Ekonomia

Jatorriaren epeltasunera buelta

Jatorriaren epeltasunera buelta

Aitziber Laskibar Lizarribar
Arrakastaz, laudorioz eta sariz betetako ibilbide batean murgilduta dago Eneko Atxa sukaldaria azken urteetan. Mundu mailako zabalkundean, eta nazioarteko aitortzarik prestigiodunenak biltzen. Maila goren horretan dela, sus...

Portua biziberritzeko bidea

Portua biziberritzeko bidea

Natalia Salazar Orbe

Arrantzak galdua du aspaldi zuen oparotasuna. Bukatu da sirena hotsa entzun eta portura korrika jaisten ziren emakume eta gizonen egunerokoa. Bizkaiko portuak itsasontziz gainezka zeuden garaiak aspaldi joan ziren. Arrantzaleen joan-etorria, arrantzatutakoa ontzietatik porturatzeko eskulana, saregile eta neskatilen atsedenik gabeko lana... Aberastasun iturri handia. Joan ziren. Ondarroak eutsi dio, salmenta kopuruei dagokienez bederen, arrain eta arrantzaleen joan-etorri handiei. Bizirik dagoen portu bat da. "Ikusgarria da duen bizitza". Hala aitortu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Nahiz eta hara jotzen duten itsasontziak bertakoak ez izan, izotzez inguratutako arrainen kutxa beteak hara eta hona ibiltzen dira, kaian barrena, arrantzaleek lonjan sartzeko zain. Herriko biztanleen %34 arrantza sektoretik bizi dira. Eta Ondarroako portua arrain freskoa deskargatzen duen Kantauri itsasoaren kostaldeko garrantzitsuena da. Egoera horretan, txiki geratu zen lonja, aspaldi. Berrogei urte luze daramatzate arrantzaren sektorean dihardutenek lonja berri bat egiteko eskean. Dena ondo badoa, aurten hasiko dituzte lanak. Hala berretsi du Eusko Jaurlaritzak. Eta diru sail bat ere aurreikusi du aurtengo lanetarako: 1.600.000 euro, hain zuzen ere.

Bost solairu izango ditu lonja berriak. Beheko solairua arrantzarekin zerikusia daukaten jarduera guztiak egiteko eta koordinatzeko erabiliko dute: arrain deskarga, bilketa, erakusketa, salmenta eta paketatzea. Enkanterako aretoa ere han izango da. Baita kamioientzako hamahiru karga gune ere. Gune horiek guztiek arraina zuzenean deskargatzeko aukera emango dute, orain artean ez bezala. Solairu osoa 10ºC-tan izango dute beti. Planta osoa konektatuko du zirkulazio korridore batek. Hori horrela, lonjak bertako jarduera guztia antolatzeko malgutasuna izango du. Baxurako eta alturako lan guztiak aldi berean egin ahal izango dira.

Enkanterako aretoa 21,30 metro luze, 10,10 metro zabal eta 9,76 metro garai izango da. Altuera bikoitza duen espazio bat jaso du proiektuak. Beirate bat izango du, barruko jarduera guztia kanpotik ikusi ahal izateko. Arraina prestatu eta erakusteko gelari dagokionez, 2.000 metro koadro baino gehiago izango ditu.

Lehen solairuan, hainbat gune bereiziko dira. Alde batetik, herritarrek erabili ahal izateko terraza handi bat egongo da. 7.160 metro koadro izango ditu. Zurez egingo dute, itsasontzi baten gainaldea iradoki dezan. Kamioien zirkulazio gunearen gain-gainean jarriko dute, eta itsasoaren ikusmira paregabea eskainiko du eremuak. Solairu horretan bertan, udalarentzako erabilera askotarako areto bat izango da. Merkataritza lokalak eta jatetxe bat aurreikusi ditu proiektuak. Horrez gain, izotz fabrika, saregileen gela eta aldagelak ere han kokatuko dituzte.

Gainerako hiru solairuetako bakoitzak 529,87 metro koadro izango ditu. Besteak beste, kofradia, alturako arrantza ekoizleen elkartearen eta kapitaintzaren bulegoak ipiniko dituzte han. Orotara, lonja berriak 12.837,23 metro koadroko urbanizazio esparrua hartuko du. Gainera, administrazio zerbitzuak hartuko dituen eraikinak itsasargi baten itxura eta egitekoa hartuko ditu gauez. Beirazko fatxadari esker izango du funtzio hori.

Lau fase

Proiektua gauzatzen dutenean, goitik behera aldatuko da Ondarroako portua. Aldaketa hori pixkanaka sumatuko dute herritarrek; lau fase aurreikusi ditu-eta proiektuak. Helburua da portuko jardueran ahalik eta gutxiena eragitea. Lehen fasean, ipar kaian dagoen lonjaren zatia eraikiko dute. Kofradia eta kapitaintzaren eraikina zutik utziko dituzte oraindik; baita transformazio zentroa ere. Baskularen funtzionamendua ere ez dute etengo. Bestalde, gaur egun autoentzako aparkalekua den eremua arraina deskargatzeko gune bihurtuko dute.

Lehen fasean hasitako ipar eraikina bukatuko dute bigarren fasean. Administrazio zerbitzuen eraikuntza ere orduan amaituko dute. Kofradiako bulegoak lekuz aldatuko dituzte, eta eraikin zaharra eraitsiko dute. Transformazio zentro berria lanean hasiko da, eta ordura arte eraikitako lonja martxan jarriko dute. Hala, arrainaren deskarga prozesua gune horretara eramango dute. Bukatzeko, hegoaldeko eraikinaren zimenduak jartzeko lanei ekingo diete.

