Ez zenaren memoria

Ez zenaren memoria

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Eusko gudariak. “Irrintzi bat entzun da mendi tontorrean, goazen gudari danok ikurriñan atzean”. Lehen lerroa izendatu den horretan, gizonak, lubakietatik tiroka. “Eusko gudariak gara euskadi askatzeko”. Eguna egunkariaren azalean, titulua: “Gure mutilak kementsu ta zindo agertuten dira”. Gizonak mobilizatu zituzten 36ko gerran, frontearen lehen lerroetan borrokatzeko. Aurrealdetik, defentsa. “Gerturik daukagu odola bere aldez emateko”. Baina abangoardiarik ez da atzeguardiarik gabe. Ez dago lehen lerrorik, atzekorik egon gabe. Atzealde horretan, ezkutuan, isilpean geratu dira emakumeak. Borrokalarien amamak, amak, emazteak ala alabak. Norbaiten atzean egoteagatik protagonistak. 36ko hartan eta ondorengo diktaduran zigor bikoitzera kondenatutako andreak. Emakume izate hutsagatik isilaraziak.

“Ama ezer kontatu gabe hil zen”. Etxe askotan entzun da esaldi hori. Baina errealitate ala bizipen asko egon daiteke isiltasun horren atzean. Zigor propioak izan zituzten andreek 36ko gerraz geroztik. Ilea larru arrasean moztu, eta kakalarria eragiten duen errizino olioa edanarazi. Herriko kaleetan desfilatzera behartu andre horiek, gero. Duintasun lapurreta bat. Bizitza osorako marka bat. Bien bitartean, senideen heriotzaren samina ezin agertu. Isiltasun bikoitza. Bat: sufritu; eta bi: isildu. Hirugarren zama bat: etxekoen ongizatea bermatzea. Datozen belaunaldiek ez dezaten sufritu. Salbu mantentzeko kodea bihurtu zen isiltasuna; bizirik irauteko hizkuntza. Debekatuta dago oroitzea. Transmisioaren kate bat etetea lortzen da horrela. Bai, memoriak ere generoa du. Eta bai, emakumeak gerra arma gisa erabili ziren 36ko hartan ere.

Andre izateagatik zigortuak

Eraso zuzenak, fisikoak eta zeharkakoak sufritu zituzten andreek. Baina bizipen eta kontakizun horiek ez dira artxibategietan gordetzen, ez dira idazten, eta, kasu askotan, kontatu ere ez dira egiten. Zaila da emakumeen sufrikarioaren dimentsioei datu edo zenbakiak jartzea. Eta lekukotzak zuzenak izan ohi dira gehienak. Elene Ajuria berriatuarrarena jaso du Patxi Juaristi soziologoak Gerra zibila Berriatuan eta Lea Artibaiko frontean liburuan. Frantzian errefuxiatuta egon zen Ajuria 1937ko urriaren 9ra arte. “Berritxura heldu eta hurrengo egunean, udaletxera joateko deitu eusten. Ulea moztu eusten makinarekin, nik egin nituean negarrak, adats ederra neukan eta.[….] Hurrengo egunetan sarri deitzen eustien udaletxera joateko, horrela herrian zehar pasatu behar neban eta danak ikusiko eben, zelan ulea moztuta neukan. Helburua burla egitea eta nitaz barre egitea zan. Hau ikusita berehala jarri neban buruan txapela, eta horrela ibiltzen nintzen egunero, txapela buruan. Ez nintzan ni ulea moztu eutsen bakarra”.

Helburua zen familia errepublikanoak eta abertzaleak zigortzea. Eta frankismoak ezarri nahi zuen erregimenaren aurkako ideologien transmisioa oztopatzeko eta elizari eta etxeko lanei lotutako emakume eredua sendotzeko, eginahalak egin zituzten. Lehen momentutik adierazi zuen hori Gonzalo Queipo Llano jeneral kolpistak: “Gure legionario erregular adoretsuek benetan gizon izatea zer den erakutsi diete gorri koldarrei, eta, bide batez, haien emakumeei ere. Nahi beste marru eta aztalka egin dezatela, ez dira libratuko”. Arrazoi izan zuen Queipok. Ez, ez ziren libratu.

Jaularitzak ere txosten batean jaso zuen Bizkaia hartzean faxistek lurraldean izandako jokaera. “Faxistek Bizkaian okupatu dituzten herrietan moroen esku utzi dituzte emakumeak. Zornotzan, 30 emakume hartu zituzten eta mendira eraman; zortzi egunera eraman zituzten bueltan etxera, uzte izateko diren baldintzetan”. Lagin bat da hori. Izan ere, bortxaketa kopuruari ezin zaio zenbakirik jarri.

