Kultura

Aldaketen lekuko biziak

Aldaketen lekuko biziak

Natalia Salazar Orbe
Begien aurrean ageri denak ezkutuan gordetzen ditu denboraren joan-etorriak bere gainean zizelkatutako pasarteak. Begirada huts batean sumatzen dena baino gehiago da paisaia. Iraganeko gertakariek, berau okupatu duten biztanleek ze...

Euskal Museoaren klaustroa aurki estaliko duela dio aldundiak; auzokideak kexu dira

Euskal Museoaren klaustroa aurki estaliko duela dio aldundiak; auzokideak kexu dira

Aitziber Laskibar Lizarribar

Kultur balio handikoa da Euskal Museoaren eraikina. XVII. mendean sortua da, eta kultura ondasun kalifikatu izendapena du; kultur ondareek jaso dezaketen izendapenik gorenena. Mikeldia gordetzen du, gainera, barruan. Eraikinaren altxor nagusi den klaustroak bertan du museoaren bitxirik preziatuena: Euskal Herriko arkeologia piezarik garrantzitsuenetakoa den harrizko Mikeldia 1864an aurkitu zuten Durangon, eta, noizkoa den jakiterik ez dagoen arren, 2.200 edo 2.300 urte inguru dituela estimatzen da. Erakunde, eragile eta alderdi guztiak datoz bat halako altxorra ondo gorde behar dela esatean. Baina ez ondo zaintze horrek zer esan nahi duen zehaztean. Eta polemika piztua dago.

Datorren urte hasieran klaustroa estalita egongo dela iragarri du Lorea Bilbao Kultura diputatuak. Aldundiak aukeratua duela, dagoeneko, estalkiaren diseinua, lanak azaroan adjudikatuko dituela, eta 2018ko urtarril amaieran edo otsail hasieran amaituta egongo direla lanak.

Gehiago erabiltzeko

Euskal Museoari zuku handiagoa atera nahi diola esanaz argudiatu du erabakia Kultura diputatuak. Estalkirik ezean, hainbatetan ezin dela gunea erabili adierazi du; Bilbon euria sarri egiten duenez, mugatuegi geratzen dela erabilera. Mikeldia eguraldi zakarraren eraginetik babestea ere bada proiektuaren helburua, Bilbaoren hitzetan; harribitxia hobeto babestea.

Batzar Nagusietan eman du asmoen berri Bilbaok, Kultura eta Euskara batzordean. Aurrerapauso gisa aurkeztu du ekintza, baina ez dute guztiek begi onez ikusi. EH Bilduren ustez, duen kultur balioagatik babes berezia duen eraikinari aldaketa handia egitea esan nahi du estalkia jartzeak, eta, beraz, beharrezko babes hori haustea. Hain zuzen, horixe ohartarazi zuen Iñaki Uriarte arkitektoak, Bilbaok proiektua publikoki aurkeztu aurretik. Bilboko Epaitegian salaketa ere jarria du Uriartek, klaustroa estaltzea ondarearen aurkako delitua izan daitekeela abisu emanda.

Salaketa horren inguruan galdetuta, aldundiak ofizialki ez duela salaketa horren jakinarazpenik jaso erantzun du Kultura diputatuak. Edozein kasutan Foru Aldundia "lasai" dagoela, proiektua Arkitektoren Elkargoarekin landu baitu.

Foru diputatuak proiektuaren berri eman eta egun gutxira, Zazpikaleetako auzo elkarteak agertu du kezka publikoki. Bihotzean elkarteak "erabateko desadostasuna" azaldu du proiektuaren inguruan. "Ez dago lan hori babesteko arrazoirik txikiena ere".

Auzo elkarteak ohartarazi du urteak daramala Zazpikaleetako klaustroak auzokideentzat eta bisitarientzat zabaldu daitezela eskatzen. Horri entzungor egin eta orain "inolako kultur ekarpenik egiten ez duen" lana iragarri izana gaitzetsi du.

Areago, proiektuaren atzean beste zergati bat gordetzen dela iruditzen zaio: "Badirudi bere helburu gordea lotuta dagoela turismoarekin, ostalaritza eta dendak ustiatzearekin". Hori non, eta dagoeneko halako ustiatzeez erabat aseta dagoen gune batean; non, eta kulturalki "oso berezia den gune batean". Eta hausnartu beharra plazaratu du: "Klaustro bat ez da patio bat". Hain zuzen, guneak lehen zuen belardia kendu eta harlauzez estali izana kritikatu du, aldaketa horrekin klaustroaren berezko izaera zapaldu dela iruditzen baitzaio.

