Kultura

Denboraren arrastoak, agerian

Denboraren arrastoak, agerian

Natalia Salazar Orbe

XX. mendeko hiri bateko irudi bat; zuri-beltzean. Eta gaur egungo argazki bat, leku berean, koloreetan. Biak tartekatuta. Iraganeko irudia erdian, txertatuta ageri da: urteetan izandako aldaketa urriaren adierazgarri. Hiria Altneuland da, Israelen. Eta denboran eta espazioan bidaiatzen duen argazkilaria, Amit Sha'al. Denboraren joana irudikatzen du. Iragana, oraina eta etorkizuna, hirurak elkartuta gainazal berean. Argazkiak denbora hori islatu, iradoki eta komunikatzeko duen gaitasuna aztertuko du aurten Getxophotok.

Hamargarren urteurrena du jaialdiak. Atzo hasi eta urriaren 2ra bitartean, hogei erakusketa, tailerrak, eskolak, proiekzioak eta bisita gidatuak egingo dituzte, besteak beste.

Erakusketa gehienak kanpoan izango dira. Dena denen esku, aire zabalean. Hori du-eta ezaugarri nagusi jaialdiak. Formatu bitxiak baliatuko dituzte erakusgai dauden artelanak ikusarazteko: edalontzi azpikoak, belaki erraldoiak, fatxada papereztatuak, ikus-entzunezko proiekzioak, biniloak eta erakusleihoak.

Algorta auzoa bilakatu dute irudi bitxi eta erakargarrien topaleku. Hala, herrian barrena ibilbide bat eginez, irudi ikusgarri, hunkigarri eta harrigarriak aurkituko ditu bisitariak iraganetik etorkizunerako bide horretan.

Gherstenen loreak

Artistei dagokienez, ospetsuei zein etorkizun oparoa iragartzen zaien gazteei egin diete lekua. Hainbat ikuspegitatik heldu diote, batzuek eta besteek, Getxo-photok ardatz hartu duen gaiari. Besteak beste, Ori Ghersten Blown Up (Loreen detonazioa) dago ikusgai. Natura hilik islatzen du artistak. Lorak nitrogeno likidoa baliatuta izoztu ostean, leherrarazi egiten ditu. Hainbat kamera erabiltzen ditu prozesu osoa abiadura azkarrean jasotzeko. Emaitza, polita ez eze, beldurgarria ere bada. Loreen iraupen gutxiko edertasun eta zaurgarritasun ezaugarriak utzi ditu agerian.

Chino Otsukak memoriaren, identitatearen, denboraren eta argazkilaritzaren arteko harremana aztertu du. Denboraren makina bat balitz bezala, prozesu digitalak baliatzen ditu bere jatorrizko herrira itzulita, bere historiari erreparatzen dion turista gisa aritzeko. Bide batez, bere iragana berrikusteko modu bat ere bada, haurtzarora bidaiatuz. Errealismo handiko erretratu bikoitzak sortzen ditu Tokioko artistak; sinesgarritasun handikoak. Otsuka heldua eta Otsuka haurra elkarren ondoan aurkezten ditu, antzinako neskatxari mezuren bat bidali nahiko balio legez: "Begira nazazu. Hemen nago", esan behar diola dirudi argazkiari erreparatuta.

Beste era batera jokatu du denborarekin Irina Weningek Back to The Future bere lanean. Bera ez den argazkilari baten lana eta berea baliatzen ditu azken emaitza lortzeko. Bi argazkik osatzen dute sail horretako obretako bakoitza. Ezkerrekoan, 1970 inguruan ateratako argazki bat dago; eskuinaldean, enkoadraketa eta bestearen xehetasun berberak dituen beste irudi bat ageri da. Denboraren joana agerian uzten du bigarren irudi horrek: protagonistak zaharrago azaltzen dira. Deigarria da oso eszenografia guztien berreraikuntza. Izan ere, batean eta bestean, bietan, berdina da. Pertsonaiak ere berdin jantzita ageri dira. Elementurik hunkigarriena ikus ezin daitekeen denbora da; alegia, argazki baten eta bestearen artean igaro diren 25 urteak: etorkizunerako itzulia.

Oroimenik bako denbora

Erakusketa guztien artean bada barrenak astinduko dituen lagin berezi bat: Paperezko erlojuak marrazki erakusketa. Alzheimerra duten pertsonek memoriaren galerari buruzko tailer batean egindakoak dira. Dementzia eta Alzheimerrari buruzko ikerketen arabera, denboraren nozioa da gaixook galtzen duten lehen gauza. Hala, memoriarik ez duena denboran kokatzen ez dakien gizaki bilakatzen da, lekuan edo izaeran kokatzen ez dakien pertsona bihurtu aurretik.

Pilulak hartzeko ordua, injekzioa jartzekoa, otorduak, nekearen ordua... Denboraren nozioaren galeraren adierazgarri, orduak esferatik kanpo kokatzen dituen erloju baten irudia aukeratu dute. Erloju hori irudikatu zuen adinekoaren buruaren barren-barrenean, ezkutuan, zer gordetzen den ezin jakin azalpenik gabe irudiari txundituta begiratzen dionak.

Bada gizakiak eta naturak aurre egin ezin dioten beste borrokarik ere: denboraren kontrakoa. Anna Katharina Scheidegger suitzarrak borroka horren adibide bisuala aurkeztu du: Suitzako Alpeetako glaziarren urtzea baliatuta islatu du denboraren kontrako borroka hori.

