Atxuri salgaiak banatzeko biltegi bihurtzea aztertzen ari da Bilboko Udala

Atxuri salgaiak banatzeko biltegi bihurtzea aztertzen ari da Bilboko Udala

Natalia Salazar Orbe

Bilbo hiriko sinboloetako bat da Atxuriko tren geltokia. Eraikin historiko hori 1912an altxatu zuten. Durango, Donostia eta Bermeo lotzen ditu, tren bidez, Bizkaiko hiriburuarekin. Oraingoz. Izan ere, datorren urteko udazkenetik aurrera ez du era horretako zerbitzurik eskainiko. Ez da trenen joan-etorri gehiagorik izango. Metroaren hirugarren lineak hartuko ditu bide horiek. Hutsik geratuko da orduan Atxuriko geltokia. Pertsonen benetako beharrei erantzuteko erabilera bat eman diezaioten proposatu du Lokomotorak taldeak. Talde hori Atxuriko auzokideek, Atxurigorri elkarteak, Ibaiondo barrutiko elkarte sozialek eta EHUko Parte Hartuz partaidetza masterreko ikasleek osatzen dute. Udalak dagoeneko pentsatu du aukera bat: Zazpikaleetan barrena banatu beharreko salgaiak eta paketeak jasotzeko zentro logistiko bihurtu gura du.

Bilboko Udalaren ideia ez da berria. Donostian eta Bartzelonan ere badarabiltzate antzeko sistemak. Herriguneen kanpoaldean, plataforma logistiko txikiak sortu dituzte. Plataforma horietatik salgaiak bezeroarengana eramateko azken tartea egiten dute handik. Konpainia batzuek bizikletak erabiltzen dituzte pakete horiek eramateko. Oinezkoentzako guneetan autoen zirkulazioa eta kutsadura murriztea du helburu neurri horrek.

Denda eta ostalaritza lokaletara eramaten diren paketeez gain, Internet bidez egiten diren erosketek ere gora egin dute azken urteetan. Horren ondorio ere bada Zazpikaleetan trafiko gehiago egotea. Bestalde, udalak ez du aztertu kargatze eta deskargatze lanetarako ere erabili ahalko duten sistema hori. Ostalaritzan, egunerokoak dira jarduera horiek.

Apurka desagertuko dira trenak Atxuritik. Ekainean, Durango eta Donostiakoen txanda izango da. Bermeokoak eutsiko dio denbora gehien han; 2018ko irailera arte. Gero, Etxebarrin egingo dute lotura. Tranbiak Atxurin jarraituko du. Udalak uste du gauza biak bateragarriak izan daitezkeela; alegia, inguruari auzotarrek aprobetxatu ahal izateko erabilerak ematea eta salgaiak banatzeko zentro logistikoa egitea.

Auzotarrentzat, penagarria

Auzotarrak ez datoz bat uste horrekin. “Pena izango litzateke udalaren ideia hori gauzatzea. Atxurik eta inguruko auzoek beste beharrizan batzuk dituzte”. Hala adierazi du Aiora Kintana Lokomotorak taldeko kideak. Gainera, gogora ekarri du eraikina Euskotrenena dela, alegia, Jaurlaritzarena; ez udalarena.

Parte-hartze prozesu bat jarri dute martxan geltokian hutsik geratuko diren espazioak nola erabili erabakitzeko. Eraikinak berak eta inguruko lurrek aukera asko eskaintzen dituztela jakitun dira, hiriguneko kokaleku estrategiko batean daude eta. Helburua da era kolektiboan sortzea proposamenak, azken proiektuak pertsonen benetako beharrei erantzun diezaien.

Oraingoz, modu independentean ari dira gauzatzen orubeak eta eraikinak etorkizunean izan beharko luketen erabilerari buruzko ikerketa. Eta udalaren asmoen berri ere komunikabideen bitartez jakin dute.

Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak proposatutakoaren bestelako eredu batzuen aldeko apustua egiten dute. Gernika-Lumoko Astra sormen lantegia eta Zorrotzaurreko Open Your Ganbara jarri ditu adibide modura. Hala ere, oraingoz ez dute zehaztu inguruko bizilagunek zer nahi duten. Adin eta profil askotako herritarrei elkarrizketak egiten ari zaizkie. Biltzen dituzten ideiekin osatuko dute proposamen zehatz bat. Baina zerbait argi dute dagoeneko: “Beharrizan ugari daude; besteak beste, eskolari eta auzotarrei dagokienez”.

Lokomotorak taldeak uste du Atxurik etorkizunean izango duen aldaketa handiaren aurrekari bat dela geltokia desagertzea. Baita auzoaren motor bat eta identitate ikur bat itzaliko dituela ere. Hutsune horri behar bezalako erantzuna ematea lortzeko lanean buru-belarri jarraituko dute, bizilagunen beharrizanei begira.