Aitziber Laskibar Lizarribar
Konpartsak, jai batzordeak, eragileak, herritarrak. Horiek izaten dira Bizkaiko herri eta auzo gehienetako jaien antolatzaile eta sustatzaileak. Jai eredu herrikoia defendatzen dutela esan ohi da, eta parte hartzaileak dire...
Gizartea
Haur eskola duina nahi dute Galdakaon
Natalia Salazar Orbe
Galdakaok beste haur eskola bat behar duen zalantzarik ez du inork. Hala ere, udalak proposatutako kokapena ez dute egokitzat jo hainbat gurasok, gaur egungo haur eskolako hezitzaileek eta oposizioko alderdiek. Desadostasun hori ad...
Bidezkoa dena kontsumitzeko deia
Alaitz Armendariz
Hamalaugarren aldiz, Bidezko Merkataritzaren Astea egingo dute Bilbon egunotan. Atzo hasi eta igandera bitarte, Areatzako kaian karpa handi bat egongo da, eta hainbat jarduera egingo dituzte, euren produktuak salgai jartzeaz gain. Be...
Ez zenaren memoria
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Eusko gudariak. "Irrintzi bat entzun da mendi tontorrean, goazen gudari danok ikurriñan atzean". Lehen lerroa izendatu den horretan, gizonak, lubakietatik tiroka. "Eusko gudariak gara euskadi askatzeko". Eguna egunkariaren azalean, titulua: "Gure mutilak kementsu ta zindo agertuten dira". Gizonak mobilizatu zituzten 36ko gerran, frontearen lehen lerroetan borrokatzeko. Aurrealdetik, defentsa. "Gerturik daukagu odola bere aldez emateko". Baina abangoardiarik ez da atzeguardiarik gabe. Ez dago lehen lerrorik, atzekorik egon gabe. Atzealde horretan, ezkutuan, isilpean geratu dira emakumeak. Borrokalarien amamak, amak, emazteak ala alabak. Norbaiten atzean egoteagatik protagonistak. 36ko hartan eta ondorengo diktaduran zigor bikoitzera kondenatutako andreak. Emakume izate hutsagatik isilaraziak.
"Ama ezer kontatu gabe hil zen". Etxe askotan entzun da esaldi hori. Baina errealitate ala bizipen asko egon daiteke isiltasun horren atzean. Zigor propioak izan zituzten andreek 36ko gerraz geroztik. Ilea larru arrasean moztu, eta kakalarria eragiten duen errizino olioa edanarazi. Herriko kaleetan desfilatzera behartu andre horiek, gero. Duintasun lapurreta bat. Bizitza osorako marka bat. Bien bitartean, senideen heriotzaren samina ezin agertu. Isiltasun bikoitza. Bat: sufritu; eta bi: isildu. Hirugarren zama bat: etxekoen ongizatea bermatzea. Datozen belaunaldiek ez dezaten sufritu. Salbu mantentzeko kodea bihurtu zen isiltasuna; bizirik irauteko hizkuntza. Debekatuta dago oroitzea. Transmisioaren kate bat etetea lortzen da horrela. Bai, memoriak ere generoa du. Eta bai, emakumeak gerra arma gisa erabili ziren 36ko hartan ere.
Andre izateagatik zigortuak
Eraso zuzenak, fisikoak eta zeharkakoak sufritu zituzten andreek. Baina bizipen eta kontakizun horiek ez dira artxibategietan gordetzen, ez dira idazten, eta, kasu askotan, kontatu ere ez dira egiten. Zaila da emakumeen sufrikarioaren dimentsioei datu edo zenbakiak jartzea. Eta lekukotzak zuzenak izan ohi dira gehienak. Elene Ajuria berriatuarrarena jaso du Patxi Juaristi soziologoak Gerra zibila Berriatuan eta Lea Artibaiko frontean liburuan. Frantzian errefuxiatuta egon zen Ajuria 1937ko urriaren 9ra arte. "Berritxura heldu eta hurrengo egunean, udaletxera joateko deitu eusten. Ulea moztu eusten makinarekin, nik egin nituean negarrak, adats ederra neukan eta.[....] Hurrengo egunetan sarri deitzen eustien udaletxera joateko, horrela herrian zehar pasatu behar neban eta danak ikusiko eben, zelan ulea moztuta neukan. Helburua burla egitea eta nitaz barre egitea zan. Hau ikusita berehala jarri neban buruan txapela, eta horrela ibiltzen nintzen egunero, txapela buruan. Ez nintzan ni ulea moztu eutsen bakarra".
