Hasi da hondartzen denboraldia

Hasi da hondartzen denboraldia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ekainarekin batera, atzo zabaldu zen hondartzen denboraldia Bizkaian. Iraila amaitu arte egongo da indarrean, eta, lau hilabete horietan, aldundiak urteroko zerbitzuez hornituko ditu hareatzak. Segurtasuna eta garbitasuna ardatz izango dituen programak 5,6 milioi euroko aurrekontua izango du.

292 pertsonak zainduko dituzte hondartzak, egunero. Gehienak salbamendu eta sorospenerako langileak izango dira: 173. Horiez gain, 89 langile arituko dira garbitzaile, eta 30 hondartzain.

Hain zuzen, segurtasuna da, azken urteetan, hondartzak bisitatu dituztenek hobekien baloratu duten alorra. 10 puntutik 8,68ko nota eman diete erabiltzaileek. Batez besteko hori gainditu du sorosleen zerbitzuak: 9,72ko puntuazioa eman diete herritarrek, eta bainurako segurtasunari, 9,40koa. Hondartzainen eraginkortasunari 8,30 eman diote.

154 sorosle

Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua 154 soroslek eta beste 19 pertsonak osatuko dute. Bestelako langile horien artean daude koordinatzaileak, logistikan aritzen direnak eta laguntza patroiak. 88 sorosle arituko dira egunero lanean, Bizkaiko 23 hondartzatako postuetan: zazpi egongo dira Areatzan, bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondatxen, bost Barinatxen, zazpi Arrietara-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen, bi Armintzan, zazpi Bakion, bi Aritzatxun, bi Laidatxun, hiru San Antonion, bi Toñan, sei Laidan, lau Lagan, bi Ean, bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion, eta bi Arrigorrin. Erreserbako beste sorosle bat ere egongo da.

Haien lana behar bezala egin ahal dezaten punta-puntako ontzi eta makinak izango dituztela azaldu du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, denboraldiaren xehetasunen berri emateko Lekeition egindako agerraldian.

Hala, lau salbamendu ontzi izango dituzte eskura sorosleek, eta beste zortzi errespetu ontzi Bilbo, Getxo, Bermeo eta Ondarroako biltegietan. Uretako lau motor ere edukiko dituzte, eta, biltegietan, beste bost. Horrez gain, erreskaterako hiru quad eta bederatzi buggy, lur orotarako hiru ibilgailu eta zazpi auto biltzen dituen flota ekologikoa ere izango dituzte. Zaintza lanetarako hamalau dorre jarri dituzte, eta osasun zerbitzuak eman ahal izateko desfibriladoreak, glukometroak, pultsometroak eta beste ere izango dituzte.

Zaintzarako lanak hondartzainek osatuko dituzte. 30 arituko dira lanean, guztira, eta 10:00etatik 20:00etara bitarteko zerbitzua emango dute. Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuarekin, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean arituko dira.

Segurtasuna bermatze aldera, Ume Galduak izeneko eskumuturrekoen zerbitzua mantenduko du aurten ere aldundiak, gurasoek horietan telefonoa idatz dezaten. Haurrak galduz gero, gurasoen bilaketa nabarmen errazten du zerbitzuak, eta iaz 18.000 pertsona inguruk erabili zuten.

Birziklatzea sustatzeko

Garbitasuna da hondartzen denboraldian aldundiak gehien zaintzen duen beste alorra. Programaren aurrekontu osoaren ia erdia jaten dute garbiketa lanek: 2,2 milioi euro. Eta horixe da, erabiltzaileek segurtasunaren ondoren hobekien baloratzen dutena. 89 langile arituko dira garbitze lanetan. Berritasun gisa, aurten zaborren gaikako bilketan indar egin nahi dutela adierazi du Unzuetak, eta, horretarako, plastikoa birziklatzeko 15 edukiontzi gehiago jarriko direla nabarmendu du.

Aldi berean, kontzientziazio kanpaina ere jarriko du martxan. Hartarako, informazio karpa bat jarriko du aldundiak. Ibiltaria izango da karpa, eta Bizkaiko kostaldeko hondartza guztietatik igaroko da, hilaren 12tik aurrera. Jendea informazio gune horretara erakarri nahian, janaria banatuko duen furgoneta bat ere ibiliko da karparekin batera, hilaren 23an hasita. Bizkaiko hainbat produktu banatuko dituzte postu horretan.

Garbitasunari 7,76ko puntuazioa eman zioten iaz erabiltzaileek, eta balorazio hori mantendu edota hobetu nahi du aldundiak. Hartarako ahaleginetan ari dela esan du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, baina ohartarazi du herritarren inplikazioa ere behar dela hondartzen egoera hobetzeko: “Guztiok egin behar dugu gure ekarpen txikia hondartzak hobetzeko”. Hartara, hareatzak garbi edukitzera eta zaborrak dagokien edukiontzietan botatzera deitu ditu erabiltzaileak.