Gizartea

Ongietorrirako Gernika

Ongietorrirako Gernika

Aitziber Laskibar Lizarribar

Duela 80 urteko soinu mingarri bera entzungo da bihar arratsaldean Gernikan. Duela 80 urte bonbardaketen berri eman zuen sirena hots gorgarri bera. Min oihua. Korrika ihesean, alde batetik bestera izango ziren orduko hartan Gernikan ziren herritarrak. Oraingoan, urrats pausatuekin joango dira. Isilik, multzoan, "inbasio isil" baten moduan. Duela 80 urte Gernikan bizi izandakoa gaur ere milioika pertsonak bizi dutela salatuko dute horrela. Munduko herri askotan gerratik ihes egin beharra dutela askok oraindik. Hori gutxi ez, eta ateak itxita aurkitzen dituztela gainera. Gainontzeko herriek babesik gabe uzten dituztela.

Horri aurre egin nahi dio Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Horrenbeste iheslari eragiten dituzten gerrei ezetz esan, mugetan ezartzen diren politikak salatu, eta, ihesean ari direnei elkartasuna adierazi eta besoak zabaldu. Ekitaldiz jositako asteburua antolatu du, horretarako, bihar eta etziko: Ongi Etorri Gernika 2017. "Errefuxiatu eta migranteen inguruan hemen inoiz egin den elkartasun ekitaldi handiena izango da", azaldu du Marta Abiega plataformako kideak.

Milaka herritar espero ditu. Bai bihar egingo den martxan, bai etziko jardunaldietan. 70 bat herritatik abiatuko dituzte Gernikarako martxak, zutabeetan; gehienak Euskal Herritik, baina baita atzerritik ere. Batzuk bizikletaz joango dira, oinez beste batzuk, eta garraio publikoan besteak. Badira martxa gaur bertan abiatuko dutenak ere.

Saio nagusia bihar 16:00etan izango dute guztiek, Muxikan. Elkartu, eta Gernikara arteko hiru kilometroko ibilbidea egingo dute. Isilik egingo dute azken kilometroa, eta hala sartuko dira 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten herrian, Astrako sirenaren hotsarekin.

Gernikan, "iraganeko eta gaurko Gernika guztien omenezko ekitaldi hunkigarria" agindu dute antolatzaileek. Errefuxiatu eta migranteei hitza emango zaie bertan, eta baita Gernikako ume izandako emakume bati ere. "80 urtek banatzen dituzte, baina lotuta daude; egoera berak bizi izan dituzte". Geroago, Arcadi Oliveres i Boadella Bartzelonako Justizia eta Bakea elkartearen presidenteak hitzaldia egingo du. Hausnarketarako eta formaziorako eguna izango da igandea.

Ekimena dagoeneko arrakastatsua dela diote antolatzaileek: 70 herritan baino gehiagotan Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren taldeak sortu direla, eta igandean formaziorako egingo diren jardunaldietarako 400 pertsona inguruk eman dutela izena. 30 hizlari arituko dira horietan.

Hain zuzen, herritarrak prestatzea da ekinaldiaren xedeetako bat, eta horregatik igandeko jarduna: "Euskal Herria babes herria izatea dugu helburu, eta herritarren jarrerak baldintzatuko du hori lortu ahal izatea", adierazi du German Garcia plataformako kideak. Horretarako, formazioa ezinbestekotzat du. "Mezu faxista eta xenofoboak indar hartzen ari dira, eta horiei aurre egin behar diegu", hausnartu du. Horregatik, ezinbestekotzat du "ondo formatutako gizartea". Gaikako tailerrak eta esperientzia mahaiak antolatu dituzte, errealitatea gertuagotik ezagutu, ikasi, hausnartu eta alternatibak proposatzeko. Honako gai hauek aztertuko dituzte:

GAIKAKO TAILERRAK

Babesa eta migrazioa. Europako Batasunaren muga politikak ezagutu, eta alternatibei buruz hausnartuko dute. Gizarte zibilarentzat estrategia eraginkorrak ere bilatuko dituzte. Sos Arrazakeriako Mikel Mazkiaran eta Agustin Unzurrunzaga, Patricia Barcena CEAR Euskadiko zuzendaria eta Agata Sol Rueda eta Antonio Sempere ekintzaileak izango dira hizlari. Legeak, praktikak eta gizarte zibilaren proposamen praktikoak aztertuko dituzte.