Helburua zen familia errepublikanoak eta abertzaleak zigortzea. Eta frankismoak ezarri nahi zuen erregimenaren aurkako ideologien transmisioa oztopatzeko eta elizari eta etxeko lanei lotutako emakume eredua sendotzeko, eginahalak egin zituzten. Lehen momentutik adierazi zuen hori Gonzalo Queipo Llano jeneral kolpistak: "Gure legionario erregular adoretsuek benetan gizon izatea zer den erakutsi diete gorri koldarrei, eta, bide batez, haien emakumeei ere. Nahi beste marru eta aztalka egin dezatela, ez dira libratuko". Arrazoi izan zuen Queipok. Ez, ez ziren libratu.
Jaularitzak ere txosten batean jaso zuen Bizkaia hartzean faxistek lurraldean izandako jokaera. "Faxistek Bizkaian okupatu dituzten herrietan moroen esku utzi dituzte emakumeak. Zornotzan, 30 emakume hartu zituzten eta mendira eraman; zortzi egunera eraman zituzten bueltan etxera, uzte izateko diren baldintzetan". Lagin bat da hori. Izan ere, bortxaketa kopuruari ezin zaio zenbakirik jarri.
Etxera sartzeko agindua
1933an izan zuten lehen aldiz botoa emateko eskubidea Hego Euskal Herriko emakumeek. Pauso nabariak eman zituzten beren eskubideak eskuratzeko. Eta plaza publikoan tokia hartuz joan ziren pixkanaka. Baina azkar eten zen toki hartze hori. Faxisten kolpe militarraz geroztik, etxeko zulora sartu behar izan zuten andreek. Hala azaldu zuen, gerora ere, Pilar Primo de Rivera Falangeko Seccion Femeninako arduradunak ere. Frankismoaren arabera, ez zuten nahiko jakinduria emakumeek. Bekatariak ziren sortzez. Eta bekaturik ez egiteko tokia etxea zen; han gorde behar ziren andreak. "Emakumeek ez dute sekula ezer aurkitzen. Jainkoak gizon inteligenteentzat gordetako talentu sortzailea falta dute. Guk [emakumeok] gizonek eginda ematen digutena hobeto ala okerrago interpretatzea besterik ezin dugu egin".
Andreak "berrezi" nahi zituen frankismoak. Hezkuntza, prentsa, telebista, propaganda... baliabide guztiak jarri zituen erregimenak horretarako. Pura Sanchez historialariaren arabera, 36ko gerran ez zen egon emakume irabazle eta galtzailerik. Alde batekoa zein bestekoa izan, andre guztiak izan ziren galtzaile gerran, eskubideen parametroei begiratuta.
Etxeko nahi zituzten emakumeak. Baina gizartearen zutabe izan ziren andreak, hala ere. Eutsi zioten bizitzari, berenari, eta baita gizon, adindu eta haurrenei ere. Espetxeak dira adibide. Barrutik eta kanpotik ezagutu zituzten kartzelak emakumeek. Gizonen espetxeen inguruan sareak antolatu zituzten, presoak laguntzeko. Eta asko izan ziren espetxeratuak izan ziren emakumeak ere. Bizkaian Zornotzakoa da emakume kartzela garrantzitsuena. Gaur egungo Karmelo ikastetxearen egoitza denak, 1939tik 1947ra bitarte izan zituen espetxe funtzioak. Oraindik ere ezezaguna da Zornotzako espetxean egon zen emakume kopurua. Baina bada ezagutzen den datu bat: 43 andre eta hamar hilabeteko neskato bat hil ziren han.
Durangon ere izan zen emakumeentzako espetxea, gaur egun Hermanas de la Caridad ikastetxea denean. Eta Bilbon ere emakumeen espetxe bihurtu zuten Santutxun zegoen Orue etxe gisa ezaguna zen eraikina. 700 andre giltzapetu zituzten han. Baina, ezbairik gabe, Mutrikuko Saturrarango espetxea izan zen sonatuena. Ofizialki, 700 presorentzako tokia zuen espetxeak, eta 1.700 haur eta ume ere izan ziren han. Guztira, irekita izan zen sei urteetan, 4.000 andre baino gehiago espetxeratu zituzten Saturraranen. 120 emakume eta 57 haur hil ziren bertan. Eta ondo ezaguna da, espetxeko zaindari ziren mojen esku gogorra.
