Amazoniako herrixka bat Cadaguan

Amazoniako herrixka bat Cadaguan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Itxura berezia hartuko du bihar Cadagua ibairen ertzak, Amazonas ibaiaren magalean bizi diren jatorrizko herritarren herrixka baten erreprodukzioa eraikiko baitute hirugarrenez Gueñesen, La Quadra-Lakabex auzoan. Indigenak nola bizi diren erakustea, eta, era berean, bizimodu hori arriskuan dagoela ohartaraztea du egunak helburu. Aurtengoari bestelako ezaugarritze bat ere gehitu nahi diote, ordea: klima aldaketak indigenengan duen eraginaz gogoetatzeko ere baliatuko dute. Eguerdian hasiko dute eguna, eta, 19:00ak bitarte, hainbat ekitaldi egingo dituzte.

Yan Lur gobernuz kanpoko elkarteak antolatu du ekitaldia. 2005ean sortu zen taldea, eta guaranierazko Yan (ama) eta Lur euskal hitza bateratzetik datorkio izena. Josetxu Canibe apaiz eta misiolari bilbotarrak sortu zuen, Amazoniako herri indigenak laguntzeko asmotan. 2008an, Iparra-Hegoa saria eman zion Bilboko Udalak Caniberi, hegoaldeko herrien alde egindako elkartasun lanagatik.

Azken urteetan, Amazoniako herrixken aldeko hainbat ekitaldi egin dituzte Yan Lur elkarteko kideek; eta, gaur gaurkoz, Siloe izena duen itsasontziaren mantentze lanak bermatzen ari direla azaldu dute bertako kideek. Boliviako El Beni amazoniar departamenduaren garapen taldearentzat, ezinbestekoa da itsasontzia, Yan Lurreko kideen arabera. Gogorarazi dute gizarte osoak ahaztuta dituela indigenak, eta ahultasun egoera batean daudela horregatik. Natura zainduz bizi dira Amazoniako herritarrak, eta, horregatik, Mendebaldeko herritarren bizi ereduari buruzko gogoeta bultzatu nahi du plataformak biharko ekitaldiarekin. Amazoniara bertara ere joan direla azaldu dute elkarteko kideek; egoera bertatik bertara ezagutzera.

Norabide horretan, behin eta berriz nabarmenduko dute, bihar, kutsadura, garapen iraunkorra, ingurumena, klima aldaketa, elkartasuna eta oihana zaintzeko ardura. “Amazoniaren etsaiei” buruzko informazioa ere zabalduko dute horretarako; zehazki, zurgintzan aritzen diren hainbat lantegiri buruzkoa, eta farmazia, petrolio eta meatze enpresen ingurukoa. Oihanaren bizkarroiak izena jarri diote prestatu duten erakusketari.

Kontzientziazio lana

Enpresen interes ekonomikoen eraginez, soiltzen ari dira Amazoniako oihanak, eta, egoera horren ondorioz, arriskuan daude bertako hainbat herrixka. Erakusketaren helburua da hori guztia erakutsi eta hausnarketarako gakoak ematea. Quadra-Lakabexeko auzune osoan egingo dituzte ekitaldiak, baina festaren gune nagusia Urkamendi zelaian jarriko dute. Herrigunetik bereizita dagoen arren, herrixkaren errekreazioa egiteko aukera ematen du bertako zelai guneak.

Amazoniako benetako bizilekuak eraikiko dituztela azaldu dute Yan Lurreko kideek: etxerako eta ehizarako tresnak, lapikoak, apaingarriak, hamakak eta beste hainbat erreminta izango direla ikusgai. Haurrentzako jolasak ere prestatu dituzte. Cadaguako uretan antolatutakoak dira aurreko aldietan arrakasta gehien izan duten ekitaldiak, eta antzekoak egingo dituzte aurten ere: batetik, errekan gora eta behera kanoan ibili ahal izango dira herritarrek, eta, bestetik, ibaiertzean indigenak urrea galbahearekin nola bilatzen duten ikasteko aukera ere izango da.

Goizean, herri indigenen kantuak eta dantzak erakutsiko dituzte Urkamendi zelaian, eta herriko plazan ipuin kontalaria ere izango da. Ginkana antolatu dute arratsalderako, eta paella erraldoia egingo dute Gueñesko herriko plazan. Erakusketa bat ere jarriko dute plazan bertan, eta komunitate indigena baten maketa ikusgarri batekin erakutsiko dute indigenen herrixkak zer-nolakoak diren. Yan Lur elkartearen jarduerari buruzko informazioa ere zabalduko dute prestatu dituzten hainbat horma irudiren bitartez. Bestalde, Amazoniako bizimodua hobeto ulertzeko, han grabatutako hainbat bideo erakutsiko dituzte.

Aisialdiaren bitartez gizartea sentsibilizatu nahi du Yan Lur elkarteak biharko ekitaldiarekin, baina lan berean jarraituko dute urtean zehar ere. “Herri indigena horien guztien omenaldi bilakatuko da La Quadra ingurua, haiek baitira oihanaren benetako zaindariak”.