Antimilitarismoa. Besteak beste, armamentu merkataritza eta patriarkatua aztertuko dituzte, milioika pertsonak beren herrietatik ihes egiteko arrazoi nagusia "gerra eta horren forma desberdinak" diren arren "beste militarismo batzuek" ere zerikusia dutelakoan. KEMeko Koldobi Velasco, Bakearen Aldeko Ikasketa Zentroko Ainhoa Ruiz Benedicto eta Salhaketako Carlos E. Hernandez arituko dira, lehentasunak identifikatu eta desobedientzia erantzunak proposatzeko.

Feminismoa. Gerragatik ez ezik, beste arrazoi batzugatik ere emigratzen dute emakumeek, hala nola indarkeria matxistagatik eta aniztasun sexualagatik. Emakume asko jaioterria uztera behartzen dituzten arrazoiak eta errefuxiatuen eremuetan, migrazio bidean zein herrialde berrietan bizitzen dituztenak azalduko dituzte CEAReko Beatriz de Lucas Larreak, Save the Childreneko Sara Polo Yrazuk, Cristina Sanchez Hernandez kazetariak, Clementine Beza Bola eta Maria Juncay emakume migratzaileek eta Esther Ferrera kazetariak.

Arrazismoa, xenofobia eta faxismoa. Errefuxiatuen etorreraren inguruan nahita sortzen diren irudi desitxuratuei aurre egitea da tailerraren helburua; zergatik datozen ulertzea, muturreko eskumak Europan izan duen gorakada aztertzea, eta erantzun xenofobo, arrazista eta faxistei nola aurre egin pentsatzea. Leila Nachawati Rego Madrilgo Carlos III unibertsitateko irakaslea eta Victor Pozas Pardo EHUkoa arituko dira.

Antikapitalismoa. Kapitalismoa eta enpresa transnazionalak, patriarkatua eta krisi ekologikoak. Lotuta daude antolatzaileen hitzetan, eta lekualdatze askoren kausa dira. Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakaslea, Txefi Roco ikertzaile feminista, Ritxi Hernandez Abaitua Hitz&hitz-eko kidea eta CEAReko Raquel de Celis izango dira hizlariak.

ESPERIENTZIA MAHAIAK

Harrera esperientziak. Errefuxiatuei harrera emateko moduak eta esperientzia zehatzak ezagutzeko aukera emango du. Atenasko auzoetan arrazismoaren aurka egiten ari den borroka azalduko du Katerina Sergiduk; Ionna Gaitanik Greziako errefuxiatu kanpamentuen berri emango du; Kostas Papadopulosek Greziako eskoletan faxismoaren aurka egiten ari den erresistentzia azalduko du; eta Pablo Pampa Madrilgo harrerarako esperientziari buruz arituko da. Ekintzak koordinatu eta sare bat osatzea ere badu helburu mahai horrek.

Ceuta eta Melilla. Espainiako Estatua eta Europako Batasuna nola jokatzen ari diren aztertu, eta zenbait harrera esperientzia ezagutaraziko dituzte. Jose Luis Villena Melillako Unibertsitateko irakaslea, Antonio Sempere kazetaria, Mahud Traore idazlea, Ana Maria Rosado Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko kidea eta Itziar Fernandez Mendizabal Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko kidea izango dira hizlariak.

Desobedientzia. Desobedientzia zibila gaur egun baliagarria den aztertuko dute; zerbait lortu ote dezakeen eta, horretarako, ohiko ereduak egokitu egin behar diren. Hainbat esperientzia jarriko dituzte mahai gainean Begoña Huartek —Grezian errefuxiatuak lekualdatzen saiatzea leporatuta atxilotu zutenak—, Txefi Roco ikertzaile feministak, Irati Tobar Lurralde Askea-ko aktibistak eta Mar R. Gimena KEMeko kideak.

