Ekonomia

Hiru gerra gainditu dituen lantegia

Hiru gerra gainditu dituen lantegia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gernikako trenbide ondoan, betidanik hor dagoela dirudien eraikina da Talleres de Guernica enpresarena. Zapala eta luzea, herriko belaunaldien joan-etorriaren lekuko izan dena. 1916ko maiatzaren 12an zabaldu zuten Gandarias familiakoek, eta, aldaketak aldaketa, duela ehun urteko leku berean jarraitzen du lanean. Industria makineriaren lantegi moderno gisa sortu zen, eta, mende bat geroago, puntako erreferente da oraindik ere industria munduan. Egoera berrietara egokitu, eta tornu bereziak ditu, egun, eguneroko ogi. Tamaina handiko tornu birakari automatikoetarako platerak egiten espezializatu da, eta horrek eman dio irauteko gaitasuna.

"Mende bat betetzea arraroa da enpresa batentzat", diote Bizkaiko Merkataritza Erregistroan. Zenbat diren ez dakite erregistroan, baina "oso gutxi" izango direla ohartarazi dute. Izan ere, gaur egun martxan dauden enpresen %1,25 soilik sortu ziren 1975a baino lehen.

Garai onak eta txarrak. Denetarik igaro du lantegi zaharrak. 500 langile izan zituen urrezko urteak, eta krisialdiak ere izana da. Gerra garaietan ere zutik iraun zuen. Bi mundu gerrak eta 36koa pasatutakoa da. Gernikako bonbardaketa bizi izandakoa. Aldaketetara egokitzeko gaitasuna eta langileen irmotasuna jarri ditu arrakastaren oinarrian enpresak, baina zorte ona ere aldeko izan du zenbaitetan: 1937an, Kondor Legioak hirian jaurtitako bonbek ez zuten azpian harrapatu, adibidez; bonbardaketak suntsitu ez zuen Gernikako eraikin bakanetakoa da.

Martxa onean ari da lanean gaur egun ere. 40 langile ditu, eta espezializazioaren bidean jarraitzen du. Tornuentzako munduko plater automatikorik handiena egin zuen duela urte gutxi: zazpi metroko diametroa duena. Horretarako, 73 tona burdina urtu behar izan zituen 1.500 gradutan. Oraindik ere, munduan dagoen antzeko piezarik handiena da.

Ricardo Bastidarena

Eraikinak berak ere badu bere balioa. Ricardo Bastida Bilboko arkitektoak diseinatu zuen lantegia; Bizkaian ospe handia lortu zuten azpiegituren egileek. Bastidak diseinatu zituen, besteak beste, itsasontzi handiak azpitik igarotzeko zabaltzen zen Deustuko Zubia, Alondegia, Getxoko Punta Begoñako galeriak, eta Bilboko udaletxea bera.

Talleres de Guernicako kideen esanetan, ilusioz ospatu dute mendeurrena, eta are ilusio handiagoz begiratzen diote etorkizunari: Beste ehun urte "gutxienez" betetzeko nahiarekin.

Mila lagun bizi dira kale gorrian

Mila lagun bizi dira kale gorrian

Natalia Salazar Orbe
Hogei etxegabe hil dira Bizkaian azken hamar urteetan. Kalean, kutxazainen batean edota abandonatutako etxeren batean aurkitu dituzte. Etxegabeei babesa emateko Beste Bi plataformak gogoan izan ditu horiek guztiak, eta hamar urteta...

Bidesarien zama bikoitza

Bidesarien zama bikoitza

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ezohiko abiadura kontrolak jarri zituzten joan den larunbatean A-8 autobidean. Legez, debekatuta dago errepide azkarretan 60 kilometro orduko abiaduran baino motelago joatea, eta, hain zuzen, hori saihesteko neurriak jarri zituen ...