Zazpikaleak arkitektura erreferentziak oso utziak dituen gune historikoa direla ere ohartarazi du Bihotzeanek. Plaza Berria jarri du adibide. Santiagoko katedrala eta haren "abside lotsagarria". Erriberako atariak. Eta "espazioa okupatzeko modu onartezinak eta legez kanpokoak ere badirenak". Erriberako merkatuari itsatsita egin zuten taberna aipatu du horren erakusle.

Zorua lehengoratu dadila

Horren guztiaren aurrean, ondare arkitektonikoa babesteko eskatu du. Baita lurrari egin dioten aldaketa "iraingarria" lehengoratzeko ere; berezko zuen lurra eta jatorrizko lore taulak berreskuratzeko. Azken finean, egindako moldaketak zuzendu eta zaharberritze zorrotza egiteko.

Baina Foru Aldundiak ez du erasorik ikusten egin nahi dituen aldaketetan. Klaustroa estaltzeko aurkeztu zuen ideia lehiaketara 20 proiektu aurkeztu zirela azaldu du. Epaimahaian Arkitektoen Elkargoak ere parte hartu duela, eta "inbaditzailea ez den proposamena" aukeratu dutela. Gunea estalita klaustroa herritarrentzat eskuragarriago egongo dela esan du, eta, "batez ere", kultur ekitaldiak egiteko erabili ahalko dela.

Uhinen indarrak bultzatuta

Uhinen indarrak bultzatuta

Natalia Salazar Orbe

Ur gainean hegan, pisurik ez balute legez, doinu lasai edo gogor baten erritmora dantzan dirudite. Zeinek harrapatu onena, zeinek iraun luzeen uhinaren gandorrean. Itsasoaren astinduek lagunduta, zein astindu horiek beraiek eroriarazita. Afizioa ofizio bilakatu dute batzuek. Eta kultura bat sortu da haren inguruan: surfaren mundua. Indar hori baliatuta, jaialdia antolatu dute Sopelan. Hainbat elementu uztartu dituzte herrian errotuta dagoen kirola ikusarazteko. Duela lau urte hasitako ibilbideari jarraipena emanez abiatu zuten atzo Sopela Kosta Fest. Igandera bitartean, lehiaketak, ikastaroak, gastronomia, musika, antzerkia, natura eta umeentzako jarduerak uztartuko dituzte.

Familian, liburu artean

Familian, liburu artean

Olaia Zabalondo
Gurasoen, seme-alaben eta liburuen arteko kalitatezko ordu bat eskaintzen du Kontuleku egitasmoak. Helburu asko ditu tailerrak; nagusietakoa, haurren artean literatura zaletasuna piztea.

Sormena askatzeko leihoa

Sormena askatzeko leihoa

Natalia Salazar Orbe

Edozein burutazio benetakotzat agertzeko gaitasuna. Hausnarketarako eztabaidaguneak sortu, bidegabekeriak salatu, hezi edo aisiaz gozatu. Aukera mugagabeak eskaintzen dituzte kamera bat eskuan hartu eta ideia bitxi, landu zein soilak garatuta eratutako lanek. Sormena ardatz. Agortzen ez den iturria izango balitz bezala. Sormen horri bulkada eman eta profesionalek zein zaleek eskain ditzaketen begirada askotarikoei lekua egitea du helburu Santurtzinek. Gaur abiatu eta urriaren 7ra bitartean, zinema ikusteko beste era bat eramango du jaialdiak herrira: gertukoagoa eta ohiz kanpoko giroetan eskainitakoa, emanaldietako asko tabernetan egingo baitituzte. Zazpigarren artea demokratizatu, eta era gordin edo landuan denengana —protagonista zein ikusle gisa— iritsaraztea helburu duen topaketa abian da.

Agertoki pribilegiatua

Agertoki pribilegiatua

Natalia Salazar Orbe

Kostaldeko itsasargia izango balitz legez, dir-dir ageri da herria Ogoñoko lurmuturretik eta Izaro irlatik. Olatuek astintzen jarraitzen duten arren, musika doinuen erritmora dantzatuko da egunotan. Iritsi da, beste behin, Mundaka Festival; Busturialdeko herria musika, gastronomia eta naturaren hiriburu bilakatuko duen jaialdia. Izan ere, musika estilo askotarikoak agertoki ikusgarrian eskaintzeko parada baino zerbait gehiago bihurtu da urteekin jaialdia. Gastronomiak eta bertako produktuek protagonismo berezia hartuko dute aurten. Hegalaburrari eskainitako eguna izango dute igandean, hiru egunetako ekitaldiei bukaera emateko.

