Literatura hedatzeko amua bota dute

Literatura hedatzeko amua bota dute

Natalia Salazar Orbe

Literatura ardatz nagusi izan arren, dantza, musika eta bestelako kultur diziplinen euskal sortzaileak eta artistak bildu dituzte sei egunez, Ondarroan. Literatur Amuak jaialdia egiten ari dira bertan. Atzo eman zioten hasiera, eta, asteartera bitartean, hamaika jarduera eta ekitaldi antolatu dituzte. Bosgarren edizioa dute aurtengoa. Anbizio handiz antolatu dute. Liburuei buruzko hizketaldiak, aurkezpenak, antzezlanak eta ikuskizunak prestatu dituzte. Eta Kirmen Uribek bere azken lanaren aurrerapen txiki bat ere egingo du herrian bertan, azaroan nazioarteko aurkezpenei ekin aurretik.

Jaialdiaren helburua argia da: herritarrak eta ingurukoak euskal literaturarekin bustitzea. Hala azaldu du Eneritz Basurko euskara teknikariak: “Ondarroa moduko eremu euskaldunean euskal literaturak merezi duen lekua izatea ezinbestekoa da. Euskaraz bizi garen moduan, euskarazko literatura kontsumitzeko ohitura hartu behar dugu”.

Urtero legez, herriko artisten plaza bihurtu da jaialdia. Baina kanpora begira ere jarri da. Galizierari lekua egin diote aurten, lehenengoz. Hizkuntza txikiei egindako keinu legez, Todos os mares, o Mar galizierazko poesia emanaldia egingo dute bihar.

Agertoki berriak ere uztartu dituzte. Orain artean jaialdirako erabiltzen ez ziren espazioetara jo du udalak. Portuko arranpara, Etxelilara, Musika Eskolara eta gaztetxera ere zabaldu dituzte jarduerak. Horietako batek Ondarroako Emakumeen Kontseiluak antolatutako ekimen bat hartuko du. Hala, emakumez soilik osatutako Testurak ikuskizuna taularatuko dute gaur, Etxelilan. Amua hasia da, beraz, irakurle eta euskal kultura zaleen bila.

Egitaraua

Ostirala, urriak 28
18:00. Argiaren alaba eleberriari buruz mintzatuko da Yolanda Arrieta, Etxelilan.
19:30. Testurak bertso saioa, Etxelilan: Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Eli Pagolaren eskutik. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal.

Larunbata, urriak 29
10:00. Irakurle kluba. Jasone Osororen 12etan bermuta liburuari buruz mintzatuko da Joxemari Urteaga. Liburutegian.
12:15. Galizierazko poesia. Udal Musika Eskolan.
19:00. Poesia errezitaldia. Ene maite kuttun guztiak. Harkaitz Cano, Ainara Gurrutxaga eta Iban Urizar. Kofradia zaharrean.

Igandea, urriak 30
12:00. Ander Odriozola Argoitiaren Freeport liburuaren aurkezpena, Kofradia zaharrean.
12:00. Nanoipuin lehiaketaren sari banaketa. Kofradia zaharrean.
19:00. Antzezlan errezitatua: Mr Señora. Portuko arranpan.
20:00. Anariren kontzertu akustikoa, portuko arranpan.

Astelehena, urriak 31
20:00. Dantza gurea kontzertu dantzatua eta dantza musikatua. Kofradia zaharrean.
22:00. Bihotz salataria antzezlana, gaztetxean.

Asteartea, azaroak 1
17:00. Gaueko entziklopedia koxkorra familia osoarentzako ikuskizuna. Udal Musika Eskolan.
19:00. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua liburuari buruzko zertzeladak, Kofradia zaharrean.