Antzeko bidea jorratu du Mark Formanekek ere. Standard Time bere lanak agerian uzten du denbora kontrolatzeko gizakiak duen obsesioaren aurrean lortu duen gauza bakarra hura neurtzea besterik ez dela izan. Ohalaxka handiak baliatuta, eskuz egindako erloju handi bat erakusten du. 70 beharginek etengabe zelan moldatzen duten jaso du: eguneko 24 orduetako minutu ororen irudiak erakusten ditu.

Emakumearentzako txoko berezi bat ere bada. Getxophotok, Bilboko Euskal Museoarekin elkarlanean, omenaldia egin nahi dio lehen euskal emakume argazkilariari. Eulalia Abaituari (Bilbo, 1853-Bilbo, 1943). XIX. mendearen bukaeran Liverpoolen bizi zen garaia oso garrantzitsua izan zen harentzat. Han ezagutu zuen argazkilaritza, eta lehen hastapenak egin zituen arte horretan. Zenbait aparatu eskuratuta, geroago Bilbora eramango zituen teknika batzuk ikasi zituen. Historialariek lehen euskal emakume argazkilaritzat jo dutenak garai zailak eta aldakorrak bizi izan zituen: gerren arteko garaiak, Bilboren industrializazio prozesua eta landa gizartearen ahultzea. Aldaketa garrantzitsu horien guztien lekukoa izan zen. Bera bizi izan zen eremutik gertukoak jaso zituen bere lanetan: Arratia, Begoña auzoa zein itsasadarra, besteak beste. Haren argazkiek balio etnografiko eta historiko handia dute. Horrez gain, hark utzitakoak aldaketa eta nahasmendu handiko garai haiei buruzko agiri garrantzitsuak dira.

Jaialdiak erakusgai jarri dituen argazki guztiak hiru orduko ibilbidean ikus daitezke. Bisita gidatuetan izena emateko aukera ere badago. Ibilbidea bere kabuz egin nahi duenak argibide ugari aurkituko du erakusketei buruz prestatu duten mapa deskargatuta. Aitzakiarik ez dago, beraz, teknika, baliabide, teknologia, ikuspuntu eta adierazmen ugariz betetako artelanei erreparatzeko tarterik ez hartzeko.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

getxophoto.com

Zentzumen guztiak dantzan

Zentzumen guztiak dantzan

Natalia Salazar Orbe

Iazko arrakastaren ostean, indartuta eta berrituta iritsi da, aurten, Mundaka Festival: The Basque Music & Cook Fesival. Musika da, zalantzarik gabe, jaialdi horretako jaki nagusia. Hura du ardatz. Baina kirola eta gastronomiaren eskutik aurkeztu dituzte paraje ikusgarri batean taularatuko dituzten musika saio horiek. Hala laburbildu dute jaialdiaren antolatzaileek eurek topaketa bitxi hori: "Bertako zein nazioarteko eszena musikalaren eta gastronomiaren onena inguru paregabean uztartzen dituen jaialdi bat da. Gertakizun gozoa, hurbila, desberdina, jasangarria, berdea... liluragarria. Esperientzia paregabea leku paregabean".

Izan ere, asko idatzi da bertako eta nazioarteko taldeek kontzertuak eskainiko dituzten agertokiari buruz. Santa Katalina penintsula: itsasoari begira kokatuta, magiaz betetako eremua da. Ogoño lurmuturra alde batean, Izaro uhartea atzean, eta itsasoa parez pare izango dituzte hara jotzen dutenek.

Atzo Mocker's, Sunset Sons, Nik West eta The Sheepdogs taldeek eskainitako ikuskizunaren ostean, gaurko egitaraua ere indarrez beteta iritsiko da: Berri Txarrak, Danko Jones, Capsula eta Aurora & The Betrayers taldeen doinuek astinduko dituzte Santa Katalinako txokoak. 05:00etara arte izango da festa; ordu horretan itxiko dute eremua.

Gauza bera gertatuko da bihar ere. Los Enemigos, St Paul eta Mamba Beat taldeak bertatik bertara ikusteko aukera izango da. DJ Dark eta DJ Goo izango dira gaurko eta biharko gauei bukaera emateko arduradunak.

Gastronomiak leku handia hartuko du jaialdian. Ez Santa Katalinan bertan; bai, ordea, kanpoko agenda deitu dioten horretan. Hala, bertako produktuen erakusketarako eta salmentarako txokoa zabalduko du Urdaibaiko Esentziak azokak.

Hainbat marka eta produkturen eskutik antolatutako dastaketek bertako produktuak ezagutarazteko bidea zabalduko dute. Euskal okela, Gernikako piperrak, hegaluzea eta kafea izango dira aukeran jaialdiak iraungo duen egunetan.

Sukaldaritza erakustaldiek ikusle ugari erakarriko dituzte. Kontuan hartu behar da-eta puntako sukaldariak izango dituztela atzean: Basque Culinary Centerren eta Azurmendiren jaki landuak lortzeko prozesua zer-nolakoa den erakutsiko dute denen aurrean. Hala ere, egunotan ariko dira besterik ere lan horretan: Ortutik Ahora catering ekologikoari egokituko zaio gaur bere trebezia erakustea. Haien antzera, Musutruk tabernak, Zallo Barri jatetxeak, Itsasmendi upategiak eta Zallo kontserba enpresak ere izango dute lekua.