Sustraietan dago altxorra

Sustraietan dago altxorra

Aitziber Laskibar Lizarribar

Munduan zehar ibili dira azken hiru urteetan. Amerikako, Asiako eta Europako hamasei herrialdetan beren esperientzia erakutsi, eta bateko zein besteko zaporeak eta sukaldaritza ezagutu dituzte. Punta-puntako sukaldariak dira. Gironako El Celler de Can Roca jatetxearen jabeak; Roca anaiak. Haien jatetxea munduan lehen postuan jarria du The World's 50 Best Restaurants aitortzak. Birritan, gainera: 2013an eta 2015ean. BBVArekin egindako akordio bati esker ibili dira munduan zehar, bankuaren "enbaxadore" gisa, eta asko ikasi dutela aitortu dute. Esperientzia aberasgarria izan dela. Baina zapore eta esperientzia berriak probatu ondoren, ondorio bat atera dute: "Konturatu ginen gure ingurua ez genuela behar bezain ondo ezagutzen", aitortu du Joan Roca anaia zaharrenak, Bilbon, Josep eta Jordi anaiak ondoan dituela.

Tokian tokikoari garrantzia emateko proiektua abiatu dute, hargatik. "Hasieran gidari izan genuen eta sukaldaritza eraldatu zuen iraultza egin zuten maisu handi haien ondora, Euskal Herrira, ekarri gintuen ikasteko izpiritua berreskuratzea erabaki genuen". Bertan izan dira asteon, eta orain arte egin ez zuten zerbait egin dute: produktore txikiekin egon. Horixe nabarmendu dute sukaldariek: bertoko sukaldaritzaren aberastasun handiena bertoko ekoizle txikiengan hasten dela, sustraietan; kalitate handiko lehengaietan eta produktuak mimoz egiteko moduan. "Sentsibilitate ekologiko handiko nekazaritza aberatsa dago hemen". Ekoizle horiei entzutea "luxua" dela adierazi dute Roca anaiek, eta horien lan egiteko moduak elikagai horiek hobeto ulertzen lagundu diela. "Guk beti erabili izan dugu Idiazabalgo gazta, baina ez genuen ezagutzen".

"Inspirazio iturri" ere badute gazta hori Roca anaiek. "Betidanik". Baita bakailaoa eta Euskal Herriak hori prestatzeko duen modu berezia ere: pil-pila. Perretxikoei hemen ematen zaien erabilera ere bere aspaldi egin zutela azaldu dute.

Sukaldaritza tradizionalaren oinarri horiei heldu, eta egungo sukaldaritzaren prestaketa eredu berritzaileenak txertatuta, menu berezia egin zuten astelehenean; errepikatuko ez diren jakiak.

Eta ez da hori berezitasun bakarra: Artxandako Ostalaritza Eskolako ikasleen laguntzaz prestatu zituzten plater berritzaile horiek. Eskolak berak proposatutako 18 ikasle aritu ziren laguntzaile, Roca anaiek horietako hiru aukeratzeko helburuarekin. Aukeratutako horiek beka bana jasoko dute Gironako jatetxe ospetsuan lau hilabetez aritzeko. Sukaldariek jakinarazia dute nortzuk diren beraiekin lanean ibiliko direnak. Hiruren ordez, lau: Aitzol Iturri Maleta eta Ainara Pavia Lopez El Celler de Can Rocako sukaldean jardungo dira, eta Natalia Jara Freire eta Xabier Hernandi, jantokian. Azken lan horretarako ikasle bakarra hartzeko asmoa zuten sukaldariek, baina, aukeraketa "oso zaila" egin zaiela eta, eurenera bi eramatea erabaki dute. Erdi bana erabiliko dute horiek beka; bina hilabetez arituko da bakoitza Gironako jatetxean.

Bilbon egunotan egindakoa beste leku batzuetan ere egingo dute Roca anaiek, tokian tokiko jakiak oinarri: Coruñan, Sevillan, Valentzian, Bartzelonan, Madrilen eta Las Palmasen.

Guatemalako osasun zentro bati laguntzeko kanpaina abiatu dute

Guatemalako osasun zentro bati laguntzeko kanpaina abiatu dute

Alaitz Armendariz

Guatemalako El Reposo herriko osasun zentroan material gabezia handia dago, eta, hori konpontzeko, finantzaketa kolektibo bidezko kanpaina bat abiatu du Bizkaiko Medicus Mundi elkarteak. Berrogei egunean 3.500 euro lortu nahi dituzte, El Reposoko herritarrek osasun eskubidea bermatua izan dezaten. Horrez gain, gaur bertan Guatemalarekin elkartasun ahotsak jardunaldia egingo dute Bilboko Hika Ateneoan, eta, iganderako, Getxoko Fadura kiroldegian, Lau ordu solidario igeriketa saioa antolatu dute, Ur Basque People elkarteak bultzatuta.

