Etorkizunera begira indartzeko prozesua abiatu dute Astran

Etorkizunera begira indartzeko prozesua abiatu dute Astran

Asier Arrate Iruskieta

Denborak aldaketa dakar, eta halakoetan, ezinbestean, egindakoa baloratu eta etorkizunera begira egin beharrekoak aztertu behar izaten dira. Fase bat itxi eta berri bat hasteko unea izaten da. Halako prozesu bat abiatuko dute Gernikako Astran, Zentrifugeu. Etorkizunera begira indarrak askatzen izenburupean. Apiriletik ekainera osatutako erradiografian aurkituak zituzten beharrizan eta korapiloak askatzeko erantzuna bilatzea dute helburu. Kideen esanetan, Astrak orain arte “asmatu” du bere bilakaeran, baina uste dute “berrasmatu” egin behar dutela etorkizunera begira.

Iaz, hamar urte bete zituen Astrak, eta proiektua ebaluatu eta etorkizunera begirako bidea eztabaidatzeko ernamuina, hain zuzen, hamargarren urteurreneko ospakizunetan abiatu zela azaldu dute Astrako kideek. Urteurrenaren harira, Astrako kideek jairako eta hausnarketarako espazioak martxan jarri nahi izan zituzten. Aitortu dute lehen helburua lortu zutela, baina hausnarketa “hankamotz” geratu zela eta erantzun bat emateko “beharrizana” ikusi zutela. Azaldu dutenez, hamar urte betetzea aitzakia aproposa iruditu zitzaien ziklo baten bukaera irudikatu eta hausnarketa egiteko etorkizunera begira.

Azken urteen erradiografia

“Azken hamar urteetan herria eta Astra asko aldatu dira”, nabarmendu dute kideek. Alde horretatik, Astra herria aldatzeko tresna gisa sortu zela gogoratu dute, eta, ondorioz, “posible litzatekeela” orain hamar urte baliagarriak ziren tresna eta ekimenak egun ez izatea. Ez dute ahaztu, halere, urte horietan guztietan Astrak lortutakoa: “Hamar urte hauek oso emankorrak izan dira, baina ez da nahikoa”. Etorkizunera begira handizaleagoak izateko beharra ikusi zutela adierazi dute kideek.

Ildo horretatik abiatu zuten Astraren egoeraren erradiografia. Jakin nahi zutelako egunerokotasunean Astran mugitzen diren talde, norbanako eta agenteen espektatibak zeintzuk diren, eta, haien iritziz, zer aldatu beharko litzatekeen proiektuak aurrera egiteko. Kideek azaldu dutenez, otsailean hasi ziren ideia lantzen, eta martxotik ekainera bitartean elkartu ziren Astrako eragile eta komunitateko kideekin. Guztira, 70 lagunek parte hartu zuten. Euren iritziak eta ideiak bi ataletan banatutako memoria batean bildu zituzten. Lehena, nola ulertzen duten Astra. Eta bigarrena, Astraren korapilo eta erronkak.

Lehen atalak irudikatzen du, kideen esanetan, Astrak azken hamar urteetan lortutakoa. Memoriarako elkarrizketatutako pertsonen iritziz, Astra bilakatu da, besteak beste, “eraldaketa sozialerako tresna, herria konektatzeko tresna, askatasun ikur eta erreferentzia herri mailan”. Ildo horretan, Astra Gernikarentzat izugarria izan dela azpimarratu dute kideek: “Asko lortu du, baina ondare hori berriz aztertuta ohartu gara gehiago egin dezakegula”. Hori lortzeko bidea identifikatutako “korapiloak askatzea” dela adierazi dute kideek. “Korapiloak” bi taldetan sailkatu dituzte: sakonak eta arinak. “Proiektuaren balioak berrikusi eta gaurkotzea, praktika balioekin koherentea izatea eta Astraren koordinakunde izaera sare izaera izatera pasatzea dira, besteak beste, landu beharreko korapilo sakonak”. Bestetik, kideek azaldu dute badirela arazo arinagoak ere, hala nola barne komunikazioa, eragileen arteko ezagutza, proiektuaren inguruko atxikimendua eta Astrako funtzionamenduaren inertziak aldatzeko beharra. Hori dela eta, kideek argitu dute “korapilo” horiek guztiak askatzeko eztabaida prozesua “teoria eta praktika” uztartuko dituen prozesua izango dela.

Kilometroa abiatzeko unea

Memoria ekainean aurkeztu zuten, eta, horri erantzuteko, Laugarren kilometroa izeneko prozesua zabaltzea erabaki zuten. Kilometroak Astrako muina erabakitzeko prozedura metodologikoak dira, eta, kideen aburuz, memorian zeuden ondorioek eskatzen zuten tankerako prozesu bat abiatzeko “beharra”. Gaineratu dutenez, abiatuko duten Laugarren kilometroa aurrekoen batura izango da. “Kontuan hartuko dira beste kilometroetan hartutako erabakiak”. Zero kilometroan, Astra zer izango zen erabaki zuten; lehenengoan, eraikina diseinatu eta espazioa banatu zuten; bigarrenean, kudeaketa erabaki zuten, eta, hirugarrenean, parte hartzea landu zuten.

Beste kilometro bat abiatzea adostu ostean, etapa berriari hasiera emateko proposamena egin zuten irailaren 30ean. Batzar ireki batera deitu zuten horretarako Astrako kideek:”Proiektu honekin edozelako loturarik duen edonori egin genion batzarrerako deia, hausnarketa kolektiboa aurrera eramateko. Azken batean, erronka komunek jartzen gaituztelako bidean”. Jendeak ekarpenak egiteko ere baliatu zuten batzarra.

“Laugarren kilometroa abiatzera goaz, Astra eta Gernika berrasmatu nahi ditugulako”, adierazi dute kideek. Hala ere, haien esanetan, oraindik ez dituzte zehaztu dinamika berri horren “denborak”. Azaldu dutenez, urtea bukatu baino lehen espero dute abiatzea Laugarren kilometroa. Data zehatzik ez badago ere, mamia argi dute.”Dakiguna da balioez hitz egingo dugula, ez modu itxi eta zurrunean, baizik eta batzen gaituen horretan arreta jarriz”.