Olinpiadak, kantuan ere bai

Nerea Bedialauneta Alkorta

Olinpiar Jokoak Rio de Janeiron jokatuko badira ere, milaka ahots batuko dituen World Choir Games abesbatzen olinpiadak Errusiako Sotxi hirian jokatuko dira uztailaren 6tik 16ra. Mundu osoko abesbatza ez profesionalek lehiatzen dute nazioarteko txapelketarik ezagunenean, eta horien artean izango da Gernika-Lumoko Gaudeamus Korala, Ondarroako Unanue Kamara Koraleko hainbat lagunekin batera. Busturialdeko eta Lea-Artibaikoek iaz Zumarragako Antigua Abesbatza Lehiaketa irabazi eta Torreviejako (Alacant) Nazioarteko Polifonia eta Habanera lehiaketako saria lortu zuten, eta, horri esker, olinpiadetan parte hartzeko sailkatu ziren.

Hilabete luzeak daramatzate olinpiadetarako prestatzen, eta entseguetan egindako ahalegina txapelketan bistaratzeko aukera izango dute parte hartuko duten hiru kategorietan: polifonian, a capella folklorean eta folklore eszenikoan.

Kategoria bakoitzean, gehienez jota, 20 minutu izango dituzte, eta, hala, XXI. mendean idatzitako hamabi kantaz osaturiko errepertorioa prestatu dute, launa kanta kategoria bakoitzerako.

Olinpiadetara begira, oro har, interpretatzeko “oso zailak” diren partiturak aukeratu dituzte. Gehienak euskal idazleek eta musikariek egindako obrak dira, eta tartean, Gaudeamus koralarentzako propio idatzitako hiru obra aukeratu dituzte: Rügen eragiketa, Dona nobis pacem eta Ikimilikiliklik. Rügen eragiketa eta Dona nobis pacem, esaterako, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurren jaian abesteko konposatu zituen Albert Alcarazek.

Euskal erromeriako kantak

Kantu sortari dagokionez, jatorri atzerritarra duen kantu bat aukeratu behar izan dute, nahitaez. “Polifoniako zatian kantuetako bat, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean abestu behar genuen, eta gure kasuan, The typewriter aukeratu dugu”, azaldu diote HITZAri Julia Foruriak eta Estibalitz Arrizabalagak, Gaudeamus eta Unanue abesbatzetako zuzendariak hurrenez hurren.

Txapelketa uztailaren 8an eta 9an lehiatuko dute. Hilaren 8an, folklore eszenikoa kategoriako lehian ariko dira, eta hilaren 9an, ostera, a capella folklorea eta polifonia kategorietan parte hartuko dute.

Folklore eszenikoan euskal erromerietako hainbat kantu ezagun abestu eta dantzatuko dituzte, eta folklore kategoriarako, ostera, euskal folklorean errotuta dauden beste hainbat kanta prestatu dituzte.

Euskal nortasuna, jatorria, izaera eta erromeria bateratu nahi izan dituzte folklore eszenikoari dagokion alorrean, eta ordu laurdenean, geratu barik, dantzan eta abesten ariko dira. “Gure folklorearen izaera adierazten saiatuko gara. Horretarako hitzak dituzten euskal dantzak aukeratu ditugu. Lan handia egin dugu. Guk geuk berez euskal dantzarik jakin ez arren, guk dantzatuko dugu ikuskizunean. Asko kostatu zaigu ikuskizuna antolatzea, baina oso gustura geratu gara emaitzagaz”.

Abestiak ondo gozatzeaz gain, interpretazio aldetik ikuslearengana ahalik eta gehien ailegatzen saiatu dira. Gaudeamusekoek nabarmendu dutenez, espresioa lantzen berebiziko ahalegina egin dute. “Abesten ari garenean sentitzen dugun emozio hori ikusleari ahalik eta hurbilen sentiaraztea izan da gure erronkarik handiena. Kanta bat ondo entonatuta eta finduta abestu dezakezu, baina entzulearengana ez bazara ailegatzen, ez duzu ezer transmititzen”.

Esperientzia handikoak

Aurtengoa ez da Gaudeamusek olinpiadetan parte hartuko duen lehendabiziko aldia. Aurretik beste lau olinpiadatan parte hartu du taldeak, eta oso emaitza onak lortu ditu. Julia Foruriak zuzenduriko taldeak, guztira, bi urrezko domina eta zilarrezko domina bat lortu zituen, hain zuzen ere. 2008an Graz-en (Austrian) lehiatutako olinpiadetan: Europa mailako lehen postuan amaitu zuten, eta mundu mailan, hirugarren geratu ziren.

Oraingoan, gainera, Ondarroako Unanue Kamara Koraleko hamahiru kidek Gaudeamusekin batera biziko dute olinpiada batean parte hartzeko esperientzia, estreinako. Damen kantak ikuskizuna batera egitea erabaki zuten bi abesbatzek duela bi urte, eta esperientziagaz pozik geratu ostean, errepikatzea erabaki dute. “Guretzako esperientzia oso polita eta aberasgarria izaten ari da. 25 urte bete ditu abesbatzak, eta urteurreneko opari ederra iruditzen zaigu nazioarteko txapelketa entzutetsu batean parte hartzeko aukera izatea. Gaudeamusek olinpiadetara joatea erabaki zuenean, Julia Foruria zuzendariak eurekin batera parte hartzeko gonbidapena egin zigun, eta, asko pentsatu barik, baietz esan genion. Guretzako ohore handia da eurekin batera joatea”, adierazi du Estibalitz Arrizabalaga zuzendari ondarrutarrak.

Musikari, koreografo eta abesbatza bietako 58 lagunek osatutako espedizioa astelehenean abiatuko da Errusia aldera, baina joan aurretik, prestatu duten ikuskizuna Gernika-Lumon ikusteko aukera egongo da.

Gaur, 21:00etan, datorren astean Sotxin interpretatuko duten errepertorioa eskainiko dute Jai Alai pilotalekuan. Lehen kontzertua Ondarroan eman zuten, eta pozik geratu ziren emaitzagaz. “300 entzule inguru batu ziren Zaldupe ikastetxeko jolastokian, eta asko, gainera, gu ikustera lehendabiziko aldiz etorri ziren. Ikusleak oso gustura ikusi genituen, ikuskizunak ondo irten zuen, eta beraz, olinpiadetako esperientzia bizitzeko oso motibatuta gaude”, dio Arrizabalagak.