Kanpainak bi helburu ditu, Asier Alberdi Medicus Mundiko kideak azaldu duenez: El Reposo herriko osasun zentrorako materiala erostea, eta euskal gizartean arazo horren inguruko "kontzientzia eta elkartasuna" piztea. Finantzaketa kolektiboan parte hartzeko, https://www.kukumiku.com/proyectos/salud- derecho-guatemala/ web orrira jo behar da.

El Reposo herriak 3.700 biztanle inguru ditu, eta Guatemalako Quetzaltenango departamentuan dago. Alberdik azaldu duenez, gaur egun udalerriak osasun etxe txiki bat dauka, mediku eta erizain batekin, baina osasun materialen gabezia handia daukate: "Horren eraginez, herritarrek 46 kilometro egin behar dituzte hurbilen dagoen ospitalera iristeko". Izan ere, El Reposoko osasun zentroan egunero daukate arreta, baina arazoa da ez dutela baliabiderik. "Adibidez, ez daukate azterketa ginekologiko bat egiteko materiala, ez dute hozkailurik txertoak gorde eta egunero eman ahal izateko, ezta umeak pisatzeko pisu pediatrikorik ere".

Pisu pediatrikoak behar-beharrezkoak dira, Alberdiren arabera; maiz egiten duten probetako bat umeen desnutrizioari lotutakoa izaten da. Guatemalan %46ko desnutrizio kronikoa dago, eta horren kontrola egiteko "ezinbestekoa" da pisu pediatrikoak edukitzea. Gainera, Alberdik argitu duenez, El Reposoko osasun zentroan material nahikorik ez dagoenez, bertako biztanleek 46 kilometro egin behar dituzte nahitaez, osasuna zaintzeko oinarrizkoak diren probak egiteko.

Finantzaketa kolektiboko kanpainarako, 40 egunean jasoko dituzte ekarpenak; baina, horretaz gain, gaur eta larunbatean zenbait ekintza antolatu dituzte Bilbo eta Getxon, ekinaldirako laguntza lortzeko. Gaur jardunaldi bat egingo dute Bilboko Hika Ateneoan, Guatemalarekin Elkartasun Ahotsak izenekoa. Hainbat jarduera egingo dituzte Atxuriko egoitzan: hasteko, mahai inguru bat egingo dute Guatemalako biztanleen osasun eskubidearen inguruan hitz egiteko, OPIK Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko EHUko ikerketa taldeko irakasle Elena Rodriguezek, Itziar Irazabal Bizkaiko Medicus Mundiko presidenteak eta Asier Alberdik berak.

Kontzertuak Hika Ateneoan

Solasaldiaren ondoren, bertaratzen direnek hiru ikuskizunez gozatu ahalko dute: hasteko, Arymux taldeak keinu hizkuntza, dantza, bertsoak eta musika uztartzen dituen saio bat eskainiko du. Gero, HdH taldearen kontzertua izango da, eta, azkenik, Vinagre de Moderna taldea taularatuko da. Jardunaldi osoan Guatemalako artisautza produktuak erosteko aukera egongo da, eta zozketak ere egingo dituzte antolatzaileek.

Igandean, berriz, Lau ordu elkartasunez egingo dute Getxoko Fadura kiroldegian. Bertan, finantza kolektibo bidezko kanpainarako dirua biltzeko igeriketa saio berezi bat antolatu du Ur Basque People taldeak. Hala, 10:00etatik 14:00ak arte, igerian egiteko hainbat modalitate antolatu dituzte: errelebo solidarioak (100x100), familiak —parte hartzaile bakoitzak 25 metro egin beharko ditu gutxienez—, igeriketa jarraitua —lau orduan 200 kilometro egitea izango da erronka—, eta 0 kalea. Azken hori igeri egin gabe ere euren ekarpena egin nahi dutenentzat izango da.