Rock, soul zein blues doinuek hartuko dute Santa Katalina penintsula. Agertoki paregabea. Bertatik igaroko dira, besteak beste, Ocean Colour Scene britainiarrak. The day we caught the train, The riverboat song edota The circle abesti entzutetsuak taularatuta, dantzan eta kantuan jarriko dituzte ikus-entzuleak.

New Yorketik iritsiko dira The Rad Trads taldekoak. Zuzeneko talde dibertigarriak soul, jazz, swing eta rock doinuak joko ditu, betiere, ezaugarri duten energia handiarekin. Hala ere, artista eta musikari zerrenda luzea dakar gaur hasi eta igandera bitarteko egitarauak. Mundakako jaialdian ariko dira, besteak beste, Mando Diao, Beth Hart, Lee Fields & The Expressions edota Quique Gonzalez & Los Detectives.

Egun guztiei bukaera emateko ardura izango dute DJek. Dark DJ ariko da gaurkoan. Bere estilo propioarekin, nazioarteko hainbat jaialditan bihurtu da ezagun. Chelisen txanda iritsiko da bihar. Bost urtez nabarmenen artean kokatu du Rockdelux aldizkari garrantzitsuak. DJ Blackak hartuko die lekukoa igandean. Energiaz betetako rhythm & blues, boogaloo eta soul gordina astinduko ditu bere saioan.

Dastatze guneak

Musika eta paisaia ikusgarriaz harago, gastronomiari ohi baino leku handiagoa egin diote aurten. Igandean, herri osora zabalduko dute jaialdiaren eremua Atune Egunarekin. Hala, ateak zabalik, edonork izango du itxiera ekitaldia gozatzeko aukera.

Hegalaburraren sekretu guztiak ezagutaraziko ditu egun horretan Arzak jatetxeko Xabier Gutierrez sukaldariak. Arrain preziatu hori prestatzeko saio bitxia eramango du kostaldeko herri txikira, Sabel dantzaren bost mugimenduak izenburupean. Esku profesional horiek prestatutako jakia dastatzeko emango diete bisitariei.

Kozinatu aurreko prozesua zer- nolakoa den ikusteko aukera ere izango da. Hala, arrain hori prestatzeko zelan zatitu behar den irakatsiko diete, lehenago, bertaratzen diren guztiei.

Ostean, herrigunea astindu eta giroa lau haizetara zabaltzeko bermut saioari egingo diote lekua. Talaia erdian kokatuta, eguerdi aldera, eguraldia lagun baldin bada jenderik gehien erakartzen duen eremuan, DJ Blackak girotutako saioa izango da. Hark zabalduko dizkio ateak geroago Santa Katalinan egingo dituzten kontzertuei: Seiurte, Willis Drummond eta The Rad Trads taldeek emango diote bukaera hirugarren Mundaka Festivali.

Jaialdiaren zutabeetako bat izanik, gastronomiaren atalak salmenta, erakusketa eta dastatzeak egiteko gunea izango du: Urdaibaiko Esentziak. Han egingo dituzte dastatzeak, tailerrak edota showcooking saioak, besteak beste.

Mundakids

Ume, gazte eta helduentzako jarduerak prestatu dituzte. Txikienek eurentzako txoko propioa izango dute bihar eta etzi: Mundakids. Haientzat ere musika eta gastronomia uztartuko dituen egitaraua prestatu dute. Gastronomia tailerretan, ikasi eta jolasteaz gain, musikarekin eta teknologiarekin esperimentatzeko aukera izango dute. Teknologia berriak musika tresna klasikoekin eta hardware analogikoekin konbinatuta, musikaren ikerketan murgilduko dira gaztetxoak. Kontzeptu horiek musika estimulu gisa hurbiltzea du helburu tailerrak.

Alde gastronomikoari dagokionez, sukaldaritzan aritzeko aukera emango die Aitor Amutxastegik. Hondarribiko Arraunlari Berri jatetxeko sukaldaria da. Taloa eta hegaluzea lehengai hartuta, jakiak prestatuko dituzte beste tailer batzuetan ere.

Sarrerak

Egun bakarrerako sarrerak 40 euroan daude salgai. Bestalde, hiru egunetarako bonua 65 eurotan saltzen dute. Egun bakarrerako sarrera dutenak jaialdiaren eremutik ateratzen badira ezin izango dute sartu berriro. Bonua dutenei, berriz, eskumutur bat jarriko diete. Beraz, ez dute izango arazorik kanpora eta barrura ibiltzeko.