Maistrak izan ziren Saturrarango espetxean preso egondako asko. Eta horien aurkako zigorrak dira emakumeen kasuan entzutetsuenak. Errepublika garaian derrigorrezko hezkuntza ezarri zuten, eta asko izan ziren eraikitako eskola berriak. Andre asko aritu ziren horietan lanean. Eta uztailaren 18ko kolpe militarrean postuan egon ez izana nahikoa zen zigorra ezartzeko. Ezagunak dira irakaskuntzaren arloan erregimenaren aldekoek egin zituzten garbiketak. Gauza bera egin zuten administrazioan eta lantokietan ere.
Emakumeak ez ziren lehen lerroan izan. Ez zuten tirorik bota. Asturiasko emakumeak mobilizatu ziren hasierako hilabeteetan, baina gizonengan "nahastea" eragiten zutela-eta, lubakietatik atera zituzten andreak. Zaintza lan guztiak, ordea, beren esku izan zituzten. Emakumeek zaindu zituzten herritarrak. Zauritutakoak sendatzen izan ziren. Frontearen lehen lerroan ziren gizon horiei guztiei arropak eta elikagaiak bermatzea emakumeen ardura izan zen. Eta lantegietan ere, milizianoek utzitako postuak bete zituzten, bizirik irauteko beharrezkoa zelako ekonomia produkzio hori. Etxeko ekonomia mantentzea ere haien esku geratu zen. Eta haiek izan zuten etxeko haurren ebakuazioaren ardura.
Juana, Agapita, Feliciana, Maria, Pilar, Teresa... testuliburuetan agertzen ez den errealitate asko dago. Bizitzari lehen lerrotik eutsi zioten izenik gabeko mila emakume dago. Ez ziren ikurrinaren atzean borrokan ibili. Baina lehen lerroan izan ziren beti. "Berriz ere galdetuko dut, denbora asko pasa den arren, zein armekin eusten zaion, isilaren eraso beltzei. Gerra galdu eta gero. Bakea galdu eta gero". Hala abestu zioten gerra garaian emakumeen eskubide sozial eta politikoen alde aritu zen Les dones del 36 elkarteari. Isiltasun horri ahotsa jartzea posible da oraindik.
Errepideetan marra gorriak margotzeko eskaera egin diote aldundiari
Natalia Salazar Orbe
Bide bazterretan bizikletan joaten diren txirrindularien babesik eza eta arriskua nabariak dira. Hainbat istripuk utzi dute agerian. Txirrindulariak aurreratzeko orduan zuhurtzia handiz jokatu behar da, segurtasun tarteak errespeta...
Ikusitakoaren mina
Aitziber Laskibar Lizarribar
Mina darie begiradei, eta min egiten dute begietan. Ez dute malkorik, eta ezerezera begiratzen dute. Euren eztarriek ez dute oihu egiten, isilik daude. Gorputzak ez dira bihurritzen, eta apenas duten mugimendurik; nekatuta ...
Errealitateak aldatzeko gai diren eskolak
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Elkartu, hausnartu, kontzientzia hartu, sareak sortu... Esaldi bakarrean, eremu politiko eta sozialean emakumeen parte hartzea indartzea. Horiek dira, besteak beste, emakumeen ahalduntze eskolen helburu nagusiak. Bizkaian gero eta luzeagoa da andreen jabekuntza eskolak egiten dituzten udalerrien zerrenda. Arratia gehitu zaio zerrenda horri aurten. Estreinakoz egingo dituzte jabekuntza eskolak eskualdean. Eta datozen urteetan norabide berean lanean jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute eskualdeko udalek eta mankomunitateak. Erakundeek ez ezik, inguruko emakumeen elkarteak eta mugimendu feministak ere bat egin dute egitasmoarekin.
Adibide bat da Arratiakoa. Jabekuntza eskolen zerrendara gehitu den Bizkaiko azken eskualdea. Andreen partaidetza publikoa "sendoagoa" izatea nahi dute arratiarrek, eta emakumeak gizartea "eraldatzeko" eragile aktiboak izan daitezen hausnartuko dute jabekuntza eskoletan.
