Euskaraz, lagun giroan

Euskaraz, lagun giroan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Egitea da gakoa. Hobeto edo okerrago, baina egitea. Euskaraz bizitzeko gaitasuna nahi duenak euskaraz egin beharra du; jardunean zuzenduko ditu okerrak eta eskuratuko ahalmenak. Horixe da mintzalagunen zioa: euskaraz mintzatuz ikastea euskaraz mintzatzen. Horretan diharduten milaka lagun daude Euskal Herrian: 6.000 bat, 120 herritan. Horietatik 1.200 inguru (%20) bidelagunak dira. Euskara ikasi nahi dutenei laguntzeko helburuz, haiekin aldiro euskaraz aritzen diren euskal hiztunak. Hitzordua dute horiek guztiek bihar, Derion: Mintza Eguna dute, hamabigarren urtez. Euskaltzale guztiei zabaldu diete deialdia antolatzaileek. Mintzalagunen eta gainontzeko euskaltzaleen arteko sarea jai giroan osatzen laguntzeko gonbita egin du Topaguneak.

Nafarroatik egin du jauzi ekinaldiak Bizkaira. Atarrabian izan zen iazko edizioa, eta Beran duela bi urtekoa. Aurrez, Murgian, Elgoibarren, Santurtzin, Elizondon, Arrasaten, Gasteizen, Getxon eta Donostian eginak dira. Lehenengo saioa, 2006koa, Iruñean izan zen. Ikasturteari amaiera eman, eta jai giroan euskaltzaleen sarean sartzea da egunaren helburua; ondo pasatuz euskararen munduan murgiltzea.

Eta positiboa da jarduna, Arrate Illaro Etxebarria Euskaltzaleen Topaguneko kidearen esanetan; bai eguna bera, eta bai mintzalagunen programa osoa. Giro oneko lagunarteak sustatzen dituzte halako saioek, eta euskarara batzeko gogoa indartzen dute. Illaroren hitzetan, giltzarria da hori: “Motibazioak asko eragiten du euskaraz bizitzeko pausoa ematerakoan. Gaitasunek badute indarra, baina are indar handiagoa du motibazioak”.

Hori dela eta, euskarara batu nahi dutenak “esperientzia positiboen bidez” erakartzen saiatzen dira: “Garrantzitsua da euskaraz bakarrik izango den esperientzia positibo bat bizitzea”. Urteetako lanak erakutsi dio euskararekiko atxikimendua lortzen dela horrela, eta horixe da bai Topagunearen eta bai mintzalagun proiektuen zio nagusia: “Motibazioaren bidez hizkuntzarekiko atxikimendua lortzea”.

Hori dela eta, mintzalagun proiektuak lagun giroan gauzatzen saiatzen dira; ekinaldi atsegin gisara, eta jolasa tartekatuta. Jai giroan egingo dute Mintza Eguna ere, hizkuntzarekiko lotura festa giroan josita. Musika, dantza, kantua eta jana izango dira egunaren ardatz nagusiak, horregatik. Edonola ere, ondo pasatzeaz gain euskaraz mintzatzea helburu izanik, egitarau “sinplea” prestatu dutela azaldu du Illarok.

Emaitza onak

Eta fruitua ematen dute halakoek, antolatzaileen esanetan. Mintzalagunek ikasturte amaieran egiten duten balorazioan adierazten dutenez, programan izen ematerakoan zituzten helburuak bete direla ikusten dute; euskaraz aritzeko tresnak eskuratu eta euskaraz hitz egiteko lotsa kentzen dutela. Bide horretan laguntzaile dituztenak ere “asebeteta” sentitzen dira: “Normalizazio prozesuan eragile aktibo direla ikusten dute, eta ikasten ari direnek euskaraz aritzeko konfiantza hartzen dutela”. Ondorioz, asko dira mintzapraktika programetan urtetik urtera jarraitzen dutenak.

Askotariko profilak batzen ditu egitasmoak. Euskaltegietan jardundakoak zein ari direnak dira horietako asko. Beste asko, eskolan euskara ikasi baina urte askoan hitz egin ez, eta jarduteko gaitasuna galdu dutenak. Guraso izandakoan pizten zaie, horietako gehienei, hizkuntza berreskuratzeko nahia. Euskara jakinda inguruan euskaldunik ez dutenak dira beste hainbat. Edonola ere, “praktikatzeko beharra” da guztiek sentitzen dutena; euskaraz gehiago egiteko nahia.

Begirada urrunago jarrita

Gaur egun mintzalagunen proiektua egonkortuta dagoela esan liteke. Duela urte batzuk, talde asko sortu ziren; batez ere, hiriguneetan. Halako hazkunderik ez da azken urteetan, baina sortu ziren taldeak mantendu egin dira, eta noizean behin sortzen da talde berriren bat. Mintzataldea duten herrietan, ezaguna da, gainera, proiektua.

Baina urrutirago joan nahi du Topaguneak; euskaraz aritzeko ohitura mintzaide taldeetatik harago hel dadila. “Mintza praktika bada pauso bat euskaraz bizitzeko, baina beste bide batzuei ere heldu behar zaie”. Aktibazioa sustatzeko asmoa du, beraz, ikasten ari diren horiek euskara egunerokoan erabil dezaten.