Helburua, historia berreskuratzea

Helburua, historia berreskuratzea

Javi West Larrañaga

Itsasoa dagoela asmatu du norbaitek”. Esaldi horrek laburbiltzen du Sukarrietako Sandinderi taldearen aldarrikapena. Jaime Orueta kidearenak dira berbak, eta zalantzan ipintzen dute Sukarrietari Abiña auzoa kentzeko epaiketan erabili zen argudio nagusia. 2013an ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak Abiñakoa enklabe bat dela, eta ez dagoela Sukarrietara lotuta. Hartara, Busturiari itsatsita dagoenez, Abiña osorik hari ematea erabaki zuten Batzar Nagusiek 2017an.

Horregatik sortu dute Sandinderi taldea herrian, Sukarrietak mendeetan izan duen eremu bat berreskuratu dezan. Martxoan sortu zuten taldea, eta ordutik hainbat bilera egin dituzte Sukarrietako Udalarekin eta Bizkaiko Batzar Nagusiko zenbait batzarkiderekin. Uste dute bide judiziala ez dagoela agortuta, eta foru arau baten bidez ere saiatuko dira.

Epaiketa biren ondorioz galdu zuen Sukarrietak auzoa. EAEko Auzitegi Nagusiak esan zuen enklabe bat dela eta, ondorioz, desagertu egin behar dela. Bidegabekeria bat egin zela uste dute, eta argudio faltsuekin galdu zutela prozesua. Izan ere, taldekoek ukatu egiten dute Abiñakoa enklabe bat dela, eta, beraz, deritzote Busturiak ezin zuela auzoa bide horretatik lortu.

2017ra arte, Abiña auzoa bi udalerritan zegoen banatuta. Zati bat Sukarrietarena zen, eta bestea, Busturiarena. Abiñako hondartza, Sandinderi uhartea, BBKren udalekuen eraikina, taberna bat eta zenbait etxebizitza galdu zituen Sukarrietak prozesuan.

Txatxarramendiko zubiaren azpiko mugarri biren artean itsasoa dagoela ondorioztatu zuen enpresa batek Bizkaiko Foru Aldundiak eskatutako txosten batean, eta horretan oinarritu zen epailea esateko Abiña ez dagoela Sukarrietari lotuta. Ondorioz, Busturiak argudiatu zuen Abiñako auzoa berari zegokiola. Mugarrien artean itsasoa dagoela esateko, ura etengabe dabilela argudiatu zuen txostenak. Ez datoz bat taldekoak. “Hori txorakeria bat da. Bilboko errekan ere ura dabil etengabe”, azaldu du Oruetak.

Itsasoaren argudioak ez dauka zentzurik Sandinderi taldekoentzat, eta estuarioa herriarena dela aldarrikatzen dute, bestaldean ere Sukarrieta dagoelako, Kanalan. Itsasoa Mundakan hasten dela argi dagoela deritzote, eta, beraz, ezinezkoa dela itsasoa egotea Txatxarramendiko zubiaren azpian. Hala, ez dute onartzen Abiñakoa enklabe bat denik, Sukarrietarena den zona itsas-lehortarraz inguratuta dagoelako, haien arabera. Gainera, epaiketan erabilitako jurisprudentzia Kanaria uharteetakoa (Espainia) dela salatu dute, eta testuinguruek ez dutela zerikusirik, “hangoa Ozeano Atlantikoa delako, eta ez erreka”.

Haien iritziz, ezkutuko interesak egon dira prozesuaren atzean, hasieran BBKren udalekuetan eraiki nahi zutelako Urdaibaiko Guggenheim museoa. Proiektuak ez zuen aurrera egin, gerora zehaztu baitzen ezin dela ezer eraiki eremu hartan.

