Kultura

Labar artearen XXI. mendea

Labar artearen XXI. mendea

Iñigo Astiz / Bilbo «Artean ez dago ez iraganik, ez etorkizunik. Orainaldian ez dagoen artea ez da inoiz artea izango». Pablo Picasso margolariaren hitz horiekin hasten da Bilboko Rekalde aretoan zabaldu duten K.o. 2016. Paleolitoa erakusketa. Ez da kasualitatea, aretoan elkarrekin aurkezten baitituzte Bizkaiko kobetan topatutako labar artea eta gaur egungo hainbat artistaren lanak. Areago:...

Ikusitakoaren mina

Ikusitakoaren mina

Aitziber Laskibar Lizarribar
Mina darie begiradei, eta min egiten dute begietan. Ez dute malkorik, eta ezerezera begiratzen dute. Euren eztarriek ez dute oihu egiten, isilik daude. Gorputzak ez dira bihurritzen, eta apenas duten mugimendurik; nekatuta ...

Hogei urtean musika garaikidea hedatzen

Hogei urtean musika garaikidea hedatzen

Natalia Salazar Orbe

Ohiko abestietatik aldenduta kantatzeko asmoz sortu zen Bogoroditsie abesbatza. Hogei urte igaro dira Durangoko Orfeoian ari ziren lagun batzuek proiektu berri hari ekiteko erabakia hartu zutenetik. "Abesbatza berri bat egiteko gogoa sartu zitzaien. Beste musika mota bat landu gura zuten. Musika garaikidera gerturatu gura zuten". Hala oroitu ditu Amaia Gorrotxategi sopranoak abesbatzaren hastapenak. Urteurren borobila ospatzeko, kontzertua emango dute, bihar, 20:00etan, Uribarriko Andre Mariaren basilikan, Durangon.

Ibilbide oparoa egin du abesbatzak urte horietan guztietan. Hainbat lehiaketa irabazi dituzte, Euskal Herrian zein handik kanpo. Eta zenbait operatan eta Kriskitin dantza taldearen Amillanpetik ikuskizunean ere parte hartu dute.

Egun, 22 kidek osatzen dute taldea. Kantatzeko zaletasuna partekatzeaz gain, Bogoroditsie ezagutzera ematea eta abesbatzen munduan leku nabarmen bat aurkitzea dute helburu. Horretarako, banaka zein talde gisa kantuaren teknikak hobetzeko eskolak hartu dituzte.

Biharko kontzertuko abestiak "gustuko izango dituzte entzuleek. Musika garaikidea egiten dugunez, askotan arraro samarrak izaten dira kantuak batzuentzat; pixka bat gogorrak egiten dira. Baina biharkoan ez da gertatuko horrelakorik". Ion Ugarriza taldeko zuzendariaren bost lan kantatuko dituzte estreinakoz. Horietako bi, iaz Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak Federico Garcia Lorcaren heriotzaren 80. urteurrenaren harira antolatu zuen sormen programari esker konposatutakoak dira. Obra herrikoiak ere aurkituko dituzte zitara gerturatzen direnek. Gehiago ezin du aurreratu. Eurentzako ere ezusteak izango dira, zuzendariak ahalik eta gutxiena jakinarazi nahi baitie urteurreneko errezitaldiari buruz. Hala ere, kantaldi "polita" iragarri du.

Emanaldi horrez gain, Bogoroditsiek beste zenbait kontzertu ere eskainiko ditu datozen asteetan. Musikastek Ez Dok Amairuren omenez antolatutako ekitaldien barruan, Iruñean ariko dira hilaren 26an.

Heldutasunera iritsi da gazte talde batek sortu zuen abesbatza. Eta, esperientziaren eskarmentuarekin, lanean jarraitzeko gogotsu daude.

Literatura hedatzeko amua bota dute

Literatura hedatzeko amua bota dute

Natalia Salazar Orbe
Literatura ardatz nagusi izan arren, dantza, musika eta bestelako kultur diziplinen euskal sortzaileak eta artistak bildu dituzte sei egunez, Ondarroan. Literatur Amuak jaialdia egiten ari dira bertan. Atzo eman zioten hasiera, eta...