Bertako tabernek ere izango dute sormena eta ahalmena erakusteko aukera. Iaz izandako arrakasta ikusita, pintxo lehiaketa antolatu dute aurten ere. Basque Culinary Centerrek aukeratuko du herriko onena.

Santa Katalina penintsulatik kanpo ere izango da musikarik aurten. Last Fear Deal eta Leun taldeek kontzertua emango dute igandean.

Umeak protagonista

Hala ere, aurtengo jaialdiaren berritasunen artean, umeentzat antolatu dituzten jarduerak dira nabarmenenak, zalantzarik gabe. Mundakids izenburupean, eskaintza handia zabaldu dute haientzat. Gastronomia tailerretan ikasi eta jolasteaz gain, musikarekin eta teknologiarekin esperimentatzeko tartea ere badute. Talaian prestatu dituzte jarduera horiek.

Teknologia berriak musika tresna klasikoekin eta hardware analogikoarekin elkartzen dituen ikerketa landuko dute tailer horietako batean. Soinuak nola sortu eta transformatzen diren ulertzea da haren helburua. Hala, hori ulertuta, melodiak eta erritmoak sortzeko gai izango dira parte hartzaileak. Txapa tailerra ere prestatu dute. Eta, gastronomiarekin lotuta, gaileta eta gominola tailerretan parte hartu ahalko dute.

Jakin beharrekoak

Kontzertuetarako sarrerak erosten dituztenek zenbait argibide jakin behar dituzte. Hiru egunetarako sarrerak eskuratu dituztenek posible izango dute eskumuturrekoarekin eremu horretatik atera eta berriz ere sartzea. Eguneko sarrera dutenek, ordea, sartu besterik ezin izango dute egin; beraz, handik ateratzen direnak ezin izango dira berriro sartu.

Hiru eguneko jaialdia dakar Mundaka Festival jaialdiak, agertoki ikusgarri batean. Musika eskaintza zabala paisaia zoragarri batean: surfaren hiriburuetako batean. Eta era horretako jaialdietan normalean izaten ez den jateko eskaintzarekin.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

mundakafestival.eus

Kobetatik at ere bizi ziren neandertalak

Kobetatik at ere bizi ziren neandertalak

Natalia Salazar Orbe

Historiaurreko gizakiengan pentsatuz gero, kobazulo barneak etorri ohi dira gehienen burura. Aurten bete da Santimamiñeko kobako margolanen aurkikuntzaren mendeurrena. Askok, paleolitoan eta neandertalengan pentsatuta, testuinguru hori irudikatzen dute. Hala ere, bada haitzuloetatik kanpo bizimodua egiten zuen neandertalik ere. Barrikan dago horren froga. Azken neandertalen bizileku bat aurkitu dute; oso aztarnategi garrantzitsua.

Duela 115.000 urte Uribe Kostan animalia harrapariekin batera bizi behar izan zuten bizilagunen berri eman dute han aurkitutakoek. Lehengai preziatu bat zuten euren esku: suharria. "Lantzeko erraza zen, eta aho zorrozdun tresnak egiteko baliatzen zuten: ehizatzeko, larrua lantzeko, egurrezko tresnak eta denetarik egiteko erabiltzen zuten". Hala azaldu du Joseba Rios arkeologoak eta proiektuaren zuzendariak. CENIEH Espainiako Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikerlaria ere bada. Haren gidaritzapean, Aranbaltzako aztarnategia ikertzeko laugarren kanpaina hasi berri dute.

Urrutitik jotzen zuten eskualdera harri preziatu haren bila. "60 kilometrora arte dauden aztarnategietan ere aurkitu da bertako suharri asko". Horrek ondorio argiak utzi ditu: "Hona etortzen ziren lan egitera; tresnak egitera. Egindako lanabes horiek hartuta joaten ziren beste leku batzuetara. Suharria jendea erakartzeko elementu bat izan zen".

Eskualdeak bazuen bestelako erakargarritasunik ere. Ez nolanahikoa, gainera. Lurraldeak oso eremu aproposa eskaintzen zuen janaria eskuratzeko. "Oreinak, bisonteak, zaldiak eta antzeko animaliak egoteko leku aproposa zen. Leku ezin hobea izan behar zuen suharria hartu, ehizatu eta itsasoko baliabide batzuk eskuratzeko ere".

Dena den, Barrikako eta Uribe Kostako garai hartako biztanleek uste baino arrantza gutxiago egiten zuten. Paleolitoko garai guztietako gizakiek bazituzten-eta ezaugarri komun batzuk: "Ehiztariak eta biltzaileak ziren. Horiek ziren euren sostengu nagusia: ehiza eta landareak edota fruituak. Arrantzan ere ibiltzen ziren apur bat, eta moluskuak eta itsaskiak hartzen".

Euskal Herrian agertu diren aztarnategietan arrain edo molusku aztarnarik apenas aurkitu dute, ordea. "Noizean behin egingo zuten, baina ez zen beraien elikaduraren atal garrantzitsu bat".

Suharriak erakarrita gerturatzen ziren neandertalek eta tresnak egiteko sistemak, besteak beste, agerian uzten dute antolaketarako zeukaten gaitasuna. Euskal Herriko beste aztarnategi batzuetan ere aurkitu dituzte horren frogak. "Antolakuntza konplexu samarra zen. Planifikazio handia zuten tresnak egiten zituzten, garraiatu eta probetxua ateratzeko. Hemendik hartutako suharria Dimara edo Lemoara eraman zutela ikusi dugu. Han ez dago suharririk, eta haiek bazekiten hemen bazegoela".

