Kultura

Munduko kulturen trukerako agertokia

Munduko kulturen trukerako agertokia

Natalia Salazar Orbe

Antzinako erritmoen taupadak, dantzarekiko pasioa, tradizioa, dantza tribalak eta naturarekiko loturak bat eginda. Munduko kultura askoren erakuslekua, eta bertakoaren agertokia. Horixe bihurtu da Portugalete egunotan: asteon abiatu da Nazioarteko 43. Folklore Jaialdia Portugaleten, beste herrialde batzuetako kultura ezagutzeko aukera emateaz gain bertakoak munduan ezagutarazteko baliagarria den jaialdia. Abian da herrialde bateko beroa besteko hotz handiarekin fusionatuta sortuko duten koktelaren dastatzea.

Astelehenean egin zuten lehen emanaldia; ikusgarrienetako bat izan ohi da: Portugaletera iritsitako talde guztiak leku berean ikusteko aukera izan zen. Canilla pasealekuan aritu ziren Polonia, Mexiko, India, Txuvaxia eta Ekuadortik iritsitako dantzari eta musikariak, Elai-Alai anfitrioiarekin batera. Gorka Mostajo bertako dantzaria da, eta antolatzaileetako bat. Hala laburbildu ditu lehen saioak: "Primeran joan dira. Aniztasun handia dago dantzetan. Jaialdi polita daukagu aurten".

Aste osoa iraun du musika eta erritmo askotarikoak elkartu dituen jaialdiak. Eta oraindik bada aukerarik, bai herrian bertan, eta baita handik kanpo ere. Izan ere, jaialdiak Bizkaira hainbat talde ekarri dituela aprobetxatuta, herriz herri ibiliko dira erakustaldiak egiten.

Orain arte herrian ikusi ez diren zein beste urte batzuetan ere izan diren taldeen emanaldiak dituzte aurten. Ekuadorko eta Mexikoko taldeak dira esperientzia errepikatu dutenak. Azkenek bosgarren bisitaldia dute. "Maskaren erakustaldia eta gonen mugimendu handia erakutsi dituzte lehenengoek. Oinekin lurrari astinduak eman dizkiote bigarrenek".

Txuvaxiakoak iruditu zaizkio berezienetakoak Mostajori. Izan ere, Errusiako federazio txiki batekoak izan arren, haien dantzek ez dute izan dantza errusiarrek izan ohi duten ezaugarririk. Euren kulturaren berezitasunak taularatu dituzte. "Oso saio dantzatuak ekarri dituzte". Indiakoek ere aho zabalik utzi dituzte ikusleak: "Mugimendu anarkikoak egiten dituzte, ordena berezirik jarraitu gabe, estilo libreagoan. Jantziak ere bereziak dira, kolore bizikoak".

Astearterako gorde dute jaialdiko unerik "ikusgarriena": Munduko Dantzak. Azken urteetan gauzatu dute: "Sei agertoki jartzen ditugu Karlos VII.a kalean, eta aulkiz inguratzen. Hala, herrialde guztietako taldeak ikus daitezke, dantzariak batetik bestera igarotzen direlako".

Bestalde, igandean eta astelehenean dantza saioetan ahaztuta geratzen diren musikarien kontzertuak entzuteko aukera izango da. "Herrialde bakoitzeko musika tradizionala entzun ahalko dugu".

Urtero ehun boluntarioren lana eskatzen duen jaialdi honek bizirik jarraitzen duela erakutsi du. 43.a dute jada. "Eta badatoz belaunaldi berriak atzetik".

EKUADOR
Tungurahua talde folklorikoa

1970ean abiatu zuen arte tradizionala hedatzeko ibilbidea Tungurahua talde folklorikoak. Kulturaren, tradizioaren eta bertako bizilagunen alaitasunaren eta edertasunaren arte bizia erakusten duen taldea bilakatu da. Hainbat alor jorratzen dituzte euren ikuskizunek: antzinako erritmo eta mugimenduak, herriaren samurtasuna eta maitasunaren pedagogia. Hori dela eta,Tungurahua taldea Ekuadorko kulturaren eredu eta lekukotzat hartzen da munduan.

