Koloretako Gau Zuria

Aitziber Laskibar Lizarribar

Argia, musika, antzerkia, dantza, multimedia proiekzioak eta su festa. Bilboko Gau Zurian kolorea izango da nagusi bihar; hiriaren sorrera ospatzeko gau handian. Duela 716 urte sortu zenetik, hiribilduaren erdigunea zehazten duen Ibaizabal errekaren inguruak izango ditu kokagune nagusi, baina zabalduko da gehiago ere: 23 gunetan egingo diren 23 ekitaldi sortak osatuko dute ikuskizuna. Bilboz gozatzea izango da helburu; hiriburuaz harro egotea, eta ospatzea. Kalean egingo dira ekitaldi gehienak ohi bezala, eta doakoak izango dira guzti-guztiak. Hasi bihar 20:30ean eta 02:00 aldera arte.

Bilbo “bizitzeko lekua” dela erakutsi nahi dute antolatzaileek kultur jardueraz betetako gauarekin. Bilbo ez dela lotarako leku bat soilik. Bizia izan dela beti, eta bizia dela oraindik ere. Eta hala izaten nahi duela aurrerantzean ere, gainera. Horretarako, eta tokiko bertako bizilagunek hiriarekin duten lotura ikusarazteko, parte hartzea bereziki sustatu nahi du Bilbao 700 Fundazioak aurten, eta agindu du inoiz baino interaktiboagoa izango dela gau berezia.

Zortzigarren aldia du aurten Gau Zuriak, eta berritzailea izan nahi du; ikusgarria eta kultur arloan erreferentea, baina “bertako sustraiak ahaztu gabe”. Gauaren antolatzaile den fundazioa seguru dago emaitza bitxia lortuko duela nahaste eta uztartze bereziekin. Eta, aurten, tokikoa bertakoa indartzeko ahalegin berezia egin du. Bilbo 700 fundazioak, ohi bezala ospakizuna antolatu ez ezik, ekoizle lanak ere bere gain hartu ditu aurten, lehen aldiz. Eta, sustatzaileen esanetan, emankorra izan da ahalegina.

Fundazioa 50 enpresarekin aritu da lanean: bai askotariko kultur enpresekin, bai ikuskizunetarako beharrezko diren azpiegiturak prestatzeko enpresekin. Horietako 43 Bizkaikoak dira, eta gainerako zazpiak Euskal Herritik kanpokoak.

Bilboren sorreraren ospakizun ekitaldiak itsasadarraren inguruan, zabalgunean eta erdigunean egingo dira, ia osorik, ohi denez. Baina, Josune Ariztondo Bilbo 700 fundazioaren zuzendariaren hitzetan, auzoetara ere iristen saiatu dira aurten. Horretarako, auzoetako dendarien elkarteekin bildu dira. Biharko gau handirako programazioak auzoetako saltokirik nabarmenetara eramango dituzte, herritarrek eskura izan ditzaten. Ospakizuna iragartzeko “ekitaldiren bat” ere eramango du fundazioak auzoetara. Hala ere, adierazi du bai hiriburuaren erdigunetik kanpo bizi diren bilbotarrek bai herrietan bizi diren bizkaitarrek gustuko dutela noizean behin Bilboko ekitaldi handietara joatea, eta nabarmendu du biharkoa egun aproposa dela horretarako.

Ospakizun nagusiaren atariko gisa, Bilboko dendak urdinez jantzi dira aste osoan. Bilbao Blue Days izena eman dioten egitasmoari, eta puxika, alfonbra eta apaingarri urdinekin prestatu dituzte Bilboko denda asko, eta, kontsumoa bultzatzeko, eskaintza bereziak egin dituzte. Bihar izango da egitasmoaren azken eguna.

Bihar izango da hiribildua sortzeko 1300. urteko ekainaren 15ean sinatu zen gutuna gogoratzeko gau handia ere. Itsasadarraren inguruko eta Zabalguneko kaleetan izango dira ikuskizun nagusiak, baita Santiago katedralean, Euskal Museoan, udaletxean, Zabalgune eraikinean, Foru Aldundiaren jauregian, metro kanpoaldeetan, Azkuna Zentroan, Arte Ederren Museoan, Iberdrola dorrean, Guggenheim museoan, Bizkaia aretoan, Deustuko Unibertsitatean, Itsasadarra itsas museoan eta San Mames futbol zelaian. Honako hauek dira bihar gaueko ekitaldi nagusiak:

1. BILBO KANTUAN

Kantuan hasiko da Gau Zuria, bihar 20:30ean, Santiago katedralaren arkupetan. Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak jarriko du musika, lehenik; 22:00etan Bilboko Koral Elkartearen umeen abesbatza eta Euskeria koroa arituko dira; eta, 23:30ean hasita, Iralabarriko San Antonio abesbatza.