Autorretratu eta sorkuntza artistikorako tailerrak, ekonomia feministari buruzko solasaldiak, norbere baitan duen umea onartzeko tailerrak, maitasun erromantikoari buruzko mahai inguruak, jendaurrean hitz egiteko baliabideei buruzko mintegiak edota zahartzaroaz aritzeko hitzaldiak... Asko dira ahalduntze eskoletan lantzen diren gaiak, eta asko dira eduki horiek lantzeko metodologiak ere. Emakumeen formazioa eta parte hartze politiko eta soziala bultzatzeko tresnak lantzen dira horietan guztietan.
Baina hortik harago doan ikuspegia ere azaldu du Leire Groven Basauriko Marienea emakumeen etxeko kideak. "Guretzat onuragarria zer den identifikatzeko tresnak eta baliabideak ditugu emakumeok. Eta, kasu askotan, hainbat gauza deseraiki ere egin behar ditugu. Sinestarazi digute bizi behar izan ditugulako izan ditugula hainbat bizipen. Emakume izatearen rolagatik soilik. Pentsamolde hori guztia deseraikitzea ere beharrezkoa da. Eta hori lortzen da jabekuntza eskoletan, besteak beste. Ikuspegi bat deseraiki eta errealitatea bestelako ikuspegi batetik eraikitzeko gaitasunak jasotzen ditugu". Horregatik dio identifikaziorako toki "pribilegiatuak" direla andreen jabekuntza eskolak. "Badira hainbat errealitate herriko gainontzeko zerbitzuei ihes egiten dietenak, eta horiek aztertzeko baliagarriak dira jabekuntza eskolak. Espazio propio bat aurkitzen dute emakumeek bertan, eta garrantzitsua da hori".
Basauriko esperientzia gertutik ezagutzen du Grovenek. Marienea emakumeen etxeko kidea da bera. 2012an ireki zuten etxea, eta Marienearen aitzindari izan zen Basauriko Jabekuntza Eskola; 2003an sortu zen arren, Marienean kokatu arte ez zuen leku propiorik izan. Emakumeen ahalduntze eredu hori bultzatu duten herrien artean, aitzindari izan da Hego Uribeko herria.
Gaur egun udaleko berdintasun politikatik bultzatzen dira ahalduntze eskolak, gehienetan. Baina kalean eta mugimendu feministan errotu zen filosofia hori. Basauriko kale eta plazak izan ziren horren eszenatoki nagusiak. Eta mugimendu feminista izan zen subjektua. Hala azaldu du Marieneako kideak. Basauriko mugimendu feminista eta andre elkarteak elkartu, eta hainbat egitasmo abiatu zituzten. "Udal politiketan zeuden gabeziak bete zituen mugimendu feministak. Planifikazio familiarrerako zerbitzua eta emakumeentzako informazio zentroa, tartean". Gaur egun udalek eskaintzen duten zerbitzua, orduko andre elkarteetan antolatutako emakume mediku, legelari eta norbanakoek kudeatu zituzten.
Mugimenduaren txinparta
Kalean piztu zen jabekuntza eskolen lehen txinparta, hortaz. Eta nolabait, izen hori eman gabe ere, emakumeen jabetze eskolen filosofia hori errotzen ari ziren Basauriko emakume horiek guztiak beren jardunarekin. Herri mugimenduen ahotsa udalera sartzea lortu zuten 2000. urtean, eta mugarria izan zen urrats hori. Udalean Berdintasun Saila martxan jartzearekin batera, forma eman zioten Basauriko Jabekuntza Eskolari. "Politika publikoetan emakumeen partaidetza sozio-politikoa bermatzeko egin beharreko urratsen inguruan hausnartzen hasi ziren orduan. Eta hortik sortu zen jabekuntza eskolen ideia. Latinoamerikatik hartu zuten filosofia. Bertako jabekuntza eskolek nola funtzionatzen zuten aztertu zuten Basauriko hainbat emakumek".
2003an egin zituzten lehen eskolak. Eta norbanako gisa eta kolektiboki hausnartzeko balio dutela azaldu du Marieneako kideak. "Prozesu indibidualak lantzeko eta behar propioak garatzeko espazioak dira. Eta hori guztia guztiz lotuta dago emakumeek betetzen ditugun rolekin, edo historikoki emakumeek jaso ditugun rol horiekin. Horregatik, interes estrategikoen alde lan egitea ere bada jabekuntza eskolen beste lan bat. Kolektiboki, parte hartze erreala bultzatzea dute helburu; eta batez ere erabaki prozesuetan eta esparruetan andren parte hartzea handitzea. Jabekuntza pertsonalean, kolektiboan eta politikoan aurrera egiteko baliabideak jaso eta emakumeen aktibazioa bilatzeko espazioa da".