Etxera sartzeko agindua

1933an izan zuten lehen aldiz botoa emateko eskubidea Hego Euskal Herriko emakumeek. Pauso nabariak eman zituzten beren eskubideak eskuratzeko. Eta plaza publikoan tokia hartuz joan ziren pixkanaka. Baina azkar eten zen toki hartze hori. Faxisten kolpe militarraz geroztik, etxeko zulora sartu behar izan zuten andreek. Hala azaldu zuen, gerora ere, Pilar Primo de Rivera Falangeko Seccion Femeninako arduradunak ere. Frankismoaren arabera, ez zuten nahiko jakinduria emakumeek. Bekatariak ziren sortzez. Eta bekaturik ez egiteko tokia etxea zen; han gorde behar ziren andreak. “Emakumeek ez dute sekula ezer aurkitzen. Jainkoak gizon inteligenteentzat gordetako talentu sortzailea falta dute. Guk [emakumeok] gizonek eginda ematen digutena hobeto ala okerrago interpretatzea besterik ezin dugu egin”.

Andreak “berrezi” nahi zituen frankismoak. Hezkuntza, prentsa, telebista, propaganda… baliabide guztiak jarri zituen erregimenak horretarako. Pura Sanchez historialariaren arabera, 36ko gerran ez zen egon emakume irabazle eta galtzailerik. Alde batekoa zein bestekoa izan, andre guztiak izan ziren galtzaile gerran, eskubideen parametroei begiratuta.

Etxeko nahi zituzten emakumeak. Baina gizartearen zutabe izan ziren andreak, hala ere. Eutsi zioten bizitzari, berenari, eta baita gizon, adindu eta haurrenei ere. Espetxeak dira adibide. Barrutik eta kanpotik ezagutu zituzten kartzelak emakumeek. Gizonen espetxeen inguruan sareak antolatu zituzten, presoak laguntzeko. Eta asko izan ziren espetxeratuak izan ziren emakumeak ere. Bizkaian Zornotzakoa da emakume kartzela garrantzitsuena. Gaur egungo Karmelo ikastetxearen egoitza denak, 1939tik 1947ra bitarte izan zituen espetxe funtzioak. Oraindik ere ezezaguna da Zornotzako espetxean egon zen emakume kopurua. Baina bada ezagutzen den datu bat: 43 andre eta hamar hilabeteko neskato bat hil ziren han.

Durangon ere izan zen emakumeentzako espetxea, gaur egun Hermanas de la Caridad ikastetxea denean. Eta Bilbon ere emakumeen espetxe bihurtu zuten Santutxun zegoen Orue etxe gisa ezaguna zen eraikina. 700 andre giltzapetu zituzten han. Baina, ezbairik gabe, Mutrikuko Saturrarango espetxea izan zen sonatuena. Ofizialki, 700 presorentzako tokia zuen espetxeak, eta 1.700 haur eta ume ere izan ziren han. Guztira, irekita izan zen sei urteetan, 4.000 andre baino gehiago espetxeratu zituzten Saturraranen. 120 emakume eta 57 haur hil ziren bertan. Eta ondo ezaguna da, espetxeko zaindari ziren mojen esku gogorra.

Maistrak izan ziren Saturrarango espetxean preso egondako asko. Eta horien aurkako zigorrak dira emakumeen kasuan entzutetsuenak. Errepublika garaian derrigorrezko hezkuntza ezarri zuten, eta asko izan ziren eraikitako eskola berriak. Andre asko aritu ziren horietan lanean. Eta uztailaren 18ko kolpe militarrean postuan egon ez izana nahikoa zen zigorra ezartzeko. Ezagunak dira irakaskuntzaren arloan erregimenaren aldekoek egin zituzten garbiketak. Gauza bera egin zuten administrazioan eta lantokietan ere.

Emakumeak ez ziren lehen lerroan izan. Ez zuten tirorik bota. Asturiasko emakumeak mobilizatu ziren hasierako hilabeteetan, baina gizonengan “nahastea” eragiten zutela-eta, lubakietatik atera zituzten andreak. Zaintza lan guztiak, ordea, beren esku izan zituzten. Emakumeek zaindu zituzten herritarrak. Zauritutakoak sendatzen izan ziren. Frontearen lehen lerroan ziren gizon horiei guztiei arropak eta elikagaiak bermatzea emakumeen ardura izan zen. Eta lantegietan ere, milizianoek utzitako postuak bete zituzten, bizirik irauteko beharrezkoa zelako ekonomia produkzio hori. Etxeko ekonomia mantentzea ere haien esku geratu zen. Eta haiek izan zuten etxeko haurren ebakuazioaren ardura.

Juana, Agapita, Feliciana, Maria, Pilar, Teresa… testuliburuetan agertzen ez den errealitate asko dago. Bizitzari lehen lerrotik eutsi zioten izenik gabeko mila emakume dago. Ez ziren ikurrinaren atzean borrokan ibili. Baina lehen lerroan izan ziren beti. “Berriz ere galdetuko dut, denbora asko pasa den arren, zein armekin eusten zaion, isilaren eraso beltzei. Gerra galdu eta gero. Bakea galdu eta gero”. Hala abestu zioten gerra garaian emakumeen eskubide sozial eta politikoen alde aritu zen Les dones del 36 elkarteari. Isiltasun horri ahotsa jartzea posible da oraindik.