Merkataritza guneei buruzko herri galdeketa eskatu dute Abadiñon

Merkataritza guneei buruzko herri galdeketa eskatu dute Abadiñon

Natalia Salazar Orbe

Abadiñoko Udalak Murueta auzoko lursail batzuei kalifikazioa aldatzeko harturiko erabakiak uste baino zalaparta handiagoa sortu du herrian. +Kaleartean plataforman batu diren merkatariek eta sindikatuek herri galdeketa eskatu dute. Lursail horiek lur komertzial moduan kalifikatzeak Durangaldearentzat "ondorio larriak" izango dituela uste dute. Hala, sinadurak biltzen hasi dira, herritarrek erabakitzea ahalbidetuko duen galdeketa eskatzeko.

Herri egitasmo hori udalaren osoko bilkuran aurkeztu ahal izateko, Abadiñon bozka dezaketen biztanleen %10en babesa behar dute. "550 sinadura inguru lortu behar ditugu". Hala zehaztu du Ander Cimas Matienako merkatariak. Eta gehienak bihar lortu nahi dituzte, herrian festak ospatzen dituztela baliatuta. Maiatzaren azken aldera izango den osoko bilkura baino lehen denak bilduak izan behar dituzte.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzeko prozesuaren barruan, ezer eraiki ezin den lurrak merkataritza lurzoru bihurtu gura ditu udalak. Prozesu hori guztia azkartu egin du, gainera. Mercadona eta Lidl han ezartzeko nahia dago presaz hartutako erabakiaren atzean.

Emaitzaz harago

Herritarrek Abadiñon Mercadona bat gura duten ala ez erabakitzea baino askoz gehiago da jokoan dagoena, Goretti Galan herriko merkatariaren aburuz. "Erabaki hau oso garrantzitsua da herriarentzat. Beraz, zergatik ez galdetu herritarrei?. Ondorioak ez dituzte pairatuko merkatariek soilik. Ezta Abadiñok bakarrik ere. Zaldibar eta Berriz ere herri txikiak dira. Eta horietan ere eragina izango du. Gure inguruan horrenbeste makrosupermerkatu baldin badaude, jendea ez da joango herrietako dendetara".

Murueta auzoko lursailen kalifikazioa aldatzeak ondorio bikoitza izango lukeela dio plataformak. Batetik, aurrekari bat sortuko lukeela, "nahieran aukeratutako tokietan enpresa handien ezarpena errazteko orduan". Izan ere, "udalak irizpide objektiborik erabili gabe eman eta kalifikatzen ditu lurrak", Galanen hitzetan. Bestalde, iruditzen zaio luzera begira maila ekonomikoa murriztu egingo dela nahiz eta luze gabe diru sarrerak lortu. "Ondorioz, biztanleen erosahalmena ere murriztuko da".

Arauak bi enpresa handiren mesedetan aldatzeak Durangaldeko biztanleen bizitza baldintzatuko duela sinetsita daude plataformako kideak. Hori dela eta, beharrezkotzat jo dute erabaki horrek herriaren baimena izatea "etikoki eta politikoki".

Bizitza eredua kolokan

Cimasek eta Galanek argi azaldu dute merkatarientzako arazo bat izateaz gain Abadiñokoaren moduko erabakiek bizitza eredua jar dezaketela kolokan. Lehenengoaren esanetan, "komertzioa herriaren kanpoaldean jarriz gero, herritarrak etxetik autora joango dira, handik merkataritza guneetara, eta, horietatik, lanera. Era horretan, herriak, pixkanaka, hiltzen joango dira. Barakaldon eta Basaurin ikusi dugu hori".

Segurtasuna ere izan du hizpide: "Zenbat eta jende gutxiago ibili herrian, orduan eta segurtasun gutxiago egongo da; argi gutxiago ere izango da kaleetan. Faktore askotan du eragina saltoki handien aldeko apustuak".

Bestalde, Galanek kritikatu egin du horren azkar gauzatu izana Lidl eta Mercadonaren saltokiak jartzeko lurren kalifikazioa aldatzeko prozesua. "Egun batetik bestera egin dute hori, baina beste gauza batzuetarako oztopoak jartzen dituzte".