Bizkaian ez ezik, Euskal Herri osoan aitzindaria da Basauriko eskola. Jaio eta urtebetera jarri ziren martxan Ermuan eta Getxon. Eta Ondarroan gero. Hiru udalak elkartu eta Bizkaiko jabekuntza eskolen sarea sortu zuten handik gutxira. "Sarea ez zen kasualitatez sortu. Mugimendu feministako kideak ziren lau udaletako teknikariak eta filosofia hori oinarrizkoa izan zen sarea sortzeko. Ordutik, proiektuak martxan jarri eta sistematizatu egin dira, jabekuntza eskolen inpaktua jasotzea errazten duelako horrek. Ondorioak oso baikorrak dira".
Eskoletatik sortutakoak
Ikusi ere egin daitezke ondorio horietako asko. Horren adibide dira Basauriko jabekuntza eskolatik sortu diren elkarteak. Hiru aipatu ditu Grovenek: Las Kapritxosas pailazo taldea, Basfemband banda feminista eta Saharako emakumeen elkartasun taldea den Hemengo eta hango emakumeak. "Badaude talde autonomoak ere. Juridikoki elkarte gisa antolatuta ez dauden arren lan egiten dutenak". Txalaparta taldea eta literatura kluba dira horietako batzuk.
Zure ondoan elkartean ere geldialdia egin du Grovenek. Genero indarkeriaren biktimek osatzen dute. "Errealitate latzak dituzte atzean. Andre horien nahia beti da emakume gehiagok egoera bera ez bizitzea edo beste emakume batzuei laguntzea. Elkartu eta detekzio lana egiten dute emakumeek". Herritarren erreferentzia bihurtu dira elkarteko kideak. Eta beraiengana jotzen dute laguntza eske askok. "Ez dira erakundeetatik sortzen, ez eta herri mugimendutik. Baina oinarrizkoa den funtzio bat betetzen ari dira".
Norabide horretan, gizarte mugimenduen eta erakundeen jarduna eta espazioak errespetatzeko beharraz aritu da Groven. "Erakundeak gizartearen erritmoetara egokitu behar dira, eta ez alderantziz. Marienea emakumeen etxeak edo jabekuntza eskolek ezin dute gizarte mugimendua ito edo ahuldu. Presio gune eta aldarrikapenerako espaziok dira mugimenduak. Gauza batzuetan erakundeen eskutik doaz, baina beste batzuetan ez. Garrantzitsuena adostasuna bilatzea da, betiere bakoitzak duen papera aintzat hartuta". Marienea etxeak ahalbidetu du bi eragileen arteko koordinazio hori.
Erreferente bihurtu dira Basauri, Ermua, Ondarroa eta Getxokoak. Eta pixkanaka ahalduntze eskolak antolatu dituzte Bizkaiko beste hainbat herritan ere: Berrizen, Abadiñon, Elorrion, Durangon... Erandio eta Sopelara ere hedatu dira eskolak. Arratian, aurtengo ikasturtean jarri dituzte martxan. Mankomunitatetik bideratu dute proposamena. Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuriko udalek eta eskualdean dauden andra talde zein norbanakoek hartu dute parte prozesuan.
Abiapuntua, ezarrita
Urte hasierarekin batera ekin zioten Arratian egitasmoari. Eskualdeko udal guztietako ordezkariak elkartu, eta jabekuntza eskolak egiteko proposamena egin zien Miren Urresti orduko berdintasun teknikariak. Adostasun zabala izan zuen egitasmoak eta berehala jarri ziren martxan, Xabier Pastorren arabera. Urrestiren tokia hartu du orain Pastorrek, eta bera izango da aurrerantzean eskualdeko jabekuntza eskolen koordinazioan arituko dena. Udalekin egotearekin batera, eskualdean dauden emakume taldeengana eraman zuten proposamena. Elkarlanean prestatu dituzte eskolak. "Mankomunitateak laguntza teknikoa ematen du. Udalek, baliabide ekonomikoak bermatzen dituzte eta baita eskolak egiteko espazio fisikoak ere. Andre talde eta norbanakoek eskolen egitaraua prestatzen lagunduko dute, eta parte hartzaile zuzenak ere izango dira".