MEXIKO
Colimako Unibertsitateko ballet folklorikoa

Nazioarteko hainbat jardueratan Mexiko herriaren ordezkaria izan da Colimako Unibertsitateko ballet folklorikoa. 1980. urtean sortu zuen Rafael Zamarripa Castañeda koreografo eta eskultoreak. 2013an Colima estatuko kultura ondarearen altxor izendatu zuten ballet folklorikoa.

TXUVAXIA (ERRUSIA)
Txuvaxiako kantu eta dantza konpainia

Herri kantak kantatzen zituen abesbatza izan zen, hastapenetan, Txuvaxiako konpainia. 1924an abiatu zuen ibilbidea. Abesti, dantza folkloriko eta jokoz osatzen dute erakustaldia.

POLONIA
Wisla

Wisla musika eta dantza folklorikoko taldea iritsi da Poloniatik. 1995ean sortu zuten. Esperientziari esker, berehala hartu zuen maila artistiko handia. Poloniako dantza tradizionalek osatzen dute, bereziki, euren programa. Musikari bikainek osatutako orkestrarekin iritsi da Portugaleteko jaialdira.

INDIA
Rangsagar

Tradizio handiko eta kultura aberatseko herrialdea da India. Bertako kultura koloretsuaren eredua da Rangsagar taldea. Indiako dantza folklorikoz eta herrialdeko hainbat tributako dantzez osatutako bilduma dauka. Eta horren lagin bat aurkeztuko du Portugaleten eta Bizkaiko beste hainbat herritan.

EUSKAL HERRIA
Elai-Alai

Jaialdira gonbidatutako bost herrialdeetako folklore taldeekin batera ariko da Portugaleteko Elai-Alai anfitrioia ere. Zuberoa eta Lapurdiko inauteriak dantzatuko ditu Euskal Herriko ordezkariak.

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia aldatu egin da sorreratik gaur egunera arteko ibilbidean. Hasieran ordaindu egin behar ziren ikuskizunak, eta orain doakoak dira. Agertokiak ere aldatu egin dituzte. Eta, apurka, handituz joan da. "Talde eta herrialde berriekin harremanak egin dituen heinean haziz joan da. Jaialdiak izena lortu du. Ez Portugaleten bakarrik. Ekartzen ditugun taldeek beste herri batzuetan ere emanaldiak egiteak jaialdia sendotzen laguntzen du".

Reggae jai txapelduna

Reggae jai txapelduna

Aitziber Laskibar Lizarribar

Itsasoari begira, itsasoa bera ukitzen duten lurretan dago Armintza. Alde batetik, mendialde eta zelai berdeek besarkatzen dute, eta amaierarik gabekoa diruditen ur urdinek, beste aldetik. Arrantza portu txikia da. Txalupak ber-bertan dituela, itsasoari begira bizi dena. Itsas zabalaren bestaldean, ikusmenak harrapatzen ez duen nonbaitekiko maitasun istorio gisa azaltzen dute antolatzaileek ia azken hogeita hamar urtean urtero errepikatzen den jaialdiaren muina: "Armintzako arrantza portua jamaikar jatorriko musikaren eta Euskal Herririk tropikalenaren arteko maitasun gutun bat idazten hasi zen". Txikitik sortu zen Txapel Reggae jaialdia, era xumean, eta handira egin du azken urteetan. Urruti dago Potato, Kannabis eta Yassa musika taldeeren kontzertuek abiatu zuten lehen edizio hura.

Karmengo jaietan hasi zen jaialdia, programazioaren barruko reggae egun gisara. 1990a zen. 27 urteren ondoren, tradizio bihurtu da reggae zaleentzat; galdu ezin den jaialdi berezia. Jamaikar jatorriko musika esperimentatzen hasiak ziren euskal taldeentzako plataforma gisara sortutakoa, nazioartean itzal handia duten artista ugariren lankidetzarekin egiten den jaialdi handi bihurtu da; Bizkaiko kostaldeko kultur proiektu garrantzitsuenen artean zein kultura jamaikarraren inguruko agendan leku egitea lortu duen hitzordua.

Eta, duen kokapen bereziagatik zein egitarau aberatsagatik ez ezik, beste zerbaitegatik ere bada "aparta" Txapel Reggae, antolatzaileen esanetan: "Jaialdi irekia, plurala eta doakoa delako", giro aparta izaten duelako, eta "gau ahaztezin bat igaro nahi duen edonork ongi etorria jasoko duelako".

