Gizartea

Lasterka, babes ematera

Lasterka, babes ematera

Aitziber Laskibar Lizarribar
Korrika ateratzen dira euren etxetik, euren herritik. Eraman dezaketen apurra hartu, eta ehunka, milaka kilometroko bidaiari ekiteko. Atzera begiratzeko indarrik gabe, zain dutena imajinatu ere egin gabe, etorkizun hobea am...

Amazoniako herrixka bat Cadaguan

Amazoniako herrixka bat Cadaguan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Itxura berezia hartuko du bihar Cadagua ibairen ertzak, Amazonas ibaiaren magalean bizi diren jatorrizko herritarren herrixka baten erreprodukzioa eraikiko baitute hirugarrenez Gueñesen, La Quadra-Lakabex auzoan. Indigenak nola bizi diren erakustea, eta, era berean, bizimodu hori arriskuan dagoela ohartaraztea du egunak helburu. Aurtengoari bestelako ezaugarritze bat ere gehitu nahi diote, ordea: klima aldaketak indigenengan duen eraginaz gogoetatzeko ere baliatuko dute. Eguerdian hasiko dute eguna, eta, 19:00ak bitarte, hainbat ekitaldi egingo dituzte.

Yan Lur gobernuz kanpoko elkarteak antolatu du ekitaldia. 2005ean sortu zen taldea, eta guaranierazko Yan (ama) eta Lur euskal hitza bateratzetik datorkio izena. Josetxu Canibe apaiz eta misiolari bilbotarrak sortu zuen, Amazoniako herri indigenak laguntzeko asmotan. 2008an, Iparra-Hegoa saria eman zion Bilboko Udalak Caniberi, hegoaldeko herrien alde egindako elkartasun lanagatik.

Azken urteetan, Amazoniako herrixken aldeko hainbat ekitaldi egin dituzte Yan Lur elkarteko kideek; eta, gaur gaurkoz, Siloe izena duen itsasontziaren mantentze lanak bermatzen ari direla azaldu dute bertako kideek. Boliviako El Beni amazoniar departamenduaren garapen taldearentzat, ezinbestekoa da itsasontzia, Yan Lurreko kideen arabera. Gogorarazi dute gizarte osoak ahaztuta dituela indigenak, eta ahultasun egoera batean daudela horregatik. Natura zainduz bizi dira Amazoniako herritarrak, eta, horregatik, Mendebaldeko herritarren bizi ereduari buruzko gogoeta bultzatu nahi du plataformak biharko ekitaldiarekin. Amazoniara bertara ere joan direla azaldu dute elkarteko kideek; egoera bertatik bertara ezagutzera.

Norabide horretan, behin eta berriz nabarmenduko dute, bihar, kutsadura, garapen iraunkorra, ingurumena, klima aldaketa, elkartasuna eta oihana zaintzeko ardura. "Amazoniaren etsaiei" buruzko informazioa ere zabalduko dute horretarako; zehazki, zurgintzan aritzen diren hainbat lantegiri buruzkoa, eta farmazia, petrolio eta meatze enpresen ingurukoa. Oihanaren bizkarroiak izena jarri diote prestatu duten erakusketari.

Kontzientziazio lana

Enpresen interes ekonomikoen eraginez, soiltzen ari dira Amazoniako oihanak, eta, egoera horren ondorioz, arriskuan daude bertako hainbat herrixka. Erakusketaren helburua da hori guztia erakutsi eta hausnarketarako gakoak ematea. Quadra-Lakabexeko auzune osoan egingo dituzte ekitaldiak, baina festaren gune nagusia Urkamendi zelaian jarriko dute. Herrigunetik bereizita dagoen arren, herrixkaren errekreazioa egiteko aukera ematen du bertako zelai guneak.

Amazoniako benetako bizilekuak eraikiko dituztela azaldu dute Yan Lurreko kideek: etxerako eta ehizarako tresnak, lapikoak, apaingarriak, hamakak eta beste hainbat erreminta izango direla ikusgai. Haurrentzako jolasak ere prestatu dituzte. Cadaguako uretan antolatutakoak dira aurreko aldietan arrakasta gehien izan duten ekitaldiak, eta antzekoak egingo dituzte aurten ere: batetik, errekan gora eta behera kanoan ibili ahal izango dira herritarrek, eta, bestetik, ibaiertzean indigenak urrea galbahearekin nola bilatzen duten ikasteko aukera ere izango da.