Parte hartzeko izena emateko, bi aukera izango dira: Interneten dagoen galdetegi bat betetzea, kontu korronte batean 10 euro sartu eta ziurtagiria bidaltzea, edota egunean bertan Fadurako kiroldegian izena ematea. Horrela, ahalik eta jende gehien biltzea espero du Alberdik, eta gizartea sentsibilizatzea Guatemalako biztanleek sufritzen duten osasun eskubidearen urraketaz. "Haiek dituzten baliabideekin ez dute bermerik, eta ekarpen txiki batekin osasun zerbitzu egokiagoa jasoko dute", laburbildu du.

Ongizatearen bermatzaileak

Ongizatearen bermatzaileak

Natalia Salazar Orbe
Atzean geratu dira ikastetxetik atera, askaria jaso eta afalordura arte kaleak umez betetzen zireneko garaiak. Builaka, saltoka, barrezka edo sarritan mokoka aritzen ziren. Betiere, aske, helduen etengabeko begiradapean eta zaintza...

Zientzien munduko txapelketako finalean izango da Begoñazpi ikastola

Zientzien munduko txapelketako finalean izango da Begoñazpi ikastola

Alaitz Armendariz

First Lego League txapelketa eskola zientziaren arloko nazioarteko lehiaketarik ospetsuenetarikoa da, eta Bilboko Begoñazpi ikastola norgehiagokaren azken fasera iritsi da. Robotekin lotutako proiektu bati esker lortu dute Txurdinagako ikastolako sei ikaslek finalera heltzea, eta horrekin mundu osoko 400 eskola talderekin lehiatuko dira Missouri estatuko Saint Louis hirian (AEB), apirilaren 26tik 29ra. Proiektua ahalik eta hobekien defendatzeaz gain, ikasleek eurek sortutako robota probatu beharko dute, lehiaketak mundu osoan erabili duen gaiarekin lotura duena: gizakien eta animalien arteko "aliantza".

First Lego League txapelketaren sailkapen probak munduko 88 herrialdetan egiten dituzte urtero-urtero, 255.000 gazteren baino gehiagoren artean "bokazio zientifiko eta teknologikoak" iratzartzeko helburuarekin. Horretarako, berrikuntza, sormena, talde lana, komunikazioa eta arazoen konponketa sustatzen dituzten ikasketa esperientziak antolatzen dituzte.

Eskolako robotika, zientzia eta teknologia lehiaketaren munduko finalera iritsi aurretik, Faunity taldea osatzen duten Begoñazpi ikastolako sei ikasleek Soluzio Berritzaileen lehen saria irabazi zuten martxoan, estatu mailako First Lego Leagueren finalean. Lehiaketaren fase horretarako, supermerkatuetan erabiltzeko moduko poltsa biodegradagarriak sortzeko proiektu bat garatu zuten. Denda eta supermerkatuetara zuzendutako proiektu horren bidez ohiko plastikozko poltsek sortzen duten kutsadura bukatuko litzatekeela diote.

Estatu mailako finalean epaileek Begoñazpiko ikasleen proposamenaren "erabilgarritasuna" hartu zuten kontuan, ideiak era guztietako diziplina teknologiko eta zientifikoak barne hartzen dituelako; baita ekonomia, fisika, kimika, matematika eta hizkuntzak ere. Ingelesez aurkeztu zuten orduko hartan proiektua, eta AEBetan ere hala egin beharko dute. Sari horri esker, Begoñazpiko ikasleek Danimarkan maiatz amaieran jokatuko den First Lego Leagueko nazioarteko txapelketa batean parte hartzeko eskubidea irabazi zuten, baina, azkenean, Saint Louiseko finalera joango dira zuzenean, talde batek uko egin diolako AEBetara joateari.

Bere proiektuan, Begoñazpiko taldeak uretan disolbatzen den polibinilo alkohola (PVA) deitzen den polimero ez-toxikoa erabili du, denda eta supermerkatuetan kontsumitzeko moduko poltsa biodegradagarriak sortzeko. Ikasleek badituzte poltsa horiek dagoeneko, eta horiek merkaturatzeko prest agertu den Granadako Plasticos Alhambra enpresarekin harremanetan jarri dira.

