Aitziber Laskibar Lizarribar
Duela sei urtetik baino gehiagotik, hutsik eta erabat utzirik daude Babcock Wilcoxen lurrak, eta, orain, bizia berreskura lezakete berriz. Zenbait iturrik zabaldu dutenez, mundu mailan Internet bidezko salmentan buru den Am...
Ekonomia
Talde lanean trebatzea, lanpostua lortzeko giltza
Aitziber Laskibar Lizarribar
Langabezian daudenei begira, enplegua bultzatzeko bost gune ditu martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, enplegu anezka deiturikoak: Bilbon, Barakaldon, Muskizen, Erandion eta Basaurin. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna...
Oraina etorkizunaren oinarri
Peru Azpillaga
Gizakion kontsumo zein bizi ereduak mota askotako ondorioak eragiten ditu. Horien artean, ingurumenari egindako kalteak berebiziko garrantzia hartu du azken urteotan. Hori dela eta, klima aldaketak mamu izateari utzi eta errealitate bila...
Modaren estutasuna militantziaren habian
Asier Arrate Iruskieta
Bilbo erdiguneko eraikinek historia eta istorio asko gordetzen dituzte. Horietako batzuk aski ezagunak dira; 1936ko gerran Euskal Gobernua Carlton hotelean ezarri zutela, esaterako. Beste eraikin askotan jasotakoa, ordea, misterioa da egunero horien aurretik pasatzen direnentzat. Horren adibide da Astarloa kalearen eta Bilboko Kale Nagusiaren elkargunean dagoen eraikina. Askok gogoratuko dute Kutxabanken egoitza izan zela orain Zara arropa etxearen denda erraldoi berria izango dena, baina gutxik jakingo dute duela 81 urte Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen egoitza izan zela.
XX. mende hasieran eraiki zuen Legizamon familiak Bizkaiko Foru Aldundiaren alboan dagoen eraikin hori. 1937ko urtarrilaren 10ean, gerraren erdian, erakunde, elkarte eta alderdi politikoen esku geratu ziren Bilbo erdiguneko beste hainbat eraikin bezala, Astarloa kaleko eraikina Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen egoitza bihurtu zen. Eraikin hura aukeratzea ez zen ausazkoa izan. Emakumeen eskubideen alde lan egiten zuen Emakume Garaikidearen Etxeak ere egoitza zuen bertan.
Borroka feministaren ikur
Euskal Emakume Antifaxisten Elkartea PCE eta EAE-ANV alderdietako eta UGT eta CNT sindikatuetako emakumeek sortu zuten. Bi helburu nagusi zituen: mehatxu frankistari eta matxismoari aurre egitea. Astarloa kaleko eraikina bihurtu zen borroka horren erdigune. Florentina Tasende izan zen presidentea, Faustina Balaño idazkaria, eta Astrea Barrios Mujeres aldizkariko erredaktorea.
1937ko urtarrilean abiatu zuten bideak ez zuen luze iraun. Ekainean, tropa frankistak Bilbon sartu ziren, eta Euskal Emakume Antifaxisten Elkarteko kideek erbestera ihes egin behar izan zuten. Atzean utzi zuten beraien lehen eta azken egoitza izango zena. 1944an, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak erosi zuen eraikina. Berriztu, eta 1949an inauguratu zuten gerora BBKren eta Kutxabanken egoitza izango zena.
Kutxabankek 2014an saldu zion eraikina Mango arropa etxeari, 40 milioi euroren truke, eta horrek Inditexi alokatu zion 2017ko abenduan. Amancio Ortegaren arropa etxe erraldoiak Bizkaiko Zara denda handiena ireki nahi du bertan.
