Gurdiaren atzetik, ezkontzarako bidean

Gurdiaren atzetik, ezkontzarako bidean

Eider Mugartegi

Idi gurdiaren kirrinka entzungo da, beste urte batez, Lekeitioko kaleetan barrena, Anbrus Mailabiabarrenaren eta Josepa Meabe-Ansorenaren ezkontza iragarriz. Euskal Herrian antzina ezkontzera zihoazen neska-mutilen ibilbide bera erakutsiko du, 40. urtez jarraian, Gora Buru Kultur Elkarteak, etxe-sartzea deritzona.

Ezkontzera zihoazen neska-mutilak notarioaren aurrera joaten ziren euren gurasoekin “kontratua” egitera. Neskaren gurasoek batetik, eta mutilarenak bestetik, bakoitzak bere aldetik zer ematen zuen adierazi eta sinatzen zuten. Gero, ezkontza aurretik, eta baita ezkontza egunean bertan ere, neskaren lagunak haren etxe berrira joaten ziren bakoitzak bere oparia esku artean zuela. Eta, haien aurretik, “arreoa” zeraman gurdia —ohea, maindireak, sukalderako tresneria, arropak, arrosarioak, ur bedeinkatu ontziak, gorua…—.

Gurdi hori gurpilei koipea kenduta eramaten zen, hala soinu berezia atera eta jendearen arreta erakartzeko. Eta, hain zuzen ere, ezkontza segizioak zeraman gurdi kopuruan antzematen zen ezkongaien aberastasuna; familiak zenbat eta aberatsagoak izan, hainbat eta gurdi gehiago eramaten zituzten ezkongaiek. Lekeitiokoa gurdi bakarrekoa da, eta, horrenbestez, erdi mailakoa. Zaharrek diotenez, ordea, inguru horretan ikusi omen dira hiru gurdiko ezkontzak ere.

1931tik aurrera

Aspaldiko ohitura hori gorde eta suspertzeko asmoz hasi ziren egiten Lekeitioko Euskal Ezkontza. Jatorria ez da garbia, baina, Gora Buru Elkarteak jakin duenez, 36ko gerra aurreko jaietako egitarauetan ageri da iragarrita.

Gerora, Lekeitioko Batzokiak hartu zuen bere gain Euskal Ezkontza horren urteroko antolaketa. 1931n atera zuten lehenengoz, irailaren 4an, eta halaxe egin zuten urtero, gerra iritsi zen arte. Gerra eta diktadura urteetan geldialdia egin ostean, oraindik Franco bizi zela, 1964an berreskuratu zuten, Lekeitioko herriak Resurreccion Maria Azkueri egin zion omenaldia zela eta. Urte hartan, Zubieta jauregitik irten zen, baina behin bakarrik egin zen. Ez zen gehiago errepikatu 1977. urtera arte. Urte horretan, Gora Buru Elkarteak heldu zion usadioari. Eta, ordutik, urtero etengabe egin da uda sasoian.

Euskal ezkontza horretan 100-140 lagun inguruk hartzen dute parte: ezkontza segizioaren aurretik, joaldunak, gurdia eta albokariak joaten dira. Gero, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak. Bestalde, parte hartzaileek janzten dituzten arropak eta gurdian eta esku artean daramaten tresneria XIX. mendekoa edo aurreragokoa da. Eta, museo eta argazkietatik egindako kopia batzuk baldin badaude ere, gehienak originalak dira, jatorrizkoak.

Arreoa daraman gurdia ere antzinako modura janzten dute bezperan. Orain dela urte gutxi, kalean prestatzen hasi ziren, gainera, eta, beraz, xehetasun guztiekin egiten duten prestaketa berezi hori ere guztiek goza dezakete Eskolapean.

Inazio Kaltzakorta arotza buru zela jantzi izan dute gurdia urte askotan. Txikitatik parte hartu zuen ohitura horretan Kaltzakortak, benetakoa zenean. 12 urtegaz kargatu zuen lehenengoz, bere arreba ezkondu zenean. Baina Kaltzakorta orain dela bi urte hil zitzaien, eta haren lekukoa Neskutz Erkiagak eta Jose Mari Uskolak hartu zuten iaz. Hala ere, hark irakatsitakoa betetzen dute, mimo guztiagaz.

Egitarau berezia

Uztailaren 22an jantziko dute gurdia Eskolapean, eta hurrengo egunean aterako dira ezkontideak etxe berrirako bidea egitera. Aurten, baina, Lekeitioko Euskal Ezkontza jarraian egiten denetik 40 urte betetzen direnez, egitarau berezia prestatu du Gora Buru Kultur Elkarteak, eta Xabier Erkizia soinu artista gonbidatu dute Lekeitiora, barikuan, 19:30ean, Azkue aretoan, Idi gurdiaren Oihartzunaz jarduteko.

Erkiziak ezagutzen du Lekeitioko Euskal Ezkontza. Izan ere, ikuskizuneko idi gurdia Bilbora eraman zuen, Maialen Lujanbio bertsolariagaz elkarlanean, Gurdi irrintzi orbaindua irrati pieza sortzeko. Hiriaren soinu erretratu bat egitea izan zen haien asmoa, eta egur hutsezko gurdi zaharra Bilboko kaleetan paseatu zuen soinu artistak maiatz amaieran.