Beganismo kontzientea bilgune

Beganismo kontzientea bilgune

Ibai Maruri Bilbao

Nahiz eta azoka izan, produktuak partekatzeko toki huts bat baino gehiago izango da: ideiak, pertsonak eta esperientziak ere partekatuko dira”, zehaztu du Animalistak taldeko kide Pau Torres Serrak. Biharko Bilboko Azoka Beganoaren lehen aldia antolatu dute: Zorrotzaurreko uhartean egingo da, Ignacio Zuloaga pintorearen kalean dagoen Espacio 600 pabiloian. “Azoka hau izango da gune bat antiespezismoarekin eta beganismoarekin lotura duten pertsonak eta elkarteak biltzeko”. Hala ere, argi utzi du azokara joateko ez dela beganoa izan behar. Nagusiki, beganismoarekin harremanik ez duen jendearentzat izango da: “Asmoa da jendea biltzea, beganismoa zer den ezagutzea eta ikustea zer egin daitekeen”.

Lau adarretan banatu dute azoka: talde militanteak, zaintzetan lan egiten duten taldeak, haien adierazpena artean topatzen duten pertsonak eta enpresak. Ardatz horien bueltan antolatu dute egun osoko egitaraua. 10:30ean irekiko ditu ateak azokak, eta, 22:00 arte, berbaldiak, erakusketak, kontzertuak, ikus-entzunezkoen emanaldiak eta azoka bera izango dira.

Aurretik ere izan zuten halako azoka bat sortzeko ideia buruan bueltaka, baina COVID-19aren pandemiak azkartu egin die. “Beste gizarte mugimendu askotan bezala, ikusi dugu jendea oraindik ez dela ausartzen gauzak egitera; nolabait, kostatu egiten zaigu biltzea. Poliki-poliki, kalean ekintzak egitera itzuli nahi genuen. Pentsatu genuen azoka bat aukera ona izango litzatekeela berriz ere jendea elkartzeko eta beste toki batzuetatik jendea ekartzeko”.

Gehienbat, inguruko eragileekin hitz egin dute, azokara gonbidatzeko, baina Euskal Herritik kanpokoak ere etorriko direla esan du Torres Serrak. Zaragozako (Aragoi, Espainia) Aula Animal egitasmoa aipatu du, esaterako. “Ikastetxe batean irakasle diren bi pertsona dira. Aspaldi konturatu ziren ikastetxeetan animalien eskubideen kontua ez dela jorratzen, eta baliabide pedagogikoak sortzen hasi ziren”. Eurek sortutako materiala ekarriko dute Bilboko azokara. Bartzelonatik Major Arcana musika taldea etorriko da, eta Bilboko The Pushermenekin kontzertua emango dute. Gijondik (Asturias, Espainia) ilustrazioak egiten dituen artista bat etorriko da. Izan ere, sortzaileek gune bat izango dute euren lanak ezagutzera emateko, eta mahai inguru batean erakusketa aurkeztuko dute.

Azokan, talde militanteek euren inguruko informazioa banatuko dute. Baina, haiekin batera, janaria, kosmetika beganoa eta bestelako produktuak ezagutzeko aukera egongo da. Adibidez, Bilboko Viva la Vida dendakoak egongo dira, beraien produktuekin. Garagardo beganoa ere eskainiko dute azokan. “Alde politikoa du azokak, baina espazio atsegin bat ere sortu nahi dugu, kontsumo eta elikadura beganoak posible direla erakusteko”.

Elikadura baino gehiago

Alde politiko horretan daude berbaldiak. Izan ere, Torres Serrak ezinbestekotzat jo du kontzientzia sortzea. Uste du gizartean aldaketa gertatzen ari dela. “Albiste txarrak jasotzen ditugu; adibidez, gero eta ustiategi handiagoak sortzen ari dira. Baina, aldi berean, haragi kontsumoa asko aldatu da. Nabaritzen dugu, hirietan bereziki, baina herrietan ere jende gehiagok haragi gutxiago kontsumitzen duela. Poliki-poliki beganismora gerturatzen den jende gehiago dago”.

Hala ere, kezka dute “moda huts” izango ote den. Horri buruz egingo du berbaldia Nor Euskal Herriko eragile antiespezistak. “Begano izateko antikapitalista izan behar da”, ohartarazi du Torres Serrak. “Beganismoa kontsumo mota huts bihurtzea arriskutsua da. Ni beganoa izan naiteke, eta kanpotik ekarritako aguakatea, txia edo Filipinetako platanoa jan. Janzten dudan arropa beganoa egiteak kontsumo energetiko handia behar badu, ez da beganoa”.

Iruditzen zaio hasieran kontsumo mota moduan aurkeztea positiboa izan daitekeela, jendea erakartzeko. “Eta erakarrita, kontsumituko diren produktuen albo kalteez kontzientzia hartu behar da”. Azokara etorriko diren enpresei hori kontuan hartzeko eskatu diete. “Agian, garestiagoa da, baina eredu izan behar dugu”.

Azkar prestatu dute azoka, eta ahal izan duten tokian egingo dute. Berriz egitea dute helburu, eta nahiko lukete hurrengoak espazio publikoan egin ahal izatea.