Herritarren babesa

Hain zuzen, herritarren parte hartzea goratu eta eskertu dute antolatzaileek: "Marka komertzial handiek aire zabaleko makrojaialdi ugari babesten dituzten garai honetan, benetan bitxia da horren herri txiki batean biztanle guztiak eskuzabaltasunez musika saio hau antolatzeko laguntzen ikustea".

Aurtengo egitaraua "oso internazionala" izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta jamaikar tradizioa eta doinu britaniarrak nahastuko direla bereziki. Ska, dancehall eta roots erritmo dantzagarriak izango dira nagusi biharko saioetan. Eta mundu osoan ospe handikoak diren reggae musikariak igaroko dira Armintzako portuan jarritako agertokitik. Besteak beste, Macka B, Danny Red eta Jah Observer. Tokiko taldeek ere izango dute lekua nazioarteko izen handi horien ondoan.

Bi gune nagusi

Aurreko jaialdietan bezala, bi gunetan banatuko da Txapel Reggae: Skateparkean egongo den Pay-Pay Dub Stage gunean sound system musika protagonista duen agertokia egongo da, eta Euskal Herriko musikariak izango dira nagusi, arratsaldean, 16:00etan hasita. Mad Muasel abeslari bizkaitarrak, adibidez, abesti zaharrak eta sorkuntza berriak eramango ditu Armintzara. Aiaraldeko Sound System Laudioko (Araba) gazte taldea ere Skateparkean jarritako agertokian arituko da. Baita Iruñeko Sustrainans & Titanians in Dub ere. Salda Dago, reggae mugimenduan lelo bihurtu diren hitzen egile gaztea, Thunder Clap Sound System kolektiboaren laguntzarekin arituko da.

Sadhu Stage izena eman diote beste guneari: portuan jarritako agertokiari. Izen handiko musikariak arituko dira, gauean, 22:00etatik aurrera. Erresuma Batuko eta Jamaikako musikariak izango ditu oinarri gune nagusi horrek: Macka B artista eta aktibista, sound system kulturan maisua den Jah Observer, Dany Red abeslaria, Irregular Roots banda eta The Hot Knives banda. Etxeko talde bat ere arituko da itsaso aurrean kokatutako agertoki berezian: Iruñeko Skabidean.

Baina jarraitzaile gehien bilduko dituzten emanaldiak gauean izango diren arren, Armintzara joaten denak eguerditik izango du zerekin gozatu. Txapel Reggae jaialdian ohiko bihurtu den rasta poteoa, esate baterako, 12:00etan hasiko da. Armintzako kale eta tabernetan zehar ibiliko da Batukale Sambaren musikaren laguntzarekin. Egun osoan egingo diren gainontzeko ekitaldiak ere musikaz alaitutakoak izango dira; goizean egingo den skate txapelketa, esaterako.

Jaialdian izaten den giro ona nabarmendu, eta horretan laguntzeko eskatu dute antolatzaileek: "Errespetua eskatzen dugu; Armintzara bilduko diren pertsona ororenganakoa, herria berarenganakoa eta ingurunearenganakoa".

Kultur eta arte aukeren oholtza

Kultur eta arte aukeren oholtza

Izaro Mendieta
Hasieran izaten da, bada, ideia bat, asmo bat. Baina espero gabe etortzen dira, gero, ezusteak. Eta horiei jarraikiz egiten da bidea, non amaituko den jakin gabe, oztoporik sortuko den pentsatu gabe. Eta horiei aurre egiteko ateratzen d...

Musikazaleen festa piztu da

Musikazaleen festa piztu da

Natalia Salazar Orbe

Musikak giroa astindu du. Airean dago, iltzatuta. Domekara arte ez du alde egingo. Bilbo pop eta rock estiloen hiriburu bihurtuta dago ordura arte. Kobetamendi inguruko landak hainbat artista entzutetsuren ikuskizunen agertoki bilakatuko dira. Abian da XII. BBK Live jaialdia. Atzo hasi zuten, eta oraindik giroan sumatzen dira Depeche Mode, Justice zein Maadraassooren kantu eta mezuen uhinak. Hasiera besterik ez zieten eman jaialdiari. Denera, 70 talde ariko dira BBK Live jaialdian.

Ikuskizuna aurrera doa. Kartelburu entzutetsuek zein horren ezagun ez izan arren ezusteak emango dituzten taldeek girotuko dute Kobetamendi, gaur. Hantxe ariko dira Primal Scream, Blonde Readhead, Trentemoller zein The Killers, besteak beste.