Enklabea izango balitz ere, beste era batera konpon zitekeela uste dute taldekoek. Esaterako, mugarri bat gehiago ipinita errekan. Izan ere, 2017ko apirilean, Abiña eskuz aldatu baino lehen, auzotarrek herri kontsulta bat egin zuten, eta Sukarrietan egoten jarraitzearen alde bozkatu zuten hamasei lagunetik hamabostek. Haientzat mingarriena herriaren ondare historikoaren galera da. Sukarrieta bera Sandinderi uharteko ermitan sortu zela adierazi dute taldekoek. Galdu egin dute urteetan Sukarrietako hondartza deitu izan zion hori. Baita Nikolasa Atxikallende Sabino Aranaren emaztearen etxea ere.

Sandinderi taldekoen aburuz, ordutik gauzak aldatu egin dira, eta, ondorioz, uste dute aldaketaren aurka egon ziren zenbait bizilagunek iritzia aldatu dutela, Busturiako Udalak zenbait hobekuntza egin dituelako auzoan. “Ez dugu ukatu behar euria egiten zuen aldiro urez gainezka egiten ziela kaleak, eta Sukarrietak ez zuela konpondu”, adierazi du Marilo Mendezek. “Busturiak galdetu zien ea zeozer behar zuten, eta segituan egin zuen obra”.

Abiña auzoa Sukarrieta Busturia

Eztabaida urtetsua

Aspalditik datoz tirabirak. Herrien arteko urteetako aditu ezinaren ostean, 2017ko abenduan Batzar Nagusiek Abiñako San Antonio auzoa Sukarrietatik Busturiara igarotzea bozkatu zuten. Podemosek eta independente batek bakarrik bozkatu zuten alde, enklabeak amaitu behar zirela argudiatuta. Gainerako taldeak abstenitu egin ziren.

Eztabaida handi bat gordetzen du aferak, erpin askotakoa. Herri txikien arteko kontua da, baina ez maila berekoena. Sukarrietak 357 biztanle dauzka, eta 141 hektarea. Busturiako biztanleak ia bost halako dira: 1.650. Azalera kontuetan ere igar daiteke desberdintasuna. Izan ere, hamalau bider handiagoa da Busturia: 2.017 hektarea dauzka osotara.

Diru asko uzten zuten BBKren udalekuek Sukarrietan, eta dozena bat inguru lagunen zergak galdu ditu herriak auziarekin. Busturiako Udalak argudiatu zuen “gezurra” zela auzoaren galerak kolokan jarriko zuela Sukarrietaren bideragarritasun ekonomikoa. “Sukarrieta udal aberatsa da; Busturia, berriz, pobrea”, adierazi zuen Busturiako Udalak ohar bidez 2016an, eta Eustaten datuetan oinarritu zen horretarako.

Aurrekari asko dauzka kontuak, hala ere. Bizkaiko Batzar Nagusiek foru arau bat atera zuten 1993an lurraldeko enklabe guztiak desagerrarazteko. Udalerri batek beste baten barruan daukan lurraldea, kasu honetan. Udalek lurralde iraupeneko printzipioa bete behar dutela agindu zuen arauak: barne hartzen dituen lurrek jarraitutasuna izan behar dutela, alegia.

Arazotsua zen araua Sukarrietarentzat, anomaloa delako haren egoera. Herria propio Oka ibaiaren ezkerraldean izan arren, ibaiaz beste aldeko Kanala auzoan hainbat lursail, baserri eta etxe dira harenak, Gautegiz Arteagakoekin guztiz nahastuta. Hainbat enklabe dauzka Sukarrietak Gautegiz Arteagaren lurretan, eta beste horrenbeste besteak Sukarrietarenetan. Kanalako sukarrietar batek herriko udaletxera joan nahi balu itsasontzi barik, autoa hartu, eta Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Arratzu, Gernika-Lumo, Forua, Murueta eta Busturia zeharkatu beharko lituzke lehendabizi. Ia 25 minutuko bidaia.