Goizean, herri indigenen kantuak eta dantzak erakutsiko dituzte Urkamendi zelaian, eta herriko plazan ipuin kontalaria ere izango da. Ginkana antolatu dute arratsalderako, eta paella erraldoia egingo dute Gueñesko herriko plazan. Erakusketa bat ere jarriko dute plazan bertan, eta komunitate indigena baten maketa ikusgarri batekin erakutsiko dute indigenen herrixkak zer-nolakoak diren. Yan Lur elkartearen jarduerari buruzko informazioa ere zabalduko dute prestatu dituzten hainbat horma irudiren bitartez. Bestalde, Amazoniako bizimodua hobeto ulertzeko, han grabatutako hainbat bideo erakutsiko dituzte.

Aisialdiaren bitartez gizartea sentsibilizatu nahi du Yan Lur elkarteak biharko ekitaldiarekin, baina lan berean jarraituko dute urtean zehar ere. "Herri indigena horien guztien omenaldi bilakatuko da La Quadra ingurua, haiek baitira oihanaren benetako zaindariak".

Zalantza bete bagoi errailik gabeko trenari

Zalantza bete bagoi errailik gabeko trenari

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Egitasmoa "estrategikoa" izango dela dio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak; "mugarria" dela Bilbo hegoaldeko trenbide saihesbidea Bizkaiarentzat. EAJk eta PPk Espainiako Gobernuaren 2017ko aurrekontu proiektua adostu ondoren, bi aldeek hauspotu duten lehen azpiegitura izan da, abiadura handiko trenaren lanekin batera. Jaurlaritzak egingo du obra, eta kupotik jasoko du dirua gerora. Bukaera data ere jarri diote: hegoaldeko tren saihesbidearen lehen zatia 2023an nahi dute martxan, eta 464 milioi euro jarriko dituzte Serantesko tuneletik Olabeagara doan trenbidea egiteko. Hitzarmena sinatu dute Madril eta Gasteizen. Baina tokian tokiko eragile eta alderdiek ez dute azpiegiturari buruzko xehetasunik jaso oraindik, eta kexu dira horregatik. Barakaldoko Udaleko alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, mozioa onartu dute Jaurlaritzari trenari buruzko argipenak eskatzeko.

Auzoko eragileen kexak eragin ditu bihar egingo den Hirian jaialdiak

Auzoko eragileen kexak eragin ditu bihar egingo den Hirian jaialdiak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zuzeneko 25 emankizun. Musika, eguerdian hasi eta gauerdira arte. Kalean, doan. Bilbo Zaharrean. Bilboko Udalak BBK Live eta Heinekenekin iragarri duen Hirian egitasmoa da. Aurreko astean aurkeztu eta bihar egingo dena. Rockak, popak, umeentzako musikak eta musika elektronikoak hartuko dituzte kaleak. Sorkun, Niña Coyote eta Chico Tornado, Amorante, Triangulo de Amor Bizarro, Omar Souleyman, Novedades Carminha, Bigott. Besteak beste. Hemengo zein kanpoko talde "alternatiboak". DJak ere bai. Haurrentzat, Ene Kantak eta Petit Pop. Askotariko taldeak, publiko zabalarentzat. Helburua BBK Live hirira eraman eta publikoari "etengabe berritzen ari den eta Bilboko kultura urbanoaren erreferente den auzoaren balioak erakustea" dela adierazi du Bilboko Udalak.

Dinamita zartaden oihartzuna

Dinamita zartaden oihartzuna

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hitza emana zuen: "Bizkai osoa txikituko dut". Ez zuen ikusi nola bete zen agindutakoa, ordea, 1937ko ekainaren 3an hil baitzen Emilio Mola jenerala, hegazkin istripuz. "Hil zuen era berean hil da" esaldia jarri zioten Kataluniako egunkari bateko eskelan. El director (zuzendaria) goitizenez zen ezaguna Mola, eta ezinbesteko zeregina izan zuen 1936ko uztaileko kolpe militarrean. Haren sinadura dute gatazka militarrak Bizkaian utzitako ankerkeria gehienek ere. Iazko azarora arte, ohorezko tokian izan du hilobia Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan; hain zuzen, 1936ko hartatik 80 urte bete direnean atera dute handik. Alde bateko tristura eta bestearen poza sortu zuen Zuzendariaren heriotzak, egunkari katalanak azalarazi bezala. "Jeneral traidore eta 'haurjale': Gernika, Mungia eta Amorebietaren suntsitzaile; Espainia 'bakarraren' eraikitzaile; inbaditzaileen mirabe eta ikasleen metrailatzaile, hil ohi zuen era berean hil da, Madril eta Bilbo hartu gabe. Alemaniako bonbardatzaile batean igo da zerura". Hamasei egun falta ziren Bizkaiko hiriburua faxisten esku gelditzeko.