Memoria historiko falta
Emakumeen eskubideen aldeko borrokaren ikur izandako toki batean emakumeak estereotipoetan estutzen dituen Zara bezalako multinazional batek denda irekitzeak "kontraesana" sortzen duela ohartarazi du Eduardo Gonzalez Lau Haizetara Gogoan-eko kide eta Sare Antifaxistako bozeramaileak. Memoria historiko faltari leporatzen dio Zarak denda irekitzeko baimena lortu izana: "Udalak ez zuen inolako ikerketarik egin denda irekitzeko baimen eskaera jaso zuenean".
Eraikin historikoetan edozein lan abiatzeko baimenak Ondarearen Batzordeak ematen ditu. Udaleko, aldundiko, Arkitektoen Elkargoko eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariek osatzen duten batzorde horrek orain lau urte baimendu zuen eraikina eraberritzea. Gonzalezek azaldu duenez, txostenean eraikinaren balio arkitektonikoa nabarmendu eta bere horretan mantentzeko agindu zuen, baina ez zen ondare historikoaren aipamenik egin.
Gonzalezek onartu du informazio gutxi dagoela gerran eta gerra aurretik Bizkaian eta Euskal Herrian egon ziren erakunde feministen inguruan: "Garai hartako egunkari batetik ateratako artikulu batean aipatutakoaren harira hasi ginen aztertzen Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen presentzia".
Hala ere, salatu du, informazio gutxi izanik ere, udalaren eginbeharra dela baimenak eman aurretik memoria historikoa behar bezala lantzea: "Ez dugu denda ixtera behartuko, baina udalak memoria landu behar luke horrelakorik ez errepikatzeko". Gogoratu duenez, Eguna egunkariaren egoitzan oroigarria jarri zuen udalak otsailean. Horregatik, Astarloa kaleko eraikinean berdin egin beharko lukeela uste du.
Gonzalezen hitzetan, Astarloa kaleko eraikinarekin gertatutakoa ez errepikatzeko ezinbestekoa da udalak memoria lantzeko mahai bat osatzea. Mahai horren eginbeharra udaleko ordezkariekin batera memoria lantzen duten taldeek hirian gertatutakoa aztertzea izango litzatekeela azaldu du. Eta kritikatu du azken hiru udal gobernuek ez diotela kasurik egin euren proposamenari: "Urteak eman ditugu udalari gure laguntza eskaintzen, baina ez digute erantzuten".
Hartara, Bilbon oraindik lan handia dagoela dio: "Ikertzen hasiko bagina, ehunka kasu aterako lirateke". Memoria historikoarekin lantzeko dauden kasuen artean, bozeramaileak aipatu ditu, besteak beste, Kale Nagusian zeuden aire-erasoentzako bi babesleku eta Bilbok jasandako bonbardaketak. "Gernikan eta Durangon pentsaezina izango litzateke horrelako zerbait ez oroitzea".
Pezeta itzuli da Elorriora
N. Salazar - A. Laskibar
Aspaldi ikusten ez ziren koloretako billete eta txanponak azaldu dira Elorrioko hainbat saltoki eta tabernatan. Ahaztuta ziruditen izenak itzuli dira salerosketa operazioetara. Euroaren ordez, pezetak erabiltzeko aukera zabalik dute herrian joan den abenduaz geroztik. Elorrioko Merkatarien Elkarteak eta Filatelia-Numismatika elkarteak elkarlanean antolatutako egitasmoa da Pezetaren Itzulera.
Enkarterri eskualdea sustatzeko planak kritika ugari jaso ditu
Natalia Salazar Orbe
Bultzada baten beharra duela jakitun, Enkarterri biziberritzeko plan pizgarria iragarri berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Orain arte inbertitutakoaz gain, beste 3,6 milioi euro bideratuko ditu Bizkaiko mendebaldean dagoen eskualder...
Terrazak arautzeko deia
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Kaleari tokia kentzen ari zaizkio terrazak Bilboko Zazpikaleetan; berez publikoa den espazioa berenganatzen ari dira. "Oztopo lasterketa" bihur liteke hainbat kaletan dauden mahai eta aulkiak zeharkatzea, Javier Rodriguez Bihotzea...