Dena dago prest. Magiaz betetako jaialdia abiatzear da. Bikingoek Mundakara iritsi zirenean ikusi zuten herriko lehen lur eremuak Santa Katalina izan behar zuen. Handik egin zuten itsasadarrean barrena sartzeko bidea. Eremu hori bilakatu da artista entzutetsu askorentzako agerleku eta musika gosez joango diren ikus-entzuleentzako topaleku. Labar garaien gainean, itsasoari begira emango dituzte kontzertuak lehenengoek, eta paraje misteriotsu horretan gozatuko dute ekitaldiez bisitariek.

Iraganaren gordailua osatuz

Iraganaren gordailua osatuz

Aitziber Laskibar Lizarribar

Milaka argazki zahar. Batez ere mendizaletasunarekin lotutakoak, baina baita hainbat urtetako ohitura eta bizimoduak erakusten dituztenak ere. 13.868 argazki negatibo jaso ditu Bizkaiko Foru Artxiboak dohaintzan. 1955. eta 2009. urte bitartean batik bat Goi Nerbioi inguruan eta Arratian hartutakoak. Paperera pasatuta dauden beste 61.000 irudi ere bai. Foru Artxiboak inoiz jaso duen dohaintza garrantzitsuenetarikoa da.

Iñaki Garcia Uribek jarri ditu aldundiaren esku. Aita zuen Javier Garcia Rodrigok egindako argazkiek balio historiko eta etnografiko handia duten arren "kutxetan galduta" geratzeko arriskua zutela konturatu zen. Altxor gisa zituenak kutxetatik atera, eta etorkizunean irauteko prestatzea erabaki zuen. Sei urtez argazki eta negatiboak ordenatzen aritu da, eta, lanak amaituta, Bizkaiko Foru Artxiboari eman dizkio.

Urduña, Ugao, Zollo, Gorbeia eta Orozko ingurukoak dira argazki gehienak. Handik egindako txangoen berri ematen dutenak, inguruetako paisaiak, ohiturak, festak zein erromeriak erakusten dituztenak. Azken finean, 1950eko hamarkadatik aurrera Bizkaiko inguru horietako bizimodua begien aurrean jartzen duten irudiak dira. Balio etnografiko handia dutenak.

Eta badira afizioz argazkilari zenaren bizilekuaren ingurutik urrutiagoko bidaietan egindako argazkiak ere: Bilbo, Gernika, Gordexola eta Lekeitiokoak, Gasteiz eta Aguraingoak (Araba), Lourdesekoak (Okzitania) zein Escorialekoak (Madril, Espainia), esate baterako.

Izan ere, ez zen geldirik egotekoa Javier Garcia Rodrigo. Arrigorriagako zein Ugaoko mendi taldeetako zuzendaritzetan jardun zuen, Euskal Herriko Mendi Federazioko prentsa lanetan ere bai, aisialdi taldeetan... Eta gustuko zuen bidaiatzea. Oso gustuko. "Garai haietan apenas zegoen motorrik, baina nire aitak bazuen bat, eta alde batetik bestera ibiltzen zen motorrean, tramankulu guztiak hartuta argazkiak ateratzen", kontatu du dohaintza egin duen semeak.

Eta zaletasunak bultzatuta urteetan egindako lanek lekukotza garrantzitsua utzi dute. Hala aitortu du Lorea Bilbao Kultura eta Euskara diputatuak, aldundiak jaso dituenen berri emateko agerraldian: "Garai oso baten isla dira argazkiak; laguntza handia ikerlarientzat".

"Ohiko emailea"

Gainera, ez da lehen aldia bere seme Iñaki Garcia Uribek Foru Artxiboari dohaintza egiten diona. "Ohiko emailetzat" dute artxiboan. Hamar bat alditan utzi ditu aitaren materialak artxiboaren esku. "Ez da egin dugun dohaintza bakarra, baina bai garrantzitsuena", aitortu du etnografoa ere baden Garcia Uribek. Beste erakunde batzuen esku ere utzi ditu aitak egindako lanak. Iaz, esate baterako, 190 pelikula bobina eman zizkion Euskal Filmotekari. Ekarpen horiek guztiek eginda, garrantzitsutzat dituen material horiek guztiak herritar denen eskura jarri nahi ditu Garcia Uribek.

Antzeko materialak dituztenak berdin jokatzera deitu ditu Kultura diputatuak: "Halako dohaintzei esker historia herritar arrunten eskura jartzen da". Gizenduz doa, izan ere, Foru Artxiboan gordetako altxor txikien saila. 1990. urtean sortu zenetik ekarpenak jasotzen aritu da, eta, gaur egun, milioi eta erdi argazki, idazki eta bestelako agiri baino gehiago gordetzen ditu, bai gaur eta bai etorkizunean balio historiko garrantzitsua izango dutenak.