Eguna egunkariak ere jaso zuen berria. "Mola il da! Euzkotaŕok ez dogu ezer galdu eriotza onegaz. Negaŕ malkorik ez da ixuriko gure artean. Ez uste biotz ankeŕ eta gogoŕ garianik oŕela agertuaz". Gerra estrategiaz eztabaidatzera jo omen zuen Molak Gasteiztik Burgosera istripu izan zuen egunean, Air Speed Envoy hegazkinean. Susmoak piztu zituen jeneralaren aire ezbeharrak; izan ere, Francoren irudia indartu egiten zen, altxamendu militarraren antolatzaile nagusietako bat desagertuta. "[Francok] Lasaitu ederra hartu zuen Molaren heriotzarekin", azaldu zuen Wilhelm Faupel Espainian Alemaniako enbaxadore zenak. Sanjurjoren eta Molaren hegazkin istripuen ondoren, Franco zen hirukotetik agintean geratzen zen bakarra. Gerora, Caudilloak erakutsi zuen aginteari ondo eutsi ziola.

Bilbo helburu

Militar kolpista zendu zen egunean, Lemoatzen zegoen borroka frontea. Bando bateko eta bestekoek, biek zuten argi atzera kontua hasia zegoela eta Bilboren aurkako erasoa berehalakoa izango zela. Usteak berretsi ziren bederatzi egunera, ekainaren 12an arrakalatu baitzuten faxistek Burdin Hesia. Fidel Davila jeneral faxistak zuzendu zuen operazioa, eta agerian utzi zuen haren aurrekoak bezala gupidagabe arituko zela bera ere. Larrabetzu eta Fika arteko Urkulu menditik egin zuten eraso faxistek. 110 hegazkin bidali zituzten goizeko lehen orduetan defentsa lerroaren aurka; horietatik 70 bonbaketariak ziren. Lau orduz bonbardatu zuten Burdin Hesia, harik eta hautsi zuten arte.

Han izan zen Luis Agirre euskal idazlea, eta hala kontatu zuen bizi izandakoa: "Ni neu Gaztelumendiren aurkako operazioan izan nintzen, eta aitortzen dut hitzik gabe geratu nintzela egoera ikustean: bonbek eragindako suak eta keak ezinezko egiten zuten ezer ikusi eta arnasa hartzea; eta, bien bitartean, 100 hegazkinek bonbak jaurtitzen jarraitzen zuten etengabe, txandakatuz. Ezer gutxi zegoen egiteko abiazio masaren aurrean".

Gertatutakoa ikusi zuen George Steer kazetariak ere: "Etsaiak hilotzez betetako geruza batez estalita aurkitu zuen Gaztelumendi [...] kaki koloreko giza formak ikusten ziren lurrera itsatsita". Gudarientzat, kolpe gogorra izan zen Burdin Hesia haustea, sutsuki sinesten baitzuten askok defentsa lerroa segurua zela. Derio zuriz jantzi zen egun hartan; errendizio keinu gisa, izara zuriak atera baitzituzten leihoetatik herritarrek, Bilboren okupazioa ordu edo egunetako kontua izango zela sinetsita.

Egoera desesperatua zen, eta beharrezkoa zen erabakiak hartzea. "Zer egin Bilborekin?" galderari erantzuteko bilera egin zuten ekainaren 13an Cartlon Hotelean Agirrek eta gobernuko hainbat kontseilarik. Hiriburuko defentsa berregokitzea erabaki zuten bileran. Baina, ordurako, geldiezina zen faxisten aurrerakada: ekainaren 14an hartu zituzten Derio eta Plentzia; 15ean, Algortaraino iritsi ziren, eta hurrengo egunean Basauri, Artxanda eta Malmasin mendietaraino, Bilboko ateraino, alegia. Egun hartan erabaki zuen Jaurlaritzak hiriburua uztea. Turtzioz aldera jo zuten sailburu gehienek Agirrerekin batera, baina Bilbon geratu zen Juan Astigarrabia komunistak, Jesus Leizaola jeltzaleak eta Santiago Aznar sozialistak osatutako ordezkaritza.