Pastorrek azaldu du urtarriletik hona topaketak egin dituztela hilero, jabekuntza eskolen helburuez aritzeko. Emakumeen formazioari buruz eta herrian eragile aktibo izateko andrek behar dituzten baliabideei buruz aritu dira topaketa horietan. Eta ikasturte honetako egitaraua ere prestatu dute: hamaika ikastaro, hitzaldi bat eta bi aurkezpen egingo dituzte guztira. Ondoren, ikasturte bukaera jai batekin ospatuko dute. Abiapuntua ezarri dute eskualdean.
Etorkizuneko Bilbo marrazten
Aitziber Laskibar Lizarribar
Aspaldi aldatzen ari den Bilbori beste bultzada bat eman eta erabat eraldatzeko lanean ari da udala. Irudikatzen ari da hiri eredu berria; gune bakoitzerako proiektuak lantzen, eta irudikatzen ari den hori marrazten. Jauzi horretarako gauza asko aldatu behar ditu. Eta, aldaketa horietarako, orain arteko plangintza egokitu beharra du. Hiri Antolaketarako Plan Orokorra da horretarako baliabidea. Berria egin beharra du, eta horretan ari da. Aurrera begirako proiektu nagusiak jasoko dituen oinarria izango da plan orokor hori. Oraingoz, ildo nagusiak jasotzen dituen testua aurkeztu du udalak. Aurreikusten dituen proiektu zehatzak jaso ditu bertan, eta, horietako batzuetan, ideiak betetzeko alternatiba desberdinak jarri ditu mahai gainean.
Egin nahi duen aldaketaren tamaina kontuan hartuta, herritarrak partaide sentiarazi nahi ditu udalak, eta parte hartzeko prozesu oso bat abiatu du horretarako: Aurrerago!. Bilboko zortzi barrutietako bakoitzean eginak dituzte aurkezpenak, prozesuan nola parte har daitekeen herritarrei bertatik bertara azaltzeko. Orain, bigarren fasea jarri du martxan.
Proposamenen gaineko eztabaidan aurrez aurre edo Internet bidez parte hartu ahalko dute herritarrek; bai norberaren izenean, bai elkarteen ordezkari gisa. Horretarako lehenengo baldintza izena ematea da. Azaroaren 18an amaituko da horretarako aukera. Bilboko Udalaren webgunean egin daiteke hori, www.bilbao.eus/aurrerago helbidean. Bertan, parte hartzeko inprimakia bete beharko da —udaltegietan ere izango da inprimakia betetzeko aukera—. Hiri Antolaketarako Plan Orokorrari buruzko informazio hitzaldira joatea, Bilbon erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago izatea dira parte hartzeko beste baldintzak. Prozesuan webgunearen bidez parte hartu nahi dutenek ere izena eman beharko dute, webguneko Foroa atalean.
Lantaldeetan zuzenean parte hartuko dutenak azarotik otsailera bitartean egingo diren batzarretako kide izango dira. Barrutika batuko dira lantalde horiek. Lau saio izango dituzte: plan orokorrari eta hirirako zein barruti bakoitzeko proposamenei buruzko informazio orokorra emateko izango da bat, eztabaidarako beste bi, eta lantaldeetatik ateratako ondorioak jasotzeko beste bat.
Behin plan orokorraren aurrerapenerako egindako ekarpenak jasota, jendaurrean egongo da proposamena bi hilez. Herritarrek eta eragileek iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izango dituzte orduan. Mikel Ocio Hiri Antolaketarako zuzendariak azaldu duenez, proposamen guztiak jaso eta aztertuko ditu udalak. Baita erantzun ere. Proposamenen egileei horiek aintzat hartuko diren edo ez erantzungo die, arrazoiak emanda.
Azken erabakia, hala ere, Bilboko udalbatzak izango du. Bertan erabakiko da zeintzuk izango diren plan orokor berria idazteko kontuan hartuko diren irizpide, alternatiba eta proposamenak. Behin betiko plana idazten hasterako 2017a izango da. Eta idazketarako beste hamabost bat hilabete beharko dira. Ociok 2018ko amaiera alderako espero du idatzia Hiri Antolaketarako Plan Orokor berria, bere zehaztasun guztiekin. Ondoren, beste urtebete inguruko tramitazioak egin beharko dira.
2020an hasiko dira lanak
Aurreikuspenen arabera, 2020. urtea izango da, beraz, plangintzan jasotako lanak egiten hasterako. Hori bai, aurrez lan batzuk prestatzen has litezkeela zehaztu du Ociok. Aurreikusitako plangintza osoa amaitzerako, berriz, hamabost-hogei urte igaroko dira.
