Naxa, denda eta tabernei zabalik

Naxa, denda eta tabernei zabalik

Aitziber Laskibar Lizarribar

Leku pribilegiatuan dago. Arriaga parez pare duela, Areatzako zubiaren amaieran, Zazpikaleen eta Zabalgunearen erdian. Ibaiaren gaineko begiralekuan. Barnealdea eta kanpoaldea lotzen dituen arkupea ibaiertzeko pasealekuan bertan du. Itzela da barnealdeko espazioa ere: 2.000 metro koadro baino gehiago. Eta utzia dago azken bi hamarkadatan. Naxako tren geltokia zena da. 1999. urtean azken trena hartu zuenetik, inolako erabilerarik gabe, erabat itxia dagoena. Martxan jar dadin saiatzea erabaki du Bilboko Udalak. Erosleak erakarri eta erabil dadin sustatzea. Zehaztu du zein erabilera mota nahi duen ere: eraikinaren kalifikazioa aldatzeko lanetan hasia da, eta merkataritzari, ekipamenduei zein zerbitzuei zabaldu dizkie ateak. Bertan dendak, tabernak, jatetxeak eta aisialdirako zentroren bat hartzeko aukera jarri du mahai gainean, zehazki.

“Naxako geltoki zaharra zegoen lekuan, Bilboko Concordia geltokiaren azpian zegoen aldirietako trenen geltokiak okupatzen zuen lekuan, merkataritza, ekipamendu edota zerbitzuen lokal bat jar daiteke, baita taberna edo jatetxe bat ere”, dio udalak igorritako oharrean. “Baina inola ere ez pub edo diskoteka bat”, zehaztu du. Iaz Zazpikaleetarako onartu zuen ostalaritzarako arautegian oinarritu da ezezko irmo hori lehen unetik argi uzteko.

Musika areto handirik ez

Hain zuzen, kontzertuetarako areto handi bat egiteko aukera mahai gainean izan zen duela urte batzuk. Azken urteetan Kobetamendin BBK Live musika jaialdi erraldoia antolatzen duen Last Tour sustatzailea proiektu hori gauzatu nahian ibili zela zabaldu zen. Baina asmoa bere horretan geratu zen. Iaz Zazpikaleen Berregokipenerako Plan Bereziak izan zituen aldaketen ondorioz, orain ezingo litzateke halakorik eraiki.

Hala ere, ostalaritzari eta aisialdiari begira jarri dute leku estrategikoan dagoen eremu hori, jabeek hala eskatuta. Inbertsore talde batena da jabetza; Sete Gibernau motoziklismo pilotu ohia tartean duen taldearena. Adifek 2013an enkantean jarri zuen gunea, eta GP Funds & Treasury SL taldeak egin zuen eskaintza onena. Harena da ordutik. Gaur egun, higiezinen hiru enpresa handik kudeatzen dute lokala.

2.300 metro koadro ditu eremuak; eraikita erabilgarri dituenak 2.000 inguru dira. Eta, egun, ekipamenduen erabilera publikorako gune gisa izendatua dago. Udala tramitatzen hasi den kalifikazio aldaketaren ondorioz, merkataritza erabilera izan ahalko du lokalak, aurrera begira; ekipamendu pribatuak izan ahalko ditu, eta zerbitzuetarakoak.

Baina trukean metro batzuk galduko dituzte jabeek. Udalak araudi berrirako proposamenean zehaztu duenez, etorkizunean espazio publikoen egituraketa hobetzen laguntzeko helburuz, Renferen geltokia zenaren eremuko zati bat erabilera publikorako gorde beharko da ezinbestean. Hartara, 1.745 metro koadro izango dituzte erabilgarri lokala erosten dutenek: 1.675 metro koadro kaian bertan duen zatian, eta beste 100 metro koadro goiko solairuan.

Jarraipena kaiari

Udalak gunearen erabilera aldatzeko baimena eman dezan jarri duen beste baldintza batekin du zerikusia espazioaren murrizketa horrek. “Geltoki zaharrean jarduera bat kokatzen denean itsasadarraren ertzaren jarraikortasuna bermatuta geratu beharko da”, ohartarazi du zehazki udalak; “hau da, etenik gabe ibili ahalko da”.

Alegia, Erripako kaia eta Mesedeetako kaia lotuta nahi ditu udalak, eta kalifikazioa aldatzeko baldintza gisara jarri du hori. Gaur egun, geltokia zenaren kanpoko eremua hesitua dago, oinezkoentzako itxita. Eta ez dago modurik alde horretatik Erripako kaira iristeko itsasadarraren ondotik. Areatzako zubiak zatitzen du kaia. Aurrera begira, bi aldeak lotu, eta alde batetik besterako pasealeku jarraitua egin dadila nahi du udalak. Halaber, Areatzako zubiaren eta Azaroaren 25eko plazaren arteko lotura hobetu dadila ere eskatu du udalak.

Edonola ere, kalifikazioa aldatzeko tramiteek lehen urratsa besterik ez dute egin. Bilboko Udalaren Plangintzarako Aholku Batzordeak heldu dio gaiari, eta beste bilera batean eman beharko dio oniritzia berriz. Ondoren, proposamena erakusketa publikoan aurkeztu, eta udalbatzara eraman beharko da.