu dituzte. Horietako bik bi asteko estantziak sortuko dituzte; hau da, euren proiektu artistikoa bi astez garatuko da Basauriko lokal huts batean. Eta, horretarako, 1.000 euroko diru laguntza izango dute. Beste zortziek, berriz, hiru egun izango dituzte euren proiektua garatzeko. Eta zortzi horien artean ere bi kategoria egin dituzte: lau hasiberriak izango dira, eta 400 euroko diru laguntza izango dute, eta beste laurak senior mailakoak izango dira, eta 600 euroko laguntza izango dute.

Horrez gain, "programazio osoago bat" eskaini nahian, sortzaile gonbidatu bat ere egongo da aurten: VIC Vivero de Iniciativas Ciudadanas. "Madrileko talde bat da. Esan daiteke hirigintza eta arkitektura direla aurtengo diziplina gonbidatuak; gai horiek landuko dituzte". Sortzaile gonbidatu horrek ere lokal huts batean egingo du lan. "Dakigunez, baso antzeko bat sortuko dute lokal barruan. Iturria izena jarri diote esku hartzeari".

Era berean, umeen parte hartzea sustatzeko helburuz, Bizkotxalde parkean tailer eta jokoak egingo dituzte. Kaleartean topaketak iraungo duen hiru egunetan Basaurin mugimendua sor dadin nahi dute Jimenezek eta Aldapek, eta mugimendu horrek inguruko dendetan eta tabernetan ere eragina izan dezala. "Ea, honek, zentzu batean, bizitasuna suspertzeko balio duen".

Kaleko sortzaileen plaza

Kaleko sortzaileen plaza

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Akrobaziak egiten talde bat plazan, eta, kalearen bestaldean, beste talde bat dantzan. Bien bitartean, aktore talde bat ari da kalea gurutzatzen. Pailazo bat ere badabil, kalean gora eta behera. Agertoki bihurtu da Leioa egunotan. Atzo hasi zen Leioako XVII. Umore Azoka, eta igandera bitartean ehunka artista eta sortzailek hartuko dituzte herriko bazterrak. Guztira, 125 emanaldi izango dira Leioako kaleetan asteburu honetan, eta estreinaldiak izango dira horietako 21.

Jaialdia, festa eta azoka da Leioako egitasmoa. Urtero, 200 profesional baino gehiago elkartzen dira asteburu batez Bizkaiko herri horretan, eta, pixkanaka, toki hartu du kaleko artisten munduan. Gero eta sona handiagoa du Leioako Umore Azokak. Gero eta herritar gehiago biltzen ditu, eta gero eta konpainia gehiagok parte hartzen dute jaialdian. Guztira, 50 talde izango dira aurten, eta euskal konpainiak izango dira horietako hemezortzi.

Euskal taldeek nortasuna ematen diote jaialdiari antolatzaileen arabera, euskal konpainiekin batera "hazi" den azoka baita Leioakoa. Horren adibide da Deabru Beltzak taldea. Hogei urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ospatzeko emanaldi berezia egingo du Umore Azokan. Su á Feu izeneko lana prestatu dute ospakizunerako. Baina Deabru Beltzak ez da estreinaldia eskainiko duen talde bakarra. Euskal talde guztien artean, hamaika taldek lan berria aurkeztuko dute Leioan. Eta denetariko ikuskizunak eramango dituzte gainera: antzerkia, dantza, clown-a, zirkua, txotxongiloak eta performanceak, tartean.

Baina euskal konpainiek ez ezik, herriko taldeek ere presentzia nabaria izango dute jaialdiaren hamazazpigarren edizioan. Itzala utzi du Leioan azokak, eta tokiko taldeak indartzea ekarri du horrek. Horregatik, toki propioa egin diete aurtengo programazioan. Leioako Musika Banda eta Diego Galaz musikaria, Despertar los Sentidos elkarte artistikoa, Andoni Areste dantza eskola eta Gerry Regitschnig clown-a izango dira beren herriko bazterretan gertukoenei egiten dutena erakusten.

Jaialdia baino gehiago

Leioako Umore Azoka ez da sortzaile eta ikusleen arteko elkargunea soilik; programatzaile eta jaialdi zuzendarien topalekua ere bada. Eta, horregatik, konpainientzat beren burua ezagutzera emateko plaza ere izan daiteke Leioakoa. Asteburuan Frantziako eta Koreako arte eszenikoetako jaialdien programatzaileak izango dira, besteak beste. Hortaz, erakusleiho paregabea dute Leioan euskal taldeek beren lanak nazioartekotzeko.

Eta, jaiaz gain, hausnarketarako tartea ere egongo da egunotan. Akitania-Euskadi II. Topaketa ere egingo da Leioan, Etxepare Euskal Institutuak, EKEk eta Akitania-Euskadi euroeskualdeak bultzatuta. SAREA Euskal Antzoki Sareak ere batzar orokorra egingo du azokan. Eta profesionalen elkargunerako eta proposamenen trukerako tokia ere egokitu dute jaialdian, Artekale espazioan.

Inoiz baino luzeagoa izango da aurtengo festa. Izan ere, lehen aldiz, igande gauera arte izango dira ekitaldiak, eta horretaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Pinosolo parkean dagoen Hiri Kulturgunean piknika eta hainbat ekimen egongo dira, besteak beste, domeka arratsaldean.