2. GAU BELTZA

Euskal Herriko pertsonaia mitologikoak historiaurreko Mikeldira joango dira. Euskal Museoaren patioan batuko dira, besteak beste, Mari, Basajaun, Lamina eta Herensuge. Euskal Herriko istorioak ezagutaraziko dizkiete han bildutako herritarrei. 22:00etan, 22:45ean, 23:30ean, 00:15ean eta 01:00ean izango dira emanaldiak.

3. ZUBI BATEN ISTORIOAK

Ekitaldi interaktiboa egingo da Areatzako zubian. Herritarrek euren eskuekin sortu ahalko dituzte pasabidean ikusiko diren gune eta irudiak.

4. EZAGUTU BILBO

Erripako kaian ere interakzioa eragin nahi dute sustatzaileek. “Ezagutzen duzu Bilbo?” galderari norberak erantzutea eta hiria ezagutaraztea da helburua. Bilbokoak ez diren eraikin eta paisaiak baztertzean datza jokoa.

5. SWING, SWING, SWING

Kalean swing dantzatzeko gonbita. Reunion Big Band eta Swing Up taldeek emanaldia eskainiko dute Areatzako kioskoan, eta ikastaro irekiak egingo dira.

6. HIRI BATEN SINFONIA

Bilbo askotariko ahotsekin osatutako sinfonia dela adieraziko du Behotsik orkestrak udaletxean. 22:30ean, 23:15ean, 00:00etan eta 00:45ean izango dira emanaldiak.

7. SAREAK JOSTEN

Lau armiarma argidunek Uribitarte pasealekua hartuko dute. Amaren bila arituko diren aramuak sarea egiten arituko dira etengabe errekaren ertzean, baina laguntasun sareak izango dira.

8. BILBOKO AZULA

Urdin-urdina izango da Bilboko itsasadarreko ura bihar gauean. Argi urdinek jantzita, hiriburuaren ikur den kolore berezi hori nagusituko da: Bilboko azula.

9. LUX

Musikaren eta argiaren sinkronizazioak eraikuntza berezia sortuko dute Ingelesen landan: zortzi zutabez osatutako espazio zirkular horren barruan ibiltzeko aukera izango da.

10. ZERO GRAVITY

Mugimendu urbanoetatik abiatuko da Cot breakdance dantza konpainia, eta, gero, garaikideagoak diren mugimendu eta bide berrietara jauzi egingo dute. Zabalguneko eraikinean izango dira ikuskizunak, orduro, 22:00etatik 01:00etara.

11. ZERO KILOMETROA

Pantaila erraldoia jarriko dute Zabalguneko eraikinaren kanpoaldean. Gau Zuriaren zero kilometro gisa izendatu dute Zabalgunea, eta gainontzeko guneetatik bidalitako argazkiak han proiektatuko dituzte. Horretarako, parte hartzeko eta Gau Zuriko ekitaldietako argazkiak bidaltzeko deia egin diete herritarrei.

12. HIRU LEIHO

Kale Nagusian dago Foru Jauregi zaharra, eta ibilaldi birtuala egiteko aukera egongo da. Maketa baten bidez, jauregiko eraikinaren aurrealdean nork bere irudiak sortu ahalko ditu, gero sare sozialetan erabiltzeko moduko formatuan.

13. PIZTU

Gau Zuriaz gozatzeko ibilaldian atseden hartzeko gonbita egingo dute Plaza Eliptikoan. Iturriaren inguruan jarritako lanparek inguruak kolorez argiztatuko dituzte, eta metroaren fosteritoetan islatuko dira irudiak.

14. KABIAK

Hegaztien habiak egongo dira Arrikibar plazan; horiek zoruaren eta lore taulen artean aurkitzea izango da erronka. Alondegia-Azkuna Zentrorako sarrera nagusia izango da plaza Gau Zurian, eta gaua girotzeko musika egongo da.