Denetariko herritarrek osatzen dute +Kaleartean plataforma: Abadiñoko merkatariek; Dendak Bai, Euskaldendak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteko kideek, eta EHNE, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek. Alderdiez harago doan egitasmoa dela argi utzi dute hala deitzaileek.

Hondakin zena, ‘gourmet’ bihurtuta

Hondakin zena, ‘gourmet’ bihurtuta

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gazura buruhauste iturri izaten da sarri gaztagile artisauentzat; gaztak ontzeko prozesuan isurtzen duen uraren kudeaketa arazo bihurtu ohi zaie. Izan ere, gazta egiteko behar den esne kopuruaren %80 baino gehiago bilakatzen da gazur, eta ez da erraza izaten ur horrekin zer egin asmatzea. Kontraesana dirudien arren, nutrienteetan oso aberatsa den azpiproduktu horrek kalte egiten dio ingurumenari. Kutsagarria da, eta ezin da kontrolik gabe bota; tratamendua behar du. Zenbait lekutan beste produktu batzuetarako erabiltzen da berez aberatsa den ur hori; botikak egiteko, adibidez. Baina Euskal Herriko orografiak eta gaztandegien kokapenak zaildu eta garestitu egiten du prozedura, eta, ondorioz, animaliak elikatzeko erabiltzen da, gehienez. Betidanik arazoak eman dituen hondakin horri, ordea, irtenbide berritzailea aurkitu dio Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak: Gaxure.

Gazur krema da Gaxure; orain arte erabiltzen ez zen urarekin egina, eta hondakinik sortzen ez duena. Ez hori bakarrik: goi mailako produktutzat jo dute itzal handiko sukaldari eta adituek, eta gourmet izendapena jaso du modu artisauan egindako jaki berriak. Adierazgarria da izenaren esanahia ere: bizkaierazko gatzure eta zapore goxua ideien uztarketaren emaitza da Gaxure izena.

Hiru mota

Ardi latxaren gazura, esnea eta glukosa dira oinarrizko Gaxureren osagaiak. Horrez gain, oliba olioduna eta kaneladuna ere egin dituzte, janari gazi zein gozoekin erabil dadin. Sortzaileek azaldu dutenez, ogitan zabalduta kontsumi daiteke, eta, ondo ezkontzen da, besteak beste, fruitu lehorrekin, izokinarekin, urdaiazpikoarekin eta hainbat frutarekin. Asteon aurkeztu dute produktua, eta sukaldariek zuzenean erakutsi dute goi mailako produktu landuetarako ere lehengai egokia dela. Sustatzaileek azaldu dutenez, ospe handiko sukaldariak harrituta geratu dira jaki berriak eskaintzen dituen aukerekin. Hemendik aurrera, salmenta zuzenaren bidez, zenbait azokatan, gourmet dendetan eta txikizkakoetan erosi ahalko da.

Lau urteko lana

Lan handi baten emaitza da krema berria: lauzpabost urteko prozesuaren fruitua. Iñaki Saiz Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, duela bost urte Norvegiara egindako bidaia batean sortu zen orain aurkeztutakoaren hazia. "Gazurarekin egindako pasta bat jateko erabiltzen zutela ikusi genuen; hango elikaduran oso ohikoa da pasta hori, eta leku guztietan eskaintzen zuten". Jakin-mina piztu, eta hausnarketarako bidea eman zien horrek: "Esnea berez ona bada eta gazta ere bai, zergatik ez da izango gazura?". Norvegiatik pasta lodi haren hainbat kilo hartuta itzuli ziren etxera.

Hori izan zen guztiaren abiapuntua. Oinarria ezin hobea zen, baina bestelako zerbait egin beharra zegoen hemen. Europa gehienean bezala, ahuntzaren esnearekin egiten da gazta Norvegian. Euskal Herrian, ardi esnearekin batik bat. Edozein kasutan, gazurari irtenbide ona emateko modua izan zitekeela eta, lanean hasi zen Leartiker zentro teknologikoa.

