Bilbo iparraldea ere metrora batu da

Bilbo iparraldea ere metrora batu da

Alaitz Armendariz

Atzerapenarekin heldu da, baina bertan da. Zortzi urte iraun duten lanen ondoren, Bilboko metroaren 3. linea martxan da jada. Aurreko larunbatean inauguratu zuten hiriaren iparraldeko auzoei zerbitzua emango dien linea, luzaroan egin duten eskaera bat beteta. Euskal Trenbide Sarearen arabera (ETS), Bilbo iparraldean bizi diren 71.000 pertsonak inoiz baino hurbilago izango dute metroa, sei geltoki berritan. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dute, erdi bana: 280 milioi euro, 28 tren unitateen 150 milioiez gain. Nahiz eta Bilboko metroaren linea bat gehiago izan, Euskotren izango da kudeaketaz arduratuko den erakundea, eta ez Bilboko Metroa. Duela 22 urte egin zen 1. linea, Bilbo erdiguneko biztanleei zerbitzua emateko.

5,8 kilometro luze da linea berria, eta hamabi minutu nahikoa izango dira ibilbide osoa egiteko. Matikon hasten da, eta, handik, Kukullaga, Uribarri, Zazpikaleak, Zurbaranbarri, Txurdinaga eta Otxarkoagako geltokietara doa. Metroaren 3. lineak egunero 16.500 bidaiari inguru izatea espero dute; sei milioi urtean. 2009ko maiatzean abiatu zituzten linea berria egiteko lanak, eta, hasierako aurrekontua 153 milioi euro bazen ere, azkenean 180 milioi euroko inbertsioa izan da beharrezkoa 3. linearen lanak bukatzeko.

Linea berriak antz handia izango du metroaren 1. eta 2. lineekin, baina badira berritasun batzuk ere. Geltokietako nasak ia erabat berdinak izan arren, 3. linean ibiliko diren trenak desberdinak dira. CAFek eraiki dituen trenetan hiru edo lau bagoi egongo dira. Bilboko beste bi lineetan ibiltzen diren trenak baino apur bat txikiagoak dira, beraz. Horrez gain, tren horietan komunak daude. Nasetan ikusi ahal izango den desberdintasun nagusietariko bat geltokien izenak adieraziko dituen panelena izango da: gorriak izan ordez, urdinak izango dira. Euskotrenen kolorea da hori.

Bestalde, 3. lineako trenen zerbitzua ere ez da berdina. Lanegunetan, trenak 7,5 minutuan behin igaroko dira geltoki bakoitzetik, eta trenak zer ordutan pasatzen diren adieraziko da nasetan; trena atzeratuz gero, baina, ez dute ohartaraziko. Lau hizkuntzatan emango da informazioa: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Bestalde, 3. lineako tren guztiek Euskal Herriko mendi edo herri baten izena daukate aurrealdean.

Matiko geltokia izango da 3. linearen tokirik garrantzitsuenetariko bat: Artxandako tunelaren luzapena da, eta Sondika, Derio, Loiu, Zamudio eta Lezama herrietarako lotura izango da. Zazpikaleetako geltoki berrituan metroko 1. eta 2. lineekiko lotura egin ahalko da. Orain arte, Bilbo eta Lezama (Txorierri) elkartu ditu Euskotrenen bideak, Artxanda azpitik. Bide bikoitzeko tunel berria egin dute, eta lehengoa bestelako erabileretarako utziko dute.

Linea berriaren lanak egin bitartean, Txorierriko trenak Erandiora bideratu dituzte, antzinako bidetik. Lutxanako geltokian egin izan dute aldaketa metrora, Bilbora joateko. Linea hori sei hilabete gehiagoz edukiko dute martxan, proba gisa; epe hori bukatzen denean erabakiko dute behin betiko eutsi edo ez.

Kukullaga-Etxebarri geltokian, metroa Bermeo linearekin (E4) eta Durango/Donostiarekin (E1) egongo da lotuta. Bi zirkulazio mota izango dituzte 3. linean ibiltzen diren trenek: alde batetik, Kukullagatik Matikora doazenak, eta, bestetik, Kukullagatik Lezamara doazenak. Txorierrira ere (E3) tren zuzenak egongo dira.

Txorierri tren sarean sartzeak ondorio gehiago ere ekarriko du. Izan ere, Urdaibaitik eta Donostiatik datozen trenekin lotuta egongo da linea berria, Kukullaga-Etxebarri geltokian. Eta, laster, trenez aldatu behar izan gabe jarraitu ahalko dute Lezamaraino. ETSk iragarri du Donostiako trenek ekainean egingo dutela aldaketa, eta Urdaibaikoek, berriz, 2018ko irailean. Gaur egun, Bilboko Atxuri geltokian amaitzen dute ibilbidea, baina, aldaketa osoa egiten dutenean, Atxurik bere erabilera galduko du. Beraz, trenak Lezama edo Matikotik atera, eta, metroaren hirugarren linearen bitartez, Etxebarri, Bermeo eta Donostiaraino joango dira.

Laugarren linearen zain

Baina denak ez daude gustura. plataforma Metro Linea 4 osatzen duten auzo elkarte eta kolektiboek metroaren 4. linea “atzerapenik gabe” egiten hasteko galdegin dute. Bilboko hegoaldeko guneko auzokideak “historikoki alboratuta” daudela salatu dute, eta bertan 75.000 biztanle baino gehiago bizi direla gogoratu dute. Besteak beste, Errekalde, Uretamendi, Betolaza, Peñascal, San Adrian, Irala, Zabala, Miribilla eta Zabalburu auzoak daude inguru horretan.

Horrez gain, Galdakaora helduko litzatekeen bosgarren linea egiteko ere ez dago asmorik gaur egun, ETSren arabera, horrelako azpiegiturek “inbertsio oso handia” eskatzen dutelako, eta zer egin aztertzen ari direlako. Metroaren lehen linea 1995ean abiatu bazen ere, Ezkerraldeko herriek 2002ra arte itxaron behar izan zuten metroaren lehen geltokiak erabiltzeko; izan ere, bigarren linea hura apurka egin zuten. Gaur egun, Kabiezes (Santurtzi) eta Basauri lotzen ditu linea horrek.