Lasterka, babes ematera

Lasterka, babes ematera

Aitziber Laskibar Lizarribar

Korrika ateratzen dira euren etxetik, euren herritik. Eraman dezaketen apurra hartu, eta ehunka, milaka kilometroko bidaiari ekiteko. Atzera begiratzeko indarrik gabe, zain dutena imajinatu ere egin gabe, etorkizun hobea amestuz. Aurrera, oztopoak oztopo. Mundu osoko errefuxiatuak dira. Gerretatik eta euren bizitza arriskuan jartzen duten beste hainbat egoera latzetatik ihesi doazenak. Korrika adieraziko die babesa Oscar Pasarin ultrairaupeneko korrikalariak horiei guztiei, datozen egunetan. Oztopoak oztopo, eta nekea neke, milaka errefuxiatuk egin behar izaten dituzten ihesaldi luze eta latzak irudikatuko ditu. Erronka gogorra hartu du ihesean direnek jasaten duten krudelkeria ikusarazi nahian: korrika ibiliko da, egunean hogei orduz. Zortzi egunean mila kilometro egiteko helburuarekin. La Bilbao Refugio izen eman dion ekitaldia da, sufrituta bada ere gehiago sufritzen dutenen egoera ikusarazi eta horien aldeko laguntza biltzea helburu duena.

Bihar hasiko du saioa Pasarinek, eta hurrengo asteko igandean amaituko du. Bitarteko egun guztietan, Bilboko itsasadarraren inguruan ibiliko da korrika, ia etenik gabe. Areatzako zubitik Euskalduna zubira arteko tartean, sei kilometroko ibilbidean jira biraka. Egunero, hogei orduz.

Bihar eguerdian hasiko du erronka korrikalariak, Guggenheim aurreko zabalgunean. Eta, orduak joan orduak etorri, lasterka jarraituko du itsasadarraren inguruan. Errefuxiatuei eskainitako erronka da, orain arteko markak haustea helburu duena, eta bakarrik egingo duena. Herritarrek tarteren batean lagundu nahi badiote, CEARen web orrian izango dute hartarako izen emateko aukera, eta elkarteak bideratuko ditu eskaerak.

Herritarren parte hartzea, halere, azken egunerako gorde nahi dute antolatzaileek. Hurrengo asteko igandean, ekainaren 25ean, amaituko du erronka Pasarinek, eta azken kilometroak berekin egitera gonbidatu ditu herritarrak. “Ahalik eta jende gehiena biltzea eta erronkaren azken kilometroak errefuxiatuen aldeko herri lasterketa bilakatzea da helburua”, azaldu du ideia Naiara Gutierrez CEAReko kideak. Bost kilometrokoa izango da azken txanpa hori, eta Guggenheim aurretik abiatuko da, hurrengo asteko igandeko 12:00etan. Ibilbidea erritmo mantsoan egingo dela iragarri dute antolatzaileek, eta beraz, edonork parte hartzeko modukoa izango dela. Ordubete edo ordu eta erdiko korrikaldia izango da.

Errefuxiatuei babesa adierazteko mobilizazio sinbolikoa izateaz gain, praktikoa ere izan nahi du ekinaldiak. Hala, errefuxiatuei laguntzeko diru iturri ere bihurtuko da. Azken bost kilometro horietan parte hartzeko izen eman behar da www.cear-euskadi.org web orrian, eta izen emateagatik hamar euro ordaindu beharko da. Horren truke, korrika egiteko elastiko teknikoa eta amaierarako janari poltsa jasoko dute parte hartzaileek.

Korrika egin gabe ere izango da egitasmoa laguntzeko aukera. Kilometroak salgai jarri dituzte antolatzaileek, bakoitza bost euroren truke. Kilometro bat, hamar eta ehun erosteko aukera jasotzen du CEARen web orriak, 5, 50 eta 500 euro ordainduta. La Bilbao Refugio ekintzatik ateratako diru guztia CEARen Euskal Herriko taldera joango da, erakunde horrek errefuxiatuei laguntza ematen jarrai dezan.

Ez da lehen aldia Pasarinek errefuxiatuei laguntzeko halako erronka hartu duena. 2014an, 591 kilometro eta 36.000 metroko desnibela zuen mendi lasterketa egin zuen. 2015ean, Algecirasetik Bilborako 1.200 kilometroak 15 egunean egin zituen. Eta, iaz, Donejakue bideko marka hautsi zuen, zazpi egun baino gutxiagoan 800 kilometro eginda.

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da ekainaren 20a, hurrengo asteartea. Horregatik aukeratu du datorren astea Pasarinek zortzi eguneko korrikaldirako. Eta ez da egun seinalatuaren inguruan egingo den ekitaldi bakarra izango. Asteartean bertan, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak bat egingo du La Bilbao Refugio egitasmoarekin. 19:00etan jarri du hitzordua Guggenheim aurretik abiatuko duen martxarako. Parte hartzeko gonbita egin die herritarrei.

Eta, hiriburuan ez ezik, herrietan ere izango dira errefuxiatuak babesteari begirako ekitaldiak. Getxon, adibidez, Bizilagunak Mila Zapore izeneko jarduna egingo dute. Hainbat kulturetako janariak prestatzeko tailerrak egingo dituzte 19:00etatik aurrera, Algortako Azebarri elkartearen egoitzan, eta ondoren, kulturen arteko afaria egingo dute guztien artean. Bihar, berriz, errefuxiatuak eta bertako herritarrak elkar ezagutzeko ekitaldia izango da. 18:30ean elkartu, eta Bizkaia Zubitik Portu Zaharrerako ibilbidea egingo dute, solasean.