Biziaren bermatzaileei so

Biziaren bermatzaileei so

Natalia Salazar Orbe

Martxa honetan, 300 urteren buruan basorik gabe geratuko gara". Iragarpen latz eta beldurgarri hori egin du Leo Simoesek, Begira Photo jaialdiko zuzendariak. Jaialdia antolatzeko egin duten ikerketa baten ostean atera dute ondorio hori. Balizko etorkizun beltz hori aldatzen laguntzeko harri koskorra jarri nahi dute. Hala, Basoa du izenburu eta ardatz aurtengo jaialdiak.

Ziklo tematiko bat abiatu du Begira Photok. "Bertan, gizakiak lurraldearekiko duen harremana, eta lurraldeak gizakiarengan eragina duela islatu gura du". Trilogia baten lehen atala da Basoa. Haren ostetik iritsiko dira Harria eta Ura. Hala, mendiek eta ibaiek eta itsasoek hartuko dute protagonismoa datozen edizioetan. Helburu berari eutsiko dio jaialdiak denetan: "Geografiarekin eta lurraldearekin zer gertatzen den kontatzen saiatuko gara. Beti ere, alde ekologikoa nabarmenduz".

Martxan den jaialdiak edizio "politikoagoei" zabaldu dizkie ateak. "Argazkilaritzak eta arteak ere jarrera hartu behar dute gizarteko arazoen aurrean. Bizi garen ingurunea errespetatzearen garrantziaren gainean pedagogia egin nahi dugu; gizaki gisa, basoetako baliabideak gehiegi esplotatzen ari garela jabetu gaitezen. Logika ekologikoa ekonomikoaren aurrean gailentzen den begirada zabaldu nahi dugu".

Betebehar hori gauzatzeko, erakusketetan ikus daitezkeen argazki gehienetan, itxuraz behintzat, ondo zaindutako basoak ageri dira. "Begirada poetikoa gailendu da".

Gizakiaren portaera aldatzeko ekarpena egiten saiatu gura du jaialdiak. "Ezkorra naiz, dena den. Ez dakit honek guzti honek konponbiderik duen. Hala ere, nahiko genuke aldaketa eragin ahal izatea. Baina hori ez dugu epe laburrean ezagutuko, noski".

Hiru erakusketak osatzen dute Kinua argazki elkarteak bultzatutako kultur egitasmoko Basoa-ren egitura: Zuhaitzen lekua, Frozen Trees eta Zuhaiztia. Misha Ridder, Regina Anzenberger, Pablo Castilla eta Ellen Bornkesselek ateratako zuhaitzen paisajeak daude ikusgai lehenengoan. "Hamabi argazkik osatzen dute, formato eta tamainu anitzetakoak. Bakoitzak basoari buruzko ikuspegi bat du; eta teknika bat baino gehiago landu dituzte".

Bertako ordezkaria

Euskal Herriko artista bati lekua ematen dio bigarrenak. Imanol Marrodanek landutako Frozen Trees Zornotzan ikus daiteke. Izoztutako zuhaitzen irudiak hartu ditu argazkilariak. "Urte asko egin ditu Anboto mendiaren inguruan lanean. Marrodanek ilusio handia zeukan proiektua garatu den lekutik gertu ikusgai jartzeko". Banakako erakusketa bakarra da; gainerakoak kolektiboak dira.

Maiatza, ekaina eta uztaila artean argazkiak jasotzeko nazioarteko deialdia egin zuen Kinua argazki elkarteak, Zuhaiztia erakusketa kolektiboa osatzeko. 44 argazkiz osatutako laginak hainbat lekutan dituzte ikusgai: "Zati bat Arte eta Historia museoko lehenengo solairuan dago, Durangon. Zuhaitzen lekua eta Zuhaiztia ditugu bertan. Bata bestearengatik ondo bereizita dago, marko eta guzti, ohiko erakusketetan legez". Erakusketaren beste atal bat Iurretan dago, belaki batzuetan jarrita. Beste zati bat Plateruena kafe antzokiaren fatxadan dute, eta, azkena, Abadiñoko Errota kultur gunean.

Barrualdeko eta kanpoaldeko erakusketak prestatu dituzte, beraz. Durango, Iurreta, Zornotza eta Abadiñoko agertokiek hartu dituzte bertako eta atzerriko artisten lanak. Argazkilaritza kalera ateratzeko nahia beti izan dute Leo Simoesek eta haren taldeak. Eraikinen fatxadak eta herrietako beste eremu batzuk baliatu dituzte horretarako. Iurreta eta Durango lotzen dituen zubia da ekimen horren adibideetako bat. Mugakideak dira bi herriok. Bata bestearen mendekoa zen aspaldi. Geroago, Iurreta desanexionatu egin zen, eta bere autonomia berreskuratu zuen. "Ibaizabal ibaiaren gainean belaki handietan kokatu ditugu argazkiak. Era horretan, argazkilaritza edozein herritarrengana irits daitekeela bermatzen dugu. Izan ere, egunero, gutxienez, 400 lagun pasatzen dira zubi horretatik".

