Bidezkoa dena kontsumitzeko deia

Alaitz Armendariz

Hamalaugarren aldiz, Bidezko Merkataritzaren Astea egingo dute Bilbon egunotan. Atzo hasi eta igandera bitarte, Areatzako kaian karpa handi bat egongo da, eta hainbat jarduera egingo dituzte, euren produktuak salgai jartzeaz gain. Besteak beste, sukaldaritza tailerrak eta dantza erakustaldiak izango dira, eta zozketak eta erakusketak ere antolatu dituzte.

Azken hamahiru urteetako udazkenean egin izan den moduan, Bilboko Udalarekin batera hainbat gobernuz kanpoko erakundek hartu dute parte azokaren antolakuntzan. Aurten zortzi izan dira: Setem, Adsis, Oxfam Intermon, Educo, Kidenda, Emaus, Nazioarteko Elkartasuna eta Vicente Ferrer. Guztien artean adostu dute lau egunetarako egitaraua.

“Azken hamasei urteetan igoera bat egon da bidezko merkataritzako produktuen salmentan”, azaldu du Izaskun Marin Intermon Oxfameko kideak. Halere, adierazi du dendetako kontsumo sarean ez dela askorik nabaritu: “Beste salmenta bide batzuk hedatu dira: Internet, adibidez; baita denda biologikoak ere”. Gainera, horrelako produktuen salerosketa handitu egin den arren, inguruko beste herrialdeetako egoeratik “urruti” daudela azaldu du Marinek. Desberdintasun horren arrazoia zein izan daitekeen azaldu du: “Beharbada, Europan halako merkataritza lehenago garatu izana da arrazoia”.

Intermon Oxfameko kideak azaldu duenez, hainbat baldintza bete behar dira bidezko merkataritzako produktuak eskaintzeko. “Gardentasun eta berdintasun oinarri baten gainean, ekoizleen bizi baldintzak hobetzea ahalbidetzen duten lan harremanak ezartzen ditugu”. Horrela, kontsumitzaileek produktu jakin bat baldintza duinetan sortu dela jakitearen abantaila dute. Baldintza horiek “beti” jakinarazteaz arduratzen direla zehaztu du Marinek.

Ekoizleen erabakiek “pisua” dute merkataritza horretan. “Bidezko merkataritza harremanen bidez, ekoizleek euren produktuei prezioa jartzen diete”. Horrela, ekoizle horiei “bidezko prezioa” ordaintzen zaie trukean. Horrez gain, Marinek nabarmendu du horrelako produktuen jatorrian ez dagoela inolako “umeen esplotazio edo eskulanik”. Haien oinarriak “konpromisoa, genero berdintasuna eta diskriminaziorik eza” direla esan du Marinek.

Ingurumenari “errespetua”

Asoziazionismoak eta kooperatibismoak duten garrantzia ere aipatu du Intermon Oxfameko langileak. “Lan baldintza osasuntsuak eta beharginen gaitasunen garapena bultzatzen dira horrela”. Ingurumenaren “errespetuari” ere garrantzia eman dio. “Adibidez, kotoizko kamisetak ekoitziz gero, arreta berezia jartzen dugu kotoi organikoa izan dadin, pestizidarik gabekoa”.

Kontsumitzaileek bidezko merkataritzako produktuak zein diren jakin dezaten, “berme” gisa egiaztagiriak jartzen dituztela adierazi du Marinek. “Bidezko merkataritzaren sareak ziurtatzen du produktuek jatorri hori dutela, eta, horrela, ikusgaitasuna ematen diegu produktu horiei”. Hala, bidezko merkataritzan interesa duten kontsumitzaileei produktu horiek identifikatzea “errazten” diete.

Oro har, merkataritza mota horretako produktuak atzerrian ekoitzitakoak izan ohi dira. Halere, badira bertakoak ere, nahiz eta beste ezaugarri batzuk izan. “Hemengo produktuek gizarte osagarri bat dute: ezgaitasunen bat duten pertsonek sortu dituztelako, bioaniztasuna zaintzeko proiektu jakin batzuekin aritzen direlako…”.

Intermon Oxfameko kideak Bilboko Udalaren lankidetza eskertu du. “Oso bultzada garrantzitsua da guretzat, arlo honetan ari garen erakundeentzako aukera aparta da-eta gure artean sareak eraikitzeko”. Bilboko Udalak bidezko merkataritzari “ikusgaitasuna eta bultzada” ematen dio, Marinen iritziz. “Haien estrategia lan hori oso garrantzitsua da balio hauek zabaltzeko”.