Herritarrek zertan eragin ahalko duten ere aurreratu du Bilboko Hiri Antolaketarako zuzendariak: "Ideia batzuk hiriaren plan estrategiko gisa ditugu; horiek ez dira kolokan jarriko. Adibidez, ez dago zalantzan AHT Bilbora iritsiko dela, A-8a Errekaldetik desagertuko dela, Olabeaga eraldatu behar dela eta tranbiak Zorrotzaurrera joan behar duela. Galdera da nondik eta nola egin daitekeen hobeto".
Auzolanak eratutako Uribarri ezagutuz
Natalia Salazar Orbe
Diktadura frankistaren garaian sortu zen Gure Etxea auzo elkartea. Orain dela 50 urte, 1966. urtean. Beharrizan batek bultzatuta eratu zuten Uribarriko bizilagunek. Orduko egoera politikoari aurre egiteko, batetik, eta testuinguru ...
Hiria goldatzeko kimua
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Inork iraultza egin nahi badu, egunero hiru aukera ditu: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan". Vandana Shiva ekofeminista indiarrak esandakoa izan du ahotan Hibai Castro Bilboko Laboreko kideak elkartearen jardueraz aritzeko. Oraindik ere ezezaguna da Labore, ez baitu hiriburuan bere burua aurkeztu. Baina bota du lehen harria. Zer jan eta zer erosi? Elikadura burujabetza helburu jardunaldiak antolatu ditu Bilbon, Gite-Ipes elkartearekin batera, urriaren 24tik 27ra bitarte. Elikadura burujabetzaren eztabaida hirigunera eramango dute jardunaldietan elkarte biek. Burujabetzari buruzko hausnarketak praktikara eramateko proposamenak aurkeztuko ditu Bilboko Labore elkarteak bertan.
Hausnarketa eta kezka berak elkartu ditu hiriburuko hainbat ekoizle, kontsumitzaile eta norbanako. Eta elikadura burujabetza bultzatzeko lanabes berria eratu dute Bilbon: Labore. Ekoizleak eta kontsumitzaileak modu zuzenean lotzeko espazio fisiko bat lortzea da, tartean, sortu berri den elkartearen helburua. Eta egitasmoari bultzada emateko bazkideak aurkitzea izango da, besteak beste, lehen lanetako bat, Castroren arabera. "Tokiko elikagaien salerosketa bermatuko duen espazio fisiko bat behar dugu hiriburuan, bertako nekazarien lanean oinarritu eta tokiko ekonomia mugituko duena. Kontsumitzaile eta ekoizleen arteko konfiantzazko harremanean aritu nahi dugu".
Ekoizpenari dagokionez, Euskal Herriko lurraldeen kohesioa bultzatu nahi du egitasmoak. "Hirigunean ala Bilbo inguruan ekoizten ez diren elikagaiak Euskal Herriko beste tokietatik ekartzea da asmoa. Euskal Herriko produkzioari lehentasuna ematea, alegia".
Ez dira hutsetik abiatzen Laboreko kideak. Hamaika dira Euskal Herrian azken bi hamarkadetan abiarazitako ekimenak. Eta Bilboko hainbat auzotan ere badaude tokiko produkzioa bultzatzen duten hainbat elkarte. Horiekin guztiekin elkarlanean aritu nahi du Laborek. Argi azaldu du hori Castrok. "Gu ez gatoz inor ordezkatzera. Asko dira gai honetan lanean ari direnak, eta guk gure alea jarri nahi dugu norabide horretan. Dauden elkarteekin hitz egin eta elkarlanean aritzea gakoa da guretzat". Harremanak egin dituzte dauden elkarteekin, eta oro har oso harrera ona jaso dutela azaldu du Castrok.
Edonola ere, Iruñeko Landare kooperatiba hartu dute Laboreko kideek eredu gisa. Duela hogei urte inguru sortu zen Nafarroako hiriburuko produktu ekologikoen kontsumitzaileen elkartea, eta 2.000 bazkide baino gehiago ditu gaur egun: 2.500 produktu baino gehiago dituzte hiriburuko Arrotxapean eta Atarrabian dituzten bi dendetan. Tokiko salerosketa bultzatzen du Landarek, eta elkartearen salmentako prezioaren %80 ekoizleek eramaten dute. Kudeaketa gastuak eta lokalekoak ordaintzeko erabiltzen da gainerako irabazia. Bukaerako prezioa ekoizle zein kontsumitzaileentzat "bidezkoa" izatea lortzen dute horrela.