Molaren ohiturei jarraikiz, faxistek panfletoak bota zituzten airetik herritarrei abisu emateko. "Burdin Gerrikoa esaten diozuena hautsita dago. Une batetik bestera, Bilbo gure fusilen irismenean egongo da. Alferrikako erresistentzia batek zuen eskualdea suntsituko du". Hiriburuaren defentsa ez ezik, herritarren ebakuazioa ere egin behar zen. Artxanda eta Pagasarrin ziren faxistak, eta errekaren paretik Zorrotza auzoraino zihoan errepidea baliatu zuten herritarrek Enkarterriraino ihes egiteko.

"Espainiako zati berriro"

Sinbologia berezia du Artxandako batailak: batetik, hiriburua hartu aurreko gudua izan zelako, eta, bestetik, bi bandoen artean borroka latzak izan zirelako. Kasino zaharra hainbat aldiz igaro zen esku batzuetatik bestera ekainaren 17 goizaldera bitarte. Azken defentsa izan zen. Ekainaren 18an, hutsik zegoen hiriburua, eta duela gutxi arte polemika iturri izan diren erabakiak hartu zituzten orduan. Industria astuna ez suntsitzeari buruzko erabakia da ezagunena. Indalecio Prieto Espainiako Errepublikako Defentsa ministro zenak etsaiak erabili zezakeen industria suntsitzeko agindua eman bazuen ere, ahaleginak eragotzi zituen Leizaolak. Bestalde, Leizaolak berak eman zuen Larrinagako kartzelan ziren preso frankistak askatzeko agindua ere, haien kontrako mendekua saihesteko helburuarekin.

Itsasadarreko bi aldeak batzen zituzten zubiak lehertu, eta hirian geratzen ziren indar apurrek alde egin zuten ekainaren 18an. Hurrengo egunean faxisten tankeak sartu zirenean, hutsik ziren Bilboko kaleak. 17:00ak aldera, bandera gorri-horia jarri zuten udaletxean: faxisten esku zegoen hiriburua. Pensamiento Navarro egunkariak hala zioen egun berean: "Justizia gogorra abertzale biziotsuarentzat. Ordain dezala bere bizitza miserablearekin, ondasunekin, betiereko inhabilitazioarekin, gorroto duen Espainiatik kanpoko erbesteratzearekin".

Ordainarazi zieten. Ondo azaldu zuen Jose Maria Areilza Bilboko lehen alkate frankistak ere Coliseo Albia antzokian, Francoren armada Bilbora sartu eta hiru astera. "Bilbo ez da armaz errenditu, baizik eta armadak eta miliziek konkistatu dute, bizitza asko sakrifikatuz. Bilbo odolez errenditutako hiria da [...] Bizkaia Espainiako zati bat da berriro, konkista militar soil eta hutsagatik. Francoren ezpatak erabaki du bizkaitarkeriaren kuria auzia".

Hasi da hondartzen denboraldia

Hasi da hondartzen denboraldia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ekainarekin batera, atzo zabaldu zen hondartzen denboraldia Bizkaian. Iraila amaitu arte egongo da indarrean, eta, lau hilabete horietan, aldundiak urteroko zerbitzuez hornituko ditu hareatzak. Segurtasuna eta garbitasuna ardatz izango dituen programak 5,6 milioi euroko aurrekontua izango du.

292 pertsonak zainduko dituzte hondartzak, egunero. Gehienak salbamendu eta sorospenerako langileak izango dira: 173. Horiez gain, 89 langile arituko dira garbitzaile, eta 30 hondartzain.

Hain zuzen, segurtasuna da, azken urteetan, hondartzak bisitatu dituztenek hobekien baloratu duten alorra. 10 puntutik 8,68ko nota eman diete erabiltzaileek. Batez besteko hori gainditu du sorosleen zerbitzuak: 9,72ko puntuazioa eman diete herritarrek, eta bainurako segurtasunari, 9,40koa. Hondartzainen eraginkortasunari 8,30 eman diote.

154 sorosle

Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua 154 soroslek eta beste 19 pertsonak osatuko dute. Bestelako langile horien artean daude koordinatzaileak, logistikan aritzen direnak eta laguntza patroiak. 88 sorosle arituko dira egunero lanean, Bizkaiko 23 hondartzatako postuetan: zazpi egongo dira Areatzan, bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondatxen, bost Barinatxen, zazpi Arrietara-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen, bi Armintzan, zazpi Bakion, bi Aritzatxun, bi Laidatxun, hiru San Antonion, bi Toñan, sei Laidan, lau Lagan, bi Ean, bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion, eta bi Arrigorrin. Erreserbako beste sorosle bat ere egongo da.