Bilboko ikastolako ikasleen ekimen "berritzaile" horrek euriak sor ditzakeen arazoak konpontzen ditu denborazko patina baten bidez. Baita denden marken tintarena ere: Txinan ekoitzitako tinta biodegradagarri bat aurkitu dute. Poltsa berri horiek plastikoak sortzen duen kutsadura handia saihestuko lukete. Ikasleek egindako analisi baten arabera, ohiko poltsek 8.000 tona plastiko ez-degradagarri sortzen dituzte urtero.

Ez da lehen finala

Aste Santuko oporretan, Begoñazpiko ikasleak munduko lehiaketako prestaketa lanak amaitzen ibili dira ikastolan; robotarekin AEBetan egin beharreko aurkezpen eta lanak optimizatu dituzte, ahalik eta emaitza "onena" lortu ahal izateko.

Ikastolatik azaldu dutenez, norgehiagoka horren finalean parte hartzea "goreneko jazoera" da ikastegiarentzat. Gainera, nabarmendu dute ez dela izango mota horretako lehen finala; izan ere, 2016. urtean Global Innovation Award lehiaketako finalean parte hartu zuen AEBetako hiriburuan, Washingtonen. Lehiaketa bereko diziplina horrek proiektu zientifiko "berritzaileak" bakarrik ebaluatzen ditu. Orduko hartan, ikastolako paper zapi bustiak erabiltzea proposatu zuten Begoñazpi ikastolako parte hartzaileek; edredoiak edo berokiak ekoiztea lortu nahi zuten horrela.

First Lego League nazioarteko lehiaketako finalera iristea ahalbidetu dien proiektu honetaz gain, Innobasque euskal berrikuntza agentziak antolatzen duen txapelketa ere irabazi zuen, duela pare bat hilabete.

Bilbo iparraldea ere metrora batu da

Bilbo iparraldea ere metrora batu da

Alaitz Armendariz

Atzerapenarekin heldu da, baina bertan da. Zortzi urte iraun duten lanen ondoren, Bilboko metroaren 3. linea martxan da jada. Aurreko larunbatean inauguratu zuten hiriaren iparraldeko auzoei zerbitzua emango dien linea, luzaroan egin duten eskaera bat beteta. Euskal Trenbide Sarearen arabera (ETS), Bilbo iparraldean bizi diren 71.000 pertsonak inoiz baino hurbilago izango dute metroa, sei geltoki berritan. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dute, erdi bana: 280 milioi euro, 28 tren unitateen 150 milioiez gain. Nahiz eta Bilboko metroaren linea bat gehiago izan, Euskotren izango da kudeaketaz arduratuko den erakundea, eta ez Bilboko Metroa. Duela 22 urte egin zen 1. linea, Bilbo erdiguneko biztanleei zerbitzua emateko.

5,8 kilometro luze da linea berria, eta hamabi minutu nahikoa izango dira ibilbide osoa egiteko. Matikon hasten da, eta, handik, Kukullaga, Uribarri, Zazpikaleak, Zurbaranbarri, Txurdinaga eta Otxarkoagako geltokietara doa. Metroaren 3. lineak egunero 16.500 bidaiari inguru izatea espero dute; sei milioi urtean. 2009ko maiatzean abiatu zituzten linea berria egiteko lanak, eta, hasierako aurrekontua 153 milioi euro bazen ere, azkenean 180 milioi euroko inbertsioa izan da beharrezkoa 3. linearen lanak bukatzeko.

Linea berriak antz handia izango du metroaren 1. eta 2. lineekin, baina badira berritasun batzuk ere. Geltokietako nasak ia erabat berdinak izan arren, 3. linean ibiliko diren trenak desberdinak dira. CAFek eraiki dituen trenetan hiru edo lau bagoi egongo dira. Bilboko beste bi lineetan ibiltzen diren trenak baino apur bat txikiagoak dira, beraz. Horrez gain, tren horietan komunak daude. Nasetan ikusi ahal izango den desberdintasun nagusietariko bat geltokien izenak adieraziko dituen panelena izango da: gorriak izan ordez, urdinak izango dira. Euskotrenen kolorea da hori.