Bitartekaririk gabeko denda
Lander Muñagorri Garmendia
Kanpotik begiratuz gero, ez dago ezberdintasun handirik. Ohiko elikagai denda bat ematen du, bere apal eta produktuekin. Finean, hori da Labore, elikagai denda bat. Baina, kanpotik barrura begiratuz gero, eroslea jabetuko da asmo eta helburu jakin batekin abiatutako denda bat dela: "Elikadura negozio izatetik eskubide izateko asmoarekin abiatu dugu proiektu hau". Bertan dago Alaitz Ajuriagerra, Labore dendako bazkide eta kudeatzailea, eta dendaren filosofiaren berri eman du. Joan den ostiralean zabaldu zituen ateak Laborek, bestelako kontsumo ohitura bat sustatzeko asmoz.
Azken batean, kontsumo elkarteen ideiatik edaten du Laborek. "Erosleak ekoizleekin elkartu eta zuzeneko salmenta bideratzeko leku bat da", azaldu duenez. Ekoizleekin harremanetan jartzen dira dendako arduradunak, eta bitartekaririk gabe jartzen dituzte salgai bertan. Barazki ekoizleek eskaintzen dituzten saskien filosofiaren antzera, beraz; baina kontzeptu hori denda batera eraman nahi izan dute. "Kontsumo taldeak oso ondo daude, eta existitzen jarraitu behar dute, baina honekin beste aurrerapauso bat eman nahi izan dugu; kontsumo hori astean zehar egun bakar batean bakarrik egin beharrean beste denda batek bezalako zerbitzua eskaini nahi izan dugu". Hau da, zuzeneko kontsumo hori norberak ahal duen momentuan eta dituen beharren arabera egitea.
Ekoizleekin zuzenean
Asmoa elikagai denda bat izatea den arren, ez da denda arrunt bat izango. Inguruko ekoizleen produktuak eta produktu ekologikoak daude salgai, baina horiek erosi ahal izateko Laboreko bazkide izan behar da. 20 euroko matrikula bat ordaindu behar da lehenengo, eta ondoren urtero 60 euroko kuota. Hau da, hilean bost euro. Ostiralean, dendak ateak zabaldu zituzten egunean, 300 bazkide zituen Laborek, baina zabaldu bezperan izena emateko mezu ugari jaso zituzten. "Behin ateak zabaldu ditugula jakinda jende gehiago inguratuko zaigula aurreikusten dugu, asko denda noiz zabalduko zain baitzeuden bazkide egiteko".
Hala ere, oraindik bazkide ez denari bi erosketa egiteko aukera emango diote, froga moduan. Horren ondoren bazkide egin beharko du erosleak bertan erosketak egiteko, baina ez dute diru fisikorik erabili behar izango. Txartelarekin ordaintzen da, edo kontsumitzailearen kontu korrontetik kobratzen dute erosketa bakoitza. "Ez dugu diru fisikorik erabili nahi, molde berrietara gerturatzeko modu bat dela iruditzen zaigulako hori", azaldu du Ajuriagerrak.
Berezitasun horiek guztiak aparte, beste denda bat bezala da, ordea. Bere apal eta espazioetan produktu aniztasun zabala baitago: barazkiak, fruituak, lekaleak, zerealak, kontserbak, gozoak, haragia, esnekiak... Eta baita garbitasunera bideratutako zenbait produktu ere. Guztira, 57 ekoizleren 500 produktu eskaintzen dituzte dendako apaletan. Aniztasun handia dago, beraz. Bada, 57 ekoizle horietatik 55ekin zuzeneko harremana daukate, hau da, dendatik bertatik erosten dute produktua inongo bitartekaririk gabe.