Haien lana behar bezala egin ahal dezaten punta-puntako ontzi eta makinak izango dituztela azaldu du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, denboraldiaren xehetasunen berri emateko Lekeition egindako agerraldian.

Hala, lau salbamendu ontzi izango dituzte eskura sorosleek, eta beste zortzi errespetu ontzi Bilbo, Getxo, Bermeo eta Ondarroako biltegietan. Uretako lau motor ere edukiko dituzte, eta, biltegietan, beste bost. Horrez gain, erreskaterako hiru quad eta bederatzi buggy, lur orotarako hiru ibilgailu eta zazpi auto biltzen dituen flota ekologikoa ere izango dituzte. Zaintza lanetarako hamalau dorre jarri dituzte, eta osasun zerbitzuak eman ahal izateko desfibriladoreak, glukometroak, pultsometroak eta beste ere izango dituzte.

Zaintzarako lanak hondartzainek osatuko dituzte. 30 arituko dira lanean, guztira, eta 10:00etatik 20:00etara bitarteko zerbitzua emango dute. Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuarekin, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean arituko dira.

Segurtasuna bermatze aldera, Ume Galduak izeneko eskumuturrekoen zerbitzua mantenduko du aurten ere aldundiak, gurasoek horietan telefonoa idatz dezaten. Haurrak galduz gero, gurasoen bilaketa nabarmen errazten du zerbitzuak, eta iaz 18.000 pertsona inguruk erabili zuten.

Birziklatzea sustatzeko

Garbitasuna da hondartzen denboraldian aldundiak gehien zaintzen duen beste alorra. Programaren aurrekontu osoaren ia erdia jaten dute garbiketa lanek: 2,2 milioi euro. Eta horixe da, erabiltzaileek segurtasunaren ondoren hobekien baloratzen dutena. 89 langile arituko dira garbitze lanetan. Berritasun gisa, aurten zaborren gaikako bilketan indar egin nahi dutela adierazi du Unzuetak, eta, horretarako, plastikoa birziklatzeko 15 edukiontzi gehiago jarriko direla nabarmendu du.

Aldi berean, kontzientziazio kanpaina ere jarriko du martxan. Hartarako, informazio karpa bat jarriko du aldundiak. Ibiltaria izango da karpa, eta Bizkaiko kostaldeko hondartza guztietatik igaroko da, hilaren 12tik aurrera. Jendea informazio gune horretara erakarri nahian, janaria banatuko duen furgoneta bat ere ibiliko da karparekin batera, hilaren 23an hasita. Bizkaiko hainbat produktu banatuko dituzte postu horretan.

Garbitasunari 7,76ko puntuazioa eman zioten iaz erabiltzaileek, eta balorazio hori mantendu edota hobetu nahi du aldundiak. Hartarako ahaleginetan ari dela esan du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, baina ohartarazi du herritarren inplikazioa ere behar dela hondartzen egoera hobetzeko: "Guztiok egin behar dugu gure ekarpen txikia hondartzak hobetzeko". Hartara, hareatzak garbi edukitzera eta zaborrak dagokien edukiontzietan botatzera deitu ditu erabiltzaileak.

Euskaraz, lagun giroan

Euskaraz, lagun giroan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Egitea da gakoa. Hobeto edo okerrago, baina egitea. Euskaraz bizitzeko gaitasuna nahi duenak euskaraz egin beharra du; jardunean zuzenduko ditu okerrak eta eskuratuko ahalmenak. Horixe da mintzalagunen zioa: euskaraz mintzatuz ikastea euskaraz mintzatzen. Horretan diharduten milaka lagun daude Euskal Herrian: 6.000 bat, 120 herritan. Horietatik 1.200 inguru (%20) bidelagunak dira. Euskara ikasi nahi dutenei laguntzeko helburuz, haiekin aldiro euskaraz aritzen diren euskal hiztunak. Hitzordua dute horiek guztiek bihar, Derion: Mintza Eguna dute, hamabigarren urtez. Euskaltzale guztiei zabaldu diete deialdia antolatzaileek. Mintzalagunen eta gainontzeko euskaltzaleen arteko sarea jai giroan osatzen laguntzeko gonbita egin du Topaguneak.