Eta elkarlana zabaldu egin zen. Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Elkarteak eta Leartikerrek hasitako beharrera gehitu ziren Miba kooperatiba, Azaro fundazioa, Markina-Xemeingo Barroeta gaztandegia eta Abadiñoko Txori Errota. Horiek guztiek lau urtetan egindako ikerketei, probei eta lankidetzari esker sortu da gazur krema. Hain zuzen, proiektua babestu duten Bizkaiko Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariek elkarlan horren balioa goratu dute, eta berrikuntzaren bidean jarraitu beharreko eredutzat jo dute Markina-Xemeingo enpresa eta produktoreek lortutakoa.

Gaztagileei besoak zabalik

Oraingoz, Goine gaztandegia da Gaxure produzitzen ari den bakarra, baina sustatzaileak seguru daude aurrerantzean asko izango direla proiektura batuko direnak. Hala izatea nahi dute, eta sustatzaileek azaldu dute hainbat gaztandegik dagoeneko interesa agertu dutela.

Marka erregistratua dute, baina Gaxure egin nahi duten Euskal Herriko gaztagile artisau guztiek izango dute produktu berria egiteko aukera. "Beste maila batetako enpresen aldean" lehentasuna izango dute artisauek, eta sustatzaileek proiektuaren parte izateko"erraztasun guztiak" emango dizkiete. Gaztandegi guztietan egindako kremek Gaxure izena izango dute, baina jatorrizko gaztandegiaren izena ere jasoko du etiketak.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.gaxure.com

Handien kopurua handiago

Handien kopurua handiago

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gero eta ohikoagoa da erosketak supermerkatu handietan egitea. Erosoagoa eta azkarragoa omen da: saltoki ondoan autoa utzi, erosketa orga bete, erositakoa autoan sartu, eta etxera. Horren jakitun daude supermerkatu kate handiak. Eta gero eta saltoki gehiago eraikitzen dituzte herrietako sarreretan eta errepide bazterretan. Bizkaian, Abadiñoko Murueta auzotik iritsi da azken berria. Inguru horretan Lidl eta Mercadona supermerkatuak jartzeko prozesua abiatu berri du udalak, eta eztabaida piztu du horrek herritarren eta alderdi politikoen artean. Merkataritza eredua dago eztabaidaren oinarrian; saltoki txiki eta handien etengabeko lehia, alegia.

Joan-etorri asko duen ingurua da Abadiñoko Murueta auzoa. Durangaldean dauden herriak lotzen ditu bidegurutzeak, eta oso gertu ditu Bilbo eta Donostia arteko autobiderako bi sarrera eta bi irteera. Herritar askoren igarobidea da, eta banaketa sare handietako markek interesa erakutsi dute toki horretan beraien dendak jartzeko. Eroskik denda handi bat dauka han, baita Forum Sport markak ere. Merkataritza gunearen ondoan, Burger King jatetxe bat jarri zuten 2014an, eta, berrehun metro inguruko distantzian, McDonald's bat ere ireki zuten urte berean. Jatetxeaz gain, McAuto zerbitzua ematen du enpresak, erabiltzaileari autotik jaitsi gabe kontsumitzeko aukera ematen diona. Gero eta kate marka gehiago biltzen ditu Murueta eremuak, eta zerrenda horri marka berriak gehitu nahi zaizkio orain: Mercadona, Valentziako katea, eta Lidl, Alemaniakoa.

Hiria Antolatzeko Plan Orokorra osatzen ari dira Abadiñon. Baina Murueta auzoko 31.973 metro koadroko lurzorua birkalifikatzeko prozesua azkartu egin dute udalean azken hilabetean. Eraiki ezin den lurrak dira orain, eta merkataritza lurzoru bihurtuko dira udalak egin nahi dituen aldaketekin. Mercadona eta Lidl supermerkatuek lur horietan denda jartzeko "presa" dutela azaldu du alkateak, eta horregatik azkartu dutela Muruetako lurren birkalifikazio prozesua. "Plan orokorra bukatu orduko denbora asko pasa daiteke, eta marka biek lehenbailehen eraiki nahi dituzte dendak. Horregatik azkartu dugu lurren kalifikazioa aldatzeko prozesua".