Bilbon zabaldu duten gisa horretako lehen denda izango da, eta ahalik eta jende gehienarengana iristea da helburua, Ajuriagerraren arabera. Bere esanetan, dendaren asmoa ez da beste supermerkatu handiei lehia egitea, "hortik urrun" daudelako. Hori baino gehiago, alternatibei ateak zabaltzea litzateke egiten ari diren lana. Era horretan, elikadura "negozio izatetik eskubide izatea" bermatuko litzatekeelako.
Denda Santutxu auzoko Haro plazan zabaldu dute. Ez dago Bilboko erdigunean, baina hori ez da traba izango, metro geltokitik gertu zabaldu baitute denda. "Jendea Erriberako merkatura joateko asko mugitzen da, bada, hona etortzeko baliabide denak eskura jarri ditugu". Metrotik duten gertutasun hori baliatu nahi dute hiriko edozein puntutatik Santutxura erosketak egitera joateko. Eta hori auzoarentzat ere ona izan dadila nahi dute.
Miribillako Mercadona itxi eta eraikina bota beharko duten aztertzen ari dira
Natalia Salazar Orbe
Hasiera-hasieratik harrotu zituen hautsak Bilboko San Adrian auzoko Urretxindorra ikastolaren jolastokiaren azpian Mercadona saltokia zabalduko zutela zioen iragarpenak. Era horretako eremu batean supermerkatu bat irekitzeak izan d...
Nazioarteko ekitaldiak eta obra handiak, aurrekontuen onuradun
Asier Arrate Iruskieta
Hirugarren urtez jarraian, Bilboko Udalak aurkeztutako aurrekontuek gora egingo dute 2018an; 535,9 milioikoak izango dira, iaz baino 8 milioi gehiagokoak. Hala ere, igoera apalagoa izango da Juan Mari Aburtoren legegintzaldiko beste aurrekontuekin alderatuta. Orain arte, 20 milioi igo dira aurrekontuak urtero. Iragarritako kontuen igoeraren onuradun nagusia Garapen Ekonomikorako Saila izango da. Sail horren esku dago ekitaldi handien antolakuntza, eta aurten, besteak beste, Europako Errugbiko finalen eta MTV musika jaialdiaren ondorioz, gastuek gora egingo dute.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Ekonomia eta Ogasuneko zinegotzi Marta Ajuriak, udalak datorren ekitaldirako egindako aurrekontuen proiektua aurkeztu dute. Aburtoren esanetan, aurkeztutako aurrekontuak "orekatuak, solidarioak eta parte hartzaileak" dira. Hala ere, alkateak onartu du egoera ekonomikoaren "igoera apalari" aurre egiteko, kontuak "zuhurtziaz" diseinatu dituztela. "Nolako diru bilketa dagoen ikusi nahi dugu", ohartarazi du. Aburtok azpimarratu duenez, urtea zorrik gabe amaitzea dute helburu.
Erdia, ohiko gastuetarako
Udal gobernuak bost lehentasun izan ditu ardatz aurrekontuak diseinatzerako orduan: enplegua, inbertsio publikoa eta jarduera ekonomikoa; kalitate oneko zerbitzu publikoak; jarduerak auzoetan; gizarte kohesioa; eta bizi kalitatea. Kontuek biltzen dituzten 535,9 milioietatik, 246,3 milioi zerbitzu publikoen ohiko gastuak ordaintzeko erabiliko dira: besteak beste, argiteria, zaborrak, saneamenduak eta garraio publikoa. Gainontzekoa, udaleko langileen soldatetara, inbertsio publikora eta udaleko sailetara bideratuko da.
Aipatzekoa da, aurrekontuek gora egin badute ere, sail batzuek jasoko duten diru kopuruak behera egingo duela. Euskara eta Hezkuntza Sailak, esaterako, aurten baino 293.000 euro gutxiago izango ditu datorren urtean, eta, Etxebizitza Sailak, 2,44 milioi gutxiago. Aurrekonturik handiena Obrak, Zerbitzuak, Hiri-birgaitzea eta Eremu Publikoa Sailak izango du: 131 milioikoa, iaz baino ia bost milioi gehiagokoa. Horren ostean, bigarren diru sailik handiena Mugikortasun eta Iraunkortasun Sailak izango du, 53 milioikoa. Gizarte Ekintza Sailak ere diru gehiago jasoko du, 39 milioi, baina hazkundea batez bestekoa baino txikiagoa izango da.