15. ARTIZARRAK

Askotariko artistak biltzeko arte eszenikoen laborategia kokatuko da Azkuna Zentroan. Tokiko eta nazioarteko artistak batuko dira, eta tradizioa eta berrikuntza uztartuko dituzte. Hainbat artizarrek piztuko duten gauaz gozatzeko proposamena izango da.

Kalakan eta Dobet Gnahore 21:15ean eta 23:30ean arituko dira auditoriumean. Atarian, berriz, Organik Irrintzi 20:30ean eta 22:45ean; Lekord Sokak 20:50ean eta 23:05ean; Tio Teronen Semeak 21:45ean; eta, Izaro, 22:20an eta 00:15ean.

16. HIPERREALISTAK

Ezusteko bat baino gehiago hartuko dute pasieran dabiltzanek bihar gauean Casilda Iturrizar parkean. Eskulturak Arte Ederren Museotik atera, eta kalean ibiliko dira hezur-haragizko bihurtuta. Hiperrealismoz osatutako antzezpen ibiltariak egingo dituzte.

17. LAINO GUZTIEN GAINETIK

Argi puxikez beteta egongo da Euskadi plaza. Musikarekin batera dantzan dabiltzan ehunka puxika ikusi ahal izango dira airean igeri.

18. ARGIA ETA MUSIKA

Musika eta argia jario etengabean egongo dira nonahi, ordu txikietara arte. Iberdrolaren dorreak izango dira horren kokagune ikusgarrienetako bat. Bilboko dorrerik garaiena “aparteko bizipen musikalaren” kokaleku izango dela agindu dute antolatzaileek. Kolorea eta argia dantzan ibiliko dira musikaren doinuekin.

19. DANK

Ekitaldi ikusgarria antolatu dute Guggenheim museoaren oinetarako ere. “Sormenerako eta parte hartzerako dantza” izango dela azaldu dute antolatzaileek. Museoaren atarian agertoki bat egongo da, eta dantzan parte hartu nahi dutenei adi ibiliko da DJ bat, mundu berriak sortzeko prest. Musikari jarraituta dantzan arituko direnen mugimenduak kontu handiz argiztatu, eta abatar antzeko irudi bereziak sortuko dituzte; horiekin elkar eragiten ibiltzeko moduko pertsonaia berriak.

20. BI HORMA EHU-N

Abandoibarran, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan, EHUko ikasleek Gau Zurirako espresuki prestatutako lana egongo da ikusgai: Plastikoz eta argiz egindako sorkuntza. Harreman eta kontrasteen arteko jokoa izan nahi du proposamenak, eta bi horma eta ehun argiren artean kokatzen da.

21. UDAKO GAU BAT

Deustuko Unibertsitateko klaustroan, Shakespeareren lanik ezagunenetakoen eszena batzuen antzezpenak ikusi ahalko dira: Ekaitza, Hamlet, Ezer ez eta festa, Uda-gau bateko ametsa eta Romeo eta Julieta klasikoen pasarte batzuk argiaren magian estalitako klaustro batean islatuko dituzte, 22:00etan hasita.

22. ITSASARGIAK

Argiak presentzia berezia izaten du, beti, Bilboko Gau Zurian. Aurreko urteetan bezala, argiteria publikoko farolak kolorez jantziko dira, zenbait lekutan, ospakizunerako. Abandoibarran eta Itsasadarraren inguruetan nabarituko da, bereziki, argiztatze berezia.

23. HUNKITU KAROLA!

Euskalduna ontziolako langileen lanaldia arintzen zuen pasarte batean du jatorria eremu horretan zutik geratzen den garabiaren izenak: Karola. Emakume gazte eder bat zen Karola, lanera joateko Ibaizabal egunero-egunero txalupan zeharkatzen zuena. Hari begira egoten ziren langileak, eta, lantegiaren ondotik pasatzen zenean, sirena jotzen zuten. Konplimendu eta lore asko esaten zizkioten, eta pasarte hura gertaberritu nahi dute Gau Zuriaren antolatzaileek. Karola garabi gorriari hitz politak esateko aukera izango dute herritarrek, eta, laudorioak gustuko dituenetan, erantzun egingo du Karolak: piztu egingo da.