Zornotzako Zelaieta kultur etxearen fatxada ere arbolen irudiez jantzi dute. "Etxe barruan erakusketarako nahikoa lekurik ez dago. Hala, belakiak jarri behar izan ditugu eraikin horren fatxadan ere".

Aurten bete dute jaialdia Durangotik eskualdera zabaltzeko betidanik izan duten ametsa. Ez da izan lan erraza. "Ez dago erakusketarako leku askorik Durangaldean. Argazkilaritza tradizio handirik ere ez dago. Argazkilaritza arte eta kultur jarduera gisa hartuta, noski". Hala ere, sustraiak lurrean barrena zabalduz doaz. Indarra hartuz doa, beraz, Begira Photo. "Hala dela pentsatu eta sinetsi gura dugu".

Pentsamendu garaikideaz

Argazkiak erakusteko jarduera hutsetik harago doa Begira Photo. Argazkilaritza Mintzagai jardunaldiak prestatu dituzte azarora begira. "Jaialdiak sormen artistikoa sustatzen du. Baina baita irudi fotografikoen inguruko pentsamendu garaikidea ere. Pentsamendua sustatzeko espazioa da hau. Argazki liburuek eta erakusketek sormena defendatzen dute, eta jardunaldiek, pentsamendua".

Jaialdiari bukaera emateko saiook azaroaren 11n eta 12an egingo dituzte. Hainbat gonbidatu izango dituzte hitzaldietan eta mahai inguruetan parte hartzeko. Hainbat gai izango dituzte mintzagai: sormena argazkilaritzan, argazkiak ikusleengana iritsi ahal izateko zabalkundea, eta kritika zein kritikarik eza. "Behin eta berriro errepikatzen ari garen ardatz horien inguruan eztabaidatuko dugu: lanaren sozializazioa, argazkilaritzaren inguruan dauden rol anitzak... Argazkilariez gain, badaude beste aktore batzuk: argitaratzailea, galerista... Argazkilaritza biltzen duen guztiari lekua egiten saiatzen gara pentsamendu foro honetan, rol anitzetatik aztertuta".

Irudien eta pentsamenduen zurrunbilo horretan barneratuta, jaialdia zenbait argazki liburu sustatu eta aurkezteko ere baliatu du Begira Photok. Carmen Riveroren Pérdida de lo absoluto; Ximena Almeydaren Calma, eta Jesus Mari Aruabarrenaren Friederike argazki liburuak aurkeztu zituzten joan den astean. Horiekin batera aurkeztu zituzten Noctis Photobooks eta Pewen Cuadernos de Fotografía proiektuak ere.

Basoaren misterioak utziko ditu agerian aurten Begira Photo jaialdiak. Ikuspegi anitzak islatzen dituzte argazkiek. Lanok, adarrez betetako baso ezkutuetan zein hiri barruko zuhaiztietan murgilduko dituzte ikusleak. "Irudietako askotan arbola bakar bat ageri da. Hala ere, zuhaitz mordo batek elkarrekin osatzen duten multzoa da baso bat. Landaketak, ziurrenik mendeetan zehar hor egon diren basoak eta eta hondamendiren bat edo beste uztartu ditugu; suteak, batez ere". Basoaren barreneko poesia azaleratzen duten irudiak euren jatorrizko bizilekuetatik kanpo atera dituzte, eta herritarrei, meditazio eta gogoetarako leku zoragarri gisa aurkeztu, irudi ezkorrak, gehienetan, bazter utzita. Eta beti ere, zaindu beharreko leku paregabe legez azalduta. Zuhaitzak bizitzaren berme direlako.