Herritarren babes bila
Antzeko egitasmoa egin nahi du Laborek Bilbon. Eta bide horretan eman beharreko lau pauso aurreikusi dituzte jada. Bazkideak eta fundatzaileak aurkitzea izango da hasierako aldian elkartearen egiteko nagusia. Behin fundatzaileak lortuta, espazio fisikoaren eraikuntzan murgilduko da Labore. Eta lokalaren funtzionamendua bermatuko duen bazkidetza minimoa lortzea izango da eman beharreko hurrengo pausoa. Dendaren ateak behin betiko irekitzea izango litzateke laugarren eta azken urratsa. "Oraindik ere zenbakiak egiten ari gara. Pixkanaka haziko den egitasmoa izango da hau. Hasiera batean, sinesmenetik eta kontzientziatik proiektuan sinesten dutenak izango dira egitasmoari bultzada emango diotenak. Baina apurka-apurka zabaldu, eta herritar gehiagorengana iritsiko gara. Pixkanaka egingo dugu aurrera".
Bere buruaren aurkezpena egin behar du lehenik Laborek. Eta esku artean duten proposamenari forma emateko prozesu parte hartzailea jarri dute martxan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko. "Proposamena mahai gainera ekarri nahi dugu, eta herritarrekin eztabaidatu". Gite-Ipes elkartearen laguntza izango dute zabalpen horretan.
Nazioarteko Elikaduraren Eguna izan zen joan den igandean. Eta testuinguru hori baliatu dute hiriburuan elikadura burujabetzari buruzko hausnarketak eta kezkak mahai gainean jartzeko. Gaur egungo nekazaritza industriala iraunkorra da? Elikadura negozio bihurtzeak nora garamatza? Alternatibarik badago? Halako galderei erantzun praktikoak ematen saiatuko dira astelehenean hasiko diren jardunaldietan. Besteak beste, Iruñeko Labore kooperatibako kideak eta Juan Manuel Sanchez Gordillo Marinaledako alkatea (Andaluzia, Espainia) izango dira mahai inguruetan. Sarrera librea izango da.
Eguneroko jarduera
Bilbon gaia lantzen duen eragile eta norbanako asko dago. Eta, horien parte hartzea bultzatzeko, hiriburuko hainbat tokitan egingo dituzte mahai inguruak. Hala azaldu du Ibon Meñika Gite-Ipes elkarteko kideak. "Ekitaldiak deszentralizatu egin ditugu. Herritar eta elkarte gehiagorengana iristea erraztuko du horrek". Kafe Antzokian, Santutxu auzoko Karmelo ikastolan, Deustuko gazte lokalean eta Ekologistak Martxan plataformaren Ekoetxea egoitzan egingo dituzte solasaldiak.
Jardunaldien edukien garrantziaz aritu da Meñika. "Bilbo handian, hirigunean, eraldaketa klabeetan aritzea eta alternatibak ezagutaraztea oso interesgarria da. Elikatzea eguneroko jarduera da, eta kontzientziak astintzeko oso baliagarria: zer jaten dugun, nondik datorren, non ekoizten den, ekoizpen horrek zein helburu duen, non erosten dugun... hori guztia aztertu eta ondorioak konpartitzea oso garrantzitsua da". Hiriguneak ematen dituen aukerak ere aipatu ditu Castrok. "Hirigunean kokatzen dira supermerkatu eta denda handiak. Eredu horren alternatiba aurkitu nahi duenarentzat arnasgunea izan daiteke Laborek garatuko duen egitasmoa. Gune fisiko bat izatea oso garrantzitsua da bide horretan urratsak egiteko".
Txikitik handira, norbere eguneroko ekintzetatik abiatuta gogoetatzea beharrezkotzat jo du Gite-Ipeseko kideak. "Egunero era naturalean egiten duguna kontzienteki egiten dugun ala ez aztertzea oinarrizkoa da. Eguneroko erabakia da elikadurarena. Eta kontzientzia hartzen badugu, eraldaketarako aktibo bihur gaitezke".
Abiapuntua dira astelehenean hasiko diren jardunaldiak. Hiriburuko ekoizle, kontsumitzaile eta norbanakoak biltzeko eta hausnarketak partekatzeko beste urrats bat. Hiritarren kontzientziak goldatu nahi ditu Laborek. Kimatu dute lehen hazia. Ongarria behar du orain.