Labar artearen XXI. mendea

Labar artearen XXI. mendea
Iñigo Astiz / Bilbo
«Artean ez dago ez iraganik, ez etorkizunik. Orainaldian ez dagoen artea ez da inoiz artea izango». Pablo Picasso margolariaren hitz horiekin hasten da Bilboko Rekalde aretoan zabaldu duten K.o. 2016. Paleolitoa erakusketa. Ez da kasualitatea, aretoan elkarrekin aurkezten baitituzte Bizkaiko kobetan topatutako labar artea eta gaur egungo hainbat artistaren lanak. Areago: XXI. mendeko teknologiari esker, kobazulo barruan balego bezala gozatu ahalko ditu bisitariak orain dela 25.000 urte inguruko gizakiek egindako marrazkiak. Errealitate birtualeko betaurreko batzuei esker, esaterako, bertatik bertara ikusi ahalko ditu Karrantzako Ventalaperra kobako, Kortezubiko Santimamiñeko eta Galdamesko Arenazako txokoak. Urtarrilaren 29ra arte egongo da zabalik erakusketa. Edo koba.
«Gure hormetako labar artearen aberastasuna sortu zen parajean bertan ikusteko eta gozatzeko aukera ematen dugu». Hala laburbildu du erakusketaren asmoa Lorea Bilbao Kultura diputatuak. Azken hilabeteetan maiz izan dira albiste Bizkaiko kobazuloetan topatutako historiaurreko marrazkiak, eta lurraldearen aberastasunaren froga dira orain bi aste Lekeitioko Armintxe koban aurkitutako bisonte, orein eta lehoien irudiak. Ondarea behar bezala ikertu eta babestu ahal izateko, ordea, gehienetan bisitarientzako itxita egoten dira gune horiek, eta horregatik antolatu dute erakusketa; altxor hori denen eskura jarri ahal izateko.
Baina ez da hori erakusketaren asmo bakarra. Bilbaok azaldu duenez, ikerketa zientifiko eta historikoetan egindako aurrerapenez gainera, gizakiaren sorkuntza beharra azaleratzea ere bada helburua. Eta horregatik erakutsi nahi dituzte kobazuloetako marrazki horiek gaur egungo artisten sorkuntzekin uztartuta. Horregatik daude Picassoren hitzak ibilbide hasieran, eta hortik dator erakusketaren izenburua ere: K.o 2016. Paleolitoa.
Garaikide eta antzinako
Paco Gramaje artistak sortutako bideo bat topatuko du bisitariak, esaterako, errealitate birtualeko betaurrekoak dituen aretoa pasatzerakoan. Eta hor hasten da uztartzea, Santimamiñeko bisonte eta zaldien irudiekin batera baitoa Gramajeren lana, eta Mimmo Paladino artista italiarraren artelan bat ere ikus baitaiteke areto berean. Antzera hurrengo gunean ere. Txuspo Poyo artistak ere labar pintura hartu du abiapuntutzat bere bideoa sortzeko, eta, kasu honetan, Karel Appel artistaren artelan bat izango du alboan ikus-entzunezkoak. Azkenik, Alba Corralen bideoarekin batera, Armintxeko marrazkiak eta Miquel Barcelo artistaren pieza bat ere ikusi ahalko dira.
Zientziarena da, halere, azken aretoa. Irten aurretik, pantaila ukigarri batzuen bidez, Bizkaiko labar artearen ondareari buruzko materiala kontsultatu ahalko du bisitariak. Nahi beste gerturatu ahalko du begia irudietara pantaila horiei esker, eta Bizkaiko arkeologiari buruzko informazioa biltzen duten hainbat publikazio kontsultatzeko aukera izango du.
Bisita gidatuak egingo dituzte ostegunero arratsaldez, eta abenduaren 15erako mahai ingurua antolatu dute. Arteari eta sormenari buruz arituko dira han hizketan Cesar Gonzalez Historiaurreko katedraduna, Diego Garate arkeologoa eta Txuspo Poyo artista eta bideo sortzailea.