Bestalde, 3. lineako trenen zerbitzua ere ez da berdina. Lanegunetan, trenak 7,5 minutuan behin igaroko dira geltoki bakoitzetik, eta trenak zer ordutan pasatzen diren adieraziko da nasetan; trena atzeratuz gero, baina, ez dute ohartaraziko. Lau hizkuntzatan emango da informazioa: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Bestalde, 3. lineako tren guztiek Euskal Herriko mendi edo herri baten izena daukate aurrealdean.

Matiko geltokia izango da 3. linearen tokirik garrantzitsuenetariko bat: Artxandako tunelaren luzapena da, eta Sondika, Derio, Loiu, Zamudio eta Lezama herrietarako lotura izango da. Zazpikaleetako geltoki berrituan metroko 1. eta 2. lineekiko lotura egin ahalko da. Orain arte, Bilbo eta Lezama (Txorierri) elkartu ditu Euskotrenen bideak, Artxanda azpitik. Bide bikoitzeko tunel berria egin dute, eta lehengoa bestelako erabileretarako utziko dute.

Linea berriaren lanak egin bitartean, Txorierriko trenak Erandiora bideratu dituzte, antzinako bidetik. Lutxanako geltokian egin izan dute aldaketa metrora, Bilbora joateko. Linea hori sei hilabete gehiagoz edukiko dute martxan, proba gisa; epe hori bukatzen denean erabakiko dute behin betiko eutsi edo ez.

Kukullaga-Etxebarri geltokian, metroa Bermeo linearekin (E4) eta Durango/Donostiarekin (E1) egongo da lotuta. Bi zirkulazio mota izango dituzte 3. linean ibiltzen diren trenek: alde batetik, Kukullagatik Matikora doazenak, eta, bestetik, Kukullagatik Lezamara doazenak. Txorierrira ere (E3) tren zuzenak egongo dira.

Txorierri tren sarean sartzeak ondorio gehiago ere ekarriko du. Izan ere, Urdaibaitik eta Donostiatik datozen trenekin lotuta egongo da linea berria, Kukullaga-Etxebarri geltokian. Eta, laster, trenez aldatu behar izan gabe jarraitu ahalko dute Lezamaraino. ETSk iragarri du Donostiako trenek ekainean egingo dutela aldaketa, eta Urdaibaikoek, berriz, 2018ko irailean. Gaur egun, Bilboko Atxuri geltokian amaitzen dute ibilbidea, baina, aldaketa osoa egiten dutenean, Atxurik bere erabilera galduko du. Beraz, trenak Lezama edo Matikotik atera, eta, metroaren hirugarren linearen bitartez, Etxebarri, Bermeo eta Donostiaraino joango dira.

Laugarren linearen zain

Baina denak ez daude gustura. plataforma Metro Linea 4 osatzen duten auzo elkarte eta kolektiboek metroaren 4. linea "atzerapenik gabe" egiten hasteko galdegin dute. Bilboko hegoaldeko guneko auzokideak "historikoki alboratuta" daudela salatu dute, eta bertan 75.000 biztanle baino gehiago bizi direla gogoratu dute. Besteak beste, Errekalde, Uretamendi, Betolaza, Peñascal, San Adrian, Irala, Zabala, Miribilla eta Zabalburu auzoak daude inguru horretan.

Horrez gain, Galdakaora helduko litzatekeen bosgarren linea egiteko ere ez dago asmorik gaur egun, ETSren arabera, horrelako azpiegiturek "inbertsio oso handia" eskatzen dutelako, eta zer egin aztertzen ari direlako. Metroaren lehen linea 1995ean abiatu bazen ere, Ezkerraldeko herriek 2002ra arte itxaron behar izan zuten metroaren lehen geltokiak erabiltzeko; izan ere, bigarren linea hura apurka egin zuten. Gaur egun, Kabiezes (Santurtzi) eta Basauri lotzen ditu linea horrek.

Naxa, denda eta tabernei zabalik

Naxa, denda eta tabernei zabalik

Aitziber Laskibar Lizarribar
Leku pribilegiatuan dago. Arriaga parez pare duela, Areatzako zubiaren amaieran, Zazpikaleen eta Zabalgunearen erdian. Ibaiaren gaineko begiralekuan. Barnealdea eta kanpoaldea lotzen dituen arkupea ibaiertzeko pasealekuan b...