Barrikan Erdi Paleolitoko sektorearen indusketa iaz bukatu zuten. Ondorio argi batzuk atera dituzte jada. "Suharria lantzeko arau zehatz batzuk jarraitzen zituzten. Arauak badaude, horrek esan nahi du nolabaiteko antolakuntza bazutela. Arauak betearazteko zigorrak jarri zein gauzak zelan egin erakusteko pertsonak behar dira. Nolabaiteko gizarte eraketa bat bazuten, beraz".

Neandertalak oso gizaki konplexuak ziren. "Gurekiko antz handia zuten: azkarrak ziren, oso ondo egokitzen ziren euren bizilekuetara, klimara eta denera. Kontuan izan Europan 100.000 urtetik gora iraun zutela".

Etxola arrastoak

Barrikan, kobazuloetatik kanpo, aire zabalean bizi ziren neandertalek etxolak egiten zituzten. Sakonune batean kokatuta dago aztarnategia, eremu oso babestuan. Beraz, ezer gutxi beharko zuten babesleku gisa: "Parapeto txiki bat, zulo bat, zutoin bat tente mantentzeko eta larruzko dendatxo bat. Horren antzeko zerbait izango ziren euren etxolak". Oso interesgarritzat jo ditu arkeologoak elementu horiek: "Bizileku baten seinale dira. Agerian geratu da hona ez zetozela tresnak egitera soilik. Bizi ere hemen bizi ziren". Kokagune horietan egindako suen arrastoak ere badaude.

Joan den astean Plentziako Udalak eta Eusko Ikaskuntzak antolatu zituzten jardunaldietan eman zuen Riosek aurkikuntzon berri. Orain arte egindako indusketetan, gutxienez historiako sei unetako okupazioak aurkitu ditu haren taldeak. Hainbat erreminta jaso dituzte, eta tresna mordoa. Erdi Pleistozenoko aztarnak dira orain arte aurkitu dituzten zaharrenak: 115.000 urte baino gehiago dituzte. Eta Erdi Paleolitoko aztarnategia ere ikertu dute: 65.000 urtekoa. Aurkikuntza garrantzitsua da oso. Hari esker jakin da aire zabalean ere egon zirela bizilekuak. Eta Arantzabalen frogatu dute posible dela era horretako aztarnategiak induskatu eta ondo kontserbatutako aztarnak aurkitzea.

Magiaz betetako bidaia historiaurrera

Magiaz betetako bidaia historiaurrera

Natalia Salazar Orbe

Ume batzuen jolaserako abentura egarriak historialari eta arkeologoentzako ikerketa iturri garrantzitsu bat zabaldu zuen. Ehun urte pasatu dira Santimamiñeko kobazuloan 14.000 urtetik gora dituzten margolanak aurkitu zituztenez geroztik. Mendeetan izan ziren han gordeak, inork ezagutzen ez zuen haitzuloko barrunbe batean. Ereñozar mendiaren magalean dagoen historiaurreko santutegiaren aurkikuntza garrantzitsu horren mendeurrenari merezi duen ospakizuna prestatu diote. Urte guztian hainbat jarduera egin badituzte ere, biharkoa izango da egun handia.

Santimamiñe, 100 urte ondareaz gozatuz izenburupean, hainbat jarduera egingo dituzte kobazuloaren inguruan. Batetik, zinea ikusteko aukera izango da. Bisita gidatuak antolatu dituzte eguerdirako. Eta umeak Kobaren bila izeneko arrastoen jolasean aritu ahalko dira.

Iluntze aldera, haitzulo hartan bizi zirenek sua egiteko zer-nolako lanak izaten zituzten ezagutaraziko dute tailer baten bidez. Zuziak eskuan igoko dira, gero, bisitariak haitzulora. Ospakizun berezi horri bukaera emateko, kontzertu bat egingo dute kobaren ahoan bertan: Historiaurreko Soinuak ikuskizuna.

1916 hartan iturri antzeko bat egiteko asmoz haitzuloan sartu ziren umeen aurkikuntza haren arrastoek soka luzea ekarri dute. 32 bisonte, zazpi ahuntz, sei zaldi, hartz bat, orein bat eta ikatzez margotutako edo zizelkatutako beste irudi batzuen hondarrak agerian geratu ziren orduan. Denak ala denak dira Madeleine aldikoak: Goi Paleolitoaren azken kulturetako bat.

Abuztuan jarraituko dute aurkikuntza hori gogorarazteko ospakizunek. Umeek hartuko dute protagonismo berezia. Ondare hori zaindu eta errespetatzeko kontzientziazioa txikitatik barneratzearen garrantziaz jabetuta eramango dituzte etxeko gazteenak haitzuloaren ondora. Tailer zientifikoa prestatu dute haientzat udako oporraldien erdigunean: iparrorratza, anemometroa, termometroa, mapak eta antzeko elementuak erabiltzen ikasteko.

Altxorrez betetako eremu hartarako jolasa eta adimena uztartzen dituen joko batean parte hartzeko aukera izango dute gaztetxoek, irailean. Santimamiñeko altxorren bila arrastoen jokoa prestatu dute haientzat, haitzuloaren inguruan.