Argudio hori zalantzan jartzen duenik ere bada. Izan ere, Mugalari eskualdeko atari digitalaren arabera, Mercadonak ukatu egin du Abadiñoko alkatearekin supermerkatua irekitzeko kontakturik izan duenik. Kontrara, atariaren arabera, udalak berak egin die eskaintza supermerkatua herriko lurretan jartzeko.

"Onurak" herrian

Merkataritza guneek konpetentzia sortuko dute eskualdeko merkataritzan. Badaki hori alkateak. Baina adierazi du Abadiñon jarri ezean Durangon edo Iurretan jarriko dutela supermerkatua kate biek. "Eskualdea eta bertako komunikazioak interesatzen zaizkie supermerkatuei. Eta, hemen ez bada, Durangaldeko beste herri batean jarriko dituzte dendak. Herri batean edo bestean jarri, eragin bera izango du eskualdeko merkataritzan. Baina, Abadiñon egiten ez bada, merkataritza guneek ekarriko dituzten onurak ere ez ditu herriak jasoko".

Lanekin udalak izango dituen diru sarrerez ari da Navarro. Hori da udalak merkataritza gunea egiteko duen interes nagusia, Mikel Urrutia Abadiñoko EH Bilduko ordezkariaren arabera. "Udalak egoera ekonomiko estua du, eta diru sarrerak behar ditu. Hein handi batean, horregatik atera nahi du proiektua aurrera. Egitasmoarekin diru sarrera ziur bat ikusten du udalak". Baina sarrera ekonomikoak hasieran baino ez ditu izango, epe luzera merkataritza guneek ez baitiote udalari inolako diru ekarpenik egingo. Urrutia: "Gaurko asea, biharko gosea".

Enpleguaren argudioa ere bere alde jarri du alkateak, egitasmoaren defentsarako. Laurogei langile beharko dituzte bi enpresek, eta herriko beharginak kontratatzeko eskaera egin du udalak. Tranpatia da enpleguaren arrazoia, ordea. Mercadona eta Lidl dendek lana sortuko badute ere, supermerkatuek merkataritza txikia higatu eta enplegua suntsitzeko arriskua baitago. Hala uste du Urrutiak. "Herriko komertzio txikiei eragingo die, eta ekoizleetan ere galga izango du. Batek ekartzen duena besteak kenduko du". Sortuko diren postuen lan baldintzak ere ezbaian jarri ditu EH Bilduk. "Lanpostuak sortu bai, baina ez da esaten lanpostuok zein ezaugarri izango duten, eta ez da ziurtatzen herriko beharginak izango diren ala ez".

Eskualdea "pobretzea"

Merkataritza guneen eskaintza beteta dago Durangaldean, eta ez dago supermerkatu gehiago egin beharrik, Urrutiaren arabera. Mercadona eta Lidl jartzeak eskualdeari kalte egingo diola uste du. "Tokiko ekonomian eragin zuzena izango du merkataritza guneak. Mercadona eta Lidl kanpoko enpresak dira. Hortaz, mozkinak ez dira eskualdean geratuko. Durangaldeko dirua kanpora joango da, eta eskualdearen pobretzea ekarriko du horrek luzera". Supermerkatuetako lehengaiak ere ez dira Durangaldeko ekoizleenak izango, eta horiei ere kalte nabaria egingo diela uste du Urrutiak.

Eskualdeko komertzio txikiaren etorkizuna are gehiago zailduko dute supermerkatu kateek. Denda txikiek herrietan sortzen duten bizitza izan du mintzagai, eta kezkaz azaldu da azken urteko joerarekin. "Herriko hainbat ingurutan, gero eta komertzio gutxiago dago, eta, azkenean, herri bizitza galtzen da horietan. Lo hiriak bihur daitezke inguru asko". Herriko saltoki txikiek herrietan sortzen dituzten harreman sareen garrantzia azpimarratu du. "Herriko dendetan sortzen den harreman sarea galdu egiten da merkataritza gune handietan".

