X. Gau Irekia egingo dute bihar, Bilboko San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabal auzoetan. Hirurogei jarduera izango dira, goizetik gauera.
Gizartea
Betiko zerbitzua gura dute
Kutxabankek astean egun bitara murriztu du Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen bulego bakarreko leihatila zerbitzua. Bizilagunek protestak hasi dituzte. Bankuek, oro har, Bizkaian, bulegoen %45 itxi dituzte azken hamabi urteetan. Kutxabankek dio erabilera gutxitu delako hartu dutela erabakia.
Lehen ‘bizipista’, abian
Bizkaiko lehen "bizikleta autobidea" eraikitzen hasiko direla iragarri du ahaldun nagusiak. Zornotza, Iurreta eta Durango batuko ditu.
Espero baino mugatuagoak
Osasun egoeraren okerraldiak eragina izan du datozen egunetan egitekoak diren azoketan: bertan behera utzi dituzte Muruetan, Gordexolan eta Izurtzan, eta Otxandioko Udalak oraindik ez du erabaki antolatuko duen. Gainerakoak edukiera edota postuak murriztuta egingo dituzte, batez ere.
Usansolo, aldundiaren zain udalerri izateko
Usansolo Herria plataformakoek uste dute Usansolo herri izan daitekeela datorren urte amaierarako. Orain, Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzunaren zain daude, aurrera egiteko gogoz.
Urratsez urrats bidea eginez
Arteagako Basoa giza eskubideen defendatzaileen etxeak finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri du martxan, eraikineko azpiegiturak hobetzeko asmoz. Gutxieneko dirua lortu dute dagoeneko, baina 32.750 eurora iristea dute helburua. Sorterrian mehatxupean dauden ekintzaileen aterpe izango da.
Beganismo kontzientea bilgune
Bihar Bilboko Azoka Beganoa egingo da lehen aldiz, Zorrotzaurreko Espacio 600 pabiloian. Produktu beganoak erakusteaz gain, beganismoaren inguruko ideiak eta esperientziak ere partekatuko dituzte. Hitzaldi eta emanaldi ugari egingo dituzte, eta kontzertuekin bukatuko dute eguna.
Helburua, historia berreskuratzea
Bizkaiko Foru Aldundiak 1993an hasi zuen bidea herrialde historikoko enklabeak kentzeko. Batzar Nagusiek 2017an erabaki zuten Abiña auzoa osorik Busturiari ematea, Sukarrietaren kalterako. Herrian 'Sandinderi' izeneko talde bat sortu dute auzoa herriari itzultzea eskatzeko.
Bortxa islatzeko erak
Lempicka y Asociadas taldeak hitzaldi ziklo bat emango du indarkeria matxistaz, sorkuntza artistikoaren bitartez. Bilboko Berreginen Museoan egingo dute; lehena, bihar izango da.
Saretzeko jardunaldiak
Hiru eguneko okupazio egonaldia egingo dute Portugaleteko Sastraka gaztetxean, gaur arratsaldean hasita. Hitzaldiak eta tailerrak ez ezik, askotariko ekintzak ere prestatu dituzte.