Urrira arte iraungo dute urte osorako prestatu dituzten ospakizunek. 2016 K. o. Paleolitikoa erakusketa hartuko du Rekalde aretoak urtarrilera arte. Bizkaiko Arte paleolitikoa ezagutaraziko dute, formatu informatiko berriak baliatuta, eta arte garaikidearekiko bere lotura estetikoa eta morfologikoak ezarrita.

Urriaren 20an eta 21ean, Europako Arte paleolitikoaren arloan adituak diren 12 txostengile baino gehiago elkartuko dituzte Bilboko Ondare aretoan. Bilera zientifikoa egingo dute: Arte paleolitikoa aztertzeko metodoak eta teknikak nazioarteko izaera duen workshop-a. Sorkuntzaren eta historiaurreko artearen azterketan, kontserbazioan eta zabalkuntzan finkatzen den ikerketa metodologiaren bateratze lanaren bila jardungo dute bertan. Topaketa streaming bidez ikusteko aukera izango da.

Aldaketa ugari 100 urtean

Mundua izugarri aldatu da azken 100 urteetan. Bide berari jarraitu diote, era berean, ondarearen zaintzari, babesari eta zabalkundeari buruzko irizpideek ere. Hala, 1916ko urtarrilaren 2an ume batzuek aztarnategi arkeologikoa aurkitu zutenez geroztik, hainbat etapa gainditu eta izan ditu haitzuloak.

Historiaurreko santutegi haren berri izan bezain laster, Bizkaiko Foru Aldundiak kobazuloa eta haren inguruak erosi zituen, 250 pezetaren truk. Haitzuloaren sarreran burdinazko hesi bat jarri zuen. Helburua argia zen: barruan zituen altxor geologiko, artistiko eta arkeologikoak babestea.

Aurkitutako aztarnak ikertzea ezinbestekoa zen. Hiru adituk hartu zuten hasierako ikerketak egiteko ardura: Telesforo Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrike Egurenek osatutako taldeak ekin zion lehen indusketak egiteari. 1928a zen. Aranzadik giza aztarnak ikertzen zituen, Barandiaranek arkeologiaren eta etnografiaren ardura hartu zuen, eta Eguren natura zientzietan aditua zen.

1952. eta 1969. urteen arteko garaia trantsizio garaia izan zen Santimamiñeko haitzuloarekin lotutako proiektuari dagokionez. Koba osotasunean ustiatzeko erabakia hartu zuen aldundiak. Bisitarientzako pasaguneak eta eskailerak jarri zituzten.

1969. urtean zabaldu zituen ateak bisitari ororentzat; argiztapen elektrikoa jarri zuten horretarako. Eta turismo ugari erakartzeari ekin zion. Datuak adierazgarriak dira: zabalik egon zen urteetan milioi bat bisitari inguru izan zituen, datuen arabera.

Ixteko beharrizana

Diru iturri bilakatu zena ondarea arriskuan jartzeko eragile ere bihurtu zen. Bisitari horien guztien joan-etorriek eta argiek eta beroak kalte handia eragin zieten margolanei eta haitzuloko ekosistemari. Egoera hura ikusita, aldundiak kobazuloa partzialki ixteko erabakia hartu zuen. 1996a zen ordurako.

Beste era batera kudeatu behar zela jabetuta, garbitze, zaintze eta kontserbatze lanak abiatu zituen aldundiak. Hainbat alorretan esku hartu behar zuela argi ikusi zuen. Eta lan horri ekin zion. Besteak beste, ondoko eremu hauek landu zituen: geologia, hidrologia, ingurumena, arkeologia, historiaurreko artea, kontserbazioa eta zabalkuntza. 2006an, igarobideak, eskailerak eta argiztapena kendu zituzten. Bi urte geroago, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen. Santimamiñe proiektuaren hiru zutabeak izango zirenak ezarri zituen orduan aldundiak: ikerketa, kontserbazioa eta kobazuloaren kultur balioaren zabalkundea.

Leizea, hiru dimentsiotan

Herritarrek ondare hori galdu ezin zutela iritzita, eta teknologia berriek ematen zituzten aurrerapenak baliatuta, pinturak beste era batera ikusi ahal izateko aukeren bila hasi zen aldundia. Hala sortu zen leizearen hiru dimentsioko proiektua: errealitate birtualeko 3D eredua baliatu zuten Santimamiñeko altxorrak ezkututik ateratzeko, inongo kalterik egin gabe.

Bide horri berari jarraitu diote Bizkaian historiaurreko artea duten beste koba garrantzitsu batzuetan ere: Karrantzako Ventalaperra eta El Rincon haitzuloetan, Galdamesko Arenatzan, Mañariko Askondon, Kortezubiko Morgotan eta Lekeitioko Lumentzan, besteak beste.

2014an erabat itxi zuten kobazuloa bisitarientzat. Gaur egun, behatoki txiki bat dago haitzuloan, eta hiru hilean behin sartzen dira ikerlariak datuak biltzera. Paleolito garaian han bizi ziren arbasoen historiara gerturatzeko aukerarik aproposena biharkoa izango da: magiaz betetako iraganerako bidaia.

Zazpi erreinuetako baten agertoki

Zazpi erreinuetako baten agertoki

Natalia Salazar Orbe
Winter is coming. Zazpi erreinuetan ikaraz espero duten negu gogorrak Bermeo ere astinduko du. Game of Thrones telesailaren zazpigarren denboraldiko eszena batzuk Bizkaiko kostaldean ere grabatuko dituzte urriaren amaieran. Hala ja...

