Usansolo, aldundiaren zain udalerri izateko

Usansolo, aldundiaren zain udalerri izateko

Olatz Enzunza Mallona

Aspalditik dator Usansolo Galdakaotik bereizi eta herri bilakatzeko eskaera. Zehazki, 1980ko hamarkadaren amaieran hasi zuten desanexio prozesua, eta, urte luzez oztopoak izan ondoren, orain “borondate politikoaren zain” daudela azaldu du Monika Mena Usansolo Herria plataformako kideak. Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dago orain prozesua, eta pausoa eman dezala exijitu diote. Ibilbidearen amaiera “gero eta hurbilago” dagoen honetan, “baikor eta itxaropentsu” daude plataformakoak.

Horregatik, azkenaldian ekintza ugari antolatu dituzte Usansolo Herria plataformako kideek. “Bizkaiko Foru Aldundiak euren erantzunaren zain gaudela ikustea nahi dugu, eta, aldi berean, bizirik gaudela eta aurrera jarraitzeko gogoz gaudela ere erakutsi nahi dugu”, azaldu du plataformako kideak.

Joan den igandean, esate baterako, hamar mugarri jarri zituzten Usansolo eta Galdakao artean: “Ibilalditxo bat egin genuen herritarrei mugak non dauden erakusteko”. Gerora, Foru Aldundiaren lana izango da muga horiek ezartzea, baina hori egin bitartean, “indartuta” dirautela erakutsi nahi dute plataformako kideek: “Banalerroa argi egon izan da betidanik: Puentelatorre da argi eta garbi herri bien arteko mugarri nagusia”.

Era berean, azaroaren 24an Gernika-Lumoko Batzar Etxera joan ziren plataformako hainbat kide: “Foru Aldundiari indarrean dagoen foru araua errespetatzeko eskatu genion, aitzakiarik ez jartzeko”. Ekintza horien bitartez, nolabaiteko “presioa” egitea da usansolotarren asmoa: “Entzun gaitzatela”.

Ibilbide luzea

Joan den uztailean, Usansolo Galdakaotik bereizteko tramitazioari oniritzia eman zion Galdakaoko Udalean horretarako sortu zen batzorde mistoak. Txosten teknikoa egiteaz arduratu zen batzorde horrek adostu zuen Usansolok Galdakaotik bereizita zer ezaugarri izango lituzkeen: “Foru arauak dituen baldintza eta ezaugarri guztiak betetzen ditugula ziurtatu behar izan genuen, eta mugak ere ezarri behar izan genituen”.

Orain, berriz, herrialdeko diputazioaren esku dago bideari jarraipena ematea: “Duela bi aste bidali genien txostena, eta, orain, balorazio tekniko bat egin behar dute aurrera jarrai dezakegun ala ez erabakitzeko”. Hala ere, baldintza “guzti-guztiak” betetzen dituztela azaldu du Menak, ziurtasun osoz: “Ez dugu uste ezer falta denik; beraz, gaur-gaurkoz, aldundiaren erantzunaren zain gaude, hurrengo fasera igaro ahal izateko”.

Herri galdeketa bat egitea izango da hurrengo eginbeharra. Foru Aldundiak baiezkoa eman bezain laster hasiko lirateke Usansolo Herria plataformako kideak galdeketa prestatzen. Eta, ondoren, Galdakaoko Udalera itzuliko da prozesua. Osoko bilkurak memoria gehiengo osoz onartuko balu, azkeneko urratsa faltako litzateke: “Bizkaiko Batzar Nagusietara joatea geratuko litzaiguke azkenik, eta eurek izango dute azken hitza”.

Gaur-gaurkoz, hortaz, zain daude, aurrerapausoak eman ezinik: “Borondate politikoaren menpe gaude, nolabait esateko”. Hala ere, Mena baikor dago: “Datorren urte amaierarako Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izango den itxaropena dugu”.

Egun, 4.700 biztanle inguru ditu Usansolok. Eta, horren harira ere, “zurrumurru ugari” zabaldu direla aitortu du Menak: “Espainiako legeak dio 5.000 biztanletik beherako herriak ezin direla desanexionatu; baina, Bizkaiko foru arauaren arabera, 2.500 biztanlekoa da muga hori”. Ondorioz, alde horretatik “lasai” daudela dio. “Hori ez da izango inolako aitzakia”.