Nafarroatik egin du jauzi ekinaldiak Bizkaira. Atarrabian izan zen iazko edizioa, eta Beran duela bi urtekoa. Aurrez, Murgian, Elgoibarren, Santurtzin, Elizondon, Arrasaten, Gasteizen, Getxon eta Donostian eginak dira. Lehenengo saioa, 2006koa, Iruñean izan zen. Ikasturteari amaiera eman, eta jai giroan euskaltzaleen sarean sartzea da egunaren helburua; ondo pasatuz euskararen munduan murgiltzea.

Eta positiboa da jarduna, Arrate Illaro Etxebarria Euskaltzaleen Topaguneko kidearen esanetan; bai eguna bera, eta bai mintzalagunen programa osoa. Giro oneko lagunarteak sustatzen dituzte halako saioek, eta euskarara batzeko gogoa indartzen dute. Illaroren hitzetan, giltzarria da hori: "Motibazioak asko eragiten du euskaraz bizitzeko pausoa ematerakoan. Gaitasunek badute indarra, baina are indar handiagoa du motibazioak".

Hori dela eta, euskarara batu nahi dutenak "esperientzia positiboen bidez" erakartzen saiatzen dira: "Garrantzitsua da euskaraz bakarrik izango den esperientzia positibo bat bizitzea". Urteetako lanak erakutsi dio euskararekiko atxikimendua lortzen dela horrela, eta horixe da bai Topagunearen eta bai mintzalagun proiektuen zio nagusia: "Motibazioaren bidez hizkuntzarekiko atxikimendua lortzea".

Hori dela eta, mintzalagun proiektuak lagun giroan gauzatzen saiatzen dira; ekinaldi atsegin gisara, eta jolasa tartekatuta. Jai giroan egingo dute Mintza Eguna ere, hizkuntzarekiko lotura festa giroan josita. Musika, dantza, kantua eta jana izango dira egunaren ardatz nagusiak, horregatik. Edonola ere, ondo pasatzeaz gain euskaraz mintzatzea helburu izanik, egitarau "sinplea" prestatu dutela azaldu du Illarok.

Emaitza onak

Eta fruitua ematen dute halakoek, antolatzaileen esanetan. Mintzalagunek ikasturte amaieran egiten duten balorazioan adierazten dutenez, programan izen ematerakoan zituzten helburuak bete direla ikusten dute; euskaraz aritzeko tresnak eskuratu eta euskaraz hitz egiteko lotsa kentzen dutela. Bide horretan laguntzaile dituztenak ere "asebeteta" sentitzen dira: "Normalizazio prozesuan eragile aktibo direla ikusten dute, eta ikasten ari direnek euskaraz aritzeko konfiantza hartzen dutela". Ondorioz, asko dira mintzapraktika programetan urtetik urtera jarraitzen dutenak.

Askotariko profilak batzen ditu egitasmoak. Euskaltegietan jardundakoak zein ari direnak dira horietako asko. Beste asko, eskolan euskara ikasi baina urte askoan hitz egin ez, eta jarduteko gaitasuna galdu dutenak. Guraso izandakoan pizten zaie, horietako gehienei, hizkuntza berreskuratzeko nahia. Euskara jakinda inguruan euskaldunik ez dutenak dira beste hainbat. Edonola ere, "praktikatzeko beharra" da guztiek sentitzen dutena; euskaraz gehiago egiteko nahia.

Begirada urrunago jarrita

Gaur egun mintzalagunen proiektua egonkortuta dagoela esan liteke. Duela urte batzuk, talde asko sortu ziren; batez ere, hiriguneetan. Halako hazkunderik ez da azken urteetan, baina sortu ziren taldeak mantendu egin dira, eta noizean behin sortzen da talde berriren bat. Mintzataldea duten herrietan, ezaguna da, gainera, proiektua.

Baina urrutirago joan nahi du Topaguneak; euskaraz aritzeko ohitura mintzaide taldeetatik harago hel dadila. "Mintza praktika bada pauso bat euskaraz bizitzeko, baina beste bide batzuei ere heldu behar zaie". Aktibazioa sustatzeko asmoa du, beraz, ikasten ari diren horiek euskara egunerokoan erabil dezaten.

Mugikortasun iraunkorra helburu

Mugikortasun iraunkorra helburu

Natalia Salazar Orbe
Etxebizitza bakoitzeko gehienez auto bat izatea zen duela urte gutxira arte ohikoena. Gaur egun, ia bizilagun bakoitzeko auto bat dago etxe askotan. Eguneroko presak. Motorrak martxan. Kea ingurunean. Kutsadura. Zarata. 300.000 ibi...