Alkatea jakitun dago supermerkatu kate handiek merkataritza txikia higatuko dutela. Garrantzia kendu dio horri, hala ere. Eta ostalaritzaren egoerarekin alderatu du merkatu txiki eta handien arteko lehia. "Herrian taberna berri bat irekitzen denean ere konpetentzia sortzen da ostalaritzan. Gaur egun, indartsuenak dira bizirik irauten dutenak. Zoritxarrez, baina hala da".

Legearen arabera, parte hartze prozesua egin behar da herrian lursailen kalifikazioa aldatzeko. Eta parte hartze prozesu horren nondik norakoak onartu zituzten martxoko osoko bilkuran. Herritarrei egingo diren lanak azalduko dizkie udalak, eskuorri bidez. Eta egitasmoa azaltzeko hitzaldia ere egingo dutela azaldu du alkateak. "Herritarren iritzia aintzat hartuko dugu, bai. Baina herritarren iritzia ez dira 300 sinadura. Sinadurek ez dute horrenbeste adierazten". Richar Hernandez herritarrak Abadiño eta Durangoko alkateei idatzitako gutunaz ari da Navarro. Murueta auzoko lanen aurkako idatzia utzi zuen Hernandezek martxoaren 27an change.org webgunean, eta dagoeneko 520 herritarren atxikimendua jaso du gutunak. Norbanako gisa egitasmoaren kontra azaltzen da Hernandez, eta udal ordezkariei eskatzen die egitasmoa bertan behera uzteko. "Uste nuen bestelako idealak zituen herri batean bizi nintzela [...] Eskualdeko herritarren ongizatean baino gehiago, enpresen zergetan dute burua udalek", dio gutunean.

Mentalitate aldaketa

Durangaldeko Dendakbai elkartea ere Muruetako egitasmoaren aurka azaldu da. Enpleguaren galera ekar dezakeela eta oraindik ere merkataritza guneek eragingo dituzten kalteen azterketa egin gabe dagoela azaldu du. Eskualdean saltoki txikien jarduna babesteko lanean jarraituko duela adierazi du elkarteak.

Dendakbai-ko kidea da Agurtzane Landajo. Folder paper denda du Durangoko herrigunean, 2006tik. Pozik azaldu da bere negozioaren egoerarekin, baina negozio txikien iraupena zaila dela dio. Edonola ere, merkataritza gune handiek ez duten eskaintza dutela uste du Landajok: gertuko harremana. "Gure dendara datorrenak hurbilekoa den harreman eta arreta batekin egiten du topo. Gertutasun hori asko eskertzen dute bezeroek, eta berezitasun hori dugu guk".

Denda txikiek bizia ematen diete herriei, Landajoren arabera, eta, herritar guztiek merkataritza guneetara joateko ohitura hartuz gero, herrietako bizitza hori galduko litzatekeela uste du. Internet bidez egiten diren erosketetan ere jarri du arreta. "Egun, edozer eros daiteke Internet bidez. Eta horrek denda guztien bukaera ekar lezake, handi zein txiki".

Kezkaz eta penaz begiratzen dio egoerari Landajok. "Herritar guztiek merkataritza gune handietara jotzen badugu, eta gauzak Internet bidez erosten baldin baditugu, gauza bakarra lortuko dugu: lo hiriak eraikitzea". Eta horregatik dio pentsamolde aldaketa dela gakoa. "Internetez erostea edo merkataritza gune handietara joatea ondo egon daiteke. Baina buruan sartu behar dugu gure aurka datorrela hori, herrien kontra egiten ari garela. Saltoki txikien atzean familiak daude, langileak, ahalegina... hori guztia barneratzea beharrezkoa da".

Legea ez dute betearazi

Legea ez dute betearazi

N. S. O.
Bilboko Udalak eskatutako ikerketa batek ebatzi du Artxondoko harrobia betetzeko proiektuak ez duela errespetatzen Pagasarrirako Plan Berezia. Hain zuzen ere, proiektu hori gauzatzeko Cementos Rezola enpresari emandako baimenak ez du legea bet...