Gurdiaren atzetik, ezkontzarako bidean

Gurdiaren atzetik, ezkontzarako bidean

Eider Mugartegi

Idi gurdiaren kirrinka entzungo da, beste urte batez, Lekeitioko kaleetan barrena, Anbrus Mailabiabarrenaren eta Josepa Meabe-Ansorenaren ezkontza iragarriz. Euskal Herrian antzina ezkontzera zihoazen neska-mutilen ibilbide bera erakutsiko du, 40. urtez jarraian, Gora Buru Kultur Elkarteak, etxe-sartzea deritzona.

Ezkontzera zihoazen neska-mutilak notarioaren aurrera joaten ziren euren gurasoekin "kontratua" egitera. Neskaren gurasoek batetik, eta mutilarenak bestetik, bakoitzak bere aldetik zer ematen zuen adierazi eta sinatzen zuten. Gero, ezkontza aurretik, eta baita ezkontza egunean bertan ere, neskaren lagunak haren etxe berrira joaten ziren bakoitzak bere oparia esku artean zuela. Eta, haien aurretik, "arreoa" zeraman gurdia —ohea, maindireak, sukalderako tresneria, arropak, arrosarioak, ur bedeinkatu ontziak, gorua...—.

Gurdi hori gurpilei koipea kenduta eramaten zen, hala soinu berezia atera eta jendearen arreta erakartzeko. Eta, hain zuzen ere, ezkontza segizioak zeraman gurdi kopuruan antzematen zen ezkongaien aberastasuna; familiak zenbat eta aberatsagoak izan, hainbat eta gurdi gehiago eramaten zituzten ezkongaiek. Lekeitiokoa gurdi bakarrekoa da, eta, horrenbestez, erdi mailakoa. Zaharrek diotenez, ordea, inguru horretan ikusi omen dira hiru gurdiko ezkontzak ere.

1931tik aurrera

Aspaldiko ohitura hori gorde eta suspertzeko asmoz hasi ziren egiten Lekeitioko Euskal Ezkontza. Jatorria ez da garbia, baina, Gora Buru Elkarteak jakin duenez, 36ko gerra aurreko jaietako egitarauetan ageri da iragarrita.

Gerora, Lekeitioko Batzokiak hartu zuen bere gain Euskal Ezkontza horren urteroko antolaketa. 1931n atera zuten lehenengoz, irailaren 4an, eta halaxe egin zuten urtero, gerra iritsi zen arte. Gerra eta diktadura urteetan geldialdia egin ostean, oraindik Franco bizi zela, 1964an berreskuratu zuten, Lekeitioko herriak Resurreccion Maria Azkueri egin zion omenaldia zela eta. Urte hartan, Zubieta jauregitik irten zen, baina behin bakarrik egin zen. Ez zen gehiago errepikatu 1977. urtera arte. Urte horretan, Gora Buru Elkarteak heldu zion usadioari. Eta, ordutik, urtero etengabe egin da uda sasoian.

Euskal ezkontza horretan 100-140 lagun inguruk hartzen dute parte: ezkontza segizioaren aurretik, joaldunak, gurdia eta albokariak joaten dira. Gero, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak. Bestalde, parte hartzaileek janzten dituzten arropak eta gurdian eta esku artean daramaten tresneria XIX. mendekoa edo aurreragokoa da. Eta, museo eta argazkietatik egindako kopia batzuk baldin badaude ere, gehienak originalak dira, jatorrizkoak.

Arreoa daraman gurdia ere antzinako modura janzten dute bezperan. Orain dela urte gutxi, kalean prestatzen hasi ziren, gainera, eta, beraz, xehetasun guztiekin egiten duten prestaketa berezi hori ere guztiek goza dezakete Eskolapean.

Inazio Kaltzakorta arotza buru zela jantzi izan dute gurdia urte askotan. Txikitatik parte hartu zuen ohitura horretan Kaltzakortak, benetakoa zenean. 12 urtegaz kargatu zuen lehenengoz, bere arreba ezkondu zenean. Baina Kaltzakorta orain dela bi urte hil zitzaien, eta haren lekukoa Neskutz Erkiagak eta Jose Mari Uskolak hartu zuten iaz. Hala ere, hark irakatsitakoa betetzen dute, mimo guztiagaz.

Egitarau berezia

Uztailaren 22an jantziko dute gurdia Eskolapean, eta hurrengo egunean aterako dira ezkontideak etxe berrirako bidea egitera. Aurten, baina, Lekeitioko Euskal Ezkontza jarraian egiten denetik 40 urte betetzen direnez, egitarau berezia prestatu du Gora Buru Kultur Elkarteak, eta Xabier Erkizia soinu artista gonbidatu dute Lekeitiora, barikuan, 19:30ean, Azkue aretoan, Idi gurdiaren Oihartzunaz jarduteko.

Erkiziak ezagutzen du Lekeitioko Euskal Ezkontza. Izan ere, ikuskizuneko idi gurdia Bilbora eraman zuen, Maialen Lujanbio bertsolariagaz elkarlanean, Gurdi irrintzi orbaindua irrati pieza sortzeko. Hiriaren soinu erretratu bat egitea izan zen haien asmoa, eta egur hutsezko gurdi zaharra Bilboko kaleetan paseatu zuen soinu artistak maiatz amaieran.