Oroimena sototik atera dadin

Oroimena sototik atera dadin

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Makuesa da Arantza Bengoa; elantxobetarra, alegia. Hitz berezi hori erabiltzen dute herrian herritarrak deitzeko. Arrantzaleen soto batean argazkia atera dio Iñigo Azkonak Bengoari, gutun azal bat eskuetan duela. Eta, argazkiari, testua jarri dio Xabier Enbeita bertsolariak era berean. Hala dio: "Berba idatziek beti ez dabe gaurko estresik euki. Orain dala ez horrenbeste arte hausnarketarako tartea eukien, euren artean hausnartu ostean ordena egokian gutuneratuten ziran. Mahatsa haretxezko kupeletan bezela, botiletan igeri edo usoekaz hegan, onduta helduten ziran. Garai haretako gutunak berba egiten eben". Elantxoben arrantzak izan duen tradizioa gordetzeko, Makuesak izeneko erakusketa osatu dute Azkonak eta Enbeitak. Liburua argitaratu zuten lehenik, eta erakusketa ere prestatu dute, 50 argazkirekin. Bilboko Itsas Museoan dago ikusgai, azaroaren 27ra arte.

Tradizioz, itsasoarekin eta arrantzarekin harremanetan egon da kostako herri hori. Elantxobeko ekonomiaren eta kulturaren ardatza izan da itsasoa urte luzez, eta jarduera horren inguruan antolatu dute makuesek bizimodua. Baina aldatzen ari da Elantxobek arrantzarekin izan duen lotura hori. Urteak dira Elantxobeko portuan arrantza ontzirik ez dagoela. Zehazki, sei urte igaro dira Anaitasuna izeneko azken ontziak herriko kaia utzi zuenetik. Eta, herriaren ardatza izan den jarduera hori betikotzeko, herritarrekin berekin osatu dute lana Azkonak eta Enbeitak. Herritarrei erretratuak atera, eta izoztu egin dute garai bateko Elantxobe. Arrantzaleen soto batean egin dituzte argazki guztiak. Eta irudietan sortzen den giroak itsasora murgiltzen du ikuslea, berehala.

Herritarrak protagonista

Saregileak, arrantzaleei jaten edo edaten eman dieten tabernariak, kontserberetan lan egiten zuten herritarrak... Horiek guztiek egin dute Elantxobe, Makuesak egitasmoaren egileen arabera. Eta, horregatik, elantxobetarrak elkartu eta beren historia eta istorioak lehen planora ekarri dituzte, itsasora lotutako Elantxobe hori gogoan gordetzeko. Herria itsasora lotuta egongo delako beti, Makuesak erakusketaren egileen arabera.

Sareak josten jarri dituzte, adibidez, Libe eta Amaia Gueneaga. 83 urtekoa lehena, eta 79 urtekoa bigarrena, sotoan biak. Irudia hartu du Azkonak, eta andre bien ahotsari hitzak jarri dizkie Enbeitak. "Zenbat lan sareetan antxoak noz jausiko, zenbat lan kontserba ontziak hutsik ez egoteko, zertarako ondorengorik ez badator? Itsasoa agortu dogun edo ez jakiteko be gure etorkizuna bermatu behar dogu". Berdin arrantzara lotutako hirukote bat. Sotoan, zutunik. "Aspaldiko lagunen oroitzapenetan lapurrak beti zelatan, konturatu orduko kontakizunaren berak haizeak eroaten dauz. Nora baina? Zertarako? Arrantzaleen liburuak hutsik dagoz lapurtutako istorioak noz itzuliko zain".

Elantxobe ez da garai bateko Elantxobe. Baina izandakoaren pasarte bat gorde dute Azkonak eta Enbeitak. Baita ezagutzera eman ere. Herrian bertan jarri zuten ikusgai erakusketa lehenik, eta, ordutik, Zarautz, Ondarroa eta Gernikatik igaro da erakusketa. Bilboko itsasadarrera ekarri dute orain.

Liburuz betetako altxor ibiltaria

Liburuz betetako altxor ibiltaria

Natalia Salazar Orbe
Liburuen orriek mundu magikoetarako ateak zabaltzen dituzte. Urrutiko istorioak gertutik ezagutzeko aukera ematen dute. Irakurketa bat baino gehiago izan dezake, gainera, liburu berak. Baina norberak aukeratutako praktika izan beha...

Itsasaldien topaleku

Itsasaldien topaleku

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Islandia, New York, Ingalaterra, Alemania, Mundaka, Donostia eta Zarautz. Askoren artean, hiri eta herrialde horien elkargunea da egunotan Bermeo. Mareak jaialdiaren bigarren edizioa ospatzen ari dira bertan. Eta urriko lehen ham...