Ikusitakoaren mina

Ikusitakoaren mina

Aitziber Laskibar Lizarribar

Mina darie begiradei, eta min egiten dute begietan. Ez dute malkorik, eta ezerezera begiratzen dute. Euren eztarriek ez dute oihu egiten, isilik daude. Gorputzak ez dira bihurritzen, eta apenas duten mugimendurik; nekatuta daude, egonean gehienetan, beste aukerarik ez duenaren etsitasunarekin. Olmo Calvo (Santander, Espainia, 1982) fotokazetariaren argazkiek uzten dituzten irudiak dira. 2015eko abuztutik 2016ko martxora bitartean Grezian eta Mazedonian hartutakoak. Errefuxiatuek jasaten dituzten egoerak agerian uzten dituztenak. Hotzak eta gogorrak.

Bilboko Ondare aretoan dagoen Migrazioa. Bestelako zentsurak erakusketak gertutik sentiarazten du hesiz itxitako kanpalekuen gordintasuna: lokatz gainean pilatutako kanpin dendak, plastiko eta egur zatiekin inprobisatutako aterpeak, eserleku bihurtutako plastikozko kutxak. Hotza sumatzen da edonon; haurren aurpegietan, handiegi dituzten arropen loditasunean, sua egitea lortu dutenen handitasunean. Zeren, ez da erraza lur biluzi eta bustian egurra lortzea. Inguruko zuhaitz bakanari adarra kendu nahian dabil gizon bat eremu batean; bestean, metalezko horma garaia gainditzeko lanean dabiltza familiak. Haurrak ere zintzilik daude metroetako altueratik, murrua igarota zirrikituetatik ibiltzea errazago izango dutela eta.

Gaindiezinak dirudite bertatik ateratzea galarazten duten alanbrezko hesiek. Punta zorrotz eta arantzaz eginak, bata bestearen atzean jarriak, eta arantza gehiagorekin indartuak. Ama bat haur jaioberria besoetan, Grezia eta Mazedonia arteko mugan eraikitako hesiari begira ikus daiteke, geldirik. Haurrak, gainditu ezin duten mugari begira; eta, bestaldean, kaskoz eta ezkutuz babestutako polizien ilara. Bi haur zerura begira, salbamenari heltzeko azken aukera aurrean izango balute bezala. Hesiaren bestaldean barrez ari diren bi poliziek laranja bat bota diete urrutira, eta hori harrapatzen asmatu nahian dabiltza umeak, adi-adi, zeruan ikusten duten laranjaren ibilbidea ez galtzeko ahaleginean.

Artatzeko zain daudenen begirada galduak. Jatekoren bat hartzeko ilaran direnen oin bustiak, lokatzez zikinduak. Handiegi dituzten zapata urratuak, eta boluntarioek helarazitako arropa arrotzak. Ez dira haien tamainakoak, eta poltsetan eraman izanaren tolesturak agerian dituzte, baina, oraingoz, siku daude.

Handikeria eta ezereza

Kontraesanen erdigunea da Atenas. Olinpiar Jokoen handikeriak utzitako hondarretan hartu dute aterpe errefuxiatuek. Milaka bizi dira olinpiar eraikin abandonatuetan. Portuko irudiak ere ez dira leunagoak. Ehunka kanpin denda pilaturen atzean ikusten da portura sartzen ari den aberatsen ferry dotorea.

Balkanetan hartutako irudietako batzuek mugimendua dute; geldoa, baina mugimendua: errepideetatik, trenbide erditik, laborezko lur sail handietatik oinez doazen familien pauso nekatuak. Edo txoko ezkutu batean korrika ateratzeko seinalearen zain dagoen familiaren tentsioa. Legez kanpokoak diren taxi modukoaren zain daude gurasoak eta seme-alaba tropela, gordeta, gidaria haien beharraz aprobetxatzen ariko dela jakin arren. Beste irtenbiderik ez dute ikusten, ordea.

Lesbos irlara iristear direnen irudiek errealitaterik krudelena irudikatzera daramate. Dozenaka errefuxiatu itsasoan, urez beteriko txalupa puzgarri batean. Gehiegizko pisuaren ondorioz, ez da ikusi ere egiten txalupa, eta pilatuta dauden ume eta nagusiak ur gainean eserita daudela dirudi. Izuak baino etsipenak indar handiagoa du, eta irlara iristeko gosea ageri da iheslarien aurpegietan.

Lesbosko kostaldera iristea lortu duen umearen irudia ez da, ordea, lasaigarriagoa. Muturreko hotza nabari zaio itsasoak erabat busti duen haurraren ezpain urratuetan. Hotzaren hotzak eragindako dardara senti daiteke. Berotasun falta. Boluntario batek bere jaka barruan sartua du, bere gorputzaren kontra estutua, besoekin inguratua, epeltasuna eman nahian.

Ihes egiteko arriskua hartu dutenen egoerak ondo laburbiltzen ditu Calvok, Mahmud Darwish poeta palestinarraren hitzak bere eginda, erakusketan jaso duen esaldian: “Bizitza maite dugu haranzko bide bat topatzen dugunean”.