Kaleko arteen astindua

Kaleko arteen astindua

Natalia Salazar Orbe

Lea-Artibai aldeko txoko batean, itsasoari begira, kaleko arteen hiriburu bilakatu da Lekeitio. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak 27 urte bete ditu bertan. Kaleak kolorez, musikaz, doinuz, mugimenduz, eta, bereziki, artez jantzi dira. Batera begiratuta, zirku ikuskizunak ageri dira; bestean, clown-ak, akrobaziak, sua, argia, umorea... Etenik ez duten diziplinaz eta erakustaldiz bustiko da datozen egunetan kresal usaina duen herria. Lan eta familia harremanei buruz hausnarketa egiteko saioa atzean utzita ekingo diete gaurko emanaldiei. 13 Dias konpainiak Just for the money ikuskizuna taularatu zuen atzo. Asteazkenean abiatu ostean, ikuskizunen aurkezpena hasi besterik ez da egin. Herriko hamar gunek 18 ikuskizun, tailer eta emanaldi hartuko dituzte. Gehienek ezaugarri komun bat dute: aire zabalean egingo dituzte, horixe izango dute agertoki eta sabai.

Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek: Basurama kolektiboaren eta Toc de Fustaren instalazio interaktiboak; Zurrunka, Bigolis Teatre, Deabru Beltzak eta Hortzmuga taldeen proposamen ibiltariak; Murmuyok eta Thomas Prattkik profesionalei begira emango dituzten tailerrak; eta Euskal Zine Bilerako proiekzioak. Eta, nola ez, kaleak eta ikusleak astinduko dituzten gainerako ikuskizun guztiak.

Umorez kontatutako istorio tragiko bat taularatuko du gaur lehenengo saioaren protagonista izango den Lapso Producciones konpainiak. Holokaustotik atera diren hiru pailazok euren bizipenen berri emango diete ikusleei clown-en unibertsoa baliatuta. Anabasaren eta suntsitutako munduaren errealitatetik ihes egiteko kontsolazio bakarra musika dute. Poesia eta umorez beteriko Sub lana Kofradia Zaharrean eskainiko dute, gaur eta bihar. Andaluziako taldeak hiru saio egingo ditu egun bakoitzean.

Zentzugabekeria eta irrigarrikeria ditu ardatz hurrengo ikuskizunak. Ganso & Ciak Walkman aurkeztuko du: showman bat, seduktore bat, gizon grinatsu bat du protagonista. Eta egiten duenak benetan merezi duela konbentzitzeko prest dagoen memelo gisa aurkeztu dute. Alferrikako trebetasunen erakusketa bat da, komedia unibertsala eta parte hartzailea. Udaletxe aurreko plazan ariko da, 19:00etatik aurrera.

Potted eta Su à feu dira gaur ikus daitezkeen beste bi lanak. Zirku diziplinak baliatuko ditu Trocola Circo konpainiak lehenengoan. Sua, perkusioa, musika eta dantza uztartuko ditu bigarrenak. Gaua argiztatu eta eguna borobiltzeko ikuskizuna aurkeztuko du Deabru Beltzak taldeak.

Bihartik aurrera goizean hasiko dira ikuskizunak. Igandean zaborra ardatz duen instalazioa izango da Barandiaran aretoan. Udalerrian berreskuratutako hondakin materialez eraikita dago aurreko egunetan ere erabili duten instalazio hori. Plastikoz, hain zuzen ere. Zabor horrekin ezohiko era batean jolasteko aukera eskainiko dute tailer horretan.

Lekeitiokoa, aitzindari

Aitzindaria izan zen Lekeitio kaleko arteei lekua emateko orduan era horretako esperientzia bat martxan jartzen. 1989a zen lehenengoz antolatu zutenean. Orduz geroztik, asko aldatu dira artea bera, ikuskizunak, eta, horiekin batera, baita jaialdia bera ere. Eraldatuta iritsi da, bereziki, aurten. Parte hartzea zabaltzeko asmoa da jaialdira iritsitako aldaketa horietako bat. Baina, bistakoena, izen aldaketa da: Kaleka izena hartuko du-eta aurrerantzean. Jaialdia ez da arte eszenikoetara mugatuko.

1979an Lekeition egindako Euskadi-Eskandinavia Nazioarteko Topaketak erein zuen gaur egunera arte iraun duen Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren hazia. Garai hartan ez zen batere ohikoa kalean antzerkirik ikustea. Ez prestigiozko antzerkia, bederen. Hamar urteren ostean berreskuratu zuten esperientzia hark gaur egunera arte iraun du.

Hastapenetako helburuak ahaztu gabe, aurrera jarraitzen du, indartsu, kale antzerki jaialdiak. Betidanik bultzatu izan du tokiko sorkuntza; beste lurraldeekiko harremanak sustatu ditu eta beste herrialdeekin loturak irekitzeari ekin dio. Apustu berari eutsiko diote aurrerantzean ere.