Spaceman, Human edota Bones kantu arrakastatsuek lekua izango dute gaur The Killers taldearen ikuskizunean. Mundu osoan 22 milioi disko baino gehiago salduta iritsiko da Bilboko agertokira. Haren agertokitik gertu ariko da Phoenix talde frantziarra. 2009an, Grammy saria irabazi zuen, Musika Alternatiboaren Albumik onena egin zuelako: Wolfang Amadeus Phoenix.

Biharko kartelburuei dagokienez, Die Antwood aipatu dute antolatzaileek. Musika eszena irauli zuen talde hegoafrikarrak 2010ean argitaratu zuen lehen diskoarekin. Harrezkero, orduan abiatutako lan nekaezinarekin jarraitu dute, rapa, musika dantzagarria eta sustrai-musika euren estetika bereziarekin eta zuzeneko ikusgarriekin uztartuz.

Two Door Cinema Club izango da kontzertu nagusietako beste bat. Ipar Irlandako indie rock eta indie pop musika estiloak eramango ditu Alex Trimble, Sam Halliday eta Kevin Baird hirukoteak Bilbao agertokira.

Nazioarteko taldeez gain, tokiko artista eta taldeei ere lekua egin diete aurten ere. Han ariko dira, besteak beste, Izaro edota Niña Coyote eta Chico Tornado.

Leku bereziak

BBK Live jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat da pop eta rock estilo askotarikoak eramten dituela agertokietara. Iaztik aurrera, baina, beste bat ere gehitu zaie bi eredu horiei: Basoa espazio bereziak musika elektronikoa astinduko du. Hantxe ariko dira gaur eta bihar, besteak beste, Javi Green edota Nicola Cruz. Nazioartean ospea hartu duten artisten emanaldiak iragarri dituzte.

Espazio berezi horrez gain, aurten ere, Bereziak zikloak hirigunera gerturatu du BBK Live. Kobetamendiko jaialdiaz gain, hiriko hainbat espaziotan hainbat kontzertu eta jarduera prestatu dituzte. Gaur eta bihar, Rufus T. Firely eta Nudozurdo taldeak ariko dira. Bihar, Delorean eta Iseo & Dodosound w/The Mousehunters ikusi ahalko dira. Horrez gain, Jagermusic ontzia Pio Baroja kaitik aterako da. Bertan ariko dira Kaixo, Rrucculla eta King Kayman taldeak. Umeekin batera aritzeko Play'N'Kids saioak zortzi orduko jarduerak eta musika eskainiko dizkie familiei.

Ohiko musika jaialdi bat baino harago joan da BBK Live urteekin. Betidanik eskaini die espazio paregabea kontzertuez gozatu ostean atsedena agertokietatik gertu hartu nahi zuten bisitariei. Kontzertuen esparrutik hiru kilometro ingurura kokatu dute urtero kanpalekurako espazioa. Eremu berde horretan, arbolen artean, jartzen dituzte bisitariek euren dendak. Beharrezko zerbitzu guztiak aurkituko dituzte eremu horretan: ura, ur beroa, dutxak, komunak, entxufeak zein janari mota askotarikoak eskaintzen dituzten establezimenduak.

Ohiko kanpaleku horren ondoan, jaialdia esklusibo bihurtzeko beste zerbitzu batzuk ere eskaini dituzte aurten: Glamping-a, hain zuzen. Eremu horretan, atzean geratuko da era horretako topaketek sortzen duten xarma. Edo, bestela, baliteke beste xarma mota baten bila ari den beste publiko mota bat ere erakarri nahi izatea. Izan ere, denetariko luxuak eskainiko dituen zerbitzua prestatu dute: lau, bi zein pertsona bakarrarentzako dendak eskaini dituzte aukeran. Horrez gain, gosaria, berez puzten diren koltxoiak izara eta guzti, gau mahaia zein LED argia dituzte eskuragarri lekuotan.

BBK Live jaialdiaren espazioan, 22 barra jarri dituzte, denera. Hara biltzen direnek otorduetarako aukera zabalagoa aurkituko dute aurten. Eskaintza gazia eta gozoa. Arropak, diskoak, liburuak zein elastikoak salgai dituzten erakuslekuek osatzen dute, bestalde, azokaren eremua.

