Sormena askatzeko leihoa

Sormena askatzeko leihoa

Natalia Salazar Orbe

Edozein burutazio benetakotzat agertzeko gaitasuna. Hausnarketarako eztabaidaguneak sortu, bidegabekeriak salatu, hezi edo aisiaz gozatu. Aukera mugagabeak eskaintzen dituzte kamera bat eskuan hartu eta ideia bitxi, landu zein soilak garatuta eratutako lanek. Sormena ardatz. Agortzen ez den iturria izango balitz bezala. Sormen horri bulkada eman eta profesionalek zein zaleek eskain ditzaketen begirada askotarikoei lekua egitea du helburu Santurtzinek. Gaur abiatu eta urriaren 7ra bitartean, zinema ikusteko beste era bat eramango du jaialdiak herrira: gertukoagoa eta ohiz kanpoko giroetan eskainitakoa, emanaldietako asko tabernetan egingo baitituzte. Zazpigarren artea demokratizatu, eta era gordin edo landuan denengana —protagonista zein ikusle gisa— iritsaraztea helburu duen topaketa abian da.

Kontakizun eta helburu erabat desberdinak dituzten filmak jaso dituzte jaialdia osatzen duten lau sailetan. 338 lan aurkeztu ziren, eta, horietatik, 41 lanek beteko dituzte Santurzineko aretoak. Santurtzi saileko lanak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Aurten, 17 lan aurkeztu dituzte Bilbo, Portugalete, Basauri, Barakaldo, Muskiz eta Donostiako sortzaileek. Denak ala denak Santurtzin filmatutako lanak dira.

Iñigo Cobo jaialdiko zuzendaria pozik dago sail horrek izan duen erantzunarekin. “Edozeinek kamera bat hartu eta istorio bat kontatzea lortzeak ematen digu jarraitzeko gogoa. Berdin zaigu ondo edo txarto egiten duten. Garrantzitsuena egitea da. Aurten, iaz baino parte hartzaile gehiago izan dira”. Sail horretan, ez dute aukeraketarik egiten. Aurkezten diren guztien lanak ematen dituzte.

Harribitxiz osatutako lagina dakar jaialdiak. Altxor txiki eta ezkutuak dira, baina ezusteko handiak emango dituzte. Marisa en los bosques da harribitxi horietako baten adibide. Euskal Pantailak sailean eskainiko dute, etzi. Carmen Mayordomo aktorea bertan izango da. Esmeralda transexualarena egiten du hark.

Bost filmek osatzen dute sail hori. Sail berean ikusi ahalko da Ben Sharrocken Pikadero ere. Baliabiderik ez duen bikote baten istorioa da. Harremana hasi berri dute, baina ez dute sexu harremanak izateko lekurik aurkitzen, gurasoen etxean bizi direlako. Hala, harremanotarako, larrutegietara joko dute.

Tabernak, aretoak, Oriol jauregia eta halako lekuak izango ditu agertoki jaialdiak. Lanei dagokienez, film luzeak eta laburrak izango dira ikusgai. Eta, aurten, lehenengoz, dokumentalak eskainiko dituzte, Ibiltariak sailaren barruan.

Amnesty Internationalen laguntzarekin antolatu dute saila, eta, besteak beste, Ekaj dokumentala kusi ahalko da, beste sei lanekin batera. New Yorken filmatu zuen Cati Gonzalez zuzendari estatubatuarrak, oso baliabide gutxirekin. Etxerik gabe, kalean bizi den mutiko baten eta hiesa duen gaixo baten arteko laguntasuna du ardatz. Ezagunak ez diren New Yorkeko kale eta txokoetan filmatuta dago.

Giza eskubideen inguruko begirada asko pantailaratuko ditu, halaber, Santurzinek Ibiltariak sailean: emakumeen aurkako indarkeria Indian; palestinarren eta israeldarren arteko gatazka; genero identitatea…

Zinema heziketarako arma edo baliabide gisa. Aukera horretaz ere baliatu gura izan dute antolatzaileek. Hala, iaz ekin zioten bideari jarraituta, Santurzine XS antolatu dute aurten ere. Autogestioa baliatuta, Lehen Hezkuntzako ikasleek film laburrak egin behar dituzte. Hiru aste irauten duten sormen tailerretan, ikasleak gozatzea eta ikastea du helburu programak. Hala, emaitzari baino garrantzia handiagoa ematen diote aurretik egiten den lan guztiari.

Santurtzi saila, Estatua saila, Ibiltariak eta Euskal Pantailak dira Santurzine osatzen duten lau sailak. Azken horiek dira lehian ariko ez diren bakarrak.

Jaialdian lekua aurkitzeko eginahaletan dabil euskara. Urtero egoten da film laburren bat euskaraz, tokiko lanen sailean. “Hala ere, gaztelera da nagusi”. Aurten bi lan elebidun aurkituko dituzte ikus-entzuleek. Iaz, Pedro Olearen Akelarre filmaren emanaldia egin zuten. Aurten, Pikadero da azpimarragarriena. “Badakigu euskararena erronka bat dela programatzaileontzat eta ikus-entzuleentzat. Hizkuntzari leku handiagoa egiten saiatzen ari gara”, dio Cobok.

Gastronomiari keinua

Azken aldian, era guztietako kultur ekitaldiak antolatzen dira gastronomiari lotuta, eta bide horri ekin dio Santurzinek ere. “Jaialdi bat irudikatzen dudanean, jarduera integral gisa egiten dut. Herriko eremu askotan presente izateari ere garrantzitsu deritzot. Zinema aitzakia da herria giro bitxian biltzeko”. Helburu horrekin antolatu dute pintxo-pote itsua, esaterako. “Ideia zoroa izan genuen, eta pentsatu genuen: zergatik ez egin? Dibertigarria izango da, berritzailea”. Jarduera horretan parte hartzen dutenak begi mozorroa jarrita sartuko dira Maisu jatetxean. Mahaian ezezagunekin eseri, eta bost gutizia dastatuko dituzte. “Arraroak, agian, edo ohikoak ez diren zaporekoak. Hori guztia hainbat ardo motarekin bustita. Bisitariak harritzeko produktuak izango dira, urte osoan ohikoak ez direnak”.

2013an sortu zuten Santurzine jaialdia. Asmo eta helburu zehatzak zituen: “Herriko bizitza kulturala eta soziala dinamizatzea. Garai hartan, asteburuetako gauak hilda zeuden”. Jaialdietan ohikoa dena tabernetan egiteari ekin zioten orduan: film laburrak tabernetan proiektatzeari. “Jende mordoa gerturatu zen. Harrigarria badirudi ere, eskuan garagardoa edo kubata hartuta filmei adi-adi erreparatzen zieten ikusleek, isiltasunean. Herritarrak film laburrak egitera ere animatu nahi genituen, baliabideak izan edo ez. Eta harrituta ikusi genuen nola askotariko profiletako herritarrek kamerak edo sakelako telefonoak hartu eta burutik pasatzen zitzaiena kontatzen zuten, benetako istorioa izan edo ez. 50 urte inguruko emakumeak, familiak eta 14 urte inguruko neska-mutilak ziren, besteak beste. Aurten, esaterako, senar-emazte batzuek film labur bana egin dute. Saria eskuratzeko, elkarrekin lehian ariko dira, beraz”. Zinemaren magiak sortutako egoerak.