Pareta zaharren oihartzun berriak

Pareta zaharren oihartzun berriak

Pello A. Zuazo

Kultura kalera ateratzen hasi ginela jada badira hemeretzi urte". Eta aurtengoarekin jada badira hamasei urte Elorrion udan Musikaire jaialdia antolatzen dutela. Erraz esaten da, baina Euskal Herrian ez dira asko izango horrenbesteko jarraitutasuna duten kultur jaialdiak. Aitor Iriarte da programazioaren arduraduna, eta, azaldu duenez, hastapen haietan Elorrio Klasikoa zuen izena jaialdiak. "Formatu txikiko kontzertuak ziren, ermitetan eta Elorrioko bestelako lekuetan, eta gainezka egin zigun. Sekulako arrakasta izan zuen. Eta erabaki genuen herriko beste bazter batzuetara zabaltzea festibala".

Horrela bada, kokaleku berrien bila hasi ziren. Eta, horrekin batera, baita kontzertu handiagoen bila ere. "Herriko jauregiak, elizpea, plaza eta abar erabiltzea otu zitzaigun. Elorrioko herria monumentu historiko eta artistiko gisa izendatuta dago, eta jauregiz eta zoko ederrez beteta dago. Hori baliatu genuen, eta gaur egun duen itxura eta izena hartu zuen jaialdiak". Kultura, historia eta arkitektura, dena kolpe bakarrean. "Inguru zoragarrietan egiten ditugu ikuskizunak, edozein plazatan edo karpatan egin beharrean".

Ikuskizun eta kokaleku horiek arreta handiz aukeratzen dituzte. "Jakinda zein talde edo musikari datorren, edo talde horren formatua zein den, ondoen datorkion lekua aukeratzen dugu. Jauregi batean ezin da burrunbara itzela egin; beraz, musika afrikarraren eta jazzaren alde egin ohi dugu. Plazarako, berriz, gauza informalagoak eta animatuagoak ekartzen ditugu, eta publiko zabalago batentzat". Hortaz, formatu "akustikoagoak" izango dira Lariz eta Tola jauregietan, eta "elektrikoagoak" Gernikako Arbola plazan eta Sortzez Garbiaren elizaren arkupean. Casa Jara jauregia, berriz, mikroantzerkiak egiteko erabiliko dute. "Tola jauregia hasiera-hasieratik erabili izan dugu. Gerora, Lariz jauregiak ere baiezkoa eman zigun; Opus Deirena da. Casa Jara jauregian gaur egun ez da inor bizi, eta gauza txikiak egiteko gela politak ditu".

Iriartek adierazi duenez, lehen, Argiñetako nekropolian ere egiten zituzten ikuskizunak, baina, duela hiru urte, aztarnak topatu zituzten, eta indusketak egiten dihardute. Dena den, Argiñeta ingurua oso leku interesgarria iruditzen zaio Iriarteri: "Datorren urtetik aurrera, esparrua egokitzen dutenean, baliteke han ere zerbait antolatzea, lehen egiten genuen bezala. Proposamenen eta ikuskizunen formatuen arabera, leku berriak bilatu daitezke, nola ez".

Kultura, ohitura

Kokalekuen bitxitasuna dela eta, hango eta hemengo artistak liluratuta gelditzen dira herria eta igoko diren oholtza ezagutzen dituztenean. "Ospe handiko artistak dira, leku batetik bestera dabiltzanak, jaialdi erraldoietan, karpa erraldoietan, lautada erraldoietan... eta, hau ikusten dutenean, hain gauza berezia, poztu egiten dira". Eta ez artistak bakarrik; publikoak ere asko eskertzen du hori. Iriarteren esanetan, horrelako "paraje" batean, belardian eserita eta giro epelarekin, ikuskizuna beste modu batera gozatzen da.

"Hasierako urteetan, jendea lorategiak eta jauregiak ezagutzera etortzen zen, kontzertuak ikustera baino gehiago. Jada, hainbeste urteren ostean, normalizatuago dago kontua". Izan ere, jauregiak itxita egoten dira urte guztian, eta, hortaz, haiek bisitatzeko ere aukera paregabea ematen du Musikairek. "Horrelako jaialdi bat egiteko, Elorrio bezalako herri bat behar duzu. Hainbeste jauregi, lorategi, kale... oso erosoa da; dena oso gertu daukazu, oso eskura, eta oso atsegina da".

Kontzertu eskaintza plurala izan ohi da, estilo aldetik askotarikoa. Diru publikoarekin antolatutako jaialdia izanik, saiatzen dira publiko guztiari egokitutako proposamenak eramaten. "Eskaintza oparoa da: reggaea, jazza, flamenkoa, popa, rocka... Askok ez dakite zer ekarriko dugun, eta gero esango dute ea gustatu zaien ala ez. Gazteek eta adinekoek. Hori aberasgarria da".

Atzerriko taldeak eta Euskal Herrikoak tartekatzen dituzte, bertakoari ere balioa emateko asmoz. "Musikariak kanpotarrak direnez, sarri ematen du aura berezi bat daukatela, baina hemen ere kalitatezko musikariak daude". Izaki Gardenak, Audience eta The Romanticos taldeak izango dira aurtengo euskal taldeak.

Uztailean, ostiral, larunbat eta igande guztietan emanaldiak egingo dituzte; orotara, hamar kontzertu, bi dantza ikuskizun, zirku antzerkia, mikro antzerkia eta argazki erakusketa. Hemeretzi urteren ostean festibalaren norabidea zein den argi eta garbi dauka Iriartek:"Gure helburua beti izan da kultura ohitura bihurtzea, eta ez gauza puntual bat. Musikairek egunero ziztada kultural bat ematen dio herriari. Eta, gainera, arte eszenikoei dagozkien arlo guztiak jorratzen ahalegintzen gara".