Abiñako auzoari dagokionez, urteetako eztabaida izan dute Busturiak eta Sukarrietak haren harira. 2013an enklabe bat dela ebatzi eta gero, diputazioak proposamen bat egin zuen ustezko enklabeak lurralde jarraitutasuna izan zezan. Busturiari lur eta etxe batzuk kenduz egingo zatekeen: Txatxarramendiko zubitik Abiñako udalekuetaraino. Trukean Abiñako hondartzaren zati bat jasoko luke Busturiak, baina Busturiako Udalak ez zuen proposamena onartu, eta ohar baten bidez adierazi zuen “hondartzako harea” bakarrik eskaintzen ari zirela, tabernak eta ermitak Sukarrietaren esku jarraitzea aurreikusten baitzuen planak.

2015ean, Espainaiko Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren 2013ko epaia. 2016an, azken horrek auto bidez adierazi zuen udalek akordio bidez erabakitzen baldin ez bazuten eremuaren banaketa dena Busturiarentzat izango zela, 1993ko enklabeen foru arauari men eginez. Orduantxe, Bizkaiko Foru Aldundiak aldatu egin zuen proposamena, eta dena Busturiari ematea proposatu zuen. 2017ko abenduan hori bozkatu zuten Batzar Nagusietan, eta, abstentzioa nagusitu arren, ustezko enklabea Busturiari ematea erabaki zuten.

Sandinderi taldekoek uste dute ordutik Sukarrietako Udalak ez duela ezer egin. Izan ere, kontuak eskatzera joan ziren herriko ordezkariengana, eta, taldekoen arabera, esan zieten diru gehiegi xahutu dutela epaiketetan eta ez dutela gura berriro bide horretatik jo. Sandinderiko Jaime Oruetaren esanetan, zaila izango litzateke auzia berriro epaiketara eroatea, baina, frogak faltsuak izan direla erakutsiz gero, egin daitekeela deritzo. Beste aukera bat proposatu dute taldekoek: Batzar Nagusiek foru arau bidez egitea aldaketa. Horretarako, interes orokorreko arau bat izan beharko litzateke, eta Bizkaiko herriek historian zehar eurenak izan diren lurrak berreskuratzea litzateke modua, betiere lurralde iraupen printzipioa betez gero; haien ustez, Abiñakoak betetzen du.

Kurioski, Busturiak ere bazeukan enklabe bat Sukarrietan: Munitis izenekoa. Hangoa, beste barik, Sukarrietari osorik eman ziotela aurpegiratu zion Busturiko udalbatza osoak —alkateak eta zinegotzi guztiek— Sukarrietari eta Bizkaiko Foru Aldundiari 2016ko martxoan argitaratutako gutun batean. “Badirudi Busturiarentzat betebeharra dena ez dela hala Sukarrietarentzat”, salatu zuten ordezkariek, eta aldundiari “jauntxokeria” egotzi zioten.

Auzo bakarra bi herritan

Bizkaian 84 enklabe zeuden orduan, eta gaur egun Kanalakoak bakarrik geratzen dira. Enklabe horiek ez daude desagertzeko arriskuan, Gautegiz Arteagak ez dituelako eskatu lur horiek. Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkatearen arabera, udalak ez du inoiz aldarrikatu horiek desagertzeko, eta ez dauka inolako asmorik enklabeok xurgatzeko. Naberan bera zen alkatea 1993an, araua onartu zenean, eta, etenune baten ondoren, alkatea da berriro 2011tik aurrera.

Kritiko agertu da arauarekiko, lurrak udal bati edo besteari ematean ez delako kontuan hartzen auzokideen iritzia. Naberanek adierazi du Kanalako hainbat auzotar ezagutzen dituela, eta uste du sukarrietar gehienek sukarrietar izaten jarraitu nahi dutela; arteagarrek, beste horrenbeste. “Kanalako mugak aldatzea inposizioa litzateke”. Udalen arteko harreman ona nabarmendu du, eta errepideak berritu edo bestelako lanak egitean gastuak erdibana egiten dituztela zehaztu du. “Ahalegina egiten dugu elkarri laguntzeko, biztanleek arazorik izan ez dezaten”.