Hirugarren fasean bukatuko dute hegoaldeko eraikina. Hala ere, oraindik ez da hasiko martxan gune hori. Marinoil zerbitzu gunea lekuz aldatuko dute. Fase horren bukaeran, kapitaintzaren eraikina eraitsiko dute. Bulego horiek eraikin berrira eramango dituzte.

Kapitaintzaren eraikina eraitsita dagoela ekingo diete lonjaren erdialdea eraikitzeko lanei. Laugarren fasean egingo dituzte obra horiek. Baskula berria instalatuta, martxan hasiko da. Erdialdeko eraikina guztiz bukatzen dutenean, ipar eta hegoaldeko eraikinetako instalazioen konexioak egingo dituzte. Orduantxe martxan hasiko da lonja, oso-osorik. Lonjaren eta inguruaren urbanizatze lanak ere bukatuko dituzte orduan.

Lan horiek guztiak gehienez lau urtean bukatuko dituztela aurreikusi dute. Jaurlaritza sinetsita dago Ondarroa bezalako herri arrantzale batek beharrezkoa duela proiektua. Besteak beste, gaur egun ontzietatik ateratzen duten arrainaren deskargatze lanak kanpoan egiten direlako, aterperik gabe. Ondorioz, hotz katea hautsi egiten da. Europako Batasunak ezartzen dituen osasun neurriak ez betetzeko beste arazo batzuk ere sortzen ditu horrek. Bedialaunetak eman ditu azalpenak: "Portua oso zaharkituta dago. Arrainak eguzkitan edo bestelako egoera klimatologikoen mende egoten dira. Kalatxoriak ere ibiltzen dira arrainen atzetik. Osasun alorrari dagokionez, egoera hori ez da batere ona". Lonja berria martxan jartzen dutenean, arraina hara sartuko da zuzenean, eta kamioietara ere handik sartuko dute, zuzenean. Hotz katea bermatuta, arrainaren tratamendu hobea izango da.

Irtenbideak eta arazoak

Herrian pozik hartu dute lonja berriaren proiektuaren lanen lizitazioaren iragarpena. Alkateak berak esan zuen: "Proiektu garrantzitsua izango da, portuko gune guztiak berrantolatzeko aukera emango digulako, eta horrek funtzionamendu egokiago bat izateko aukera eskainiko digu". Hala ere, irtenbideez gain, arazoak ere sortuko ditu Jaurlaritzak onartu duen azken proiektuak. Nagusietako bat da lonja berriarekin desagerraraziko dituzten 300 aparkalekuak jartzeko beste lekurik ez dela aurreikusten. "Gaur egun, eremu horretan 300 bat autok aparkatzen dute. Hori konpontzeko ez dute planteatu proiektu paralelorik", adierazi du, kezkaz, alkateak. "Hasiera batean, aurreikusi zuten lonjaren behealdean aparkalekuak egitea. Geroago esan zuten uraren filtrazioak gerta zitezkeela, eta garestia zela. Beraz, bertan behera geratu zen".

Herriko festetan, barrakak ere gune horretan kokatzen dituzte. Lonja berria egiten dutenean, ostera, ezin izango dituzte jarri han. "Herrian ekitaldiak egiten direnean, jendeak portuan aparkatzen du; horretarako propio zabaltzen dugu. Hori guztia kentzen badugu, arazoa sortuko zaigu".

Hiri Antolamendurako Plan Orokorrerako ere kontuan hartu behar dute sortuko den eremu berria. "Portuko eremua berrantolatu beharko dugu osatzen ari garen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean. Lonjak azpiko aldean kokatuko dituzte. Hala ere, goialdeko soto asko hutsik geratuko dira: portu erdia, hain zuzen. Horiek berrantolatu behar ditugu, zer erabilera eman dakiekeen aztertzeko". Arrantzaren foroa eratu dute herrian horretarako. Hainbat eragile elkartu dira. Jakin badakite-eta, onurez gain, arazoak ere sortuko direla: "Pozgarria da lonja egitea, baina lan taldea eratu behar dugu arazoei irtenbideak bilatzeko".

Naxa, denda eta tabernei zabalik

Naxa, denda eta tabernei zabalik

Aitziber Laskibar Lizarribar
Leku pribilegiatuan dago. Arriaga parez pare duela, Areatzako zubiaren amaieran, Zazpikaleen eta Zabalgunearen erdian. Ibaiaren gaineko begiralekuan. Barnealdea eta kanpoaldea lotzen dituen arkupea ibaiertzeko pasealekuan b...

Bizkaira iristeko olatua

Bizkaira iristeko olatua

Natalia Salazar Orbe
Ur gainean, itsasoak zeharkatuz, miliak eta miliak egiten dituen hiri bat iritsi da asteon Getxoko portura. Urtero kaira heltzen diren itsas bidaia luzeak egiteko ontzietako bat da: P&O Cruises konpainiaren Britannia, hain zuze...

Ogasunak 407 milioi itzuliko ditu Bizkaian

Ogasunak 407 milioi itzuliko ditu Bizkaian

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun Sailak 407,8 milioi euro itzuliko dizkie 406.000 zerga ordaintzaile ingururi. Beste 160.000 bat bizkaitarrek, berriz, 287 milioi euro ordainduko dizkiola espero du ogasunak. Alegia, errenta ...