Adin nagusiko bizkaitarrek debalde bisitatu ahalko dute Guggenheim urrian

Adin nagusiko bizkaitarrek debalde bisitatu ahalko dute Guggenheim urrian

Asier Arrate Iruskieta

Urriaren 19an, Guggenheim museoak hogei urte beteko ditu, eta, urtemuga ospatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak bizkaitarrei opari bat egitea erabaki du. Lurraldea Zabalduz egitasmoaren barruan, adin nagusiko bizkaitar guztiek museora sartzeko gonbidapena eta Bilbora bertaratzeko Bizkaibuseko joan-etorriko bidaia bana jasoko dute etxean. Gonbidapenak irailean bidaliko dituzte, eta urriaren 1etik 31 arte erabili ahalko dira.

Gonbidapenak pertsonalak eta besterenezinak izango dira, eta soilik jaso dutenek erabili ahalko dituzte; horretarako, sarrerarekin batera, nortasun agiri ofizial bat aurkeztu beharko dute museoaren sarreran eta Bizkaibuseko autobusetan. 975.000 bizkaitarrek gozatu ahalko dute eskaintzaz. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eman zuen ekintzaren berri, eta azaldu zuen asmoa urteurrena “bizkaitar guziekin” ospatzea dela.

Urteurrenera begira antolatutako egitasmoen aurkezpenean, ahaldun nagusiak nabarmendu zuen Guggenheim museoa, ekonomikoki eta sozialki eragiteaz gain, bizkaitarren “emozioak sustatzeko” tresna bilakatu dela, eta bizkaitarrek lurraldearekiko duten “harrotasuna” handitu duela.

Hala ere, urrian ospatuko den Guggenheim museoaren hogeigarren urteurrenaren ekintzetako bat baino ez dira izango gonbidapenak. Izan ere, datorren hilabeterako hainbat ekitaldi antolatu dituzte museoan. Horien artean, euskal artista eta sortzaile gazteentzako Eginberri izeneko deialdi irekia. Euren lanak aurkeztu nahi dituztenek baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte. Obretan, arte plastikoetako edozein diziplina nahiz performance landu behar dituzte, eta obra horiek museoko edozein geletan egindako erakusketaren baten parte izan behar dute.

Ekintza ugari urrian zehar

Horrez gainera, museora joaten direnek hogeigarren urteurrenaren harira antolatutako TopARTE egitasmoaz gozatzen jarraitu ahal izango dute. Egitasmo hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako agente eta erakundeentzako lankidetza proiektu bat da. Haren bitartez, aukera izan dute gastronomiarekin, zinearekin eta beste dizplina batzuekin erlazionatutako hitzaldi eta aurkezpenak antolatzeko.

Museoaren hogeigarren urteurrenaren ospakizunari amaiera emateko, Reflections mapping-proiekzio irekia egingo dute. Museoaren fatxadan proiektatuko den ikuskizun horrek “zentzumenezko esperientzia berezia” eskaintzea du helburu. Urriaren 11tik 14ra egongo da ikusgai. Urteurrenerako antolatutako eskaintzez gain, urrian joaten diren bisitariek museoaren ohiko bilduma eta urrian zehar egongo diren erakusketak ikusteko aukera ere izango dute. Horien artean, nabarmentzekoak dira Bill Violaren atzera begirakoa, Georg Baselitzen Heroiak eta Ken Jacobsen Gonbidatuak.