Bortxa islatzeko erak

Bortxa islatzeko erak

Amaia Igartua Aristondo

Burua mozten ari zaio, kontzentrazio osoz, gizonaren izu aurpegiak eta hari lepotik darizkion odol borborrek aztoratu gabe. Burua mozten ari zaio emakume bat. Burua mozten ari zaio, hain justu, ustez bururik mozteko ahalmenik gabeko izaki bat. “Artemisia Gentileschik pieza asko ditu non emakumeak agertzen baitiren indarkeria erabiltzen”, dio Susana Carramiñanak, eta horren erakusle da Giuditta che decapita Oloferne margolana (Judith Holofernesi burua mozten; 1612-1613).

Gentileschiren obren eta bestelako sorkuntza artistikoen bitartez, andreen irudikapenaz eta indarkeria matxistaren bestelako aldeez hausnartuko dute Carramiñana eta Bea Aparicio Lempicka y Asociadas taldeko kideek Artea izango da gure mendekua zikloan: Bilboko Berreginen Museoan egingo dute, bihar eta hilaren 27an; aurrez aurre zein streaming bidez ikusi eta entzun ahal izango da, 11:30etik 13:00etara.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira antolatu dute egitasmoa, eta, hain justu, efemerideko ohiko ekintzei kontrakar egiten die zikloak, Carramiñanaren arabera. “Indarkeria matxistaz hitz egin nahi dugu, baina ez egin ohi den modu partzial eta estereotipatuan; ikuspegi zabalago bat eman nahi diogu”. Hori horrela, hainbat indarkeria mota bilduko dituen ibilbide bat egingo dute, ertz horiek agertzen eta salatzen dituzten lan plastikoak, ikus-entzunezkoak eta performanceak erabilita.

Ikastaroak ez du irizpide kronologikoa jarraitzen, narratiboa baizik. Nahiz eta Gentileschik izango duen tokirik, artista gehienak 1970eko hamarkadatik aurrerakoak izango dira, Carramiñanak dioenez. “Orduan sortu zen arte feminista dena, abangoardiatik. Artemisiaren piezez gain, ez daude horrelako askoz gehiago XVII. mendean”. Arte garaikidean asko daude, ordea: Barbara Kruger, Ana Mendieta edo Louise Bourgeoise dira gaiok hizpide izan dituztenetako batzuk, eta Las Tesisen Un violador en tu camino (Bortxatzaile bat zure bidean) performance arrakastatsua izango da adibiderik gertukoenetakoa —2019koa—.

2018an sortu zuten Lempicka y Asociadas, eta hainbat ikastarotan uztartu dituzte artea eta feminismoa. Esperientzia horietatik eratorri da Berreginen Museokoa. Irakasleek botatako proposamenak mamitzen zituzten ikasleek, Carramiñanak azaldu duenez. “Andre batek bortxaketaren inguruko marrazkia egin zuen, zeinek lagundu zion berari egindako erasoa gainditzeko; gazte batek collage bat egin zuen bakarrik bidaiatzeagatik esaten zizkiotenekin; beste ikasle batentzat, erronka izan zen melena moztea…”.

Halaber, esperientzia horietan oinarrituta sortu dute zikloaren izenburua. “Ikastaroetako parte hartzaileen artean konplizitate handia sortu zen, erreparazio gune bat sortu baitzen indarkeria horiei aurre egiteko. Iruditu zitzaigun artea eta mendekua uztartzeak esanahi berria ematen ziola mendekuaren kontzeptuari”, esan du Carramiñanak.

Genealogia berriak sortzea

Indarkeria matxista, horren inguruan osatutako estereotipoak, baina baita genealogiak ere. Hitz hori dute ahotan hizlariek, orobat. Carramiñana: “Beharrezkoa da genealogiak sortzea. Alde batetik, garrantzitsua delako kanonaren barruan ikusgaitasuna ematea emakumeei, eta, beste alde batetik, behar direlako metodologia feministarekin sortutako genealogiak ere”. Emakumeak kanonetik kanpo egon ohi izan direla dio, eta, hortaz, gisa horretako egitasmoak “historia kontatzeko beste modu bat” dira, haren iritzian.

Emakumezko artisten ereduen bilduma bat ere eskaintzen baitu Bilboko zikloak, Apariciok dioenez. “Ikusten ari gara oinarrizkoa dela genealogia artistikoak sortzea, bai oraingo artistentzat, bai etorkizunekoentzat, bai emakume guztientzat. Uste dugu garrantzitsua dela indarkeria eta antzeko gaiak jorratu izan dituzten artisten erreferentziak izatea”.