Bederatzi belaunaldi elkarrekin dantzan

Bederatzi belaunaldi elkarrekin dantzan

Asier Arrate Iruskieta

Gaztedi dantzari taldea 1951. urtean sortu zuten, Santutxun, eta, ordutik, auzoaren erreferente eta bertako ospakizunen ezinbesteko parte da. 65 urte horietan santutxuar asko pasatu dira taldetik, eta horiek guztiak omendu nahi dituzte urtean zehar egingo dituzten ospakizunetan. Datozenei lanean jarraituko dutela ere erakutsi nahi diete; “herriko kulturaren alde lan egiteko gogoa lau haizeetara zabaltzen” segitzeko asmoa dutela.

Horretarako, inoiz taldekide izan direnak eta egun taldean direnak elkartuko ditu bihar Bilboko dantza talde zaharrenak. Zapiak Bat izeneko ikuskizun ibiltaria egingo dute arratsaldeko seietatik aurrera. Bederatzi belaunaldi eta 315 pertsona batuko dira guztira; sei urtetik 84 urte artekoak.

Bertan izango dira Gaztediko haur eta gazteen taldeak ere. Hain zuzen, taldetik pasatutako dantzariei ez ezik, umeei ere leku berezia egin nahi diete ospakizunean. “Haiek dira gure etorkizuna”, azaldu du Ane Garai kideak. Egun, ehun umetik gora daude Gaztedin, hamar taldetan banatuta. Dantzariez gain, Adiskideak fanfarrearen eta Mairuek erraldoien konpartsaren laguntza izango dute biharkoan.

Ikuskizuna partaide kopuruaren tamainakoa izango da. Isozaki dorreetan hasiko da, eta Casilda Iturrizar parkeko Pergolan bukatu. Tartean geldialdiak egingo dituzte hainbat plaza eta gunetan: Guggenheim museoan, Euskadi plazan, Salbeko zubian… Belaunaldien arteko lotura irudikatzeko, parte hartzaileek zapiak erabiliko dituzte elkarri helduta joateko. Antolatzaileek azaldu dutenez, udak eta dantzak gauza komun bat dute: “kolorea”. Kolore hori da Gaztedik Bilbon barreiatu nahi duena.

Gune bakoitzean taldeko bi belaunaldi arituko dira elkarrekin. Plaza batetik besterako loturak ere musika eta dantzarekin alaituko dituzte. Ibilbidea aurrera joan ahala taldea haziz joango da, Pergolan guztiak elkartu arte. Ibilbidea bukatzeko, belaunaldi guztiak elkarrekin dantzatuko dira. Entseguetan ikusi duen giroa dela eta, dantzari eta ikusleen artean bihar jende “dezente” elkartuko dela uste du Garaik.

Gaztediko kideak Isozaki dorreetako dantzaldia azpimarratu du. Ikuskizunaren lehen geldialdian, Gaztedi dantzari taldea sortu zuen lehen belaunaldia eta egungo ume zein gaztetxoak arituko dira. “Hunkigarria eta esanguratsua izango da. Esaterako, 15 urteko kide bat bere amonarekin dantzatuko da”. Izan ere, adin ezberdinetako dantzarien arteko harremana izango da ospakizunaren ardatza; belaunaldiz belaunaldi dantzaren ohituraren transmisioa mantendu izana ospatu nahi dute ikuskizunarekin. “Guri erakutsi ziguten bezala, guk ere transmisio horrekin jarraitzeko”. Gaztedi ez dutela gaur egungo kideek soilik osatzen gaineratu du; aurretik izan direnak eta etortzeko direnak ere badirela Gaztedi.

Agertoki aldaketa

Aukeratutako ibilbidea ere ez da ausazkoa izan. “Dantzak ohiko tokietatik atera nahi izan ditugu. Plaza Berritik edo Areatzatik Bilbo berrira eraman”. Hala, ekimena ikustera joateko asmoa dutenak ibilbidea lehenengo geralekuan hastera gonbidatu ditu; Isozaki dorreetara joatera, dantzariekin batera aurrera egin eta ikuskizunaren zehaztasunik ez galtzeko.

Biharkoa ez da, halere, taldearen urteurrena ospatzeko antolatuko den ekintza bakarra. Urtean zehar hainbat erromeria egin dituzte Santutxun, eta uztailaren 16an Castallako (Herrialde Katalanak) dantza taldea eramango dute auzoko jaietara. Ospakizunei amaiera eman eta Santutxuko auzotarrek parte hartzeko, urriaren 22an Euskal Jaia antolatuko dute. 24an, berriz, 65 urtez dantzan erromeria herrikoia.

Hain zuzen, Garaik azaldu duenez, asko dira Gazteditik igaro diren auzokideak: “Nagusien taldean egon ez dena umetan ibilitakoa da”. Talde gisa, auzoan parte hartze “aktiboa” dutela gaineratu du: “Jai Batzordeko kide gara, jaietan txosna jartzen dugu, eta hainbat ekitaldi antolatzen ditugu bai inauterietan bai jaietan”. Gaineratu du auzotarrak konturatu direla taldean “mugimendua” dagoela: “Beti izan da horrela”.

Santutxu dute euren etxea, baina bihar Bilboko erdigunea bere egingo dute. Gazte zein heldu, kideek eta kide ohiek musika eta dantzaz jantziko dute itsasadarraren ingurua. Hirurehundik gora parte hartzaileek erakutsi nahi dute erretiroa ez dutela begi bistan belaunaldien arteko transmisioak jarraitzen duen bitartean.