Alderaketa deigarriak utzi dituzte, kasu batzuetan, zenbakiek. Esate baterako, San Mameseko kiroldegia egiteko erabiliko den dirutza asko gerturatzen da gizarte larrialdietara bideratuko den kopurura; 800.000 euroko aldea besterik ez dago. 4,91 milioi gorde dituzte premia handiena duten pertsonentzat, eta 4,1 milioi futbol klubaren estadioan kiroldegia egiteko.
78,5 milioi gastatzeko
Proiektu berriak garatzera zuzenduko den inbertsio publikoa 78,5 milioikoa izango da; iazko berdina. Horietatik 28,7 milioi, auzoetako jardueretara bideratuko dira. Aurten, udalak Zorrotzaurreko lanak bukatzea jarri du helburu, eta beraz, diru sailik handiena bertan garatzeko dauden proiektuek jasoko dute: 9 milioi Deustuko kanala irekitzeko lanek, 6 milioi Zorrotzaurreko Beta 1 eta 2 eraikinen berritzeek eta 2 milioi irlako urbanizazio lanek.
Zorrotzaurre eta San Mameseko kiroldegira bideratutako partidaz gain, barrutietako proiektuei lehentasuna emango diotela azpimarratu du Rikardo Barkala Lanak eta Zerbitzuetarako zinegotziak. Nabarmendu ditu etorkizunean aurrera eramango diren lanak Blas de Oteron, Matiko-Castaños inguruan, Txurdinagan, Karmelo Plazan, Abusun, Zazpilandan eta Urkixo zumarkalean. Horrez gain, azpimarratu du Iralan hasitako lanak aurten bukatzea "gakoa" izango dela.
Aurrekontuak aurkeztuta eta udalean ordezkariak dituzten alderdi politikoei azalduta, sail bakoitzari dagozkion kontu zehatzagoak aurkezteari ekin dio udalak. Inbertsio publikoaren aurreproiektu orokorraz gain, datorren urtean egingo diren zenbait proiektu zehatzen informazioa eta egutegiaren berri ere ematen ari da.
Barkalak jakinarazi du Indautxuko Iparragirre kalea oinezkoentzat egiteko lanak udan hasiko direla, eta lanek 1,5 milioiko kostua izango dutela. Zinegotziak Basurtoko trafikoa berregituratzeko proiektuaren berri ere eman du. Proiektu horren ondorioz, ibilgailu gabeko hainbat gune berreskuratzea espero dute. Mugikortasunari dagokionez, hiriko 54 aparkalekuak berritzea ere aurreikusi du udalak. Horretarako 4,2 milioi inbertituko ditu. Bizikletaren eta bidegorrien erabilera bultzatzeko asmoz, 900.000 euro erabiliko dituzte bidegorri sarea zabaltzeko. Basurtuko Ospitaleko ingurua suspertzeko 2,3 milioi erabiliko ditu, eta 1,8 milioi Barrainkua barrutiko udal zentroa eraikitzeko.
EH Bilduk salatu du aurrekontuek erakusten dutela auzoak ez direla udalaren "lehentasuna" eta kritikatu egin du sail batzuetako aurrekontuen jaitsiera. Udalberrik, bestalde, udal gobernuari eskatu dio "proiektu erraldoiak alde batera utzi eta enplegua sustatzeko eta pobreziaren aurka egiteko". Oposizioa kritiko agertu bada ere, udalak ez du arazorik izango aurrekontuak onartzeko, EAJ eta PSEren udal gobernuak gehiengo osoa baitu.