Ez beti da ez

Udako festen hasierak berriz ere sexu eraso matxistak agerrarazi dituzte. Salaketak izan dira, eta baita horiek gaitzesteko protestak ere. BBK Live jaialdiak eraso sexisten prebentziorako Ez beti da ez kanpaina jarri du abian. Errespetua eta askatasuna ardatz dituzten harremanen gaineko kontzientzia zabaltzea du helburu mezu sinple eta ezagun horrek. Era horretako erasoak zelan identifikatu eta horiei zelan erantzun zehazten duen gida bat jarri dute eskuragarri, besteak beste, antolatzaileek. Argi utzi gura izan dute erasorik edo faltarik txikienak ere gizartearen gaitzespen kolektiboa aurkitu behar duela aurrez aurre.

Eskumuturrekoz ordaindu

Txanponek eta billeteek ez dute lekurik aurtengo jaialdian. Eskumuturreko adimendunek kendu diote lekua esku diruari. Sistema hori besterik ezin da erabili. Eskumuturrak duen txip horrekin kontrolatzen dute Kobetamendiko esparrurako sarrera ere.

Teknologia berriekin batera egokituz joan da jaialdia bera, garai berrietara. Itxura dotore edo erosoegia hartzen ari dela pentsatuko dute zenbaitek. Eskaintza batzuek eta besteek duten erantzunak finkatuko du etorkizunerako eredua. Oraingoz, musikaren uhinek bazter guztiak beteko dituzte.

Mundua eskuz begiratuta

Mundua eskuz begiratuta

Natalia Salazar Orbe
Brontzearen hotzak, atzamar punten berotasunaren kontrako norgehiagokan, aurrean duen elementuaren zertzeladak ematen dizkio bisitariari. Begiak itxi, eta eskuak baliatu, artelanaren formak eta esanahia barneratzeko eginahaletan. I...

Arroza, munduen elkargune

Arroza, munduen elkargune

Aitziber Laskibar Lizarribar
Tipula usaina batean. Erregosten ari diren arkume zatiena bestean. Askotariko belar espezieena nonahi. Zalaparta alaia. Flamenko doinuak txoko batean. Ijitoen gitarra, esku-zarta erritmikoekin lagunduta. Danbor eta tinbal s...

Munduko musiken plaza

Munduko musiken plaza

Zihara Jainaga Larrinaga
Elorrion, udan, kultura kalera irteten da. Herriko kaleetako ondare artistikoa agertoki ezin hobea bihurtzen da udako gauetan musikaz gozatzeko. Datorren ostiralean hasiko da Musikaire, musika eta arte eszenikoak uztartzen ditu...

Balen arteko letragilea

Balen arteko letragilea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hautsita zegoen Gernika, txikituta, eta munduari kontatu behar zitzaion 1936ko apirilaren 26an gertatutakoa. Sarraskia azaltzen ari zitzaion Estepan Urkiaga Lauaxeta (Mungia, 1905-Gasteiz, 1937) Le Petite Gironde egunkariko Berniard kazetariari frantsesari. Apirilaren 29a zen. Ustekabekoa orduan: Gernika airez suntsitutako berberek atxilotu zuten Lauaxeta. Ia hilabete espetxean egin ondoren, 1937ko ekainaren 25eko egunsentian fusilatu zuten, 31 urte zituela, Gasteizko Santa Isabel hilerriko horman.

Igandean beteko dira 80 urte gertakarietatik. 06:30ean egin zioten tiro, zehazki. "Goiz eder onetan erail behar nabe/ txindor baten txintak gozotan naukela?/ Ez naiten leyora begiok intz gabe". Hiltzera zihoala jakinda ere, ez zuen luma utzi Lauaxetak. Euskal Pizkundearen ikurretako bat da, eta 1936ko gerrak euskal kulturari eragin zionaren ikur ere bada gaur egun, hormaren kontra jarri baitzuten: letrak erre zituzten, eta idazleak, isilarazi. Gazte hil arren, kultur ondare oparoa utzi zuen idazle eta kazetari mungiarrak.

Lauaxeta Lukiz herrian jaio zen, baina ume koxkorra zela egin zuen Mungiara, eta taberna jarri zuten gurasoek han. Ventades eskolatik abade izateko bideari eutsi zion, eta Durango, Loiola eta Oñatin izan zen, fraide ikasketak egiten, harik eta 1928an ez zuela fraide izan nahi erabaki eta komentua utzi zuen arte.

Loiolako egonaldian hasi zen idazlea literaturara hurbiltzen, eta bertan sortu zituen hainbat zirriborro. Halarik ere, Euzkadi egunkarian kazetari lanetan zebilela hasi zen Urkiaga Lauaxeta bihurtzen. Giro politikoari buruzko iritzi artikuluak idazten zituen egunkariko Azalpenak atalean, eta literaturaz eta poesiaz ere hainbat lan idatzi zituen. Kazetariaren jarduera ez zen idaztera mugatu, ordea. Mitinetan zuen garragatik ere ezaguna da Lauaxeta, EAJren hainbat ekitalditan aritu baitzen hizlari.

Horrez gain, Emakume Abertzaleen Batza indartzen aritu zen, eta baita euskara eskolak ematen ere. Ekitaldi politikoak eta kulturalak antolatu zituen, eta euskarazko irratsaioak bultzatzen ere aritu zen. Galtzeko zorian ziren euskal kantak jasotzeko deia egin zuen, eta egunkarian argitaratu zituen gero. "Geure euzko-errijetan gauza jakingarriak dira: abestijak, esaerak, ipuiñak, edestijak, basatxonuak, mendi-ixenda, baserri-ixenak eta abar. Gatxa ete yatzube erritarren abestitxu bat Euzkadira bialdutia?" galdetu zuen artikulu batean.

Olerkarien belaunaldikoa

Olerkarien belaunaldia esaten zaion multzokoa izan zen Lauaxeta, Xabier Lizardi eta Orixerekin batera. 25 urte zituela, Jose Ariztimuño Aitzol-en bultzadaz antolatutako lehen Olerti Egunean, saria irabazi zuen, 1930ean, Maitale Kuttuna olerkiarengatik. Urtebete geroago idatzi zuen lehen olerki bilduma, Bide barrijak, eta 1935ean, gerraren atarian kaleratu zuen bigarren liburua: Arrats-beran.

1936ko gerra piztearekin batera Eusko Gudarostean sartu zen Lauaxeta, komandante. Bi ardura eman zizkioten: intendentzia, batetik, eta Gudari aldizkaria eta Eguna egunkaria kaleratzea, bestetik. 1937ko urtarrilaren 1ean, Hemen gara izenburuko agurrean azaldu zuen bere asmoa Lauaxetak, Eguna egunkariaren lehen alean: "Euskeltzale ta euzkeldun gustion ames zoro ta exintzat uste zana, egi ta ixatean bihurtuteko agindua artu dogu goxetik gabera. [...] Euzkerea erabiljatxa dala uste dabenei arpegi emoten dautsoegu eta gure aberkidiei atsegin yakezan izparak euzkeraz bakarik argi-argi eta ziatz ziatz emoteko ustitan agertuten gara. [...] Euzkadi'ko zelai loratsutan ludi osoari begira, jel ikuritza oso-oso ta zindo aldeztu ta erakutsiko dogu, ikuritz oren maitasun, ontasun eta zuzentasuna bazter gustietan eredu, zabaldu, sendotu eta indartuteko gogo bizik".

Lau hilabete iraun zuen euskarazko egunkariaren jardunean. Izan ere, 1937ko apirilaren 29an hartu zuten preso faxistek, Gernikan, eta heriotza zigorra ezarri zioten handik gutxira. Jaurlaritzak idazlea aske uzteko hainbat saiakera egin zituen arren, ekainaren 25ean hil zuten, Gasteizen. Heriotzaren zain zegoela ere olerkiak idatzi zituen Lauaxetak, hiri bereko espetxean. "Jauna, eriotz au arren emostazu; koldarrentzat itxi larrosen usaña. Azkatasun deuna bial egistazu, atzindu nai dot ba arrotzen iraña, gorputz onek bakez atseden dagian erri azkatuen Egun-Aundi arte!".

Artzain azaletik erakuslekura

Artzain azaletik erakuslekura

Natalia Salazar Orbe
XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, ehunka euskal herritarrek jo zuten Nevadara (AEB), artzain lanetan jardutera. Hainbat euskal herritar bizi ziren hango mendietan. Egoera ez zen erraza. Baina are gehiago okertu zuen 193...